161. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

201E/2021 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendariak emana, 2021eko deialdiaren oinarriak onesten dituena Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 13.1 artikuluan ezarrita dago ezen Nafarroako Foru Komunitatean ehiza lizentzia lehen aldiz eskuratu ahal izateko aurretik gainditu beharko direla gaitasun probak eta ehizarekin lotutako gaiei buruzko azterketak.

Gaitasun proba horien baldintzak eta edukia ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 5. artikuluan zehaztu ziren, dekretu horren bidez onetsi baitzen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua. Besteak beste, aipatzen du beharrezkoa dela prestakuntza ikastaro homologatu bat egitea, eta ezartzen du nahitaezkoa dela gaitasun probek honako hauei buruzko edukiak jasotzea: ehizaren lege arloko alderdiak, basa faunari buruzko ezagutza, ehizari eta segurtasunari buruzko metodoak, eta ehizarako arteak eta bitartekoak eta horien erabilera.

Xedapen horiek betez, bidezkoa da ezartzea zein diren aurtengo deialdiak eta baldintzak, ehizan estreinakoz aritu nahi dutenek froga dezaten beren ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezkoak diren ezagutzak dituztela.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak.

Horrenbestez, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenak ematen dizkidan eskumenak (ebazpen horren bidez, besteak beste, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko titularrari eskuordetzen zaizkio Ingurumeneko zuzendari nagusiak zituen zenbait eskumen),

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko 2021eko deialdiak onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea, ebazpen honen eranskin gisa ageri direnak.

3. Argitaratzea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, hilabeteko epean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua.

Iruñean, 2021eko ekainaren 11n.–Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendaria, Fermín Olabe Velasco.

ERANSKINA

2021eko deialdiaren oinarriak, Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da prestakuntza ikastaroa eta azterketa egitea, ehiza gaietako gaitasun ziurtagiria lortzeko. Ziurtagiri hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egiten du, eta beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko.

Izangai bakoitzak bi deialdi izanen ditu ehizarako gaitasun azterketa gainditzeko. Azterketara aurkezteko nahitaezkoa da prestakuntza ikastaroa egitea.

2.–Inskripzioa.

2.1. Prestakuntza ikastaroan parte hartzeko eta azterketa egiteko –lehenbiziko edo bigarren deialdian– izena emateko epe bakarra izanen da, eta deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabeteko epean bukatuko da.

2.2. Izena emateko aurkeztu behar diren agiriak.

Izena emateko epearen barnean, honako agiri hauek aurkeztuko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea 9; 31005, Iruña):

a) Prestakuntza ikastaroan eta azterketan parte hartzeko izena emateko eskabide bakarra, eranskinean ageri den ereduaren arabera.

b) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

c) Azterketa egiteko 12 euroko tasa ordaindu dela ziurtatzen duen ordainketa gutuna, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean ezarritakoa. Ikastarora edo azterketara ez joateak ez du tasa itzultzeko eskubiderik sortuko.

Izena emateko eskabidea eta ordainketa gutuna, interesdunak eskatuta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuan eskuratzen ahalko dira (González Tablas kalea 9; 31005, Iruña). Internet bidez ere eskuratzen ahal dira, Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

3.–Onartuen zerrendak.

2021eko abuztuaren 23tik aurrera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onartutako izangaien zerrenda argitaratuko du, zehaztuta prestakuntza ikastaroa egiteko tokia, data eta ordua, izangai bakoitzeko, bai eta azterketa lehenbiziko deialdian egiteko tokia, data eta ordua ere.

2021eko irailaren 16tik aurrera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak bigarren deialdiko azterketa egiteko onartutako izangaien zerrenda argitaratuko du, zehaztuta hori egiteko tokia, data eta ordua, izangai bakoitzeko.

Zerrenda horiek Nafarroako Gobernuko iragarki taulan (Karlos III.aren etorbidea 2; Iruña) eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki taulan (González Tablas kalea 9, Iruña) argitaratuko dira. Internet bidez ere kontsultatzen ahalko dira, Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

4.–Prestakuntza ikastaroa.

