158. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EZPOROGI

Animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

2019ko azaroaren 20ko osoko bilkuran hartu erabakiaren bidez, hasiera batez onetsi zen Ezporogin animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia 2020ko 11. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 17an. Inork ez duenez aurkeztu erreklamaziorik, kexarik edo oharrik, hasierako onespena behin betiko onespen bilakatu da. Ordenantzaren testu osoa argitaratzen da, hona hemen:

Ezporogin, 2021eko ekainaren 16an.–Alkatea, Alejandro Egea Landarech.

UDALAREN OSASUN ORDENANTZA, EZPOROGIKO UDAL-MUGARTEAN ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedea, aplikazio eremua eta xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek xedea du ezartzea Ezporogiko udal-mugartean animaliak edukitzeko bete behar diren baldintzak eta osasun arauak, bai eta, arautzea ere Udalaren eskumenen barrenean, haien inguruko jarduera guztiak.

2. artikulua. Baimena ematen da, oro har, etxebizitza partikularretan etxeko animaliak edukitzeko, baldin osasungintza aldetik arriskurik ez bada, animaliak berak arriskutsuak ez badira, hirugarrenik gogaitzen ez bada, egokiro edukitzen badira eta higienearen aldetik bizilekuan behar diren baldintzak betetzen badira.

II. KAPITULUA

Txakurrei aplikatu beharreko berariazko araudia

3. artikulua. Nahitaezkoa da udal-mugartean bizi diren txakur guztiak inskribatzea erakunde eskudunek ezarritako txakur erroldan. Titulartasunaren gainean, edozein gora-behera, baja edo alta gertatzen bada, jabeak horren berri eman behar die erakunde eskudunei, gertatu eta gehienez ere zortzi eguneko epean.

Etxebizitza batean baimentzen den animalia kopururik handiena 10 txakur da, gune zoologikoaren lizentzia lortu ezean, apirilaren 12ko 104/2013 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera. Irizpidea da animalia kopuru handiago batek osasun arriskua ekar lezakeela.

4. artikulua. Udal-mugartean bizi diren txakurren jabeen betebeharra da amorruaren kontrako txertoak jartzea txakurrei, legezko arauetan ezarritako egutegiaren arabera hasiz eta berrituz. Orobat, jabeen obligazioa da arlo honetako arauetan nahitaezko gisa ezarritako txerto eta tratamendu guztiak jartzea ere.

Txakurrak identifikatu eta haiei txertoak jartzen dizkieten zerbitzu baimenduek jabeari emanen diote egindakoaren egiaztagiria eta haren berri emanen zaie Udalari eta, hala behar izanez gero, Nafarroako Gobernuko zerbitzu eskudunei.

5. artikulua. Txakurrek eremu publikoan ibiltzeko baimena dute; behar bezala identifikatuta eta txertatuta egon beharko dute. Nahitaez, ardura duen pertsonak eraman beharko ditu, gehienez ere 2 metroko kate edo uhal sendoz lotuak.

Lehenago eraso egin duten txakurrek edo aldez aurretik arriskutsuak izan daitezkeenek muturrekoa eraman beharko dute nahitaez, eta pertsona arduradunak adinez nagusi beharko du izan.

Debeku da animaliak ibiltzea edo egotea haurrendako jolastokietan.

Agintaritza eskuduneko agenteek salatu eginen dute txakurrak ez badabiltza baldintza hauetan eta ordenantza honen gainerakoan ezarritakoetan, bai eta txakurrak bildu eta gordeko ere, betiere fakultatiboaren ikuskapenarekin.

6. artikulua. Aurreko artikuluak dioena aplikatzearen ondorioz bildutako txakurrak agintaritzako agenteek identifikatuko dituzte eta jakinaraziko diote jabeari, zeinak 72 orduko epea izanen baitu txakurra erreklamatzeko.

Jabeek erreklamatu gabeko txakurrak edo identifikatu ezin daitezkeenak, udal zerbitzuek, lehenbizi, agintaritzako agenteei eman edo salaketa egin zuen pertsonari eskainiko dizkiote, eta bigarrenez animalia hauek biltzeko zentroei. Artikulu honetan ezarritako edozein jarduketaren kostuak txakurraren jabeak ordaindu beharko ditu.

7. artikulua. Txakurrekin dabiltzan pertsonen ardura izanen da txakurrek eremu publikoan kaka egitea galaraztea. Txakurraren gidaria behartua dago hark egindako gorotzak bildu eta kentzera. Horretarako etxeetarako zaborrontziak edo Udalak zehaztuko dituen tokiak erabiliko ditu. Zikindutako tokia garbitzea jabearen ardura izanen da.

8. artikulua. Animaliak dituzten pertsonek beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte, animaliak gorde edo mantentzearen ondorioz sor litekeen eragozpenik ez eragiteko auzokideei, animalia etxe barruan egon nahiz terrazan egon, azotean, balkoian, patio edo antzekoetan, finkan edo baratzean, merkataritza lokal, abeltegi edo animalia gordetzeko bestelako edozein lekutan, ordu guztietan, gau eta egun.

