158. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

127/2021 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, Zergen Kontrolerako 2021eko Plana gidatzen duten irizpide orokorrak onesten dituena.

Zerga sistema aplikatzearen ardura duen erakunde autonomoa denez, Nafarroako Foru Ogasunaren lana da baliabide pertsonal, material eta tekniko guztiak behar bezala koordinatzea, tributuen kudeaketa, ikuskapen eta bilketa zuzen eta eraginkorra lortze aldera. Izan ere, azken helburua zerga arloko araudia orokorrean zehatz-mehatz betetzea da, alde batera utzi gabe zergadunaren segurtasun juridikoa, eta araudi horrek sorrarazten duen zeharkako presio fiskala gutxituz. Haren helburua da Foru Komunitatean zergak ordaindu behar dituzten pertsona eta entitate guztiek zerga betebeharrak borondatez bete ditzaten erraztea eta sustatzea, eta iruzurra prebenitzea, kontrolatzea eta zigortzea, kasuan kasuko erantzun egokiena emanez.

Iruzur fiskala gizartearekiko elkartasunik eza da; lehia eta ekonomiaren funtzionamendu egokia desitxuratzen ditu, eta guztiek gure ahalmen ekonomikoaren arabera gastu publikoei aurre egiten laguntzeko mandatuaren aurka egiten du, zeina Konstituzioaren 31.1 artikuluan ezarria baita. 2021erako zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzen dituen abenduaren 29ko 21/2020 Foru Legeak printzipio hori indartu du, debekatu baitu Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean zerga zorraren zenbatekoa murriztea eta, beraz, zerga sistemaren antolamenduan nagusi izan behar diren gaitasun ekonomikoaren, berdintasunaren eta progresibitatearen printzipioak urratzea dakarren zerga erregularizazioko ezohiko edozein mekanismo erabiltzea. Aldaketa garrantzitsu horrek jatorria du Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 8ko 73/2017 Epaian, horrek Konstituzioaren aurkakotzat jo baitzuen 12/2012 Errege Lege-dekretuaren lehen xedapen gehigarriak ezarritako zerga aitorpen berezia. Nolanahi ere, oroitu behar da Nafarroan ez zela zerga aitorpen berezi hori gaitu, eta, beraz, Foru Komunitatean ez dela “Amnistia fiskaleko” mekanismorik izan, orain espresuki debekatzen direnak bezalakorik.

Nafarroako Foru Ogasunak ahalegin osoa eginen du iruzurra detektatzeko eta modu aktiboan borrokatzeko baliabideak optimizatzeko; horretarako neurri berritzaileak ezarriko ditu, eta azken urteetan arrakastatsuak izan diren jarduketak garatzen sakonduko du. Bere eginkizunak behar bezala betetzeko, Nafarroako Foru Ogasunak zergak kontrolatzeko jarduketak planifikatu behar ditu, zertarako eta hura osatzen duten administrazio organoen lehentasunak ezarri eta koordinatu, helburuak finkatu eta lortzen diren emaitzen adierazleak ezarri ahal izateko.

Zalantzarik gabe, COVID-19aren pandemiak osasungintzan, ekonomian eta gizartean eragin duen larrialdiaren ezohiko egoerak baldintzatu du tributu jarduketen plangintza 2020. urtean, bai eta 2021. urtean ere. Horren ondorioz, salbuespenezko neurriak hartu behar izan dira, zerga arloan zergadunen likideziari arreta berezia ematera eta zuzenean ukitutako sektore ekonomikoei eta langileei bereziki laguntzera bideratu direnak, batik bat.

Gainera, pandemiak nabarmen eragin dio Foru Ogasunak egiaztatze-jarduketak gauzatzeari eta iruzurraren aurka borrokatzeari, eta, aldi berean, biziki bizkortu du eraldaketa digitala, bai Ogasunarena berarena, bai Nafarroako zergadunena.

Aurrekoarekin bat etorriz, Zergen Kontrolerako 2021eko Plana gidatzen duten irizpide orokorrak onesten dira, ebazpen honen bidez. Haietan gidalerro orokorrak ezartzen dira tributuen kudeaketaren, ikuskapenaren eta bilketaren faseetan egiten diren jarduketak koordinatzeko, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan eta Zerga Ikuskaritzaren Araudiaren 10.4 artikuluan xedatutakoari jarraituz (ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen araudia).

Horiek horrela, eta aipatu xedapenetan ezarritako betebeharrak betetzeko asmoz, argitara ematen dira zergen kontrolerako arloak gidatzen dituzten jarduketa ildoak, iruzur fiskala prebenitu eta kontrolatzeko.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Zergen Kontrolerako 2021eko Plana gidatzen duten irizpide orokorrak onestea, jarduketa ildo hauek dituena:

1.–Iruzurraren gaineko informazio, laguntza eta prebentzio jarduketak.

Nafarroako Foru Ogasunaren funtsezko helburuetako bat da zerga betebeharrak borondatez bete daitezen sustatzea, eta, horrenbestez, iruzur fiskala prebenitzea. Helburu hori lortze aldera, oinarrizko jarduketa lerroa da zergadunei informazioa eta laguntza emateko kalitatezko zerbitzuak ematea, betetze mailak hobera egin dezan betetzearekin loturiko zeharkako kostuak minimizatuz. Koronabirusaren (COVID-19a) bilakaerak sortu duen egoera bereziaren ondorioz, aparteko eta presako zenbait neurri hartu behar izan ziren 2020an, osasun publikoko arrazoietan oinarrituta. Lehenik eta behin, PFEZaren kanpaina oso ezberdina egitea ekarri zuen, hasieran aurreikusitakoaren aldean, datei dagokienez ez ezik, baita haren bilakaerari dagokionez ere. Hala, urte horretan, laguntza telematiko eta telefonikoko kanaletan oinarritutako kanpaina egin zen batez ere, ia aurrez aurreko arretarik eman gabe. Bestalde, zergadunari laguntzeko gainerako zerbitzuei dagokienez, pandemiak aldaketa garrantzitsuak eragin ditu arreta ereduan: kanal telefonikoak eta telematikoak indartu egin dira, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatuz, baina aurrez aurreko arreta alde batera utzi gabe izapide jakin batzuetarako eta eraldaketa digitalerako zailtasun handienak dituzten zergadunei zuzenduta.

Iaz hasitako joera horri jarraituta, 2021ean honako jarduketa hauek egitea aurreikusten da:

1.1 Herritarrei arreta emateko egungo sistemak modernizatzea, eta bide ez-presentzialak (telefonikoak zein telematikoak) sustatu eta hobetzea, batez ere errentaren kanpainan. 2021. urtean, telefono bidezko arreta sistemen teknologia aldatu, eta irtenbide sofistikatuagoetara bideratuko da; halaber, automatizazio sistemak txertatuko dira. Horien bidez, kanal guztien erabileraren eraginkortasuna berehala hobetuko da, eta deien edo beste kanal batzuen bidezko arreta eskaeren ehuneko handi bat agente baten parte-hartzerik gabe ebatziko dira, edo, behintzat, agente horrek esku hartzeko behar duen denbora murriztuko da. Sistema horien barruan chatbot edo laguntzaile birtualak daude. Dena den, telefono eta telematika bidezko kanalak bultzatu arren, aurrez aurreko arretari eutsiko zaio, bai errentaren kanpainan, bai zergadunari laguntzeko beste zerbitzu batzuetan, teknologia berriak erabiltzeko zailtasun handienak dituzten zergadunentzat.

1.2 Autolikidazioak eta aitorpen informatiboak aurkezteko bideak hobetzea. Nafarroako Foru Ogasunaren webgunean eskuragarri dauden formularioen bilakaera teknologikoa, eta pixkanaka-pixkanaka gutxitzen joatea paperean aurkeztutako autolikidazioak eta aitorpen informatiboak. Zehazki, 2021eko apiriletik aurrera, enpresaburuek eta profesionalek beren jarduera ekonomikoaren eremuan dagozkien aitorpenak telematikoki aurkeztu beharko dute.

1.3 Bulego Birtuala online arreta zerbitzu gisa sendotzea, bideokonferentzien bidezkoa. Enpresaburuei eta profesionalei zuzentzen zaie, PFEZaren eta BEZaren kontsultetarako, eta entitate laguntzaileei ere bai, zerga arloko kontsulta teknikoak egin ditzaten eta zerga aitorpenak aurkezteko laguntza programak eta web inprimakiak erabiltzeari buruzko zalantzak ager ditzaten. Halaber, 2021ean, egiaztapen eta ikerketa jarduketen esparruan, bideokonferentziaren kanal telematikoa sendotzen joanen da jarduketa jakin batzuk egiteko, eta zergapekoaren sinadura biometrikoa gaituko da, espediente elektronikoa eratzea errazteko neurri gisa.

1.4 Cl@ve sistemaren erabilera bultzatzea, zergadunek Nafarroako Foru Ogasunean egin beharreko tramiteak errazten eta arintzen dituen identifikatzeko bitarteko gisa. Zerga izapide telematiko guztietarako onartutako identifikazio sistema gisa Cl@ve ezartzeaz gain, 2021ean hainbat ekintza eta kanpaina aurreikusi dira Cl@ve sistema bultzatzeko, bai Foru Ogasunarenak, bai Nafarroako Gobernuarenak. Besteak beste, nabarmentzekoa da posta bidezko komunikazioak igorri zaizkiela aurrez hautatutako banakako enpresaburuei edo profesionalei eta beste kolektibo batzuei, baita csv kode bat ere; kode horren bidez, interesdunak egiaztagiria lortzen ahalko du Internet bidez, administrazio bulego batean agertu beharrik izan gabe. Helburua da ziurtagiri elektronikoaren edo NAN elektronikoaren edo Cl@ve sistemaren bidezko identifikazio sistemak bultzatzea, eta pixkanaka NANa+PINa egiaztagiria kentzea 2021eko bigarren seihilekoan.

1.5 Zerga arloan ordezkaritza ezartzea, eta bultzatzea eta erraztea ahalordedunek beren ahalorde emaileen izenean izapide telematikoak egin ditzaten.

1.6 Nafarroako Foru Ogasunaren webgune berria hedatzea, zergadunari izapide bat egiten eta eskuratu nahi den informazioa bilatzen lagunduko dion laguntza eredu batean oinarritutakoa.

1.7 BEZari buruzko Informazioa Berehala Emateko Sistemari (IBE) dagokionez (zeina 2018an jarri baitzen indarrean Nafarroan eta aldaketa ekarri baitu BEZaren kudeaketan), 2021ean aurrera egiten jarraituko da haren bitartez Nafarroako Foru Ogasunak jasotzen duen zerga garrantziko informazioaren bolumen handiaren tratamenduan eta ustiaketan, helburu bikoitzarekin: zergadunari ematen zaion laguntza hobetzea eta zergen kontrola handitzea.

1.8 Ikastetxeetan zergen inguruko hezkuntza zibikoa bultzatze aldera, Nafarroako Foru Ogasuna Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan arituko da balio zibiko eta etikoen gainean hezteko moduluak garatzen Lehen Hezkuntzako hirugarren ziklorako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailarako; haietan arreta berezia emanen zaie zergen eginkizun sozialari eta zerga justiziari. Modulu horiek aurreikusita daude abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoan (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen du).

2.–Beste zerga administrazio batzuekiko eta beste entitate publiko eta pribatu batzuekiko elkarlana.

