162. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

66/2021 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, laguntzen deialdia aurkezten duena, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako ikasle, irakasle eta langileek atzerrian prestakuntza egonaldiak egiteko. Prestakuntza egonaldi horiek 2022-2023 ikasturtean eginen dira Erasmus+ programaren esparruaren barruan. DDBN identifikazioa: 569514.

Hezkuntza Departamentuak bi proiektu aurkeztu ditu SEPIEren deialdi nazionalean, Lanbide Heziketari lotutako ikasle, irakasle eta langileentzako prestakuntza egonaldiak errazteko.

Proiektuak bi Erasmus+ partzuergoren egituraren barruan aurkeztu dira, Hezkuntza Departamentuak gidatuak; haien partaide dira Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak (ikasleak, irakasleak eta langileak bidaltzen dituzten erakunde gisa eta proiektuen kudeaketa prozesu osoaren bitartekari gisa).

2022-2023 ikasturterako eskatzen ahal diren plazak honako hauek dira:

–Erdi mailarako:

  • Ikasleentzako 65 egonaldi, 3 hilabetekoak.
  • Ikasleentzako 50 egonaldi, 2 astekoak
  • Lanbide Heziketako irakasle eta langileentzako 42 egonaldi, aste 1 eta 6 aste bitartekoak.

–Goi mailarako:

  • Ikasleentzako 75 egonaldi, 3 hilabetekoak.
  • Lanbide Heziketako irakasle eta langileentzako 2 egonaldi, astebetekoak.

SEPIEk ebaluazio prozesua eginen du proiektuak onesteko eta horietako bakoitzari dagokion laguntza kopurua esleitzeko; laguntzen kopuru zehatza prozesu horren araberakoa izanen da.

Laguntzak erabiliko dira Europako enpresetan egiten diren prestakuntza egonaldien zati bat finantzatzeko.

SEPIEk proposamenak hautatzeko eginen duen prozesuaren emaitzak jakin ondoren, plazak laguntza eskatu duten Lanbide Heziketari lotutako ikasle, irakasle eta langileei esleituko zaizkie, horretarako eginen den lehenespen prozesuari jarraikiz, LHko ikastetxeen lankidetzarekin eta apirilaren 3ko 31/2012 Foru Aginduan ezarritako irizpideekin bat. Esleipen hori eginen da ebazpen honi erantsi zaizkion deialdiaren oinarrietako I. eta II. eranskinetako xehetasunei jarraikiz.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuaren txostena ikusirik, non adierazten baita argitaratu beharra dagoela Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako ikasle, irakasle eta langileek, Erasmus+ programaren esparruan, Europako enpresetan praktikak egiteko deialdia.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako ikasle, irakasle eta langileek atzerrian prestakuntza egonaldiak egiteko laguntzena. Prestakuntza egonaldi horiek 2022-2023 ikasturtean eginen dira Erasmus+ programaren esparruaren barruan.

2. 150.000,00 euroko gastua onestea 2022. urterako eta 519.000,00 eurokoa 2023. urterako, 2022ko gastuen aurrekontuko “Erasmus+ programa. SEPIE” izeneko 422001 43100 4800 322E00 partidaren baliokide izateko gaitzen den partidaren kargura. Gastua honela banatuko da:

2022. urterako, 110.000,00 euro bideratuko dira erdi mailako Lanbide Heziketako ikasle, irakasle eta langileentzako laguntzentzat, eta 40.000,00 goi mailako Lanbide Heziketako ikasle, irakasle eta langileentzat.

2023. urterako, 440.000,00 euro bideratuko dira erdi mailako Lanbide Heziketako ikasle, irakasle eta langileentzako laguntzentzat, eta 79.000,00 goi mailako Lanbide Heziketako ikasle, irakasle eta langileentzat.

Gastu hori egiteko, betiere, urte bakoitzeko partidan behar adinako kreditu egokia izan beharko da.

3. 2022-2023 ikasturteko Erasmus+ programaren Europako enpresetako egonaldien deialdia Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, deialdi honen eranskinetan ezartzen diren zehaztapenekin bat.

4. Ebazpen hau igortzea Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Berrikuntza, Nazioartekotze eta Kalitaterako Atalera, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegora Hezkuntza Departamentuan dagoen Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Argibide eta Agiri Bulegora.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko ekainaren 9an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

I. ERANSKINA

2022-2023 ikasturteko deialdia. Laguntzen deialdia, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako ikasleek atzerriko prestakuntza egonaldiak egiteko 2022-2023 ikasturtean, Erasmus+ programaren esparruan

OINARRIAK

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntza batzuk ezartzea Nafarroako Gobernuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako ikasleek atzerriko prestakuntza egonaldiak egin ditzaten 2022-2023 ikasturtean.

Bigarrena.–Atzerriko prestakuntza egonaldien ezaugarri orokorrak.

Hezkuntza Departamentuak, Lanbide Heziketa egiten ari diren ikasleek Europar Batasuneko enpresetan prestakuntza jaso dezaten bultzatzeko asmoz, bi proiektu aurkeztuko ditu, Erasmus+ programaren esparruan, ikasle horiei dirulaguntzak emateko Europan prestakuntza egonaldiak egin ditzaten.

1.–Proiektu bat erdi mailako VET Kalitate Gutuna duten Partzuergo Akreditatuko ikasleei zuzenduko zaie.

2.–Bigarren proiektu bat VET Kalitate Gutunik ez duten Partzuergo Akreditatuko erdi mailako ikasleei zuzenduko zaie.

3.–Hirugarren proiektu bat goi mailako ikasleei zuzenduko zaie.

