161. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Ordenantza fiskala, irabazizko jarduerak egiteko bide publikoko lurzoruaren aprobetxamendu bereziak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Gesalazko Udalak, 2021eko apirilaren 12an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Irabazizko jarduerak egiteko bide publikoko lurzoruaren aprobetxamendu bereziak arautzen dituen udal ordenantza.

Aipatutako aldaketa argitaratu zen 2021eko 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 27an. Jendaurreko epean ez zen alegaziorik egin eta, hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Muetzen, 2021eko ekainaren 17an.–Alkatea, Pedro José Soto Eguren.

ORDENANTZA FISKALA, IRABAZIZKO JARDUERAK EGITEKO BIDE PUBLIKOKO LURZORUAREN APROBETXAMENDU BEREZIAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatu zuen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoaren babesean.

2. artikulua. Zerga-egitatea da bide publikoa eta herri-lurretako lurzorua modu pribatiboan erabiltzea edo modu berezian aprobetxatzea, irabazi-asmoz, honako aprobetxamendu edo erabilera hauetako edozeinekin.

a) Ostatuetako barrak, bide publikoa okupatzen dutenak eta ostalaritzako establezimenduei atxikiak, edo, establezimendu barruan egonik ere, bide publikoan dauden bezeroei zerbitzatzen bazaie.

b) Bide publikoan edariak saltzeko etxolak.

c) Bide publikoan izozkiak eta edariak saltzeko kioskoak.

d) Bide publikoan saltzeko postu edo etxolak.

e) Bide publikoan jarritako feria-jostetak.

f) Ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak eta aurreko puntuetan jasota ez dauden bestelako erabilera eta aprobetxamenduak.

3. artikulua. Tasak ordaindu beharko dituzte honako hauek:

a) Udal lizentzien edo emakiden titularrak eta aprobetxamenduaren mozkinak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.

b) Lizentzia edo emakidarik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduak egiten dituztenak.

4. artikulua. Ez dago ordenantza honi lotuta bide publikoko eta herri-lurretako lurzoruan erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egitea, baldin eta irabazi asmorik gabeko pertsona, entitate edo elkarteek egiten badute, dagokion udal baimena eskatu behar badute ere. Kasu horretan irabazi asmorik eza frogatu beharko da, baimen eskaera aurkeztearekin batera.

5. artikulua. Salbuespenak.

Ordaintzetik salbuetsita egonen dira, Udaleko osoko bilkurak, zein jardueratan erabiltzen den kontuan hartuta, modu justifikatuan hala irizten dionean.

6. artikulua. Ordenantza honetako ordainarazpenaren zenbatekoa osoko bilkuran finkatuko da, kontuan hartuz aprobetxamenduaren iraupena eta ordenantza honen xede diren aprobetxamendu bereziek okupatutako lurzoruaren neurria. Udaleko osoko bilkurak finkatuko du urtero.

7. artikulua.

1 Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna beharturik dago aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera, bai eta aurretik zenbateko horren gordailua egitera ere.

2 Kalteak konponezinak badira, suntsitutako gaiek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen zaio ordainetan Udalari.

Udalak ez ditu inolaz ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta diru itzulerak.

8. artikulua. Tasa ordaindu beharra aprobetxamendua onartzen denean sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasi bada.

9. artikulua. Udalak behar den lizentziarik edo kontzesiorik eman gabe aprobetxamendua hasten bada, behar den prezio publikoa pagatzeak ez ditu egindako aprobetxamenduak legeztatuko eta, beraz, kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke, baimena lortzeko has daitekeen espediente administratiboa ukatu gabe.

10. artikulua.

1 Iruzurtzat hartuko da behar den baimenik gabe aprobetxamendua edo erabilera hastea.

2 Bestelako arau-hausteei dagokienez eta zehapenekin ikusteko duten afera orotan, Toki Ogasunei buruzko Legean xedatutakoari jarraituko zaio. Udalak, agindu bidez, lizentzia edo baimenik gabeko instalazioak eremu publikotik ken ditzake udal biltegietara eramateko, eta instalazio hori desmuntatu, garraiatu, biltegira eraman eta egin behar den beste edozergatik sortutako gastuak jabearen bizkar geldituko dira.

AZKEN XEDAPENA

Lehena.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, aplikatuko dira Ordenantza Fiskal Orokorra, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2109867