“Nafarroako ehiztarien azterketa prestatzeko eskuliburuak (2013ko bertsioa)” eta “Galderen liburuak (2016ko bertsioa)” dituzten edukiak lantzea du xede ikastaroak, baita izangaiei eskuliburua ulertzen laguntzea ere, ezagutza handitu, azterketa gainditu eta ehiza jardueran aritzeko beharrezko prestakuntza izan dezaten.

Gaitasun probak gainditu nahi dituzten izangai guztiek nahitaez egin beharko dute ehizari buruzko prestakuntza ikastaroa, hamar orduko iraupena duena. Horretarako, aldean eraman beharko dute NANa adierazitako lekura. Ikastaroa streaming bidez segitzeko aukera izanen da; horretarako behar diren jarraibideak emanen dira. Izangai bakoitzarentzako datak, orduak eta behar diren beste jarraibideak onartuen zerrendarekin batera argitaratuko dira.

2008tik urte honetara bitarte prestakuntza ikastaroan parte hartu izanaren ziurtagiria duten izangaiek ez dute prestakuntza ikastaroa berriz egin beharko.

Zer toki, egun eta ordutan emanen den prestakuntza ikastaroa:

Barañaingo entzunaretoa (Nafarroako Komunitatea karrika 2, Barañain).

Egunak eta ordutegia:

2021eko irailaren 4a (larunbata): 09:00etatik 14:00etara.

21021eko irailaren 5a (igandea): 9:00etatik 14:00etara.

Izangai guztiek bi saioetan hartu beharko dute parte. Ikastaroan parte hartzeko, izena emateko eskabidea bete beharko da, eranskinean ageri den ereduaren arabera. Eskabide horrek ehiztari azterketan parte hartzeko ere balioko du.

Bertaratzen diren izangaiek ikastaroan parte hartu izanaren frogagiri bat jasoko dute, azterketa egiteko beharrezkoa dena.

5.–Azterketa.

5.1. Azterketaren edukia.

Azterketan test moduko 30 galdera izanen dira, teorikoak, epaimahai kalifikatzaileak aldez aurretik aukeratuak 500 galderaren artean.

Agiri horiek Nafarroako Gobernuaren web-orritik (www.nafarroa.eus) deskargatzen ahal dira.

5.2. Balorazioa.

Erantzun zuzeneko galdera bakoitza puntu batekin baloratuko da. Lau erantzun okerrengatik puntu bat kenduko da.

Gutxienez ere 15 puntu lortzen dituzten izangaiek gaindituko dute proba.

5.3. Azterketen egunak:

–Lehendabiziko deialdia: 2021eko irailaren 12a.

Lehenbiziko deialdiko onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zer tokitan, egunetan eta ordutan agertu behar duen.

–Bigarren deialdia: 2021eko irailaren 26a.

Bigarren deialdiko onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zer tokitan, egunetan eta ordutan agertu behar duen.

Azterketara, aldean NANa eta boligrafoa dutela agertu beharko dute izangaiek. Prestakuntza ikastaroaren bertaratze ziurtagiria eskuratzen duten izangaiek bakarrik egiten ahal dute azterketa.

6.–Emaitzak jendaurrean jartzea.

Kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak izangaiek lortutako emaitzen zerrenda jarriko du Nafarroako Gobernuko iragarki taulan (Karlos III.aren etorbidea 2; Iruña) eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea 9; 31005, Iruña). Internet bidez ere kontsultatzen ahal da Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

7.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Paloma Troya Santamaría andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza Ataleko burua.

Ordezkoa: Fermín Olabe Velasco jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendaria.

Lehen epaimahaikidea: Javier Forcada Melero jauna.

Ordezkoa: Alejandro Esquíroz Tainta jauna.

Bigarren epaimahaikidea: César Martínez Eslava jauna.

Ordezkoa: M.ª Carmen Primo Alfageme andrea.

Idazkaria: Tania Bernaldo de Quiros Miranda andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Luis Ángel García Nicolás jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Ataleko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

7.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengoa bertan ez bada.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

Inskripzio eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2110011