Proiektu hauek nahitaezko Lantokiko Prestakuntza egiteko aukera eman dezakete, edo prestakuntza osagarria egiteko, Europako enpresetan. Europako enpresetako prestakuntza osagarria egiten da Lanbide Heziketako ikasketak eta hari dagozkion derrigorrezko praktikak bukatu ondoren. Bi kasuotan, ikasle interesdunek praktikak zer ikasturtetan egin nahi dituzten, horren aurrekoan aurkeztu beharko dute eskaera.

SEPIE-Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak proiektuak onesten baditu, plazak esleituko dira hautatzen den destinoko herrialdearen arabera eta arau honetan ezarritako baremoaren arabera.

Hirugarrena.–Eskaerak.

Egonaldi hauek bi modutan artikulatzen ahalko dira:

A modalitatea.–Erdi mailako eta goi mailako ikasleentzat: egonaldi hauek hamahiru edo hamalau astekoak izanen dira, eta Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuaren bitartez kudeatuko dira.

B modalitatea.–Erdi mailako ikasleentzat bakar-bakarrik: bi edo hiru asteko egonaldiak izanen dira, aurretik Lanbide Heziketako ikastetxe batek proposaturik; bidezkoa bada, tutore batek lagundurik joanen dira ikasleak.

C modalitatea.–Goi mailako ikasleentzat bakar-bakarrik. Iraupen luzeko egonaldiak egiteko aukerak aurreikusten da (6 eta 9 hilabeteen artekoak) graduatu ondoko gisa. Parte hartzaileak LP (lantokiko prestakuntza) eginen luke Nafarroako enpresa batean, eta gero 6 eta 9 hilabete arteko praktikak eginen lituzke enpresa horrek atzerrian duen eskumendeko enpresa batean.

A eta C modalitateetan interesaturik dauden ikasleek honako helbide honetan agertzen den inprimaki elektronikoa erabiltzen ahal dute eskaera egiteko:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/solicitud-erasmus-plus

Bigarren taldeko egonaldien kasuan (B modalitatea), Lanbide Heziketako ikastetxeak parte-hartzaileen zerrenda bat prestatuko du, eta haietako bakoitzari eskatuko dio Hezkuntza Departamentuak emanen duen eskabide-orria bete dezala.

Deialdiaren epea 2021eko azaroaren 8tik abenduaren 10era artekoa da, biak barne.

Epe berean, goian aipatutako inprimaki elektronikoaz gain, beka hauen eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte beren Lanbide Heziketako ikastetxean:

a) Parte-hartzaileek beren gain hartzen dituzten konpromisoei buruzko dokumentua (paperean sinatua).

b) Curriculum vitaea eta aurkezpen gutuna, ingelesez idatziak eta Europass eredua erabiliz (PDF formatu informatikoan). Destinoko herrialdea Frantzia bada edo hango lan hizkuntza frantsesa bada, frantsesez aurkeztuko da.

b) fitxategiaren izenaren formatua: 1. deitura-2. deitura, izena–CV eta AG.

Hamar eguneko epea emanen da akatsak zuzentzeko, izena eman dutenen zerrendak Lanbide Heziketako ikastetxeetan argitaratzen direnetik hasita.

Dokumentuak errazago betetzearren eta hautagaiak aukeratu eta bekak esleitzeko prozesu osoa erraztearren, Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan eskuragai egonen dira hala ereduak nola ikastetxeek eta parte-hartzaileek jakin behar duten informazio guztia.

Ikasleek parte hartzeko bete beharreko baldintzak:

1. Ingelesa erabili behar duten egonaldietarako, gutxienez B1 maila izatea, eta Frantziako egonaldietarako, berriz, frantsesezko A2 maila. Italiako edo Portugalgo egonaldietarako, ez da hizkuntza mailarik eskatuko.

2. Atzerrira joateko behar diren agiriak edo baimenak izatea.

3. Programa honen bidez Lantokiko Prestakuntza (LP) egiten dutenei eskatuko zaie ez dezatela modulu bat baino gehiago gainditu gabe izan Lantokiko Prestakuntza zer ikasturtetan egin duten, haren lehen hiruhilekoan.

4. Egonaldia egiteak esan nahi du enpresara joan behar dela prestakuntza hitzarmenean ezartzen den aste guztietan. Ezin daiteke egonaldia eten errekuperazio probak egiteko; hortaz, komenigarria da ziurtatzea praktikak ez direla eginen beste irakaskuntza-jarduera batzuk egiten diren egunetan, praktikak behar den bezala egin ahal izateko.

5. LH Duala egiten ari diren ikasleek ezin izanen dute parte hartu Erasmus+ programan beren LP egiteko, ez bada egonaldiaren hiru hilabeteetan ez daukatela jarduerarik beren ikastetxeetan.

Laugarrena.–Laguntzen esleipena.

Eskatzaileen artean banatuko diren plazen kopurua SEPIEren aurrekontu-kontsignazioaren eta onesten diren proiektuen araberakoa izanen da.

Beka hauen onuradunek jasoko duten dirua ostaturako, mantenurako eta destinoko herrialdera joateko bidaiarako izanen da. Parte-hartzaile bakoitzak jasoko duen diru-zenbatekoa SEPIEk deialdi bakoitzerako argitaratzen dituen tauletan ezarriko da. Taula horiek Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko ditu Hezkuntza Departamentuak, eskuragai eduki bezain laster.

2022ko Erasmus+ deialdirako argitaratutako taulak erreferentzia gisa erabiltzen ahal dira deialdi honetarako bideratu daitezkeen gutxi gorabeherako kopuruak kalkulatzeko.

Ikastetxe bakoitzari esleituko zaizkion plazak bakoitzak aurkezten duen eskaera kopuruaren arabera banatuko dira, modu proportzionalean. Hasierako esleipen hori, alabaina, aldatzen ahalko da, ikastetxeek eginen duten hautapen prozesuaren lehenengo fasean sortzen diren zerrenden arabera.

