160. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

138E/2021 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, zerri ustiategi baten aldaketa nabarmena baimentzen duena (umetarako zerramak eta 12-13 kg bitarteko zerrikumeen produkzioa). Instalazioaren titularra Díaz de Zerio ENSa da (575 NA zenbakia).

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren apirilaren 8ko 0699/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 13ko 79/2013 Ebazpenaren bidez aldatua eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 9ko 432E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2020ko azaroaren 27an, titularrak, ustiategiaren produkzioaren orientazioa aldatzeko asmoz, instalazioan egin nahi duen aldaketaren proiektuaren berri eman zuen. Horren barruan, ernaldirako nabe berri bat eraiki nahi du, 336 toki izanen dituena, umetarako zerramen 505 toki gehiago jarri (1520 izan arte) eta hasierako gizentze fasea kendu. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2020ko abenduaren 23an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa” da, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa “esanguratsua” dela zioen, aldaketa garrantzizkoak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan. Hortaz, aldaketak ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta hura aldatu.

2021eko apirilaren 29an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hots: ernaldian dauden zerramentzako nabe berri bat eraikitzea, 336 toki izanen dituena, umetarako zerramentzat 505 toki gehiago jartzea (1520 izan arte) eta hasierako gizentze fasea kentzea. Azkenean, ustiategiaren guztirako edukia 417 AzLUkoa izanen da.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Lurzoru urbanizaezinean baimenduta dagoen jarduketa bat denez, udalaren eskumenean gelditzen da, eta ez du lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2. artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Baimentzea Vianako udal-mugartean dagoen zerri ustiategi baten aldaketa nabarmena (umetarako zerramak eta 12-13 kg bitarteko zerrikumeen produkzioa), proiektu hau gauzatu ahal izateko: ernaldian dauden zerramentzako nabe berri bat eraikitzea, 336 toki izanen dituena, umetarako zerramentzat 505 toki gehiago jartzea (1520 izan arte) eta hasierako gizentze fasea kentzea. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Díaz de Zerio ENSa da (575 NA zenbakia).

Bigarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 2510050359/2/4 Plana onestea. Ebazpen honen III. eranskinean dago.

Hirugarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Proiektuari hasiera emateko eta jarduera martxan jartzeko epeak izanen dira ezarrita daudenak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11. artikuluan. Bestela, aldaketa honetarako baimena iraungitzat hartuko da, eta ez du inolako ondoriorik izanen. Orobat, aipatutako epeetan gauzatzen ez diren instalazio zatiak burutzeko eta martxan jartzeko, instalazioa aldatzeko espediente bat tramitatu beharko da.

Seigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat. Halaber, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatu beharko da; hau da, instalazioaren aldaketari ingurumen ebaluaziorako prozedura arrunta edo sinplifikatua ezartzen ahalko zaio, kasuaren arabera.

Zazpigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamargarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Díaz de Zerio ENSra (575 NA zenbakia), Vianako Udalera, Abeltzaintza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Ingurumena Zaintzeko Atalera.

Iruñean, 2021eko ekainaren 9an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2109570