162. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

149E/2021 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: “Zuntz optikoaren linea Ibañetako telekomunikazio zentroraino”, Orreagako udal-mugartean. Sustatzailea NASERTIC da.

2021eko urtarrilaren 22an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta izanen dituela uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 117. artikuluan ezarritako ondorioak (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Proiektatutako jarduketan, zuntz optikoaren bidez lotuko dira Ibañetako gainean kokatutako telekomunikazio zentroa (Orreagako 1. poligonoko 9. lurzatia) eta hirigunean kokatutako kutxeta batekin (“Sabina” etxearen parean dago).

Proiektuaren arabera, kanalizazioak N-135 errepideko 47+200 KPtik abiatuko dira, eta arekaren eta errepideko aglomeratuaren artetik joanen dira, edo bazterbidetik, kasua bada. Mikrozanga bat eginen da horretarako, 30 cm sakon izanen dena, beharrezko kutxetekin. 49 KPren aurretik, dagoen bidetik joanen da kanalizazioa. Trazadura aldiz bermatik, aldiz arekatik joanen da, etxola barneko hargunera ailegatu arte, telekomunikazio zentroaren perimetroko itxitura zeharkatuta.

Kanalizazio guztiak errepideko ezkerreko bazterretik eginen dira. Horretarako, N-135 errepidea eta telekomunikazio zentroko sarbidea baino ez dira ukituko. Luzera, gutxi gorabehera, 1.560 metro da, gurutzaketarik gabe. Kanalizazio berria egiteko suntsitu behar izan den zoladura lehengoratuko da, baita lanek iraun bitartean andeatu diren beste elementuak ere.

Trazadura Natura 2000 Saretik kanpo dago (Aldudeko mendia ZBEren eta Orreaga-Iratiko oihana ZBEren artean), baina “Orreaga-Ortzantzurieta” paisaia bereziaren barnean eta “Orreaga-Iratiko oihana-Abodi” hegaztien garrantzizko eremuaren barnean. Errepideak eta sarbideak pagadiak eta larreak zeharkatzen dituzte (9120 eta 6230* Batasunaren intereseko habitatak).

Espedientean jasota dago Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren aldeko txostena, 2021eko ekainaren 4koa, eta Orreagako Udalaren aldeko hirigintza txostena, 2021eko maiatzaren 6koa.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “Zuntz optikoaren linea Ibañetako telekomunikazio zentroraino”, Orreagako udal-mugartean. Sustatzailea NASERTIC da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Lanek ez diote inolako ukipenik eraginen landaredi naturalari, ez zuhaixkei, ez zuhaitzei.
  • Beharrezko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratuko dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare lurreko geruza kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte.
  • Ingurumen ukipenen azterlanean xedatutakoarekin bat, hedagailutik hurbileko eremuan, ahaleginak eginen dira ahalik eta gehien gorde dadin lurreko landare estaldura, zotaletan, geroago paratzeko, lanean aurrera egin ahala.
  • Inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, eta abar) sustatzaileak Basozaintzari abisu eman behar badio, mezu elektronikoa bidaliko dio Aezkoa-Kintoa barrutiko Basozaintzari (gmaaezkoa@cavarra.es).

–Hirigintza eta lurralde arlokoak:

  • Baimen honek lurzoru urbanizaezinean dagoen azpiegituraren zatia babesten du, Orreagako udal-mugartean, zuntz optikoa kanalizatzeko exekuzio proiektuaren barnean, zeinak helburu baitu zuntz optikoa lotzea hirigunetik hurbileko kutxeta batetik Ibañetako transformazio zentrora (Orreagako 1. poligonoko 9. lurzatia).
  • Ez dira baimen honen zati sarearen hargunea den komunikazio zentroan aurretik zeuden azpiegiturak, ezta hargune elektrikoa ere. Horiei buruz, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak ez du aurkitu lurzoru urbanizaezineko baimenei buruzko espedienterik, eta ustez legezko egoeran daude. Era berean, ez dago baimen honen barnean hasierako kutxatila, beste proiektu batean baitago. Baimena izateko baldintza izanen da horiek benetan legezko egoeran egotea.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.
  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Trazadurak errepide sarea ukitzen duenez, lanei ekin aurretik sustatzaileak beharrezko baimena eskuratu beharko du Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusian.
  • Bukatzeko, proposatutako azpiegituraren jarduketa eremuan badago Doitasun Handiko Nibelazio Sarearen linea bat: lurraldean kilometro bakoitzean gutxi gorabehera (ftp://ftp.geodesia.ign.es/REDNAP/Lin00576/) finkatuta dauden iltze batzuk, kontserbatu behar direnak. Seinalea suntsitu behar bada, baimena eskatu beharko zaio Nafarroako Gobernuko Kartografia Atalari (seccion.cartografia@navarra.es), eta hark eskaera tramitatuko dio Geografiako Institutu Nazionalari.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
  • Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira (Kartografia Atalera), Orreagako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Aezkoa-Kintoa Koordinazio Unitatera), NASUVINSAren Pirinioak-Agoitzeko eskualdeko bulegora eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko ekainaren 9an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2109569