Animaliek eragozpenak eragiten badituzte modu jarraituan, eskumena duen agintaritzak egiaztatuta, zarata, usain edo bestelako arrazoiak direla-eta, udal agintaritzak ebazpen bidez erabakitzen ahalko du, indarrean dauden araudietan ematen zaizkion eskumenak baliatuta, auzokideen lasaitasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea, eta horiek nahitaez bete beharko dituzte animalien jabeek edo edukitzaileek.

Kanpoko gehieneko zarata maila onargarriei dagokienez, gehienez 50 dBa-ko maila ezarriko da etxebizitzan egunez, eta gehienez 45 dBa-ko maila etxebizitzan gauez. Eguna ulertuko da goizeko 8:00etatik 22:00etara bitartekoa. 24 orduko gainerako orduak gaua dela ulertuko da.

III. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak

9. artikulua. Definizioa.

Honako arraza hauetako txakurrak izan daitezke arriskutsuak: pit bull terrier, staffordshire bull terrier, american staffordshire terrier, rottweiler, dogo argentinarra, fila brasildarra, tosa inu, akita inu, Mallorcako ausiki-txakurra, Kanarietako ausiki-txakurra, artzanor napolitarra, bullmastiff, dobermann eta tosa japoniarra. Horietaz gain, oro har, arraza horien aitzinekoak izanik, haien ezaugarri etnikoak dituztenak eta haien gurutzatzeak.

Horrelako animaliak dituztenek berenak identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz immunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta udal zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

10. artikulua. Lizentzia.

Ordenantza honetan oinarriturik, animalia potentzialki arriskutsu gisa sailkatuta dagoen animalia baten jabeak edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du. Erosi aitzin eskatuko da lizentzia. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

–Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzearen inguruko arau-hauste larri edo oso larriengatik zehatua ez izana, salbu lizentzia aldi baterako eteteko zehapena, hura osoki bete bada.

–Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren agiria, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko.

–Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez ere ehun eta hogei mila euroko zenbatekoa duena.

–Kasuan kasuko ordenantzetan onesten den udal tasa ordaintzea.

Lizentzia eskatu behar dute arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek, eskatzailea Ezporogin bizi bada.

Animalia potentzialki arriskutsuen jabeek edo edukitzaileek betebehar hori ezarrita ere, herritarrek Ezporogiko Udalari jakinarazten ahalko diote mota horretako animaliak dituzten pertsonak, jabeak nahiz edukitzaileak, badirela udalerrian, udalak legeen arabera bidezkotzat jotzen dituen ekintzak egin ditzan.

Lizentziak 5 urteko indarraldia izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian.

Aitzinekoa ukatu gabe, Udalak egiaztatzen ahalko du, lizentzia indarrean dagoen bitartean, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabeak edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, ulertuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren ekintzei.

11. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe eta edukitzaileek honako betebehar hauek dituzte:

Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko administrazio lizentzia.

Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzin, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari komunikatu beharko dio, gehienez ere eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean, animaliaren titulartasun aldaketa gertatu dela.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko gaitasun fisikoa eta psikologikoa erakusten duen ziurtagiria, eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Ezporogira ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik gorako denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan inskribatzera.

12. artikulua. Erregistroa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek, erregistroan sartu nahi badituzte, Ezporogiko Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

–Animaliaren espeziea.

–Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

–Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

–Sexua. Erreseina edo erreseina erdia.

–Jaioteguna.

–Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

–Jabearen izena, helbidea eta NANa.

–Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

–Trebakuntza zentroko datuak, halakorik bada.

–Eraso kasuak.

–Mikrotxip identifikagarria jarrita duela dioen agiria.

Datu horiek denak erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak horren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabost eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala komunikatu behar baita.

13. artikulua. Segurtasun neurriak.

Eremu publikoetan, higiezin kolektiboetako eremu komunetan, eta, oro har, erabilera publikorako diren toki eta eremuetan, kapitulu honetan aipatzen diren txakurrak gehienez ere bi metroko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta eta muturrekoa jarrita dutela (homologatua eta txakurraren arrazari egokitua) eramanen dira. Lagun bakarrak ez du inoiz eramaten ahalko txakur hauetako bat baino gehiago eta adin txikikoek ez dituzte inola ere eramaten ahalko.

Arriskutsuak izan daitezkeen txakurretako instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, animaliak handik atera eta hirugarrenei kalterik egin ez diezaieten:

–Hormek eta hesiek behar adinako altuera eta sendotasuna izan beharko dute. Orobat, tinko egon beharko dute, animaliaren pisuari eta presioari eusteko.

–Instalazioetako ateek inguruaren gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.

–Esparruak behar bezala seinalatua egon beharko du, mota horretako txakurrak daudela ohartaraziz.

Arau-hausteak eta aplika daitezkeen zehapenak

14. artikulua. Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzeak arau-hauste administratiboa ekarriko du, eta honako artikulu hauen arabera zehatuko da:

Zehapen prozedurari ofizioz emanen dio hasiera erakunde eskudunak, bai beraren ekimenez bai salaketa baten ondorioz.

15. artikulua. Animalien jabe edo edukitzaileak izanen dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteen erantzuleak.