Lanbide Heziketako ikastetxeek 0tik 100 puntura bitarteko puntuazioa emanen diete ikasleei, hurrengo atalean ezarriko diren irizpideei jarraikiz. Lehenengo hautapen fasea gainditzeko, gutxienez 50 puntu lortu beharko dira.

Barematzeko irizpideak:

Ikastetxe bakoitzak honako irizpide eta gehieneko puntuazio hauei jarraituko die eskatzaileak ebaluatzeko eta haien hasierako hautapen proposamena egiteko:

1. Espediente akademikoa: 40 puntu gehienez.

2. Jarreraren balorazioa: 20 puntu gehienez.

3. Prestakuntza egiaztatua atzerriko hizkuntzetan: 20 puntu gehienez.

4. Lan esperientziaren eta gizarte trebetasunen balorazioa: 10 puntu gehienez.

5. Nazioartekotzeko arduradunaren balorazioa: 10 puntu.

Apartatu hauek baloratzeko, irizpide bakoitzaren errubrikaren orientabideei jarraituko zaie (ikus IX. eranskina). Errubrika hori deialdian argitaratuko da.

Gero, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak hautapenaren lehenengo fasea gainditzen duten parte-hartzaile guztiak elkartuko ditu, programaren nondik norakoak hobeki ulertzeko informazio bilera bat egiteko.

Orobat, Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketako ikastetxeei eskatuko die egiazta dezatela ea curriculum vitaean adierazitako hizkuntza maila egokia den beste herrialde batera bidaiatzeko eta behar diren bermeekin moldatu ahal izateko prestakuntza praktikak eginen dituzten enpresetan.

Azkenik, behin-behineko zerrenda bat prestatuko da, ikastetxez ikastetxe antolatua, bekan ordenan esleitzeko.

Balizko onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko da. Zerrenda hori Lanbide Heziketako ikastetxeei ere jakinaraziko zaie, posta elektronikoaren bidez.

Parte-hartzaileren batek egonaldiak prestatzeko programatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, Hezkuntza Departamentuak beka kentzen ahalko dio.

Era berean, Hezkuntza Departamentuak ezin du bermatu Europako bazkideek enpresa bat aurkituko diotenik onuradun bakoitzari. Hortaz, Europako bitartekariekin batera proiektuaren kalitatea bermatzeko dauden aukera guztiak agorturik, zilegi izanen da eskatzaileari jakinaraztea beka baliogabetu zaiola enpresa hartzailerik ez dagoelako.

Parte-hartzaile bakoitzaren destinoa berretsi ondoren, behin betiko zerrenda prestatu eta Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan ezagutaraziko da. Zerrenda hori behin betiko bihurtuko da parte-hartzaileek destinoko herrialdera bidaiatzeko garraioa ordaintzen dutenean.

Bosgarrena.–Egonaldien garapena, antolaketa eta jarraipena.

Europar Batasuneko herrialdeetan egiten diren A modalitateko egonaldiek 13 edo 14 aste iraunen dute guztira. Egonaldi horiek hiru alditan egiten ahalko dira, ikasturteko hiru hiruhilekoetan, hain zuzen.

Prestakuntza-egonaldia parte-hartzailearen espezialitatearen sektorearekin zerikusia duen enpresa batean eginen da, baina horren truke ez da ezer ordainduko.

Bekak esleitu eta gero, parte-hartzaileek beren kasa antolatzen ahal dituzte egonaldiak, Hezkuntza Departamentuak eskura jartzen dituen bazkide-bitartekariak edo Lanbide Heziketako ikastetxeak erabili gabe.

Bide hori aukeratzen duten parte-hartzaileek enpresaren gaineko informazioa eta harekin harremanetan jartzeko datuak jakinarazi beharko dituzte, parte-hartzaileak berak programatzen duen egonaldia fidagarria dela bermatzeko.

Parte-hartzaileren batek erabakitzen badu ez duela egonaldia bere kasa antolatu nahi, Hezkuntza Departamentuak kudeaketa hauek eginen ditu:

–Destinoko hiriak esleitzea, Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan aritzen diren Europako bazkideekin egiten diren akordioen arabera, eta ikasleak hartzeko dauden enpresen arabera.

–Ostatua eta enpresa bilatzea, bazkide horiekin lankidetzan.

–Bidaia antolatzea.

–Istripu asegurua eta erantzukizun zibilekoa kontratatzea.

–Egonaldien jarraipen eta tutoretza lana egitea inprimaki elektronikoen bidez, deusetan galarazi gabe onuradunek beraiek zenbait kudeaketa egin behar izatea norberaren ikastetxearekin, edo jarraipenerako eta ebaluaziorako beste dokumentu batzuk bete behar izatea, egonaldi horien kudeaketa lanetan laguntzen duten Europako bazkideek eskatuta.

Europar Batasuneko herrialdeetan egiten diren B modalitateko egonaldiek, guztira, bi edo hiru aste iraunen dute, eta Lanbide Heziketako ikastetxeek egiten dituzten proposamenen arabera antolatuko dira. Proposamen horiek otsailaren erdialdea baino lehen egin beharko dira, Hezkuntza Departamentuak 2022rako deialdian aurkezten dituen proiektuen barruan sartu ahal izateko.

C modalitateko egonaldiak antolatuko dira baldin bada Nafarroako enpresarik ikaslerik hartu nahi duenik Europako bere eskumendeko batean, ikasleak, LP egin eta gero, bere prestakuntza aurrera eramaten segitzeko.

Ikasleek beren egonaldiari dagokion beka jasoko lukete (6 hilabete eta 9 hilabete artean), eta jarraipena egin eta dokumentazioa aurkeztuko lukete A modalitateko parte-hartzaileek egiten duten bezala.

Seigarrena.–Jarraipena eta ebaluazioa.

