16. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 22a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 3/2021 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 20koa, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren urtarrilaren 13ko 2/2021 Foru Dekretua. Foru dekretu horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez emandako eskumen horiek erabiliz onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa. Horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Zehazki, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatu zen gauez Nafarroako Foru Komunitatean, 23:00etatik 06:00etara bitartean; mugatu egin zen Nafarroako Foru Komunitatera sartzea eta bertatik irtetea, salbu foru dekretu horretan aipatutako eta behar bezala justifikatutako joan-etorrien kasuan; eta mugatu egin ziren pertsonen arteko bilerak: sei lagun, gehienez ere, eremu publiko eta pribatuan, eta bizikidetza-unitatea eremu pribatuan, foru dekretuan jasotzen ziren salbuespenekin. Pertsonen joan-etorriei gaueko ordutegian ezarritako mugen indarraldiari dagokionez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan deklaratutako alarma-egoerak zeukan berbera ezarri zen, eta gainerako neurrien kasuan, berriz, 2020ko azaroaren 4ra arteko indarraldia, egun hori barne. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 4ko 26/2020 Foru Dekretuaren bidez luzatu zen foru dekretu hori, 2020ko azaroaren 18ra arte luzatu ere, eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 16ko 28/2020 Foru Dekretuaren bidez, berriz, 2020ko abenduaren 18ra arte.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abenduaren 14ko 29/2020 Foru Dekretuaren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko, eta zenbait neurri malgutu ziren, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak 2020ko abenduaren 2an hartutako erabakiarekin bat. Zehazki, honako hauen gaineko neurriak malgutu ziren: Nafarroako Foru Komunitatean sartzeko eta bertatik ateratzeko mugak, familiakoekin eta hurbileko pertsonekin elkartzea, eta gaueko joan-etorriei jarritako mugak 2020-2021eko Eguberrietako egun garrantzitsuetan. Zehazki, eremu pribatuan familiakoak elkartzeari dagokionez, baimena eman zen gehienez ere bi bizikidetza-unitatetako sei lagun elkartzeko, une hartan egoera epidemiologikoa zein zen kontuan izanik.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abenduaren 28ko 31/2020 Foru Dekretuak aldatu egin zuen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abenduaren 14ko 29/2020 Foru Dekretua, zeinaren bidez prebentzio neurriak ezarri baitziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Alarma-egoera 2021eko maiatzaren 9ko 00:00etara arte luzatu da. Luzapena xedapen hauetan bildutako baldintzen menpe dago: urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratu zuena SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko, eta, kasua bada, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretu horren azken xedapenetako lehenbizikoak emandako gaikuntza erabiliz ematen diren dekretuak, ezertan galarazi gabe hurrengo apartatuetan ezartzen dena.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren urtarrilaren 13ko 2/2021 Foru Dekretuaren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko, indarrean izanen direnak 2021eko otsailaren 15a arte.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenean eta Nafarroako Ospitaleguneko Mikrobiologia Klinikoaren Zerbitzuaren txostenean gomendatzen da, arrazoi epidemiologikoak eta laguntzakoak tarteko direlako, areagotu daitezela osasun arloan hartutako prebentzio neurri apartekoak Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz.

Horrenbestez, aipatu txosten teknikoak kontuan harturik eta azaldu diren arrazoiak tarteko direlarik, bidezkoa da prebentzio neurriak, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiaraztekoak, aldatzea. Hala, pertsonak erabilera pribatuko espazioetan elkartzeari dagokionez, 2020ko abenduaren 18aren aurretiko neurriak ezarriko dira: bizikidetza-unitate berekoak soilik elkar daitezke, salbuespen jakin batzuekin. Hori guztia, kutsatzeen murrizketa finkatzeko asmoz.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzen da Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 2/2021 Foru Dekretua, urtarrilaren 13koa, zeinaren bidez prebentzio neurriak ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

3. artikuluko 2. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“2. Erabilera pribatuko espazioetan, berriz, bilerak bizikidetza-unitatera mugatuko dira; hau da, etxe berean bizi diren pertsonak bakarrik bilduko dira, zaintzaileak eta laguntzakoak barne. Muga horretatik salbuetsirik daude honako hauek:

a) Bakarrik bizi direnak eta mendekotasuna dutenak. Pertsona bakar baten bisita izaten ahalko dute, eta, ahal dela, senidea izanen da edo hurbileneko esparru sozialekoa.

b) Adingabeak, baldin eta beren gurasoak etxe desberdinetan bizi badira.

c) Ezkontza-lotura dutenak edo izatezko bikote direnak, etxe desberdinetan bizi badira.

d) Aurrekoen antzeko kasuetan daudenak”.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2021eko urtarrilaren 23an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 20an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2100975