Nafarroako Foru Ogasunarentzat funtsezkoak dira zerga arloan garrantzia duen informazioa lortzera, normalizatzera eta aztertzera bideratutako jarduketak, beraren funtzionamendua hobetzeko, zein zergadunari bere zerga betebeharrak betetzen laguntzera, zein arriskuak detektatzeko, egiaztatzeko, erregularizatzeko eta kobratzeko jarduketen bidez zergak kontrolatzera bideratutakoak.

Zerga arloan garrantzia duen informazioa honako informazio iturri hauen bidez lortzen da: zergadunek aurkeztutako aitorpenak, legez eskatzen ahal diren izaera orokorreko aitorpen informatiboak, Foru Ogasunak informazioa biltzeko egindako jarduketa selektiboak, beste administrazio batzuekin datuak trukatzeko prozedurak eta hainbat erakunde eta entitaterekin formalizatutako lankidetza hitzarmenak.

Bereziki, gero eta garrantzi handiagoa du informazio trukeen bidez lortutako informazioak. Bada, zerga arloan garrantzia duen informazio hori lortzea, neurri handi batean, gure inguruko zerga administrazioekin eta hainbat entitate publiko edo pribaturekin aldez aurretik lortutako akordioaren mende dago; horrenbestez, funtsezkoa da haiekin lankidetza estua izatea trukerako hitzarmenak eta akordioak etengabe eguneratzeko.

2.1 Beste zerga administrazio batzuekiko elkarlana.

Nafarroako Gobernuak 2020an onetsitako eta ondoren Nafarroako Parlamentuak foru lege gisa izapidetzeko baliozkotutako zenbait foru lege-dekreturen bidez, hainbat motatako presako neurriak onetsi dira koronabirusak (COVID-19a) eragindako osasun krisiaren ondoriozko inpaktuari aurre egiteko. Horren harrira, 1/2020, 2/2020, 4/2020, 6/2020, 7/2020 eta 8/2020 Foru Lege-dekretuetan zerga arloko hainbat neurri onetsi ziren zerga betebeharrak mugatzeko, eteteko edo geroratzeko, zergadunengan eragin kaltegarria saihesteko haietako askorentzat zaila zen egoera batean. Ildo beretik, maiatzaren 5eko 64/2020 Foru Agindua eta uztailaren 2ko 88/2020 Foru Agindua onetsi ziren; haien bidez, tributazioa murrizten zen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubideari eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide sinplifikatuari atxikitako zergadunentzat.

Pandemiak eta haren ondorioek bere horretan dirautenez, aurten ere indarrean jarraitzen dute laguntza neurri horiek; izan ere, berriki onetsi dira koronabirusaren osasun krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko tributu neurriak onesten dituen urtarrilaren 13ko 1/2021 Foru Lege-dekretua eta zenbatespen objektibo eta sinplifikatuaren araubideari atxikitako zergadunentzat murrizketa berriak ezartzen dituen urtarrilaren 8ko 1/2021 Foru Agindua.

Dena den, krisi luze honek ez ditu inoiz geldiarazi zerga administrazioen arteko lankidetza eta informazio trukea; aitzitik, areagotu egin dira, salbuespenezko egoera honen aurrean modu koordinatuan aritzeko.

Nazioartean, nabarmentzekoa da informazioaren gardentasuna handitu izana eta Europar Batasunean eta ELGAren eremuan, BEPS “Base Erosion and Profit Shifting” (“zerga oinarria higatzea eta mozkinak lekualdatzea”) proiektuaren esparruan, bultzatutako informazio truke guztiak finkatu izana. Azken urteetan, oso garrantzitsuak diren zenbait iturrirekin osatzen joan da informazio hori; esaterako, honako hauen bidez finantza kontuei buruz lorturiko informazioa: Foreign Account Tax Compliance Act (FATCA - atzerriko kontuen zerga betebeharren gaineko legea) legea ezarriz, nazioarteko zerga betebeharrak betetzea hobetzeko Espainiako Erresumaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko Akordioa; Finantza kontuei buruzko Informazioaren Truke Automatikoaren gaineko Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztuna (2014ko urriaren 29an egin zen Berlinen), eta, Europar Batasunaren eremuan, Kontseiluaren 2014ko abenduaren 9ko 2014/107/EB Zuzentaraua (DAC 2 izenarekin ezagutzen da), zeinak 2011ko otsailaren 15eko Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentaraua aldatu baitzuen (zuzeneko fiskalitatearen arloko administrazio lankidetzari buruzkoa).

Bereziki, Espainian bizitokia dutenen titulartasuneko atzerriko finantza kontuei buruzko informazio truke automatikoa nabarmen handitu da azken urte hauetan; eta, 2020an, guztira, 106 jurisdikzio sartu dira CRS (“Common Reporting Standard”, “Informatzeko Estandar Erkidea”) proiektuan, zeina ELGAk garatu baitu eta Gardentasunaren eta Informazioa Trukatzeko Foro Orokorrak sustatu baitu.

Barne eremuan, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa da bi administrazioen arteko zergen eta finantzen arloko harremanak arautzen dituen araua, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan ezarritakoaren arabera. Aurreikusten da 2021ean haren gaur egungo idazketa aldatzen aurrera egitea, helburu hauekin, besteak beste: enpresa txikien tributazioa sinplifikatzeaz gain, zalantzazko zenbait kasu argitzea, testua prozedura berrietara egokitzea, bi administrazioen arteko asimetriak ezabatzea eta eskumenak argitzea, beste administrazioaren lurraldean dauden finantza entitateen edo bestelako zergapekoen informazioa eskuratzeari dagokionez.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmenak funtsezko printzipiotzat ezartzen ditu koordinazioa eta lankidetza kasuan kasuko tributu araubideen aplikazioan, behar diren informazio eta laguntzak elkarri emanda. Printzipio hori arlo espezifikoei buruzko lankidetza hitzarmen eta akordioetan gauzatzen ahal da. Horrela, zerga helburuekin informazioa trukatzeko asmoz 2011n sinatutako aurreko hitzarmenetik abiatuta, bi administrazioetako ordezkariek lan handia egin dute 2020an, 2021ean formalizatuko den beste hitzarmen bat egiteko.

Zerga helburuekin informazioa trukatzeko hitzarmen berri horrek lankidetza esparru orokor bat ezartzen du Zerga Agentziaren eta Nafarroako Foru Ogasunaren arteko informazio trukea eta elkarren datu-baseetarako sarbidea arautzeko baldintzei eta prozedurei buruz, betiere informazioaren xede diren pertsonen eskubideak zainduz eta zerga sistema osatzen duten tributuak aplikatzeko helburu esklusiboarekin. Hari esker, administrazio hartzaileari zergadunei zerga betebeharrak betetzen laguntzeko zein zerga iruzurra prebenitu eta horri aurre egiteko behar diren aitorpen informatibo guztiak trukatzen ahal dira; horiek ez ezik, beste informazio batzuk ere trukatzen ahal dira: eragiketa bolumenaren araberako zergak ordaintzen dituzten entitateei buruzko informazioak, Europar Batasunaren barruko Operadoreen Erregistroa, Europar Batasunaren barruko eragiketak, erroldak, jarduera ekonomikoen gaineko zerga, higiezinak, talde fiskalak, aduanak, nazioarteko gaiak, eta zerga arriskuak kontrolatzeko eta diru bilketa kudeatzeko behar diren beste batzuk.

Horretaz gain, hitzarmen horretan arautzen da nola erabiliko dituen Foru Ogasunak Zerga Agentziaren aplikazioak, zerga bereziak eta ingurumen zergak kudeatzeko, hartara eskura dauden bitartekoak eta garapenak eraginkortasun eta aprobetxamendu handiagoz erabil daitezen, eta hala zergapekoari laguntza hobea eman eta administrazioek zergak hobeki kontrolatzeko.

Oro har, zerga helburuekin informazioa trukatzeko hitzarmen berria aurrerapen kuantitatibo eta kualitatibo handia da, zalantzarik gabe, bi administrazioen arteko lankidetzaren zein komunikazioaren ikuspegitik.

Aldi berean, 2021ean, aurreikusita dago 2006an Zerga Agentziarekin sinatutako akordioak eguneratzea, honako gai hauei dagokienez: helbide aldaketak, eskumena ez duen administrazioko diru-sarrerak, zerga kontrola, akta bakarrak, BEZaren inguruko azpikeria sareak eta itzulketen enbargoa.

Akordio horietan, ikuskapen lankidetzako jardunbide egokiak jasotzen dira hainbat arloren inguruan: informazio garrantzitsua bidaltzea, auditoretza informatikoko jarduketa koordinatuak, lotutako talde eta enpresen baterako egiaztapena, eta iruzur sareen kontrola. Baina, horretaz gain, prozedurak ezartzen dira administrazioen artean beren eskumenak egikaritzean sortzen diren desadostasunak konpontzeko, administrazioen arteko lehia baldin badago, hala gatazkak Hitzarmenaren Arbitraje Batzordean agertzea eragozteko, ahal den neurrian. Beste helburu batzuk ere badira: zergadunei erraztea administrazio eskudun bakoitzarekin dituzten zerga betebeharrak betetzea, eta gehiegikeriazko zerga plangintzak saihestea, lurraldeen arteko arau desberdinei bidegabeki etekina atera nahi dietenak.

Nafarroako Foru Ogasuna Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundiekin antzeko akordioak sinatzen ahaleginduko da, prozedura horiek adostasunez arautzeko eta zerga administrazioen arteko gainjartzeak saihesteko. Akordioek, halaber, neurriak ezarriko dituzte iruzurra era koordinatu eta eraginkorrean prebenitzeko eta borrokatzeko.

Balio erantsiaren gaineko zerga (aurrerantzean, BEZa) kudeatzearen esparruan, 2019an Zerga Administrazioko Estatu Agentziak eta Nafarroako Foru Ogasunak aldebiko hitzarmen bat sinatu zuten Informazioa Berehala Emateko Sistemaren (IBE) ezarpen juridiko eta teknologikoari buruz eta sistema hori abian jarri ondoren egin beharreko informazio trukeei buruz.

IBEren trukeetan sakontzeko, 2021eko otsailean hitzarmena sinatu da Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundiekin, Informazioa Berehala Emateko Sistemarako errolda instrumental bat eratzearen gainean. Errolda instrumental horren helburua da, alde batetik, identifikazio datuak egiaztatzea, bai IBE aplikatzen duten zergapekoei buruzkoak, bai erregistratutako eragiketen hartzaileei buruzkoak, eta, beste aldetik, informazioa administrazio eskudunen artean banatzen laguntzea, zergapekoei informazio eta laguntza egokiak bermatzeko eta zerga kontrola hobetzeko. Halaber, errolda instrumentala baliagarria izan daiteke informazio sistemek egiazta dezaten subjektu pasiboek eragiketen datuak administrazio eskudunari bidaltzen dizkiotela.

Orobat, 2021eko maiatzean, hitzarmen bat sinatu zen Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin, zerga berezien kontabilitate liburuak Berehala Emateko Sistemaren teknologia Nafarroako Foru Ogasunean ezartzeari buruz eta sistema hori (zeinari SILICIE izena eman baitzaio) abian jarri ondoren egin beharreko informazio trukeei buruz.

Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundiekiko eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekiko lankidetza honela ere gauzatuko da: bakoitzak zerga kontrolerako bere planak betetzean finantza entitateei eta beste erakunde batzuei helarazitako informazio eskakizunen bidez lortutako informazioak trukatuko dira.