Proiektuko parte-hartzaileek jarraipenerako material batzuk jasoko dituzte, enpresako tutorearekin batera bete beharko dituztenak egonaldia bitartean. Material horiek, funtsean, hiru eredu dira: hileko txostena betetzeko eredua, enpresara joaten dela frogatzen duen eredua eta amaierako ebaluaziorako eredua. Eredu horiek Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogotik deskargatzen ahalko dira.

Dokumentu horiez gain, zeinak prestakuntza egonalditik itzulitakoan Hezkuntza Departamentuan aurkeztu beharko baitira, parte-hartzaileek inprimaki elektroniko hauek bete beharko dituzte:

1. Enpresaren datu guztiak zuzendu edo berresteko dokumentu bat.

2. Hileko txosten bat, Hezkuntza Departamentuak helaraziko duen inprimaki elektronikoaren bidez beteko dena.

3. Egonaldiari buruzko balorazio soil bat Hezkuntza Departamentuarentzat, Hezkuntza Departamentuak helaraziko duen inprimaki elektronikoaren bidez bete beharko dena.

4. Egonaldiari buruzko azken txostena SEPIErentzat. Txosten hori Europako Batzordeak diseinatu duen Mobility Tool izeneko aplikazioaren bitartez egin beharko da. Azken txosten hori betetzea nahitaezkoa da.

Gainera, Lanbide Heziketako ikastetxeekin lankidetzan, EUROPASS ziurtagiria eskatuko da Europass Agentziak prestatutako aplikazio informatikoaren bidez. Ziurtagiri horren kudeaketa lanetan proiektuaren eragile guztiak sartuko dira: Hezkuntza Departamentua, Lanbide Heziketako ikastetxea, Europar Batasuneko enpresa eta ikaslea.

Zazpigarrena.–Parte-hartzaileak bete beharrekoak.

1. Prestakuntza egonaldia justifikatzeko behar den dokumentazioa betetzea.

2. Prestakuntza jardueretara nahitaez joatea destinoko antolatzaileek ezartzen dituzten epeetan.

3. Egokitzen zaion ostatu mota onartzea, izan familia batean, egoitza batean edo beste ikasle batzuekin partekatutako apartamentu batean.

4. Kortesiazko ohiko arauak betetzea familiekin, errentariekin eta auzoekin, eta ondasun higiezinak errespetatzea. Bizikidetasun arauak betetzen ez badira, programatik kanporatua izan daiteke.

5. Nahitaez joatea enpresara laneko orduetan. Absentzia guztietan, parte-hartzaileak frogagiri medikoa edo bestelakoa aurkeztu beharko du harrerako enpresan. Justifikatu gabeko faltak enpresaren txostenean jasoko dira.

Prestakuntza egonaldia bitartean parte-hartzaileak Lantokiko Prestakuntza modulua egiten badu, bereziki zaindu beharko ditu arestian aipatutako jarraibideak; izan ere, betetzen ez baditu, zilegi izanen da “ez gai” kalifikazioa ematea prestakuntza modulu horretan, eta, hala, behartua egonen da berriro egitera bere espezialitateko titulua lortuko badu.

Zortzigarrena.–Laguntzen ordainketa.

Onuradun bakoitzak bere banku kontuan jasoko ditu Europar Batasunak editatzen dituen mugikortasun tauletan esleitzen diren laguntzak. Taula horiek SEPIEk argitaratuko ditu proiektu mota bakoitzarentzat.

Onuradunek jasotzen duten finantzaketa bidaia-zerbitzuak, ostatua eta mantenu gastuak ordaintzeko erabiliko dute, jakinki zerbitzu horien kostua, kasu askotan, laguntza publikoak baino handiagoa izan daitekeela.

Laguntzak kobratuko dira Hezkuntza Departamentuan dagoen Ogasuneko Kontu-hartzailetzak gaitzen ahal dituenean, Hezkuntza Departamentuak SEPIErekin sinatu beharreko hitzarmenak jaso ondoren.

Hori horrela, gomendatzen da norberaren finantzabideak edukitzea egonaldi osorako, litekeena baita egonaldiaren bukaeran ordaintzea laguntza, lehen azaldutako arrazoiengatik.

Goi mailako ikasleek 550,00 euroko laguntza osagarria jasotzen ahalko dute, Nafarroako Rural Kutxak emanen duena, Hezkuntza Departamentuarekin honelako mugikortasun programak bultzatzeko sinatu duen lankidetza hitzarmenaren ondorioz. Horretarako, parte-hartzaile horiek banku kontu bat izan beharko dute entitate horretan.

Halaber, C modalitateko egonaldi bat ematen zaien ikasleek (6-9 hilabeteko iraupena duena) laguntza osagarri bat jasotzen ahal dute. Laguntza osagarri hori hartzen dituzten enpresekin negoziatuko da, egonaldia burutu baino lehen.

Bederatzigarrena.–Ez-betetzeak eta laguntza deuseztatzea.

Norberak erabakita Hezkuntza Departamentuaren berariazko baimenik izan gabe egonaldia uzten duten parte-hartzaileek eta, orobat, harrerako enpresek edo bazkideek, arrazoi justifikatuak izanik, kaleratzen dituzten parte-hartzaileek laguntzari uko egin arte sortutako gastuak ordaindu beharko dituzte, izan ere, kontratua bete ezean, ez da SEPIEren inolako finantzaketarik izanen (parte-hartzaileen betebeharren agirian azaltzen den bezala).

Orobat, parte-hartzaileak egonaldia hasi aurreko hiru hilabetean uzten badu programa, hura prestatzeko gastuak ordaindu beharko ditu, edo ordura arte sortutako bidaia gastuak.

Gainera, parte-hartzaileak ez baditu betetzen bekan aurreikusitako egonaldiaren egun guztiak, Nafarroako Gobernuari itzuli beharko dio destinoko herrialdean lan egin gabeko egun horiei dagokien kopuru proportzionala.

