208. ALDIZKARIA - 2013ko urriaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

754/2013 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, 0,71ko eguneratze koefizientea onesten duena 2014ko ekitaldian aplikatzeko Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden Tuterako udal mugapeko ondasun higiezin guztien katastroko balioei.

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 22. artikuluak ezartzen duenez, “ondasun higiezinen erregistroko balioa zehazteko, merkatuko balioa hartuko da erreferentziatzat, baina erregistroko balioak ezin izanen du merkatukoa gainditu eta ez da izanen foru lege honen 24.2.a) artikuluan aipatzen den metodo gehigarria aplikatuta ateratzen dena baino txikiagoa, non eta azken hori ez den merkatuko balioa baino handiagoa”.

Nafarroako Zerga Ogasuneko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko zuzendariak irailaren 13an emandako 28/2011 Ebazpenaren bidez, Tuterako udalerriaren balorazio txostena onetsi zen eta, horrenbestez, haren aplikaziotik ateratzen diren balioek hurrengo zergaldian dute eragina, aipatu foru legearen 28. artikuluan xedatzen den moduan.

Prezioen gainbehera ikusita, Tuterako Udalak azterlan bat enkargatu zuen, katastroko balioak, araudiak dioen moduan, merkatuko balioen azpitik ote dauden jakiteko, balio horien bilakaera aztertzeko eta, hortaz, 2011n onetsitako balioen txostenean lortutako balioek balio duten edo ez.

2013ko abuztuaren 14an, Tuterako Udalaren Gobernu Batzarrak 2013ko abuztuaren 12an hartutako Erabakia sartu zen Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuan, eta hartan, azterlanetik ateratako datuen ondorioz, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari eskatzen diote “0,71ko eguneratze koefizientea ... 2014. urtean aplikatzeko...” “hirigintzako aprobetxamendua izanik, gehikuntza metodoko balorazioa duten eta eraikuntzen ezaugarrien sistema orokorrean jasotako xedapenen arabera baloratzen diren” ondasun higiezinei.

2013ko irailaren 30ean, Tuterako Udalaren Gobernu Batzarrak Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari egindako eskaera zabaltzea erabaki zuen, eskatzen zuen eguneratze koefizientea “...Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden Tuterako udal mugapeko ondasun higiezin guztiei” aplika dakien.

12/2006 Foru Legearen 23.2.i) artikuluak Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak baloraziorako onetsitako parametro orokorrak direla adierazten du, hain zuzen ere, Nafarroa osoan ondasun higiezinen balio homogeneoa ezartzeko balorazio metodoen aplikazioan beharrezkoak diren elementuak, hala nola, “... balioa eguneratzeko koefizienteak eta balioa finkatzeko koefizienteak, erregelamenduz ezarri beharrekoak”; bestetik, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan inskribatu beharreko ondasun higiezinak baloratzeko arau tekniko orokorrak onesten dituen otsailaren 22ko 20/2010 Foru Aginduaren 12. arauko 1. zenbakiak adierazten du “... Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak ezaugarri homogeneoak dituzten higiezin multzo zehatz batzuen balioa eguneratzeko koefizienteak onesten ahalko dituela, ebazpenean espres zehazten den lurraldean kokatzen badira, eta hori Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 23.2 i) artikuluan aipatzen diren balorazioko parametro gisa .... eta horrela onetsitako koefizienteak urtero aplikatuko zaizkiela Lur-ondasunen Erregistroan inskribatutako katastroko balioei...”.

Aurrekoa ikusita, eta Tuterako Udalak duen datu-basean, Lur-ondasunen Erregistroan egun inskribatuta dauden katastroko balioek alde nabarmena dutenez antzeko ezaugarriak dituzten higiezinen merkatuko prezioekin, aipatu araudia aplikatuz, bidezkoa da 0,71ko eguneratze koefizientea onestea 2014ko ekitaldian Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden Tuterako udal mugapeko ondasun higiezinen katastroko balioei aplikatzeko.

Horrenbestez,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–0,71ko eguneratze koefizientea onestea Nafarroako Zerga Ogasuneko Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden Tuterako udal mugapeko ondasun higiezin guztien katastroko balioei 2014ko ekitaldian aplikatzeko.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2013ko urriaren 15ean.–Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Idoia Nieves Nuin.

Iragarkiaren kodea: F1314471