Udal esparruan, 2019an zergen kudeaketan eta ikuskapenean informazioa trukatzeko eta lankidetzan aritzeko esparru-hitzarmena sinatu zen Nafarroako Foru Ogasunaren eta Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioaren artean. Hitzarmen horren bidez, zerga arloan garrantzitsuak diren eta udalen esku dauden informazio guztien aldizkako trukea normalizatzen da. Informazio horien artean, nabarmentzekoak dira obra lizentziei eta eraikuntza, instalazio eta obren (EIO) gaineko zergari buruzkoa (lizentzia eskaeraren edo zerga igorpenaren xedeko obrak exekutatzen dituzten enpresen identifikazioa barne), hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga (udal gainbalioa), irekitzeko lizentziak, eremu publikoan edukiontziak paratzeagatiko lizentziak, desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelak eta aisialdirako etxabeak.

2021ean, Nafarroako Foru Ogasunak lan eginen du sinatutako hitzarmen horietatik datozen eta zerga arloan garrantzitsuak diren datuak tratatzeko, normalizatzeko eta ustiatzeko. Horretarako, programa informatikoak garatuko ditu eskuratutako datu horiek tributuak kudeatzeko, ikuskatzeko eta biltzeko prozeduretan eraginkortasunez erabil daitezen.

2.2 Beste entitate publiko edo pribatuekiko lankidetza.

Berriki, Titulartasun Errealen Erregistrorako (RETIR) sarbidea gaitu da. Erregistro horretan, kontuak aurkezten dituzten merkataritza sozietate guztien benetako titularrak identifikatzen dira, eta oso erabilgarria da pantaila sozietateen eta sozietate sare opakuen bidez antolatutako iruzur fiskala borrokatzeko. Informazio hori gehitzen zaio Nafarroako Foru Ogasunak Notariotzaren Kontseilu Nagusiaren bitartez Notariotzaren Indize Informatizatu Bakarretik jasotzen duen informazioari; hura 2013an sinatutako Hitzarmenaren babesean ematen dio, bai aldian-aldian hornituta, bai berariazko errekerimenduaren bidez.

2020ko irailean, Nafarroako Foru Ogasunak beste lankidetza hitzarmen bat sinatu zuen Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin, informazioa elkarren artean trukatzeari eta zerga kudeaketari buruz; hitzarmen horrek 2007ko hitzarmena eguneratu zuen, eta zerga garrantzia duten informazio berriak erantsi zituen.

Era berean, Foru Ogasunak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak arrisku eremu komunak zehazteko lan eginen dute, eta ezkutuko ekonomia jomuga duten jarduketa plan koordinatuak diseinatuko dituzte. Erregularizatze espedienteei buruzko informazioa trukatuko da, baldin eta lan harremana ikusten badute zerga ikuskaritzak edo lan ikuskaritzak, enpresaren eta langilearen arteko merkataritza harremanaren itxura egin arren.

Era berean, gorantz doazen zenbait sektoretan (esate baterako, hoteletatik kanpoko ostatuak eta apartamentu turistikoak) ezkutuko ekonomiaren aurka borrokatzeko, Nafarroako Foru Ogasunak trukeak sustatuko ditu Nafarroako Gobernuko beste erakunde batzuekin, hala nola Nafarroako Estatistika Institutuarekin eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiarekin, “Lehia Desleialari buruzko Mahaiaren” esparruan, zeinean parte hartzen baitute sektore horretako Nafarroako zenbait eragilek. Esparru horretan, 2021erako aurreikusita dago 179 eredua onestea (“Xede turistikoko etxebizitzen erabilera lagatzeari buruzko aitorpen informatiboa”). Horretan, egindako transakzioak Ogasunari hiru hilean behin jakinarazteko betebeharra ezarriko zaie bitartekaritza plataformei, eta transakzio horietako bakoitzerako, besteak beste, honako puntu hauek zehaztuko dira: zer subjektuk hartu duten esku, zer egun baliatu diren eta zer zenbateko jaso duen xede turistikorako etxebizitza utzi duen titularrak.

Beken eta dirulaguntzen arloan eskumena duten Nafarroako Gobernuko departamentuekin informazio trukeek jarraituko dute, pertsona fisiko edo juridikoek egindako iruzurrezko eskaerak antzemateko, euren benetako ahalmen ekonomikoa administrazioaren aurrean aitortutako datuekin bat ez datorren kasuetan.

Dirulaguntzak eta ikerkuntza eta garapenagatiko kenkariak kontrolatzeari dagokionez, 2021ean lantalde bat sortuko da, Nafarroako Foru Ogasunaren ordezkariek eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren barruan eskumena duten zerbitzuek osatua, irizpide homogeneoak ezartzeko pizgarriak jasotzen ahal dituzten ikerketa- eta garapen-proiektu guztietan –eta dirulaguntza jaso ezin duten proiektuetan– gastua benetan egin dela egiaztatzeko. Helburua da Nafarroako Gobernuko eta Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroko (CEIN) arduradun teknikoek kuantifikatzea proiektu guztietan benetan zer gastu egin den eta zer izaera izan duen, Foru Ogasunak aldez aurretik ezarritako irizpideen arabera. Eta, horretarako, egin litezkeen arau aldaketak aztertuko dira.

Ibilgailuen salerosketen sektoreko iruzurraren aurkako borrokan, funtsezkoa da Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarekin koordinatzea eta informazioa trukatzea. 2021ean, Nafarroako Foru Ogasunak bere sistema informatikoak Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren IDEX plataforman txertatzeko proiektuari ekinen dio. Plataforma hori zenbait garraiobideren gaineko zerga berezia eta eskualdaketa eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga kudeatzeko erabiltzen da. Plataforma horri esker, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak automatikoki jasotzen ahalko ditu Foru Ogasunean ordaindutako zergak, eta, horrela, banakako berariazko jakinarazpena ordeztuko da. 2021ean, Nafarroako Foru Ogasunaren eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren artean 2011n sinatutako Hitzarmenaren berrikuspena landuko da, plataforma berri horretan sartzeko eta azken urteetan iruzurraren kontrolari eta prebentzioari dagokienez ezarritako aurrerapenak txertatzeko.

Nafarroako Foru Ogasunak jarraituko du Justiziarekin elkarlanean aktiboki aritzen, Ogasun Publikoaren aurkako delituengatik, kapitalak zuritzeagatik eta bidegabeko jabetzeagatik jurisdikzio organoetan irekitako prozesu judizialetan, edo haren laguntza behar den bestelako prozesuetan. Lankidetza hori hainbat arlotan ageri da, hala nola informazioa ematean epaitegi eta auzitegiei eta fiskaltzari, eta peritu lana egitean eta laguntza judiziala ematean prozesu penaletan.

Foruzaingoaren eta beste segurtasun kidego eta indar batzuen laguntza jasoko da auditoretza informatikoak egiteko, iruzur sare konplexuak ikertzeko, eta arrisku fiskal bereziko sektoreetan tokian bertan informazioa lortzeko jarduketa jakin batzuetarako.

Nafarroako Foru Ogasunak iruzurraren aurka ezarritako neurriak eta lortutako emaitzak “Iruzur Fiskalaren eta Ezkutuko Ekonomiaren kontra Borrokatzeko Batzordea”ren esparruan berrikusi eta ebaluatuko dira. Batzordea Nafarroako Gobernuko, Foru Parlamentuko, sindikatuetako, enpresa elkarteetako eta beste entitate sozioekonomiko batzuetako ordezkariek osatuko dute. Horrek guztiak, dena den, ez ditu alde batera uzten sektore jakin batzuetako ordezkariekin, erregistro publikoen arduradunekin, elkargo profesionalekin eta Foru Komunitateko bestelako elkarte ekonomiko, sozial edo kulturalekin eta finantza entitateekin egin beharreko bilerak. Alde horretatik, jarduketak eginen dira kredituko finantza entitateei berariaz zuzenduak, jarduera ekonomikoei edo pertsona juridikoei loturik dauden kontuen kargura kreditu edo zordunketa txartelen bitartez kontsumo pribatu adierazgarriak ote diren antzemateko.

3.–Zerga iruzurraren ikerketa eta egiaztapen jarduketak.

Foru Ogasunak COVID-19ak eragindako osasun krisiak ekarri duen “normaltasun berrira” egokitu behar du, eta telefono eta Internet bidezko komunikazioa lehenetsi behar du zergapekoekin dituen harremanetan. Ildo horretatik, osasun krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko premiazko zenbait neurri onesten dituen ekainaren 17ko 6/2020 Foru Lege-dekretuak Zergei buruzko Foru Lege Orokorra aldatu zuen, zerga administrazioak zergadunekin egiten dituen jarduketak bideokonferentzien bidez egiteko aukera sartzeko.

Horri dagokionez, egungo krisiak balio izan du 2020an Foru Ogasunak ahaleginak ardaztu zitzan bere eskutan dituen informazioak aztertzeko eta kontrastatzeko barne lanetan; besteak beste, jarraian zehazten diren jarduketa bideei ekin zien, eta 2021ean jarraituko dute.

3.1 Nazioartetik datorren informazioa baliatzea eta talde multinazionalak kontrolatzea.

Azken urteetan, Espainiako Erresumak Estatu Batuekin sinatutako akordioa (FATCA) eta ELGAren esparruan eta Europar Batasunaren eremuan (DAC) sinatutakoak Nafarroan eraginkortasunez aplikatzeak aurrerapauso handia ekarri dio Foru Ogasunari Nafarroako zergadunen zerga- eta ondare-analisia egiteko dituen aukeretan, atzerrian dituzten ondasun, eskubide eta errentei buruzko informazio fluxu etengabea baitu. Truke hori funtsezkoa da; izan ere, informazioaren eta komunikazioaren teknologien garapen azkarrari esker, edozein zergadun erraz izan daiteke inbertsioen titularra beste herrialde edo jurisdikzio batzuetan. Praktikan frogatu da hori baliatzen ahal dela kasu batzuetan zerga iheserako tresna gisa, Nafarroako Foru Ogasunak informazio zehatzik ez badu ondasun, eskubide eta errenta horiei buruz.

Azken urteetan, Nafarroako Foru Ogasunak, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren bitartez, informazioa jaso du ondasun higiezinen errenta eta titulartasunari, lanaren errentei, kontseilarien errentei eta pentsio errentei (DAC1), finantza kontuei (DAC2-CRS “Common Reporting Standard”), mugaz gaindiko eragina duten aurretiazko akordioei eta transferentzia prezioei buruzko aurretiazko akordioei (DAC 3-ETR “Tax Rulings”) buruz.

Informazio horietaz gain, herrialdez herrialdeko jarduerari buruzko txostenak jaso ditu (DAC4 “Country by country”), 750 milioi eurotik gorako negozio zenbateko garbia duten talde multinazionalei buruzkoak. Horiei esker, Nafarroako Foru Ogasunak eta gainerako zerga administrazioek jakiten ahalko dute zer banaketa duten talde handi horien mundu mailako errentek, ordaindutako zergek eta haien jarduera ekonomikoaren kokapenari buruzko gainerako adierazleek, talde horiek aritzen diren jurisdikzio fiskalen artean. Informazio oso baliotsua da, horren bidez ebaluatzen ahal baita mozkinen deslokalizaziorik egin den, errentak sortu ez arren, tributazio txikiagoa duten lurraldeetarantz. Horretarako, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 30. artikuluaren 4. apartatua aldatu zen, herrialde bakoitzeko informazioa emateko entitate egoiliarrek duten betebeharrari dagokionez. Betebehar hori Kontseiluaren 2016ko maiatzaren 25eko 2016/881 (EB) Zuzentarauan araututa dago, ELGAren BEPS Planaren 13. ekintzarekin bat etorrita.

