162. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

566E/2021 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Lesakako Udal Planaren aldaketari buruz, UE-30 exekuzio unitateari dagokionez. Sustatzailea Lesakako Udala da.

Lesakako Udalak 2020ko azaroaren 26an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 202ko 298. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 24koan.

Aldaketaren helburua da UE-26 unitatearen mugaketa berritik kanpo utzi diren lurzatientzako hirigintza-determinazioak zehaztea, hau da, 1. poligonoko 444. eta 387. lurzatiak eta 180. lurzatiaren puska bat. Proposamenaren arabera, exekuzio unitate bat zehaztuko da, UE-30 izenekoa, 387. lurzatiak osatuko duena, baina ez da haren hirigintza-sailkapena aldatuko. Horrez gainera, 444. eta 180. lurzatien sailkapena aldatuko da, lurzoru urbanizagarriak izatetik lurzoru urbanizaezinak izatera igaroko baitira. Aldaketak 8.476,769 m² ukituko ditu.

Aldaketaren eremua Alkaiaga auzoa da, Berako herriguneari begira dagoen mendi muino baten gainean, belardiak eta zuhaiztiak dituena, non erliebeak ekialderantz jotzen duen oso nabarmen. Lurzoru urbanizagarritik ateratzearekin, landa-lurzoruen eremu bat sortzen da, ibai aldearen eta auzoaren artean dagoen desnibela zuhaitzen bidez irenstea ahalbidetzen duena. Hortaz, ez da ingurumen ukipenik eraginen. Bestalde, 387. lurzatiak bizitegi-erabilerari eutsiko dio, plan partzial baten garapenari lotua, malda handieneko eremuak leheneratzearen eta berdeguneak eta ekipamenduak erreserbatzearen baldintzapean, UE-26 unitatearen antolamendua aintzat hartuz. Lurzatian identifikatzen diren ukipen nagusiak hauek dira: batez ere, urak gainezka egiteko arrisku ertaina hego-ekialdeko muturrean, non bizitegi-erabilerak eta ekipamenduen erreserbak aurreikusi baitira, eta N-121A errepideak eragindako soinu-ukipenak. Hortaz, Plan Partzialaren garapenean baloratuko da, bai bizitegi-area baterako kalitate akustikoaren arloko helburuak betetzen diren, bai arriskuak zenbateraino minimizatzen diren.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak ingurumen ebaluazioaren prozeduraren gaineko txostena egin du, aldekoa, baina Plan Partzialean ingurumen arloko neurri lotesleak sartzearen baldintzapean.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da, aldekoa, Lesakako Udal Planaren aldaketari buruz (UE-30 exekuzio unitatea), eta ondorioztatzen da aldaketak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean. Aldaketaren sustatzailea Lesakako Udala da.

2. UE-30 unitatearen Plan Partzialean baloratuko dira, bai bizitegi-erabilerarako kalitate akustikoari lotutako helburuak zenbateraino betetzen diren, bai urek gainezko egiteko arriskua, eta behar diren neurriak hartuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Hirigintza Atalari eta Lesakako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2109864