Kasu horretan, egonaldia programatu bada Lantokiko Prestakuntza modulua egiteko asmoz, aldi horretako deialdia galduko du eta hurrengo deialdira arte itxaron beharko du modulu hori egiteko.

II. ERANSKINA

2022-2023 deialdia

Laguntzen deialdia, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako irakasleek eta langileek atzerriko prestakuntza egonaldiak egiteko 2022-2023 ikasturtean

OINARRIAK

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntza batzuk ezartzea ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako irakasleek eta langileek atzerriko prestakuntza egonaldiak egin ditzaten 2022-2023 ikasturtean.

Bigarrena.–Atzerriko prestakuntza egonaldien ezaugarri orokorrak.

Hezkuntza Departamentuak, Lanbide Heziketako edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako irakasleen eguneratze teknologikoa eta hizkuntzen arloko hobekuntza bultzatzeko asmoz, bi proiektu aurkeztuko ditu, Erasmus+ programaren esparruan, irakasle horiei dirulaguntzak emateko prestakuntza egonaldiak egin ditzaten Europako herrialdeetako prestakuntza zentro edo enpresetan.

Proiektu bat erdi mailako irakasgaiak ematen dituzten irakasleentzat izanen da, eta bestea goi mailako irakasgaiak ematen dituztenentzat.

Eskatzaileak bi hezkuntza etapa horietan irakasten badu, bi proiektuetatik edozeinetan sartzen ahalko da.

Proiektuan parte hartzeko interesa duten irakasleek programan parte hartzea eskatu beharko dute, eta harrerako bazkide bat bilatu Europan (enpresa edo prestakuntza zentro bat), beren espezialitatearekin lotutako prestakuntza egonaldia bertan egiteko. Harrerako bazkideak Europako Erregistro Kodea (PIC / OID) jakinarazi beharko du.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuak prestakuntza egonaldiak antolatzen ahalko ditu zerbitzuak berak koordinatzen dituen proiektu estrategikoak garatzen ari diren langile teknikoen eta irakasleen taldeentzat. Egonaldi hauetan (talde-egonaldiak), departamentua bera arduratuko da bisitatu beharreko enpresak/zentroak bilatzeaz eta ostatua, bidaiak eta bestelako antolamendu-kontuak kudeatzeaz.

SEPIE-Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak proiektuak onesten baditu, plazak esleituko dira erabiltzen den hizkuntzaren arabera, destinoko herrialdearen arabera eta arau honetan ezarritako baremoaren arabera.

Prestakuntza egonaldia bukatutakoan (parte-hartzaileak deialdi honetan eta Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren araudian ezarritako betebehar guztiak bete ondoren), parte-hartzaileak egonaldian sortutako gastuen zenbatekoa jasoko du, zehazki, erakunde horrek destinoko herrialde bakoitzerako tauletan ezartzen duen gehieneko zenbatekoa.

Hirugarrena.–Eskaerak.

–Banakako egonaldietarako:

Interesdunek egonaldiaren aurreko ikasturtean eskatuko dute parte hartzeko.

Eskaerak aurkezteko epea 2021eko azaroaren 2tik abenduaren 15era artekoa izanen da, biak barne.

Proiektuan parte hartzeko, ezinbestekoa da honako dokumentazio hau aurkeztea aipatutako epearen barruan:

1. Eskabide-orria (IV. eranskina).

2. Europass curriculum vitaea, Europass aplikazioaren bidez tramitatu beharko dena: http://europass.cedefop.europa.eu/es/home

3. Egin gogo den jardueraren azalpen zehatza eta nola banatuko den denboran zehar (V. eranskina), harrerako erakundearekiko harremanetarako datuak barne.

4. Ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia jarduera egiteko.

Agiri horiek ikastetxean aurkeztuko dira, eta Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegora igorriko dira Google Drive plataformaren bidez, Lanbide Heziketako irakasleentzako bekei buruzko ataletik abiatuta.

2021-2022 ikasturtean barrena ere eskaerak aurkez daitezke. Eskaera horiek, alabaina, ez dute lehentasunik izanen, inola ere ez, apartatu honen hasieran ezarritako epean aurkeztutakoen aldean.

–Talde-egonaldietarako:

Departamentuak berak eginen du talde-egonaldien deialdia ikasturte bakoitzean, ikasturte batetik bestera aldatzen ahal diren gai eta destinoekin.

Ikastetxeetako nazioartekotzeko arduradunei eta zuzendaritza taldeei informazioa emanen zaie ikasturte bakoitzean proposatzen diren gaiei buruz, eskaintza irakasleen artean zabal dezaten. Informazio horretan zehaztuko dira egonaldietan parte hartzeko baldintzak zein diren, baita barematzeko irizpideak ere. Era berean, interesdunei jakinaraziko zaie eskaerak aurkezteko epea eta aurkeztu beharreko merezimenduak.

Egonaldiak noiz izanen diren, hori Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan ibiliko diren enpresen eta ikastetxeen prestasunaren araberakoa izanen da.

Laguntza hauei dagokien finantzaketa bidaia egin baino lehen emanen da, ez baledi gertatu laguntzak ordaintzea geroratzea ekar dezakeen gorabeherarik kontuhartzailetzan edo idazkaritza teknikoan.

Talde-egonaldi batean parte hartzeko baldintzak hauek dira:

–Hezkuntza Departamentuak eskatzen dituen dokumentuak tramitatzea egonaldia formalizatzeko.

–Prestakuntza praktikak ezarritako baldintzetan egitea.

–Hezkuntza Departamentuak kontratatzen dituen eragileek eginen duten enpresa-bilaketaren ondorioz sortuko diren baldintza ekonomikoak ontzat ematea.

–Proiektuaren azken memoria egiteko behar den dokumentazio guztia ematea.