Halaber, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Zergei buruzko Foru Lege Orokorrean hogeita hamahirugarren eta hogeita hamalaugarren xedapen gehigarriak sartu ziren, 2018/822 Zuzentarauaren transposizioa egiteko (DAC 6). Zuzentarau horrek gomendatzen du, BEPS Planaren 12. ekintzarekin bat etorrita, herrialdeek zerga plangintza oldarkorraren eskemetarako nahitaezko dibulgazio baldintzak sar ditzatela. Manu horiek bitartekari fiskalentzat eta, kasu batzuetan, zergadunentzat, ezartzen dute informatzera behartuta daudela potentzialki zerga plangintza oldarkorra izan daitezkeen nazioz gaindiko eragiketa jakin batzuk direla-eta. Halako plangintza da zerga sistema baten alderdi teknikoak edo bi sistema fiskalen edo gehiagoren arteko bat etortzerik ezak aprobetxatzen dituena zerga zorra murrizteko. Jakinarazteko betebeharra funtsezko bi helbururekin ezartzen da. Batetik, informazioa lortzea zerga-saiheste eta zerga-ihesaren aurka borrokatzeko. Bestetik, disuasioa gauzatzea zerga plangintza oldarkorreko mekanismoak erabiltzeari buruz. Hasiera batean, mugaz haraindiko mekanismoak deklaratzeko epea 2020ko uztailerako eta abuzturako ezarri zen, haien berri emateko betebeharra 2018ko ekainaren 25aren eta 2020ko ekainaren 30aren artean sortzekoa baitzen, baina osasun krisiaren ondorioz onetsitako 4/2020 Foru Lege-dekretuak Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrak 2021ean ezarriko zituen epeetara igorri zuen.

2021erako zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzen dituen 21/2020 Foru Legeak Foru Komunitateko tributuen gaineko ordenamendura ekartzen bukatu du Kontseiluaren uztailaren 12ko 2016/1164 (EB) Zuzentaraua, barne merkatuaren funtzionamenduan zuzenean eragiten duten zerga saihestearen praktiken aurkako arauak ezartzen dituena (zerga-saihestearen aurkako zuzentaraua edo ATAD). Zuzentarauaren arabera, bermatu behar da zerga ordaintzen dela mozkinak eta balioa sortzen diren lekuetan; gehiegizko zerga plangintzaren aurkako batez besteko babes maila indartu, eta barne merkatuko zerga oinarrien higaduraren eta mozkinak hortik kanpo lekualdatzearen aurkako arauak ezarri behar dira. Helburu horiek betetzeko, Tax Exit delakoari (irteera zerga) eta nazioarteko gardentasun fiskalari buruzko xedapenak sartu dira, eta araubide horretan sartu dira, besteak beste, establezimendu iraunkorrek atzerrian lortutako errentak, hala sozietateen gaineko zergan nola pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.

2021ean, Nafarroako Foru Ogasunak nazioarteko informazio hori tratatzeko eta aztertzeko tresna informatiko berriak garatuko ditu. Haiei esker, halaber, automatikoki eguneratzen ahalko da Foru Ogasunaren datu-baseetan, eta gainerako informazio iturriekin integratu, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren bidez jaso ahala. Nazioarteko jatorria duten egozpenak Nafarroako zergadunek beren ondarearen gaineko zergan eta 720 ereduan (“Atzerrian dauden ondasun eta eskubideei buruzko aitorpen informatiboa”) aitortutako informazioarekin gurutzatzeak aurrerapen handia dakar ezkutuko ondasun eta eskubideak eta zergadun deslokalizatuak detektatzeko aukeretan.

Talde multinazionaletako entitateen artean dauden transferentzia prezioen eta eragiketa lotuen analisiari ekiteko, mundu osoko nazioarteko informazioa duen datu-base berri bat sortu du Foru Ogasunak, 2020an. Horri esker, 2021ean aurrera egiten ahalko da arlo horretan, eta langileen berariazko prestakuntza espezifikoan eragin. Nafarroan dauden talde multinazionalei informazioa eskatu zaie taldeko zerbitzu erkide jakin batzuei buruz, hala nola kudeaketari laguntzeko zerbitzuei, ukiezinen lagapenari, finantza zerbitzuei, merkataritza zerbitzuei eta Foru Komunitatean tributatu beharko lituzketen diru-sarrerak nabarmen murriztea eragin dezaketen beste zerbitzu orokor batzuei buruz.

Nafarroako zergadunek ezarpen bikoitza saihesteko hitzarmenak eta Europar Batasuneko araudia behar ez bezala aplikatzearen ondoriozko balizko zerga saihesteari erreparatuko zaio, barne esparruko arau jakin batzuekin duten elkarreraginak ezarpenik ez egitea eragin dezaketen kasuetan. Ildo horretan, egiaztapenak eginen dira hautemateko Nafarroan ezarritako multinazionalek gehiegikeriarik egiten duten ez-egoiliarren araudian Europar Batasunaren eremuko dibidenduak banatzeko aurreikusitako salbuespena aplikatzean.

Halaber, informazioa lortzeko jarduketak ere eginen dira, atzerriko sozietateek aitortu ez dituzten Foru Komunitateko balizko establezimendu iraunkorrak hautemateko, eta, hala gertatu bada, establezimendu iraunkor horien tributazioa egokia dela egiaztatzeko, BEZaren zein sozietateen gaineko zergaren ondorioetarako.

Orobat, Nafarroako zergapekoek paradisu fiskaletan, zergarik gabeko lurraldeetan edo gure inguruko zerga administrazioekin informazio truke eraginkorrik ez duten lurraldeetan egoitza duten pertsona edo entitateekin egindako eragiketei buruzko informazioa bilduko da, enpresek 232 ereduaren bidez emandako informazioa baliatuta.

3.2.–Nafarroako Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan liburuak eramatea, eta informazioa normalizatzea eta baliatzea.

Nafarroan 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera ezarritako Informazioa Berehala Emateko Sistema (IBE) zerga administrazioen egoitza elektronikoan BEZaren erregistro-liburuak eramateko sistema bat da; zerga administrazioen zerbitzu telematikoak baliatuta, zuzenean komunikatzen dira faktura bat ematen edo jasotzen duten edo erregistro-liburuetan jaso beharreko eragiketak egiten dituzten enpresen sistema informatikoak.

Berehalakotasuna da IBEren ezaugarri nagusia; izan ere, oro har, 4 eguneko gehieneko epean jakinarazten zaizkio eragiketen datuak zerga administrazioari, faktura ematen edo kontabilizatzen den egunetik. Horri esker, ia berehala tratatzen ahal da informazioa, eta irregulartasunak edo iruzur patroiak garaiz detektatu, bai IBEren mendeko zergapekoenak berenak, bai haren faktura guztiak jasotzen dituzten eta zergapekoak ez diren beste batzuenak, hau da, jarduera ekonomiko bat garatzen duten ia pertsona fisiko edo juridiko guztienak.

Sistema horrek, gainera, ziurtasuna eta kalitatezko informazioa ematen dizkio Nafarroako Foru Ogasunari; izan ere, zerga administrazioak komunikazio bakoitza baliozkotzen du, eta zergapekoari berehala erantzuten dio, adierazteko zer erregistro onartu diren eta zer erregistrok dituzten zuzendu beharreko akatsak. Hala, IBEk zergapekoei aukera ematen die erregistratutako eragiketei buruzko datuak emateko, bai eta beren kontrako alderdiek jakinarazitako eragiketei buruzko datuak ere; hala, balio erantsiaren gaineko zergaren kontrola hobetzen du, eta aukera irekitzen du etorkizunean, sistema guztiz finkatuta dagoenean, zergaren autolikidazioaren zirriborroak edo proposamenak bidaltzeko.

2021ean, Nafarroako Foru Ogasunak berariazko tresna informatikoak garatzen lan eginen du, IBEk ematen duen informazio kantitate ikaragarria ahalik eta hobekien baliatu ahal izateko. Zergadunek aitortutako datuak eta IBEtik eratorritako informazioa alderatuta, aitorpen betebehar fiskalak betetzen ez dituzten subjektu pasiboak hautematen ahalko dira, eta balio erantsiaren gaineko zergaren itzulketen kontrola areagotzen ahalko da. Horretaz gain, Foru Ogasunak zenbait arrisku atributu definituko ditu aurretik hautemandako ez-betetzeen eta beste parametro objektibo batzuen arabera, zergapekoen zerga profila sailkatu eta ebaluatzeko helburuarekin.

IBEren eredua zerga berezien eremura esportatu da, SILICIE izeneko sistema berriarekin. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, zerga berezien xede diren produktuen eta, hala badagokio, haiek lortzeko erabilitako lehengaien kontabilitatea eramateko betebeharra telematikoki bete behar da, kontabilitate idazpen bidalketa elektronikoaren bidez. Hala ere, osasun krisiaren ondorioz, ekainaren 29ko 87/2020 Foru Aginduaren bidez onetsi zen 2020ko kontabilitate idazpenak bidaltzeko epea luzatzea. IBEk bezala, SILICIE sistemak hobetzen du zergapekoari ematen zaion laguntza; izan ere, zergapekoak, besteak beste, murrizten dizkio aitorpen informatiboak egiteko betebeharrak, eta zerga berezien eremuan Zerga Administrazioak kontrolatzeko aukerak handitzen ditu, erregistroak azkar jasotzen baititu eta kalitate kontrolak ezarrita baititu.

IBEren eta SILICIEren betebeharra duten subjektuen esparrutik kanpo, baina liburuak normalizatzeko eta informazioaren kalitatea hobetzeko bide berean, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak abuztuaren 20an emandako 3/2019 Foru Agindua onetsi zen, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregistro-liburuak eraman eta eginbidetzeko modua arautzen duena. Arau horrek lehenbizikoz ezarri du derrigorrezkoa dela salmenta eta sarreren eta erosketa eta gastuen erregistro-liburuetan enpresaburuek eta profesionalek eragiketaren kontrako alderdiaren identifikazio fiskaleko zenbakia agertzea. Foru agindu honen helburu nagusia da homogeneotasuna lortzea PFEZko liburuen eta BEZeko liburuen egituran eta erregistroetan, hartara arauan ezarritako baldintzetan bateragarriak izan daitezen. Zehaztapen horrek, gainera, betebehar formalak eta zeharkako kargak murrizten dizkie jardueren erregistro-liburuak eramatera behartuta dauden zergadunei.

2021ean, PFEZaren eta BEZaren erregistro-liburuetarako eta bi tributuen liburu bateratuetarako egitura estandar bat zehazten lan eginen du Nafarroako Foru Ogasunak, zergapekoari segurtasun juridikoa ematen dioten eta erregistroko zerga betebehar formalak betetzen laguntzen dioten ereduzko formatuko fitxategiak argitaratzeko. Liburuetan dagoen informazioa normalizatzeari esker, halaber, Foru Ogasunak informazioa hobeki kudeatzen ahalko du bere sistema eta tresna informatikoetan.

3.3 Ezkutuko ekonomiaren aurkako borroka: “2006-2016 aldiko Nafarroako ezkutuko ekonomiaren zenbatespenari eta iruzur fiskalaren diagnostikoari buruzko azterlana”.

