157. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 6a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

23/2021 FORU AGINDUA, uztailaren 5ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Neurri horiek Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak baimendu zituen, eta uztailaren 2tik 29ra bitarte izanen dituzte ondorioak, biak barne.

Foru agindu horren bigarren apartatuan aurreikusita zegoen neurriak luzatu, aldatu edo indarrik gabe uzten ahal zirela, egoera epidemiologikoaren arabera.

Ildo beretik, zioen azalpenean adierazi zen ezen neurri horiek uztailerako ezartzen zirela, aurreikusten baitzen, txertaketaren inpaktuari esker, egoera epidemiologikoak maila apalean jarraituko zuela. Dena dela, xedatu zen ezen, unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera, uztailaren 29a baino lehen aldatzen ahalko zirela.

Azkeneko egunotan, egoera epidemiologikoa laster aldatzen ari da, bai Nafarroako Foru Komunitatean, bai gainerako autonomia erkidegoetan.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egindako txostenaren arabera, ekainaren 28tik uztailaren 4ra bitarteko astean 1.309 kasu atzeman dira PCR bidez edo antigeno testen bidez (198 kasu 100.000 biztanleko); hau da, intzidentzia-tasa aurreko astekoa baino 4,5 aldiz handiagoa da. Kasu gehienak 15 eta 24 urte bitarteko gazteek ikasturte bukaera dela-eta egindako bidaia eta jaiekin lotuak daude, zehazkiago, 16 eta 20 urte bitartekoek egindakoekin.

15 urtetik 24 urtera bitartekoen taldean, intzidentzia-tasa 10 aldiz handiagoa da astebetean, eta 1.467 kasu atzeman dira 100.000 biztanleko. 25 eta 34 urte bitartekoen taldea doa atzetik, non 170 kasu atzeman baitira 100.000 biztanleko.

Aste honetan, kutsatze esparrua % 12koa da; kasuen % 36 testuinguru sozialetan kutsatu dira, eta % 50ek ez dakite non kutsatu diren. Talde horretan sartzen dira, batez ere, Saloutik etorri diren 17 urtetik 25 urtera bitarteko pertsonei egindako baheketari lotutako kasuak.

Ekainaren 29az geroztik, oinarrizko erreprodukzio zenbakia 0,98tik 3,34ra igo da.

Delta aldaera nagusitu da, kasuen erdiak baino gehiago horrelakoak baitira, eta haren hedadura gorantz doa azkar-azkar. Aldaera hori lotua dago ospitaleratzeko aukera gehiagorekin, transmisio handiagoarekin eta txertoaren eraginari ihes egiteko nolabaiteko gaitasunarekin. Hortaz, izugarri garrantzitsua da osasun arloko langileen jarraibide guztiak begiratzea gehiago heda ez dadin.

Beste aldaera batzuek eragindako kasuek ere gora egin dute. Horrek iradokitzen du, aldaera berriez gainera, prebentzio neurrietan gertatzen ari den gehiegizko erlaxazioa ere eragin handia izaten ari dela kutsatu kopuruaren igoeran.

Aurreko astearekin alderatuta, COVID-19aren ondoriozko ospitaleratzeak 5etik 12ra igo dira, eta ZIUn sartu direnak 1etik 3ra. Ez da hildakorik izan.

Horrek ekarri du, uztailaren 5ean, 14 egunean metatutako intzidentzia-tasa arrisku handian egotea, 7 egunean metatutakoa oso arrisku handian, eta ratioa gorantz joatea, nabarmen.

Uztailaren 2an, Salouko ikasketa-bidaiatik zetozen gazteen artean ugaltzen ari ziren kasu positiboak ikusirik, baheketa bat antolatu zen Iruñean eta Tuteran herri horretatik zetozen 17 eta 25 urte bitarteko gazte guztientzat.

Atzematen diren kasuen kopurua gora doa egunero, baita proben positibotasun tasa ere, eta gaur den egunean 745 kasu ditugu jada agerraldi horri loturik.

Gazteei galdeturik Saloun parte hartu duten ekitaldiei buruz, nabarmen gelditu da haien arteko interakzio soziala handia izan dela eta gaueko aisialdiko lokaletan egon direla, non ez diren bete prebentzio neurriak.

15 urtetik 24 urte bitartekoen taldean, aste honetan, intzidentzia hori 1.467 kasukoa da 100.000 biztanleko.

Txostenaren ondorio gisa adierazten da beharrezkoa dela interakzio soziala murrizteko prebentzio neurriak hartzea, transmisioa geldiaraziko bada, are gehiago kontuan hartzen badugu hurrengo egunetan sanferminak ospatzen zirela.

Hortaz, bidezkoa da presako neurri selektibo batzuk hartzea kutsatzeko esparruak minimizatzeko asmoz, batez ere gaueko aisialdiko establezimenduen ordutegiak murriztuz barnealdeetan. Horren ondorioz, uztailaren 7ko 00:00etatik uztailaren 21eko 00:00etara, murrizten da taberna berezien, ikuskizunetarako kafetegien, diskoteken eta dantzalekuen lizentzia duten establezimenduak irekitzeko ordutegia, 1:00ean itxi beharko baitute, eta epe horretan egoera epidemiologikoa ebaluatuko da, bidezko diren neurriak hartzeari begira.

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta, betiere, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Kasu honetan, Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari berrespena eskatzen zaio, eta ez aurretiko baimena; izan ere, oso kezkagarria da, jarduera mantenduz gero, izan daitekeen kutsatze-egoera, batez ere Iruñean halako egun bereziak izanda.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Aldatzea Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

1.–Lehenengo apartatuaren 3.1.1.h) puntua aldatzen da. Hona hemen testu berria:

h) Ostatuen barnealdeak 1:00ean itxiko dira beranduenez.

2.–Lehenengo apartatuaren 4.6 puntua aldatzen da. Hona hemen testu berria:

4.6. 01:00ean itxiko dira beranduenez.

3.–Lehenengo apartatuaren 29.3 puntua aldatzen da. Hona hemen testu berria:

29.3. 01:00ean itxiko dira beranduenez.

Bigarrena.–Foru agindu honetan ezarritako aldaketek uztailaren 7ko 00:00etatik uztailaren 21eko 00:00ak arte izanen dituzte ondorioak, eta, epe hori bukatutakoan, aldaketa hau egin aurretik indarra zuen testua berreskuratuko da.

Hirugarrena.–Foru agindu hau Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora igortzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak foru aginduari berrespen judiziala emateko behar den tramitazioa egin dezan; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Laugarrena.–Foru agindu honek 2021eko uztailaren 7ko 00:00etan hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko uztailaren 5ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2110732