–Gainera, talde-egonaldi bati buruz ari bagara, egonaldiaren antolaketa (hegaldiak, ostatua, bisitaren agenda, egin beharreko jarduerak) Hezkuntza Departamentuari uztea, eta planteatzen diren alderdiak onartzeko konpromisoa hartzea.

–Azken kasu honetan, lehentasuna emanen zaie taldearen interesei, taldea osatzen duten gizabanakoen interesen gainetik.

–Egonaldiak dirauen bitartean irakasleek parte hartuko dute ez bakarrik ofizialki programaturiko jardueretan, baizik eta baita taldean elkarbizitzeak dakartzan bestelako ekintzetan ere. Izan ere, egonaldiaren helburua da sinergiak eta loturak sortzea parte-hartzaileen artean, etorkizunean beroriek baliatzeko.

–Lehen aipatutako kopuruekin bidaiak, ostatuak eta mantenuak sorraraziriko kostuak ordainduko dira. Diru gehiago gastatuz gero, parte-hartzailearen kontura izanen da. Aurrekontuan dagoena baina diru gutxiago gastatzen bada, ez da eskatuko itzultzeko.

Proiektuan parte hartzeko, ezinbestekoa da honako dokumentazio hau aurkeztea aipatutako epearen barruan:

1. Eskabide-orria (IV. eranskina).

2. Europass curriculum vitaea, Europass aplikazioaren bidez tramitatu beharko dena: http://europass.cedefop.europa.eu/es/home.

3. Ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia jarduera egiteko.

4. Talde-egonaldietarako beka eta bere baldintzak onartzen direla dioen dokumentu izenpetua (VII. eranskina).

Laugarrena.–Laguntzen esleipena.

Espainia osoko proiektuen ebaluazio prozesua bukaturik, SEPIEk Hezkuntza Departamentuari jakinaraziko dio proiektuak onetsi diren edo ez, eta zenbat plaza esleitu zaizkion.

Horren ondotik, proiektuak onetsiz gero, baldintza hauek betetzen dituzten parte-hartzaileak hautatzeko prozesua eginen da:

–Banakako egonaldiak.

  • Jardunean izatea, bai eskatzeko unean, bai egonaldia bitartean, Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketako edozein ikastetxe publikotan edo arte eskolatan.
  • Programaren kalitatea, zuzenean loturik dagoena espezialitatearekin, eskatzailearen irakas-jarduerarekin edo Hezkuntza Departamentuaren proiektu estrategiko batekin.
  • Egonaldia eskola garaian eginez gero, ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia beharko da, eman gabe geldituko diren eskoletarako hartzen diren neurriak jakinarazi ondoren.

Aurreko baldintzak betetzen dituzten hautagaiak honela ordenatuko dira:

1. Lehenik: prestakuntza-ikastetxean behin betiko destinoa duten hautagaiak.

2. Bigarrenik: ikastetxean behin betiko destinoa ez duten hautagaiak edo kontratudunak.

–Talde-egonaldiak.

Alde horretatik, talde bakoitzari plaza emateko, ondoren aipatzen diren gorabeherak hartuko dira kontuan. Esan gabe doa ezen, salbuespenezko kasuak alde batera utzita, ikastetxe bakoitzari plaza bat baino ezin izanen zaiola adjudikatu:

1. Eskatzaileen lan egoera:

Behin betiko destinoa dutenei emanen zaie lehentasuna; gero, behin-behineko destinoa dutenei, eta azkenik, aldi baterako kontratua duten irakasleei.

2. Lotura taldearen gaiarekin:

Egonaldi horietan parte hartuko duten irakasleek loturaren bat eduki behar dute taldeak egonaldian zehar eginen dituen jarduerekin; bereziki azpimarragarria da mugikortasuna eginen duen taldearen gaiarekin zuzenki lotuta dauden lan-taldeetan edo berrikuntza-proiektuetan parte hartzea.

Europako eremuan egiten den jarduera bat denez, parte-hartzaileek Lanbide Heziketako ikastetxearen zuzendaritzaren oniritzia eduki behar dute. Jarduera ikastetxearen behar edo ekimen batetik sortu behar da.

3. Hizkuntza-ezagutzak:

Horrelako egonaldi batean parte hartu nahi duten eskatzaileek ingelesa jakin behar dute, jarduerak gutxieneko mailan jarraitu ahal izateko.

Eskatzaileen hizkuntza maila baloratuko da, ziurtatzeko taldea homogeneoa dela eta ez duela behar etengabeko itzulpena.

–Izangaiak hautatzeko irizpideak.

BALDINTZAK

PUNTUAK

Proposatzen den gaiarekiko lotura, ardura bereziarekin ikastetxean (berrikuntza, behar bereziak, Kimua...), baita egonaldiaren gaiari buruz hartutako prestakuntza ere

40/100

Bitarteko funtzionarioa

Behin betiko destinoarekin 30/100

Destinorik gabe 10/100

Ingelesez jakitea. Frogatzen den maila

C1 30/100

B2 20/100

B1 10/100

Bi apartatu hauen barruan, lehentasuna emanen zaie Hezkuntza Departamentuaren proiektu estrategiko batean parte hartzen duten hautagaiei eta hautagaiaren araberako profila duen enpresa bat daukaten eskatzaileei.

Berdinketa gertatuz gero edo kategoria horietako bakoitzean eskatzaileak plazak baino gehiago badira, Balorazio Batzorde bat eratuko da, honako hauek osatua:

–Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendaria.

–Lanbide Heziketaren Berrikuntza, Nazioartekotze eta Kalitaterako Ataleko burua.

–Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko bi kide.

Batzorde horrek erabakiko du hautagaien ordena, irizpide hauei jarraikiz:

–Jarduera nola egokitzen zaion irakasleen espezialitateari edo egiten duen lan teknikoari (40 puntu).