Iruzur fiskala, oro har, zerga betebeharrak ez betetzea da; ezkutuko ekonomia, berriz, kontzeptu zabalagoa da: legearen arabera beren osoan administrazioari jakinarazi beharreko legezko edo legez kanpoko jarduera ekonomikoak agintariei ezkutatuta egitea, zergak edo gizarte kotizazioak ez ordaintzeko edo erregulazio edo administrazio izapide jakin batzuk saihesteko.

Nafarroako Foru Ogasunaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artean 2019ko irailean sinatutako kontratua betez, “2006-2016 aldiko Nafarroako ezkutuko ekonomiaren zenbatespenari eta iruzur fiskalaren diagnostikoari buruzko azterlana” aurkeztu zen “Iruzur Fiskalaren eta Ezkutuko Ekonomiaren kontra Borrokatzeko Batzordea”ren aurrean. Azterlan oso eta berritzaile horretan, NUPeko ikertzaileek lau metodologia aplikatu zituzten gure Foru Komunitatean ezkutuko ekonomia zenbatesteko, eta Nafarroako Foru Ogasunarentzat eta gizarte osoarentzat interes handikoak diren ondorioak atera zituzten.

“Eskudiruaren eskaria”, “Elektrizitatearen eskaria” eta “MIMIC - Multiple Indicators Multiple Causes” metodoen arabera, ezkutuko ekonomia % 11,94 eta % 15,53 artekoa zen, batez beste, Nafarroan, aztertutako aldian. “Kontabilitate metodoa”ren emaitzek adierazten dutenez, aztertutako aldian BEZaren iruzurra % 38,23 zen, eta % 25, aldiz, PFEZarena.

“Eskudiruaren eskaria” metodoaren arabera (hura da NUPeko ikerlariek hobekien baloratzen zutena), ondorioztatzen da, aztertutako aldian, ezkutuko sektorea Nafarroakoa baino handiagoa zela EAEko eta Espainiako ekonomietan, oro har, eta BPGaren 5 eta 8 puntuko diferentzial historikoa zutela, hurrenez hurren. Halaber, “Kontabilitate metodoa”ren arabera, iruzur indizeak txikiagoak dira Nafarroan estatuaren batezbestekoan baino. Beste bi metodoek ez dute lurraldeen arteko konparaziorik egiten. Lau metodoetan, oro har, ikusten da iruzurrak behera egin duela etengabe Nafarroan, aztertutako aldiko azken urteetan.

Hala ere, txostenaren ondorioak kezkagarriak dira. 2016an, hau da, aztertutako azken urtean, diru bilketaren galera 541,26 milioi euro ingurukoa izan dela kalkulatu da.

Txostenean, NUPeko ikertzaileek honako gomendio hauek egin zituzten, eta Nafarroako Foru Ogasunak bere gain hartu eta bat dator haiekin:

1.–Hezkuntza- eta informazio-neurriak: komunikazioa sinplifikatzea eta psikologia soziala erabiltzea zergadunekin komunikatzean. Ildo horretan, Ogasunaren webgunean “Ikasgela Fiskala” aplikazioa jarri da abian. Bertan, Foru Ogasunak Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat egindako gida didaktikoak biltzen dira, gazteenei zuzendutako mezu argi eta errazekin; herritar guztien eskura ere badaude webgunean. Halaber, Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan arituko da zergen inguruko hezkuntza zibikoko moduluak prestatzeko ikastetxeetarako, Lehen Hezkuntzako zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapetan erabiltzekoak. Era berean, Foru Ogasuna psikologia soziala aplikatzen saiatuko da kontzientziazio fiskaleko mezua helarazteko bere publizitate kanpainetan, bereziki, errentaren aitorpenaren urteko kanpainetan.

2.–Ezkutuko ekonomia eta iruzurra hobeki kuantifikatzeko neurriak. “Iruzur Fiskalaren eta Ezkutuko Ekonomiaren kontra Borrokatzeko Batzordea”ren esparruan, Foru Ogasunak aztertuko du ea azterlan berriak egin daitezkeen, BEZean ez ezik, beste zerga batuetan ere, zerga arrakala (“Tax Gap”) zenbatesten dutenak.

3.–Ikuskatze eta egiaztatze lanetan aritzen diren langileen gaineko neurriak. 2021ean, Nafarroako Foru Ogasunean oposizio bidez ogasuneko 28 kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaile sartzeko hautaketa probak eginen dira, eta ogasuneko 10 teknikari sartzeko hautaketa prozesua hasiko da, hartara, langileen erretiroek eta bitartekotasunak eragindako arazoak arintzeko. Informazio iturri berriek, bereziki IBEk, aukera emanen dute datozen urteetan “big data” teknikak aplikatzeko zergak kudeatu eta egiaztatzerakoan. Horretarako, langileen prestakuntza areagotuko da, auditoretza informatikoko tresna eta tekniken arloan. Horretaz gain, 2021ean, Foru Ogasunean 2022an profil informatikodun lanpostu jakin batzuk sartzeko izapideak hasiko dira, agerian baitago gero eta premia handiagoa dagoela gai horretan espezializatuago dauden langileak izateko. Izan ere, Kontuen Ganberak hala gomendatu izan du Ogasun honek egindako jarduerei buruzko hainbat fiskalizazio-txostenetan. Langileen arloko beste neurri batzuk ere egiten ari dira 2021ean: ogasun kudeatzaileen plantilla indartzen ari da Diru-bilketa Zerbitzuan, eta erdi mailako teknikari gehiago kontratatu dira errentaren kanpainari aurre egiteko.

4.–Zergen diseinua sinplifikatzeko neurriak. Nafarroako Foru Ogasuna guztiz bat dator gomendio horrekin; izan ere, zerga sistema sinplea izateak eta zerga araubide bereziak mugatzeak (salbuespenezkoak izan behar baitute beti) ekitatea eta zerga betebeharrak hobeki betetzea errazten ditu, zalantzarik gabe. Alde horretatik, 2021erako zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzen dituen 21/2020 Foru Legeak jarduera enpresarial eta profesionalen etekin garbia zehazteko zenbatespen objektiboaren araubidea kendu du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, pertsona fisikoa den enpresaburuaren tributazioa haren jardunaren egiazko etekinera hurbiltzeko. Zenbatespen objektiboaren araubidearen ordez, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, zuzeneko zenbatespen bereziaren araubidea jarriko da, zeinean abiapuntua baitira jarduera ekonomikoak sortutako diru-sarrerak, baina subjektu pasiboen eragiketa kopurua eta jardueraren ezaugarriak aintzat hartuz, ezartzen baitira zerga kenkaria aplikatzeko modukoak ez diren gastu jakin batzuk; gastu horien ordez, subjektu pasiboak etekin garbi positiboaren kenkariaren ehuneko jakin bat aplikatuko du.

5.–Ekonomia digitala eta transakzio ekonomikoak kontrolatzeko neurriak. Foru Ogasuna ez da gelditu azken urteetan ekonomia digitalak izan duen garapenetik kanpo, eta aztertzen aritzen da Interneteko atarien eta sare sozialen bidez ondasunak eta zerbitzuak banatzeko eta merkaturatzeko eredu berrien operatiboa eta tributazioa, esparru digitalean aritzen diren pertsonek edo entitateek Nafarroan tributazio zuzena egiten dutela ziurtatzeko. Halaber, Nafarroako Foru Ogasunak ezagutzen du zer esperientzia izan dituzten gure inguruko zerga administrazioek, ELGAren txostenetan jasotako gomendioekin bat etorrita, salmenta puntuetako terminalak eta kutxa erregistratzaileak kontrolatzeko soluzio teknologikoak ezartzeko orduan.

Ildo horretan, 2021erako zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzen dituen 21/2020 Foru Legeak betebehar formal hau ezarri du Zergei buruzko Foru Lege Orokorrean: fakturazio sistema informatikoak aldez aurretik ezarritako betekizun teknikoetara egokitu behar dira, erregistroen osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea eta bortxaezintasuna bermatzeko. Betekizun horien zehaztapen teknikoa erregelamendu bidez garatuko da, eta horren barruan jasoko da haiek ziurtatu behar izateko aukera. Betebehar berri horrek berekin dakar berariazko zehapen araubide bat, aplikatzekoa zaiena bai ziurtagiririk gabeko sistema informatikoen produktore edo merkaturatzaileei, bai sistemak behar bezala erabiltzen ez dituztenei. Neurri horren helburua da saihestea diru-sarrerak ezkuta daitezen eta kontabilitatea manipula dadin, bereziki, eskudiru ugari erabiltzen duten eta IBE sistema erabiltzera beharturik ez dauden txikizkako sektoreetan.

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzen dituen Foru Legeak, orobat, 2021erako informatzeko beste betebehar batzuk gehitu ditu diru birtualen gaineko zerbitzuak ematen dituzten pertsonen edo entitateentzat, ekonomia digitalaren esparruko transakzio ekonomikoen kontrola eta gardentasuna indartzeko. Era berean, espresuki ezartzen da aktibo horiei buruzko informazioa eman behar dela atzerrian dauden ondasun eta eskubideei buruzko aitorpen informatiboan (720 eredua).

3.4 Auditoretza informatikoa eta tokian bertan egitekoak diren jarduketak.

Nafarroako Foru Ogasunak auditoretza informatikoko tekniken erabilera bultzatzen jarraituko du, aurretik edo egiaztapen prozeduretan lortutako informazioa aztertu eta kudeatzeko. 2021ean, auditoretza informatikoko tresna berri bat jarriko da abian ikuskatzaile guztientzat. Tresna horrek nabarmen gainditzen ditu gaur egun Foru Ogasunean erabilgarri dauden aplikazioen funtzionalitateak, eta aukera emanen du zergapekoen anomalia fiskalak hobeki hautemateko eta erabakiak hartzeko modua eta ikuskapen eta erregularizazio prozedurak arrazionalizatzeko.

Azken urteetan, egiaztapen eta ikerketa jarduketak nabarmen areagotu dira jarduera ekonomikoak gauzatzen diren bulegoetan, negozio lokaletan eta gainerako establezimendu edo lekuetan; pandemia agertzeak, nolanahi ere, jarduketa horiek motelarazi ditu. 2021ean, osasun krisia gainditu ahala, pixkanaka ekinen zaie tokian tokiko jarduketa horiei, betiere nahitaezko babes neurri sanitarioak gordez. Auditoretza informatikoko kontrolen bidez eginen dira, batez ere, eta, beharrezkoa denean, etxean sartzeko eta miatzeko baimen judizialaren eskaerak izapidetzea bultzatuko da, iruzur fiskalaren zantzu garrantzitsuak dauden kasuetan. Baimen horien helburua da zerga arloan garrantzia duten frogak lortzea Konstituzioak babestutako lekuetan, horietan sartzeko eta miatzeko baimen judiziala behar baita. Zalantzarik gabe, jarduketa horiek zergapekoarentzako berme handienekin gauzatuko dira, eta kasu bakoitzean organo judizial eskudunaren aurrean arrazoitu eta justifikatuko dira sartzeko neurriaren beharra, egokitasuna eta proportzionaltasuna, gai horri buruz dagoen doktrinaren eta jurisprudentziari jarraituz, bereziki Auzitegi Gorenak 2020ko urriaren 1eko epaian ezarritakoari.

Arrisku fiskal handiko sektore batzuetan zergapekoaren egoitzako auditoretza informatikoko jarduketa horiek aldi berean eginen dira zenbait negozio-lokaletan, Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta foru diputazioekin koordinatuta, baliabideak hobekien erabiltzeko, sinergiak baliatzeko eta jarduketa horietan beharrezkoa den sorpresa faktorea babesteko. Jarduketa horietan, Nafarroako Foru Ogasunak Foruzaingoaren eta estatuko gainerako segurtasun kidego eta indarren laguntza logistikoa eta informatikoa izanen du. Halaber, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiaren laguntza izanen da kopiatu edo konfiskatu den informazioa aztertzeko.