16. artikulua. Zehapenaren tramitazioa eta prozedura Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak ezartzen duen araudi orokorrari eta zehatzeko ahalmenaren gainean hura garatzen duenari atxikiko zaizkie.

17. artikulua. Ordenantza honen kontrako arau-hausteen sailkapena eta zehapena Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean eta hura garatzen duen araudian ezarritakoaren arabera eginen dira. Araudi horretan agertzen ez diren kasuetarako, honako hau aplikatuko da:

a) Arau-hauste arinak:

Oro har, arau-hauste arinak izanen dira jardueretarako eta instalazioetarako baimenean ezarritako baldintzak eta ordenantza honen betebehar eta xedapenak ez betetzea, arau- hauste astunaren edo oso astunaren kalifikazioa ez baldin badute.

b) Arau-hauste astunak:

Arau-hauste astuntzat joko dira:

1.–Udal agintaritzari, haren funtzionarioei edo udaltzainei, beren eginbeharretan ari direla, informaziorik ez ematea edo desmen egitea; halaber, informazio edo dokumentazio faltsua edo okerra ematea ere bai.

2.–Animaliek nahitaez hartu beharreko txertoak ez hartzea.

3.–Txakurrak arduradun batekin loturik ez ibiltzea.

4.–Animaliak haurrak jostatzeko eremuetan edo eskolako patioan egotea edo ibiltzea.

5.–Animaliei tratu txarrak eman edo jipoitzea, edo justifikaziorik gabe mina edo sufrimendua ekar diezaiekeen edozein jarduketa eginaraztea.

Txakur arriskutsuez den bezainbatean, kasu hauen tipifikazioa arau-hauste astunena izanen da:

–Arriskutsua izan daitekeen animalia aske uztea edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

–Animaliari identifikagarria jartzeko betebeharra ez betetzea.

–Erregistroan ez inskribatzea.

–Arriskutsua izan daitekeen txakurra, toki publikoetan, muturrekorik gabe edo katez lotu gabe egotea.

–Adingabe batek txakur arriskutsua eramatea.

–Lege honek ezarritako egitekoak bete beharrez agintari eskudunek edo haien agenteek eskatzen dituzten datu eta argibideak emateari uko egitea edo eman nahi ez izatea, baita argibide okerrak edo dokumentazio faltsua ematea ere.

c) Arau-hauste oso astunak:

Arau-hauste administratibo oso astunak honako hauek izanen dira:

–Hiru arau-hauste astunetan berrerortzea.

–Arriskutsua izan daitekeen animalia, edozein espezietakoa izanik ere, abandonatzea, eta orobat edozein txakur, eta animalia abandonatutzat hartuko da bai aginduari jarraikiz identifikatua doana bai bere etorkiaz edo bere jabeaz identifikagarririk batere eramaten ez duena, betiere inork lagundurik ez badoa.

–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edo txakurrak lizentziarik gabe edukitzea.

Arau-hauste astunen edo oso astunen tipifikazioa dutenek berekin ekar dezakete, zehapen osagarri gisa, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak konfiskatzea edo akabatzea.

Arau-hausteen kalifikazioan kontuan hartuko dira, gainera, intentzionalitatea, eragindako kaltearen larritasuna, partaidetza eta lortutako onura, eragindako kaltearen itzulezintasuna eta, oro har, udal-agintaritza eskudunak aintzat hartzen dituen faktore aringarriak eta astungarriak.

–Arau-hauste tipifikatuek isun hauek izanen dituzte zehapen:

18. artikulua. Ordenantza honetako aurreko artikuluan kalifikatutako arau-hausteak honela zehatzen ahalko dira:

1.–Arau-hauste arinak 60 eurotik 200 eurora bitarteko isunarekin.

2.–Arau-hauste astunak 200 eurotik 600 eurora bitarteko isunarekin.

3.–Arau hauste oso astunak 600 eurotik 6.000 eurora bitarteko isunarekin.

–Animalien jabea edo edukitzailea eginen da arau-hausteen erantzule.

–Artikulu honetan ezarritako erantzukizun administratiboak ez dio kalterik eginen bide penal eta zibiletan eska daitekeenari.

–Arau-hausteak delitu edo faltatzat hartzen ahal direnetan, agintari eskudunek animalia konfiskatzea erabaki dezakete, agintaritza judizialak horren gaineko erabakia hartzen duen arte, eta organo jurisdikzional eskudunari eman beharko zaio egitateen berri.

19. artikulua. Alkatetzari dagokio ordenantza honetan zehaztutako arau-hausteen gaineko zehapen espedienteak ebazteko ahalmena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan ezartzen ez den guztian men eginen zaio Toki Administrazioari buruzko Foru Legeari, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeari, Ingurumena Babesteko Jarduera Sailkatuei buruzko Foru Legeari, Osasunari buruzko Foru Legeari, Osasunari eta Animalien Hazkuntzari buruzko Arauei, abenduaren 23ko 50/1999 Legeari, arau hauek garatzen dituzten lege xedapenei eta gai honen gainean aplika daitezkeen gainerako arauei.

Bigarrena.–Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2109803