163. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

145E/2021 FORU AGINDUA, ekainaren 29koa, Osasuneko kontseilariaren apirilaren 24ko 17/2020 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, jarraibideak eta neurriak ematen dira apirilaren 13ko SND/344/2020 Agindua garatzeko, zeinaren bidez salbuespeneko neurriak ezartzen baitira Osasun Sistema Nazionala indartzeko eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari eusteko.

2020ko apirilaren 24an, Osasuneko kontseilariaren 17/2020 Foru Agindua onetsi zen, jarraibideak eta neurriak ematen zituena apirilaren 13ko SND/344/2020 Aginduari dagokionez, non salbuespeneko neurriak ezarri baitziren Osasun Sistema Nazionala indartzeko eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari eusteko. Foru agindu hori aipatutako apirilaren 13ko SND/344/2020 Aginduaren esparruan eman zen. Izan ere, agindu horren bidez, jarraibideak eman ziren COVID-19a detektatzeko PCR proba diagnostikoak egiteko, eta, horrekin batera, COVID-19ko kasu baieztatuak jakinarazteko prozedura ezarri zen. Horrez gainera, ezarri zen entitate publiko edo pribatu guztiak behartuak daudela COVID-19a detektatzeko proba diagnostikoei lotutako edozein materialen erosketari buruzko informazioa ematera.

2020ko urriaren 15ean, Osasuneko kontseilariaren 56/2020 Foru Agindua onetsi zen, zeinaren bidez 17/2020 Foru Aginduaren laugarren puntua aldatu baitzen. Aldaketa horrekin ezarri zen nahitaezkoa dela proba diagnostikoen bidez baieztatutako kasu guztien emaitzak (bai PCR probenak, bai SARS-CoV2aren infekzio aktiboa diagnostikatzeko baliozkotutako beste proba batzuenak) Osasun Departamentuari jakinaraztea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren ekainaren 14ko 2021/953 (EB) Erregelamenduak txertaketari, proba diagnostikoei eta sendatzeari buruzko COVID-19 ziurtagiri elkarreragingarriak (EBren COVID-19 ziurtagiri digitala) egiteko, egiaztatzeko eta onartzeko esparru bat ezarri du, COVID-19aren pandemiak iraun bitartean zirkulazio askea errazteko.

Hori dela eta, beharrezkoa da 17/2020 Foru Agindua aldatzea, alde batetik, nahitaezkoa izan dadin proba diagnostikoen emaitza positibo eta negatiboak (bai PCR probenak, bai SARS-CoV2aren infekzio aktiboa diagnostikatzeko baliozkotutako beste proba batzuenak) Osasun Departamentuari jakinaraztea, eta, bestetik, proba horien emaitzak jakinarazteko prozedura finkatzeko.

Osasun Departamentuak baliabideak jarriko ditu laborategi pribatuen eskura, horiek egindako proba diagnostikoen emaitza negatiboen berri eman ahal izateko. Proba horiek automatikoki Departamentura igorriko dituzte, eta, horrez gain, COVID-19 egiaztagiria bidaliko dute. Egiaztagiri hori diagnostikoa egina duten pertsonei emanen zaie, paperean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Osasuneko kontseilariaren apirilaren 24ko 17/2020 Foru Aginduaren laugarren puntua aldatzea (foru agindu horren bidez, jarraibideak eta neurriak ematen dira apirilaren 13ko SND/344/2020 Agindua garatzeko, zeinaren bidez salbuespeneko neurriak ezartzen baitira Osasun Sistema Nazionala indartzeko eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari eusteko). Aurrerantzean honela idatzita geldituko da:

“Laugarrena.–COVID-19a detektatzeko proba diagnostikoen emaitzak jakinarazteko prozedura.

a) Baieztatutako COVID-19aren kasuak jakinaraztea:

Proba diagnostikoak zer zentrotan egin diren eta zentro horien titulartasuna norena den alde batera utzirik, proba agindu duen fakultatiboak, prebentzio zerbitzuak edo prebentzio modalitateak nahitaez jakinarazi behar dizkio Osasun Departamentuari, foru agindu honen I. eranskinean ezartzen denarekin bat, proba diagnostikoak egin eta gero ezagutu dituen COVID-19aren kasu baieztatuak.

Informazioa ondoko helbide elektronikora igorri behar da: vigilanciaISP@navarra.es.

b) Emaitza negatiboak jakinaraztea:

Organo eskudunaren baimena edo akreditazioa duten laborategiek jakinarazi beharko dituzte SARS-CoV2aren infekzioak detektatzeko egiten dituzten proben emaitza negatiboak, emaitzari dagokion ziurtagiri bat egin ahal izateko. Ziurtagiri hori izanen da zirkulazio askeari ezarritako murrizketetatik (Europar Batasuneko zuzenbidearekin bat ezarriak, COVID-19aren hedapena mugatzeko) salbuetsita egoteko oinarria, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren ekainaren 14ko 2021/953 (EB) Erregelamenduari jarraikiz. Erregelamendu horrek esparru bat ezartzen du txertaketari, proba diagnostikoei eta sendatzeei buruzko COVID-19 ziurtagiri elkarreragingarriak (EBren COVID-19 ziurtagiri digitala) egiteko, egiaztatzeko eta onartzeko, COVID-19aren pandemiak iraun bitartean zirkulazio askea errazteko.

Proben emaitza negatiboei buruzko informazioa igorriko da Osasun Departamentuak baimena duten laborategien eskura jarriko duen web-inprimakiaren bidez; laborategi horiek ziurtagiri digitalaren bitartez sartuko dira inprimakian”.

Bigarrena.–Foru agindu hau jakinaraztea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari eta erakunde bereko Epidemiologiaren eta Osasun Prebentzioaren Zerbitzuko zuzendariari, eta Osasun Departamentuko Osasun Zuzendaritza Nagusiari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari.

Hirugarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko ekainaren 29an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2110438