Auditoretza informatiko horietaz gain, eta prebentzio berberekin, 2021ean, Nafarroako Foru Ogasunak bisita kanpaina bat eginen du, Lan Ikuskaritzarekin lankidetzan hala behar denetan, arrisku profilaren arabera aldez aurretik hautatutako zergapekoen negozioetarako, zerga betebehar materialak zein formalak betetzen dituztela egiaztatzeko, bai eta informazioa bildu eta Foru Ogasunaren datu-baseetan dagoenarekin alderatzeko ere. Jarduketa horiek ekarriko dute bisitan ikusitako kontingentziak borondatez erregularizatzea, edo, hala badagokio, egiaztatzeko eta ikertzeko espediente bat abiaraztea.

Orobat, Foru Ogasunaren eskura dagoen informazioaren arabera zergak ordaindu behar zituzten eta aitorpenik aurkeztu ez zuten kolektibo jakin batzuei gutunak bidaliko zaizkie, bai eta inkongruentziak agertzen dituzten beste kolektibo batzuei ere, gertatzen ahal diren arrisku fiskalen berri emateko. Ondoren, egindako erregularizazioak eskuragarri dagoen informazioarekin bat ote datozen egiaztatuko da, edo, zergapekoak abisuari erantzuten ez badio, egiaztapen jarduketak eginen dira zehazteko deklaratutako muntetako desbideratzeak justifikatuta dauden, edo erregularizatu beharreko jarduera ekonomikoak edo eragiketa zehatzak ezkutatzearen ondorio diren.

Jarduketa horiek helburua dute egiaztapen jarduketen hartzaile diren zergapekoen kolektiboa handitzea; ikuskapen espedienteak formalki behar denean baizik ez dira abiaraziko, horrela Foru Ogasunaren eskura dauden baliabideak optimizatzeko. Era berean, bisiten edo gutunen hartzaileek eta kolektibo horiek osatzen dituzten gainerako zergadunek betebeharrak betetzea eta tributatzea areagoarazi nahi da, eta aitortutako zerga oinarriak handitu.

Gainerako zerga administrazioekin koordinatuta, zergapekoek aitortutako zerga helbidea egiazkoa den egiaztatuko da, batez ere, ohiko bizilekua eta hitzarmen ekonomikoan ezarritako gainerako elementu objektiboak ezkutatuta, itxuraz arrazoi fiskal hutsengatik gezurrezko helbide aldaketak erregistratu dituztenen kasuan. Era berean, enpresa-sorlekuetan eta sozietate bat baino gehiago helbideratuta ageri diren guneetan, horien gaineko jarduketak eginen dira tokian bertan, aitortutako zerga helbidea egiazkoa den egiaztatzeko.

3.5 Kontrolak eragiketen, zergapekoen eta jarduera sektore berariazkoen gainean.

Nafarroako Foru Ogasuna jakitun da zer egoera zailean dauden Nafarroako zergadun anitz COVID-19k eragindako osasun krisiaren ondorioz, krisi hori herritarren eta enpresen ekonomiari transmititu baitzaio ezinbestean. Sektore anitzek beherakada handia izan dute beren ondasun eta zerbitzuen eskarian, eta beren jarduera partzialki edo osoki eten behar izan dute aldi baterako, alarma egoerak ezarritako mugen eta kontsumoaren uzkurduraren ondorioz. Testuinguru horretan, 2021ean hasten diren berariazko kontrol jarduketen aurretik, Foru Komunitateko produkzio sektoreen egoera aztertu beharko da, eta egiaztatutako zergapeko bakoitzaren egoera zehatza hartuko da kontuan, aplikatu beharreko araudiaren arabera espedienteen instrukzioan planteatzen diren etete eskaerak ebazteko.

BEZaren inguruko azpikeria-sareen aurka borrokatzeko neurriak hartuko dira, eta arreta berezia jarriko da ibilgailuen, hidrokarburoen eta osagai elektronikoen salerosketaren sektoreetan. Neurri horiek eraginkorrak izan daitezen, Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin, foru aldundiekin eta segurtasun indar eta kidegoekin koordinatuta gauzatu behar dira.

Jatorrian iruzurra eragozteko lehen neurri gisa, IFZren eskaeretan egiaztatuko da jakinarazitako datuak benetakoak direla eta adierazitako helbidea benetakoa dela, bai eta jarduera gauzatzeko giza baliabide eta baliabide material nahikoak eta araudiak eskatutako gainerako baldintzak betetzen direla ere. Ondoren, jarraipen espezifikoa eginen zaie IFZ esleitu zitzaien baina inkongruentzia jakin batzuk agertu zituzten zergapekoei, IFZ baliogabetzeko, ez-betetzeak gertatu direla egiaztatzen bada.

Europar Batasunaren barruko azpikeria-sareak ager daitezen saihesteko, Europar Batasunaren barruko Operadoreen Erregistroaren gaineko kontrola zorroztuko da, jarduera ekonomiko erreala duten eta jardunbide irregularrik ez duten operadoreak baizik sar ez daitezen. VIESen erregistratutako Europar Batasunaren barruko eragiketak Nafarroako zergapekoek aitortutakoekin alderatuko dira.

Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarekiko lankidetza areagotuko da ibilgailuen salerosketaren sektorean azpikeria-sareak aurkitzeko, hala antzemateko ezkutuko salmentak edo benetako prezioan baino merkeago egiten direnak, ondasun erabilien araubide berezia behar ez bezala aplikatzea, edo ondasunen benetako titulartasuna ezkutatzeko eta balizko zerga-erantzukizunak saihesteko tarteko sozietateak erabiltzea. Ildo horretan, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak 16/2020 Foru Agindua eman zuen otsailaren 12an, zenbait garraiobideren gaineko zerga bereziaren autolikidazioko 576 eredua onetsi zuen 140/2009 Foru Agindua aldatzen duena. Araudi berriak eskumena ematen dio Foru Ogasunari ibilgailuak matrikulatu aurreko egiaztapenak egiteko eta hura ukatzeko, ez-betetzeak egiaztatuz gero. Halaber, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak 2/2020 Foru Agindua eman zuen urtarrilaren 15ean, hainbat zergari aplikatzekoak diren ibilgailu erabiliak saltzeko batez besteko prezioak onesten dituena, eta bertan iruzurraren aurkako neurri bat ere jasotzen da, zenbait garraiobideren gaineko zerga bereziaren ondorioetarako balioa zehazteari dagokionez, Foru Ogasunari eskumena ematen baitio modelo mota egiaztatzeko, ibilgailuaren batez besteko prezioa zehazte aldera (egiaztapenik egin ezean, baliorik handiena hartzen da).

Hidrokarburoen sektoreko azpikeria-sareen aurka borrokatzeko, gordailu fiskalen gaineko kontrola indartuko da. Horretarako, IBE eta SILICIE bidez emandako informazioa berehala aztertuko da; erregaia ateratzen duten operadore berrien arrisku profila kontrolatuko da; BEZaren eta sortutako zerga berezien kuotak benetan sartu direla egiaztatuko da, eta petrolio produktuen handizkako operadore gisa desgaitzeko izapideak eginen dira Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioan, ez-betetze larriak egiaztatuz gero.

2021ean, aztertuko da ondare handiek zer tributazio egin duten Nafarroan, eta ahaleginak eginen dira antzemateko ea tarteko sozietaterik erabili den bazkidearen erabilera partikularrerako ondasunen eta eskubideen titulartasun formala izateko eta haren gastu pertsonalak ordaintzeko. Arras erregularizatuko dira kontingentziak, bai sozietatearen, bai pertsona fisikoa den bazkidearen kasuan, eta lotutako eragiketei buruzko araudia aplikatuko da, hala badagokio.

Era berean, lan eginen da antzemateko ea tarteko sozietaterik erabili den baliabide materialik, giza baliabiderik eta benetako oinarririk ez duten lanbide jarduera guztiz pertsonalak gauzatzeko, sozietate horiek zerbitzuak ematen parte hartu gabe. Kasu horietan, pertsona fisikoari egotziko zaizkio bezeroarengandik jasotako errentak, merkatuko balio normalaren arabera, arauan finkatutako baldintzak betetzen badira.

Balio erantsi handiko zerbitzuak ematen dituzten profesionalen gaineko jarduketak egiten jarraituko da, bereziki osasunaren eta zerbitzu juridikoen sektoreetan. Horretarako, batera aztertuko dira finantza entitateetatik lortutako informazioak, beste hirugarren batzuek aitortutako egozpenak, hornitzaileei eta azkeneko bezeroei egindako eskaeren bidez lortutako informazioak, eta erregistro publikoetatik zein pribatuetatik lortutako beste batzuk. Aztertuko da zer korrelazio duten aitortutako errentek gastu mailarekin eta ondare egoerarekin, egon daitezkeen inkongruentziak antzemate aldera.

Sozietatearen eta bazkidearen artean erregistratutako maileguak aztertuko dira, kasu askotan etekinak banatzeko bide bat izaten ahal baitira, mailegu edo aurrerakinen itxurapean. Horretarako, mailegu hartzailearen profila, horretarako sinatutako kontratua, haren kontabilizazioa, itzulketen egutegia, interesak, bermeak eta eragiketaren gainerako elementuak aztertuko dira.

Kenkari eta itzulketa bidegabeak saihesteko, enpresaburuek eta profesionalek aitortutako BEZ jasanaraziaren zenbatekoak aztertuko dira, Nafarroako Foru Ogasunaren datu-baseetan ageri diren erosketa eta eskuratzeen egozpenen datuekin bat ez badatoz.

2021ean, ondasunak eta zerbitzuak trukatzeko aukera ematen duten plataforma digitaletan argitaratutako informazioa bilduko da, eta arreta berezia jarriko zaie apartamentu turistikoak lagatzeko erabilitakoei, 179 ereduaren bidez (“Xede turistikoko etxebizitzen erabilera-lagapenaren aitorpen informatiboa”). Arlo horretan, Foru Ogasunak lankidetza areagotuko du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiarekin, esperientziak erakutsi baitu Turismoak ezarritako erregistro betebeharrak ez betetzeak zerga arloko ez-betetzeak ekarri ohi dituela, baita alderantziz ere. Behar izanez gero, horrelako ostatuak tokian bertan egiaztatuko dira.

2020ko abenduaren 31ra arte indarrean dagoen PFEZaren zenbatespen objektiboaren araubidetik eta BEZaren araubide erraztutik baztertuko da, eta zuzeneko zenbatespenaren bidez erregularizatzeari ekinen zaio, baldin eta egiaztatzen bada moduluetako tributazio okerra egiten duela, zergapekoak eta bere lotura-ingurune konputagarriak araudian aurreikusitako sarreren gehieneko kopuruak gainditzegatik.

Enpresa handiei dagokienez, 2021ean Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuaren egitura indartuko da, eta Enpresa Handiak Kontrolatzeko Unitate berri bat sortu, arlo horretako kontrol jarduketak eta langile espezializatuak gehitzeko. Jarduketen xedea izanen da eragiketa bereziki garrantzitsuen tributazioa egiaztatzea, kontabilitate emaitzara egokitzea, sozietateen gaineko zergako finantza gastuen kenkariei dagokienez ezarritako onura fiskalen eta mugen aplikazio egokia, eta behin eta berriz eskatzen diren zenbateko handiko BEZaren itzulketen bidezkotasuna. Era berean, berregituratze eragiketak aztertuko dira, zerga saihestea helburu duten egitura artifiziosoak antzemateko.