–Eskatzaileak parte hartzea Hezkuntza Departamentuak koordinatzen dituen proiektu estrategikoetan, berrikuntza proiektuetan edo elkarteetan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren deialdien esparruan (40 puntu).

–Egonaldian prestakuntza teknologiko edo didaktikorako programatuta dauden orduen kopurua (20 puntu).

Onuradunak hautaturik, Hezkuntza Departamentuak aukeratu diren hautagaien zerrenda jarriko du ikusgai Hezkuntza Departamentuaren iragarki taulan eta Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan.

Hautatzen diren irakasleek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoan:

–Ikastetxeko zuzendariaren oniritzia, adierazteko irakaslea kanpoan dagoen bitartean bere eginkizunak beteta egonen direla, egonaldia eskola garaian bada.

–Europako laguntza onartzen dela dioen dokumentua, laguntzaren onuradunak sinatua.

Bosgarrena.–Egonaldien garapena, antolaketa eta jarraipena.

–Banakako egonaldiak.

Egonaldiak astebetetik sei astera bitartekoak izanen dira.

Parte-hartzaileek laguntza onartzeko dokumentu bat sinatuko dute; hartan, laguntzaren ezaugarriak, dauzkaten finantzabideak eta egonaldiaren kudeaketan eta dokumentazioaren prestaketan laguntzeko konpromisoa jasoko dira.

Parte-hartzaileak berak kudeatu beharko ditu garraiobidea eta erabili nahi duen ostatua.

Dena dela, Hezkuntza Departamentuak entitate laguntzaileekiko harremanak bideratzen laguntzen ahal dio, kudeaketa lanak errazteko.

–Talde-egonaldiak.

Egonaldiak astebete iraunen du.

Parte-hartzaileek talde-beka onartzeko dokumentu bat sinatuko dute; hartan, laguntzaren ezaugarriak, dauzkaten finantzabideak eta egonaldiaren kudeaketan eta dokumentazioaren prestaketan laguntzeko konpromisoa jasoko dira.

Hezkuntza Departamentua bera arduratuko da talde osorako garraiobidea, jarduerak eta ostatua kudeatzeaz.

–Bi modalitateak.

Egonaldia hasi baino 15 egun lehenago beranduenik, parte-hartzaileek hura egiteko behar den dokumentazioa jaso beharko dute Hezkuntza Departamentuan, hots: kontratua, prestakuntzarako akordioa, aseguru poliza eta jarraipenerako materialak.

Prestakuntza egonalditik itzuli ondoren, irakasleek honako dokumentazio hau aurkeztuko dute Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoan:

–Prestakuntzaren kontratua eta akordioa, parte hartzen duten alderdi guztiek sinatua.

Horiez gainera, parte-hartzaileek honako dokumentu hauek bete beharko dituzte baliabide elektronikoak erabiliz:

–Egonaldiaren memoria, Europako Batzordearen Mobility Tool tresnaren bidez prestatua.

–EUROPASS Mobility.

Egonaldia bukatutakoan, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak parte-hartzaile bakoitzak hartu beharreko dirulaguntza kalkulatuko du, egonaldiaren benetako iraupena kontuan hartuta, Erasmus+ programaren finantza arloko esku-liburuaren jarraibideen arabera. Parte-hartzaile bakoitzak jaso dezakeen gehieneko finantzabidea zehazten duten dirulaguntza taulak Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko dira, SEPIEk ofizialki argitaratu ondoren.

Behar diren zenbatekoak onuradunaren kontuan ordainduko dira, ordainketa-ebazpen arrunt baten bidez.

Seigarrena.–Egonaldien ebaluazioa.

Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak sistema bat ezarriko du irakasleen prestakuntza egonaldien jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

Zazpigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Laguntzen onuradun gertatzen diren irakasleek, oinarri hauetan ezarritakoa betetzeaz gain, kudeaketan, dokumentazio prestaketan eta Erasmus+ proiektuetarako baldintzak betetzeko behar diren gainerako ekintza guztietan lagundu beharko dute, aktiboki lagundu ere.

Zortzigarrena.–Ez-betetzeak eta laguntza deuseztatzea.

Hezkuntza Departamentuak laguntza baliogabetzen ahalko du, baita hura osorik edo zati bat itzultzeko eskatu ere, onuradunek arau honetan ezarritako betebeharrak eta antolaketa-arauak betetzen ez dituztenean.

III. ERANSKINA

2022-2023ko Erasmus+ beken deialdirako epeak, dokumentazioa eta jarraibide interesgarriak

Eskaerak aurkezteko eta kudeatzeko epeak.

–Deialdiaren eguna: 2021eko azaroaren 8a.

–Eskaera elektronikoak aurkezteko epearen bukaera: 2021eko abenduaren 10a.

–Akatsak zuzentzeko epea: 2021eko abenduaren 20tik 2022ko urtarrilaren 14ra.

–Ikastetxeak eskatzaileen gaineko dokumentazioa Hezkuntza Departamentura igortzeko epea (konpromisoak, curriculum vitaea eta aurkezpen gutuna): 2022ko urtarrilaren 25a, asteartea. (LHko ikastetxeei oroitarazten zaie hautagaien CVak aztertu behar dituztela).

–Ikastetxeek eskatzaileak lehenesteko epea: 2021eko abenduaren 20tik 2022ko urtarrilaren 28ra arte.

–Hezkuntza Departamentuak hautapen prozesua eta ikastetxeetan bilerak egiteko epea: 2022ko otsailaren 14tik aurrera.

Beken gaineko informaziorako, kudeaketarako eta tramitaziorako dokumentazioa.

