158. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

552E/2021 EBAZPENA, ekainaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Arguedasko udal-mugartean zerri azienda gizentzeko dagoen instalazioan funtsezko aldaketa egiteko baimenari ezezkoa ematen diona. Integraciones Porcinas Javi Jimenez SL da instalazioaren titularra.

2020ko apirilaren 7an instalazio honen titularrak abian den instalaziorako funtsezko aldaketa eskatu zuen. Instalazioak badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 30eko 0874/2008 Ebazpenaren bidez emana eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak urtarrilaren 26ko 44E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua. Funtsezko aldaketaren xedea da handitzeko proiektu bat gauzatzea zerriak gizentzeko 3344 toki beharrean 6.000 toki izan daitezen.

Espedientea tramitatu da, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 15. artikuluan ezarritako prozedura erraztuaren bidez (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori). Prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusten diren ingurumen ebaluazioko jarduketak.

2020ko urriaren 9an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak jarduera hori lurzoru urbanizaezinean baimentzearen kontrako txostena eman zuen, honako arrazoi hauengatik:

–“Ebroko ardatza” Lurralde Antolamenduko Planaren (POT5) arabera, jarduketa esparrua dagoen eremuan honako hauek aplikatu behar dira: Babes Bereziko Eremua, ingurumen balioko eremua, Ibai-Eremua eta Arrisku Naturalak direla-eta babestu beharreko lurzorua. Aldaketa Klimatikoaren Atalak 2020ko irailaren 30ean eginiko txostenaren arabera, uholde arriskua handia da jarduketa esparruan, eta ondorioz POT5aren PN4ak ezarritako babes araubideak debekatutzat ematen ditu abeltzaintzako jarduerak. Beraz, jarduketa ez da bateragarria aplikatu beharreko Lurraldearen Antolamenduko Planaren aurreikuspenekin.

–Baimena izapidetzeko agiriak aurkeztu ziren egunean 1991ko apirilaren 29an onetsitako Arguedasko arau subsidiarioak zeuden indarrean. Jarduketa ez da bateragarria Arau Subsidiarioekin, Arguedasko 2. poligonoko 295. eta 345. lurzatiak hartzen dituen eremuari esleitutako nekazaritzako produktibitate handiko lurzoru urbanizaezina babesteko araubidearen aurkakoa baita.

Bestetik, indarrean da Arguedasko Udal Plan berria (2020/03/27ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala-araudia argitaratzea), eta eskabideari aplikatzen ahalko zaio hirigintzako araudi berria proposatutako jarduerarako onuragarriagoa bada.

Arguedasko Udal Planaren 118. artikuluaren arabera, lehendik dauden eraikin finkatuak handitzen ahalko dira, “baldin eta, artikulu honetan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte; kasu horretan gaur egungo eraikuntza kontuan hartu beharko da gehieneko eraikuntzaren eta okupazioaren kalkuluan” eta “proposatzen den eraikuntzaren erabilera eta eraikuntza mota kasuan kasuko lurzoru kategoriarekin bateragarriak” badira. Hala egungo zerri ustiategia, nola hura handitzeko aurreikusitako eraikinak jarriko liratekeen esparrua uholde eremuan dago, arriskuen prebentziorako lurzoru babestuan, eta babes azpikategoria hori haren azpitik dauden beste babes azpikategoria batzuei gainjartzen zaie. Udal Planaren Berariazko Araudiaren 102. artikuluan uholde arrisku handiko esparruetarako ezarritako babes araubidean xedatzen da abeltzaintzako jarduerak debekatuta daudela. Beraz, proposatutako jarduketa ez da bateragarria egun indarrean dagoen hirigintzako udal planeamenduarekin.

Horrenbestez, bidezkoa da ukatzea eskatutako funtsezko aldaketa egiteko baimena.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Ukatzea Arguedasko udal-mugarteko zerriak gizentzeko instalazio batean funtsezko aldaketa egiteko eskaera, zeinaren xedea baita handitzeko proiektu bat gauzatzea, 3344 zerrirentzako tokia beharrean 6.000rentzako tokia izan dezaten. Integraciones Porcinas Javi Jimenez SL da instalazioaren titularra.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea Integraciones Porcinas Javi Jimenez SLri, Arguedasko Udalari, Greenpeace erakundeari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari, Ingurumeneko Basozainen Zerbitzuari, Klima Aldaketaren Atalari, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari, eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2109280