Sozietateen talde fiskalei dagokienez, aztertuko da ea ongi aplikatzen den zerga-kontsolidazioaren araubidea kontsolidazio perimetroa, ezabapenak, eransketak eta zerga oinarri negatiboen konpentsazioa zehaztean.

Lurralde bakoitzean egindako eragiketen bolumenaren arabera zergak ordaintzen dituzten enpresa handiek sozietateen gaineko zergan eta BEZean aitortutako tributazio ehunekoak ongi aplikatzen dituztela egiaztatuko da; horretarako, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritako lotura puntuak aplikatuko dira, Arbitraje Batzordearen azken ebazpenetan eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentzian ezarritako irizpideekin bat.

Nafarroako higiezinen sektorean egindako eragiketa nagusiak ikertuko dira; arreta berezia jarriko zaie luxuzko etxebizitzen sustapen, salerosketa eta birgaitze-obrei, eta egiaztatuko da zuzeneko zein zeharkako zergak ordaintzen diren eta sortutako etekinak zuzen esleitzen diren.

Inportazioan jasandako BEZaren zenbatekoak, Nafarroako zergadunek aitortzen dituzten horiek, hain zuzen, alderatuko dira Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren Aduanen Departamentuak inportazioei buruz emandako informazioaren xehetasunekin, eta inkoherentziak antzematen badira, ikertuko dira.

Subjektu pasiboak inbertsioko arauak betetzen dituen egiaztatzeko jarduketak eginen dira, zerga aplikatzen den lurraldean egoiliar ez direnek edo eragiketan parte hartu ez duten establezimendu iraunkorrek egindako ondasun entregetan eta zerbitzu prestazioetan.

Jarduketak eginen dira hautemateko ea irabazi-asmorik gabeko entitateen forma juridikoaren gehiegizko erabilera edo erabilera desegokia egiten den, irabazi-asmoa duten jarduera ekonomikoak ezkutatzeko asmoz. Halaber, egiaztatuko da ea betetzen diren araudian ekonomia intereseko taldeen bidez sortzen diren onura fiskaletarako ezarritako betekizunak eta egozpen mugak.

Zergapekoek aitortutako jardueren ratioak sektorearen indizeekin alderatuko dira, ezkutuko diru-sarreren ondoriozko inkongruentziak edo desbideratzeak antzemate aldera, batez ere azken kontsumitzaileei salmentak egiten dizkieten eta eskudiru anitz erabiltzen duten txikizkako sektoreetan. Arlo horretan, zergapekoen egoera aztertuko da, baldin eta behin eta berriz galerak aitortzen badituzte beste adierazle batzuek erakusten duten negozioaren benetako bilakaerarekin zerikusirik izan gabe.

Nafarroako Foru Ogasunak ikuskapen prozeduren esparruan egindako erregularizazioek aldaketa ekarri behar dute borondatezko aitorpenaren mailetan, egiaztatu diren ekitaldien ondorengo ekitaldietan, haien jarduera ekonomikoaren inguruabar ekonomiko eta objektiboek beren horretan jarraitzen duten neurrian. Horregatik, zergadunek ikuskapenaren xede izanarazi zituzten zerga portaerei eusten badiete, berriz ere haien gainean jardunen da, harik eta desbideratzeak zuzendu arte, eta, hala badagokio, zehapenak ezarriko dira berrerortzeagatik.

3.6 Beste kontrol batzuk.

3.6.1. Kenkari eta itzulketa bidegabeak eta bestelako irregulartasunak galarazi beharrez, jarraipen berezia eginen zaie honako eragiketa hauei balio erantsiaren gaineko zergan:

–IBEk emandako informazioaren eta aitorpenetan jasotakoaren artean alde nabarmenak dituzten zergadunen gaineko kontrola.

–Subjektuak higiezinen sektoreko inbertsioko arauak eta jasandako BEZ pasiboaren kenkarien arauak betetzen dituen egiaztatzeko jarduketak, iruzurrak saiheste aldera.

–Zergadun hauen kontrola: itxuraz jardunean ez direnak, edo BEZaren kuota kengarriak bakarrik aitortzen dituztenak, sorrarazitako BEZaren kuotak baino handiagoak diren BEZaren oinarri kengarriak aitortzen dituztenak, edo etengabe irabazi-marjina oso txikiak agertzen dituztenak.

–Beren alde konpentsatu beharreko BEZaren saldoak zenbait urtetan sistematikoki handitzen dituzten eta itzulketarik eskatzen ez duten zergadunen gaineko kontrola.

–Europar Batasunaren barruko eragiketen aitorpen zuzenaren kontrola, araubide berezi erraztuan, nekazaritzakoan eta baliokidetasun errekarguarenean.

–Enpresa edo lanbide jarduerari lotu gabeko ondasun eta zerbitzuen erosketan jasandako BEZaren kenkaria kontrolatzea.

–Faktura hartzailearen zerga ordainketa iruzur bidez murrizteko asmoz zenbatespen objektiboko araubideetan eginiko erabilera neurrigabea antzematera bideratutako jarduketak.

–Kenkaria izateko eskubidearen egiaztapena, hura denean automobilak erosteagatik edo jarduerari loturik ez dauden zerbitzuengatik, baita beste erosketa batzuk egiteagatik ere, etxebizitzarena kasu, enpresa jardueran osoki erabiltzen ez badira.

–Hainbanaketa erregimena behar bezala aplikatzen dela egiaztatzea.

–Aduanetan izandako inportazio eta esportazio eragiketei buruz ZAEAk emandako informazioaren eta BEZaren aitorpenetan jasotakoaren arteko inkoherentzia nabarmenen gaineko kontrola.

–BEZaren itzulketen arloan, aurrekoan adierazitakoaz gain, jarduketak indartuko dira Hilabeteko Itzulketen Erregistroan inskribatutako zergadunak kontrolatzeko.

3.6.2 Sozietateen gaineko zergan kontrol hauek indartuko dira:

–Finantza gastuengatik kenkaria izateko baldintzak eta mugak betetzen ote diren kontrolatzea.

–Kontabilitatez kanpoko doikuntza negatiboak eta murrizketak likidazio oinarriari zuzen aplikatzen zaizkiola egiaztatzea.

–Kenkariak eta zerga onurak behar bezala egiaztatu eta aplikatzen direla egiaztatzea.

–Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legean bat-egiteen, zatiketen, aktiboen ekarpenen eta baloreen trukearen gainean aurreikusitako araubide bereziari loturik, enpresak birmoldatzeko egiten diren eragiketak kontrolatzea, Merkataritza Erregistrotik jasotako eta zergapekoek emandako informazioaren bitartez, erositako ondasunen balorazio fiskala eta geroko eskualdatzeetan aitortutako gainbalioen zenbatekoa egiaztatuz.

–Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legean aurreikusitako zerga-kontsolidazioaren araubide berezia behar bezala aplikatzen dela kontrolatzea.

3.6.3 Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan behar diren kontrolak eginen dira, aitorpenen zuzentasuna egiaztatzeko eta itzulketa edo konpentsazio bidegabeak eskatzea eta lortzea galarazteko.

3.6.4 Ondarearen gaineko zergan, kontrolak eginen dira zerga autolikidatzeko betebeharraren ez-betetzeak berrikusteko, bai eta enpresa jarduerak egiten dituzten entitateetan partaidetzak edukitzeagatiko kenkaria behar bezala aplikatzen den berrikusteko ere.

3.6.5 Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari dagokienez, aitortu gabeko zerga egitateen gaineko iruzurra kontrolatzeko jarduketak egiten jarraituko da, aitortzeko errekerimenduak eginez eta dagozkien zehapenak ezarriz.

3.6.6 Zerga berezien eta bestelako tributuen arloan.

–Jarraipena emanen zaie ohiko jarduketa eta kontrolei, zuzen bete daitezen, bai zentsuen eguneratzeari dagokionez, bai izaera formaleko zerga betebeharrak betetzeari dagokionez. Arreta berezia emanen zaio operadore berriak kontrolatzeari, zerga berezi desberdinetan Nafarroan izaten diren sortzapenak zuzen aitortzen ez badituzte. Orobat, kontrol jarduketak eginen dira legez aurreikusitako zerga onuren aplikazio zuzenaren gainean.

–Fabrikazioaren gaineko zerga bereziei buruzko kontu-hartzailetza lanak indartuko dira, fabriketan, gordailu fiskaletan eta biltegi fiskaletan dauden produktuen mugimenduaren eta izakinen kontrol berariazkorako.

–Hidrokarburoen sektorean kontrolak eginen dira gordailu fiskalen araubidearen gehiegizko erabilera izan ez dadin BEZean iruzurra egiteko asmoz.

–Zenbait garraiobideren gaineko zerga bereziari dagokionez, zerga oinarrien aitorpen egokiaren eta salbuespenen eta zergaren menpe ez dauden kasuen gaineko kontrol jarduketak egiten jarraituko da.

–Aitortu behar duten zergapekoak kontrolatzeko eta aurkeztutako aitorpenak berrikusteko jarduketak eginen dira honako arlo hauen gaineko zergetan: jokoa, hondakinak, elektrizitatea, aseguru primak, berotegi efektuko gas fluordunak eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioa.

4.–Kontrol jarduketak zerga bilketaren fasean.

Diru bilketa kontrolatzeko jarduketek helburu nagusi dute Nafarroako Foru Ogasunaren ardurapean dauden zorrak benetan kobratzea. Era berean, zergapekoen eskaerei erantzun behar die, tresna telematikoen erabilera sustatzen duten ordainketa bideak zabaltzea eskatzen baitute, finantza entitate laguntzaileen bulegoetan aurrez aurreko jarduera gero eta mugatuago dagoen testuinguruan.

Alde horretatik, Zergen Kontrolerako 2021eko Planak, aurreko ekitaldietako planetan markatutako ildoei jarraitzeaz gain, baditu hobekuntzak, dirua biltzeko kudeaketaren eraginkortasuna handitu beharko dutenak eta tributuak ordaintzeko tresnak gehitu beharko dituztenak.

Zehazki, 2021ean jarduketa ildo hauek gauzatuko dira:

4.1 Diru bilketako unitateen berariazko programa informatikoak eta antolaketa neurriak garatzen jarraituko da, diru bilketaren kudeaketa hobetzeko, bai borondatezko diru bilketari dagokionez, bai nahitaezko diru bilketari dagokionez, eta diru bilketako prozedurako jarduketak arinago egitea erraztuko da. Erantzukizuna deribatzeko espedienteen kudeaketa indartuko da bereziki, bai informatikaren ikuspegitik, Foru Ogasunaren tresna estandarretan integratzen jarraituz, bai zeregin horietara bideratutako giza baliabideen ikuspegitik, 2021ean ogasuneko kudeatzaile izateko lau lanpostu sortzea aurreikusita baitago Diru-bilketa Zerbitzuan.