–Eskabidea: on-line bidez aurkeztuko da helbide honetan:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/solicitud-erasmus-plus

–Curriculum vitaea eta aurkezpen gutuna, Europass aplikazioaren bidez tramitatu beharko direnak. Eskatzaile bakoitzak bere Lanbide Heziketako ikastetxean aurkeztu beharko du PDFan sortzen den fitxategia. (Fitxategiaren izenaren formatua: 1. deitura-2. deitura, izena–CV eta AG).

https://europa.eu/europass/es/create-europass-cv

–Zerbitzuen katalogoan eskura dauden dokumentuak, hots, www.nafarroa.eus helbidean:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/1964/Becas-para-estancias-de-formacion-en-empresas-de-la-Union-Europea-para-el-alumnado-de-FP

a) Parte-hartzaileek beren gain hartu behar dituzten konpromisoei eta ezaugarriei buruzko dokumentua.

b) Epeak, dokumentazioa eta ohar interesgarriak (III. eranskina).

c) Maiz egiten diren galderak (FAQ).

d) Nork eska ditzake ERASMUS+ beka hauek? (Erasmus+ hartzaileak).

–Gainera, LHko ikastetxeak honako informazio hau jasoko du posta elektronikoaren bidez.

e) Eskatzaileak lehenesteko irizpideak.

f) Eskatzaileak nola lehenetsi diren agerrarazteko txantiloiak. Erdi maila eta goi maila.

Ohar interesgarriak ikastetxeentzat.

–Curriculum vitaeak, aurkezpen gutunak eta onuradunen betebeharren gaineko dokumentua ikastetxeak berak kudeatu behar ditu. Ikastetxe bakoitzak fase bakoitzerako goian ezarritako egunetan bidali beharko du informazio hori Hezkuntza Departamentura. Dokumentazioa Google Drive aplikazioaren bidez entregatuko da, honela:

  • Parte-hartzailearen konpromisoa PDF formatuan igoko da Drive-ra, eskaneatu ondoren, eskatzaileek eta haren guraso edo tutoreek sinatua.
  • Europass curriculum vitaea eta aurkezpen gutuna PDF formatuan igoko dira Drive-ra, ikasleak Europass on-line aplikazioan aurkituko duen bezala.

Garrantzitsua:

fitxategiaren izenaren formatua: 1. deitura-2. deitura, izena–CV eta AG.

–LHko ikastetxeak eskatzaileen curriculum vitae guztien kopia gordeko du, eskaerak lehenesteko txantiloia betetzeko.

Ohar interesgarria: Ingelesezko curriculum vitaea dela eta, kontuan harturik agiri hori pertsona bat Europako enpresa baten aurrean aurkezteko gutuna dela, ikastetxeei gomendatzen diegu behar bezalako laguntza eman diezaietela laguntzen eskatzaileei, atal guztiak zuzen eta zehatz bete ditzaten. b) ereduan jadanik beteta dagoen eredu bat eskaintzen da, ikasleei laguntzeko agiri horiek zuzentasunez aurkezten.

Tramite hori Europass aplikazioaren bidez egiten denez, curriculum vitaeak eta aurkezpen gutunak PDF formatuan egonen dira. Hortaz, Hezkuntza Departamentuak ez du aukerarik izanen aurkezten diren curriculumak eta aurkezpen gutunak zuzentzeko. Gainera, eskaerak barematzeko orduan, kontuan hartuko du nola aurkeztu diren agiri horiek.

Bideo-CV bat aurkeztea ere balioetsiko da. PDF formatuan agertuko da CVan, esteka baten bidez.

–Azkenik, eskatzaileak lehenesteko zerrenda bakarra adieraziko da txantiloi bakoitzean, hau da, ikasleak ziklotan, kurtsotan edo espezialitatetan bereizi gabe. LHko mailaren arabera baizik ez dira lehenetsiko: erdi maila edo goi maila. Informazio hori i) apartatuan aipatutako txantiloietan betetzeko orduan, ZENBAKI OSOAK erabiliko dira.

Ohar interesgarriak eskatzaileentzat.

–Oso garrantzitsua da CV Europass dokumentua eta aurkezpen gutuna idaztean ingeles zuzen eta zehatza erabiltzea. Horrela, Europako bazkideekiko komunikazioa ona dela bermatuko da, eta bitarteko horiek enpresa egokiak bilatzen ahalko dituzte, eskatzaileen lanbide profilen araberakoak.

–Gogoan izan Europass aplikazioak datuak eguneratzeko aukera ematen duela. Hortaz, bete gabe uzten diren atalak edo behin-behinean bete direnak eguneratzen ahalko dira baldin eta lehenengo ahaleginean parte-hartzaileek ez badituzte datu guztiak eman.

–Ingelesezko CV Europass dokumentua formatu informatikoan aurkeztuko da. Agiri horri txarteletan erabili ohi den neurriko argazki bat erantsi beharko zaio. Ikasleek bideo-curriculum bat aurkeztea balioetsiko da.

–Nahitaezkoa da posta elektronikoko kontu bat izatea.

–Programaren konpromisoei eta ezaugarriei buruzko txostena sinatu beharra dago. Ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak agiri hori ontzat eman eta sinatu beharko du, ikaslea, ekonomiari dagokionez, haren kargura baldin badago.

–Programan parte hartzeko, ezinbestekoa da praktikak egiten diren aldian adinez nagusia izatea (B modalitatean izan ezik, modalitate horretan ikasleak irakasle batekin joaten direlako).

* Lehenago Leonardo da Vinci programan edo Erasmus+ programan sekula parte hartu ez duten ikasleak lehenetsiko dira.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

IV. eranskina.–LHko irakasleek parte hartzeko eskabidea.

V. eranskina.–Egonaldirako aurreikusitako jardueraren fitxa.

VI. eranskina.–Lankidetza-gutunaren eredua.

VII. eranskina.–Erasmus+ talde-beka onartzearen konpromisoak.

VIII. eranskina.–Erasmus+ banakako beka onartzearen konpromisoak.

IX. eranskina.–Ikasleak barematzeko irizpideak.

IV.etik IX.eraino eranskinak deskargatu (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2109568