4.2 Ordainketa zatikatzea:

a) COVID-19aren pandemiaren ondorioz, bai 2020an, bai 2021ean, zerga zorren zatikapen eta geroratze gehiago ematen eta kudeatzen ari dira, eta horren ildotik zenbait arau onetsi dira, hala nola urtarrilaren 13ko 1/2021 Foru Lege-dekretuak dakarrena, zeinak zenbait atzerapen berezi eskatzeko aukera ematen baitu, berandutze-interesik gabe, enpresa txiki eta ertainen eta autonomoen likidezia errazte aldera.

b) Lehentasuna izaten jarraituko du zerga zorren ordainketa modu bidegabean geroratzea helburu duten zatikatze eskaeren kontrolak. Zergak zatikatzeko eskaerak sistematikoki ukatuko dira, baldin eta eskatzaileen likidezia eskasiaren egoera iragankorrekin bat heldu ez badira eta zerga zorren ordainketa zatikatuz ohiko jarduera finantzatzen bada. Alde horretatik, izapidetzen ari den Diru-bilketaren Erregelamenduaren aldaketan, zergak ordaintzeko betebeharra artifizialki luzatzeko helburua duten jokabideei aurre egin nahi zaie 2021ean.

c) COVID-19aren pandemiaren ondorio ekonomikoak arintzeko onetsitako arauditik eratorritako salbuespenak salbuespen, administrazio baimenaren mende dauden jardueren ondoriozko zatikatze eskaerak ukatuko dira (fabrikazioaren gaineko zerga bereziak; zozketa, tonbola, apustu eta ausazko konbinazioen gaineko zerga tasa eta beste batzuk), eta behar diren kautelazko neurriak hartuko dira kontzeptu horien bidez zerga zorrik sor ez dadin; horretarako, jarduera horietan aritzeari loturiko bermeak betearaziko dira, eta, behar izanez gero, jardueran aritzeko administrazio baimenak baliogabetuko dira.

4.3 Lankidetza handitzen jarraituko da Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunekin, baita Nafarroako toki entitateekin ere, informazioa trukatzeko Nafarroako Foru Komunitatearekin zorrak dituztenen ondare egoerari eta tributu kredituei buruz, baita nahitaezko diru bilketan laguntzeko ere; horretarako, eraginkorrago eta bizkorrago jokatzeko modua ematen duten teknologiak erabiliko dira, eta izenpetutako trukerako hitzarmenetan sartutako diru bilketaren alderdiak garatuko dira. Bereziki, Europar Batasuneko kide diren estatuen elkarrenganako laguntza mekanismoetan sartzea bilatuko da zerga bilketaren arloan, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren bidez.

4.4 Enbargoko puntu neutroan sartzeko ahalegina eginen da, 25/2013 Legearen laugarren xedapen gehigarrian jasotako xedapenak erregelamendu bidez garatuko direla jakin ondoren. Faktura elektronikoa sustatzeko eta sektore publikoan fakturen kontularitza erregistroa sortzeko abenduaren 27ko 25/2013 Legean aurreikusitako tresna bat da enbargoko puntu neutroa; horren bidez, administrazioen zordunei eta haiei egiten zaizkien ordainketei buruzko informazioa trukatuko dute, egin beharreko enbargo- edo konpentsazio-jarduketak ahal bezain laster egiteko.

4.5 Informazioa Berehala Emateko Sistemak (IBE) jasotako informazioa ustiatzen lan eginen da, kreditu eskubideen enbargoak kudeatzeko, eta hura emateko unea aurreratuko da zordunentzat kreditu eskubideak noiz sortzen diren kontuan hartuta. Horrekin batera, bide horretatik jasotako informazio goiztiar eta zabalari esker, zordunen jokabideak aztertzen ahalko dira erantzukizuna deribatzeko jarduketak aurreratzeko.

4.6 Kudeaketa eta ikuskapen organoekiko koordinazioa handitzen jarraituko da egiaztapen jarduketa hasten denetik, diru bilketarako arriskua goiz antzemanez gero, kautela neurriak eta erantzukizuna deribatzeko prozedurak aurreratzeko, tributuak erregularizatzeko prozeduren ondoriozko tributu zorren kobrantza bermatzearren. Ildo horretan, delitu fiskalei loturiko likidazioen gaineko jarduketek jarraituko dute; izan ere, jarduketa horiek aukera eman dute, zerga bilketaren aldetik, Ikuskapenerako Zerbitzuak likidatutako zorren bilketaren kudeaketa aurreratzeko.

4.7 Zerga bilketaren fasea kontrolatzeko jarduketa kualifikatuenak indartuko dira, konplexutasun eta larritasun handieneko kasuetan bereziki:

a) Aplikatu beharreko kautelazko neurri guztiak hartzea, Nafarroako Foru Ogasunak likidatutako zorren kobrantza segurtatzeko.

b) Ondasun higiezinez baliatzea debekatzen duten akordioak, partaidetzak edo akzioak enbargatu eta 14/2013 Foru Legean sartutako neurriaren baldintzak betetzen direnean.

c) Erantzukizuna deribatzeko prozedurak; ikerketa jarduketak bultzatzea beloa altxatu behar bada edo egitatezko administratzaileak eta erantzule solidario eta subsidiarioak aurkitu behar badira ondasunak ezkutatzeagatik edo jardueretan eta arduretan aritzean axolagabe jokatzeagatik; halakoetan, bidezko akzio judizialak erabiliko dira, hala behar badu. Diru-bilketa Zerbitzuan helburu horretara bideratutako aurrekontuko baliabideak sendotzeak aukera eman behar du epe ertainean jarduketak eta, ondorioz, haien emaitza ekonomikoak handitzeko.

d) Zerga betebeharrak sistematikoki betetzen ez dituzten zordunak kontrolatzeko jarduketak; haien egoitzetako ondasunak eta ahal bezainbat kreditu enbargatu, jarduketa horietan biltzen ahal den kontabilitate informazioaren arabera. Hori guztia bi helburu lortze aldera: ordaindu gabeko zorra kobratzea eta merkatuan ari daitezen zailtzea, eta, hala, Ogasun Publikoari egiten zaion kaltea galaraztea, eta orobat galaraztea sortzen duten bidegabeko lehia ere bai. Zordunen lokaletan bertan jarduketak eginen dira, Zergei buruzko Foru Lege Orokorraren 123.4 artikuluan Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 23/2015 Foru Legeak ekarri duen aldaketaren babespean. Ondorio horietarako, 2018an gauzatuko da abenduaren 27ko 16/2017 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarrean aurreikusitakoa, tokian bertan egiteko diren jarduketa horiek normalizatzeko xedearekin.

2021ean, osasun krisia gainditu ahala, pixkanaka helduko zaie berriz tokian bertan egiteko diren jarduketa horiei, betiere, nahitaez hartu beharreko babes neurri sanitarioak gordez, eta, era berean, behar izanez gero, etxean sartzeko eta miatzeko baimen judizialak eskatzeko izapideak bultzatuko dira, iruzur fiskalaren zantzu garrantzitsuak dauden kasuetan. Baimen horiek helburua dute jarduketen segurtasun juridikoa bermatzea Konstituzioak babestutako lekuetan egiten direnean, leku horietan sartzeko eta horiek miatzeko baimen judiziala behar baita. Zalantzarik gabe, jarduketa horiek zergapekoarentzako berme handienekin gauzatuko dira, eta kasu bakoitzean organo judizial eskudunaren aurrean arrazoitu eta justifikatuko dira sartzeko neurriaren beharra, egokitasuna eta proportzionaltasuna, gai horri buruz dagoen doktrinaren eta jurisprudentziari jarraituz, bereziki Auzitegi Gorenak 2020ko urriaren 1eko epaian ezarritakoari.

e) Gezurrezko kaudimengabeziak antzemateko bidea ematen duten ondarea ikertzeko jarduketak.

f) Kaudimengabeziagatiko akzio penalak bultzatzea, jokabide horien salaketa Ogasun Publikoaren eskubideen defentsa hobea den neurrian.

4.8 Kontrol jarduketak eginen dira diru bilketaren aldian, zordunen oinordekoen aurrean, eta Zergei buruzko Foru Lege Orokorraren 36.4 artikuluak pertsona fisikoen ezkutuko oinordekoekin prozedura jarraitzeko eskaintzen dituen aukerak baliatuko dira.

4.9 Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin lan eginen da zuzenbide publikoko zorra sor dezaketen espedienteetan bermeen eraketa indartzeko.

4.10 2021ean, Diru-bilketaren Erregelamendua aldatzea bultzatu da enkanteen arloan, eta izapidea Estatuko Aldizkari Ofizialaren Enkanteen Atarian txertatu da. Aldaketa horrekin, enkanteen sistema elektronikoa bultzatu nahi da, zerbitzuaren baliabideen eraginkortasuna hobetzeko eta lizitatzaile kopurua handitzeko, bai estatuko enkanteen atari nagusian agertuta enkanteek lortzen duten publizitate handiagoagatik, bai enkantearen prozeduraren beraren ezaugarriengatik, izapideak nabarmen arintzen baititu.

4.11 Aurreikuspenen arabera, 2021eko ekitaldian, konkurtso prozedurak areagotuko dira COVID-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz; eta horrek kudeaketa ahalegina eskatuko du arlo horretako kreditu publikoaren defentsan, eta, ahal den guztietan, lehiakideen bideragarritasuna mantenduko da, ordaindu gabeko kredituak kobratzeko tresnarik hoberena den aldetik. Era berean, konkurtsopekoaren eta haren administratzaileen gaineko kontrol jarduketei eutsi beharko zaie, zabalik dauden prozedura judizialetan Nafarroako Ogasunaren eskubideei kalte egiten ahal dieten jokaerak prebenitzeko eta zigortzeko.

4.12 Gizartearen kontzientzia fiskala indartzeaz den bezainbatean, 2021ean 120.000,00 euro baino gehiagoko zorra duten zordunen zerrenda argitaratuko da, Zergei buruzko Foru Lege Orokorraren 105.bis artikulua betetzeko.

4.13 Aholkularitza Juridikoarekin lan eginen da Ogasun Publikoaren eskubidearen defentsan, titulartasuna jasota ez duten higiezin enbargatuen okupazioa detektatzen den kasuetan. Titular ezagunik ez egotea nahiko maiz gertatzen da, sortutako zorra herentzia osatzen duten ondasunen balioa baino handiagoa den espedienteetan. Horren ondorioz, oinordeek uko egiten diote jaraunspenari, eta egoera horrek zailtzen du premiamendu prozeduran ondasunak diru bihurtzea. Egoera horretan dauden higiezinen okupazioak hauteman dira, eta jarduketa judizialak eskatu dira 2021eko ekitaldian; horien ondorioz, legezko titulurik gabeko okupatzaileak kanporatu dira, eta, hala, higiezinen besterentzeak emaitza izateko itxaropena nabarmen hobetu da.

4.14 Baina, diru bilketaren faseko zerga iruzurrari aurre egiteko, iruzur hori zigortzeko jarduketak egiteaz gain, zergadunek berez betebeharrak betetzea sustatu eta indartu behar da informazio eta laguntza zerbitzu hobeak emanez, hala zorrak ordaintzea errazteko. Ildo horretan, zerga betebeharrak ordaintzeko aukera gehiago emanen dituzten aukerak aztertuko dira, hala nola txartel bidez ordaintzea, helbideratzea zabaltzea eta transferentzia bidez ordaintzea. Hala, zergapekoek Nafarroako Foru Ogasunaren tresna telematikoen bidez ordaintzen ahalko dituzte zerga betebeharrak, beren finantza entitatea laguntzaile izan edo ez.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta orok ezagutzeko egokiak diren bide guztiak erabiliz zabal dadin.

Iruñean, 2021eko ekainaren 9an.–Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Óscar Martínez de Bujanda Esténoz.

Iragarkiaren kodea: F2109480