154. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

129E/2021 FORU AGINDUA, ekainaren 15ekoa, Osasuneko kontseilariak emanda, zeinaren bidez eskuordetzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzako titularrarengan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren partiden arteko funts-mugimenduak baimentzeko eskumena, partidek xede berbera dutenean, baina ezberdinak direnean Europar Batasunaren eskakizunengatik, baita Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoaren Proiektu bakoitzari dagozkion partiden artean ere.

Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legearen 3. artikuluak ezartzen du ez direla aurrekontu-aldaketatzat joko xede bererako kredituak dauzkaten partiden arteko mugimenduak, partidak ezberdinak direnean Europar Batasunaren eskakizun batengatik (gastuak hobeki kontrolatu nahi dituelako, partez kofinantzatzen dituelako); bere aldetik, 62. artikuluak ezartzen du Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoaren Proiektu bakoitzari dagozkion partiden artean funts mugimenduak egiten ahalko direla (proiektu horiek Estatuko Administrazioaren organo eskudunak onesten ditu). Bi kasuetan, ukitutako partidak zer departamenturi dagozkion, bertako kontseilariak izanen du funts-mugimendu horiek baimentzeko eskumena.

Prozedurak eraginkorragoak eta azkarragoak izan daitezen, egokitzat jotzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzako titularrari eskuordetzea ekonomia eta aurrekontu kudeaketarako eskumen horiek.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.2 artikuluak xedatzen du kontseilariek beren eskudantzien erabilera beste bati eskuordetzen ahal diotela, bertan zehazten direnak izan ezik.

Ildo berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 12. artikuluak ezartzen du ezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoaren goi organoek zilegi izanen dutela dagozkien eskumenen erabilera eskuordetzea beren erakunde publikoei eta menpean edo loturik dituzten entitateei, baldin eta hori komeni baldin bada esleiturik dituzten helburuak lortzeko eta beren kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeko. Ezartzen du, orobat, eskuordetza eraginkorra izan dadin, eskumenak bere gain hartu behar dituen erakundeak edo entitateak aldez aurretik onartu beharko duela.

Ikusirik Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzaren txostena, non Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa-zuzendaritzaren adostasuna agertzen baita.

Horrenbestez, aipatu araudiak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Eskuordetzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzako titularrarengan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren partiden arteko funts-mugimenduak baimentzeko eskumena, partidek xede berbera dutenean, baina ezberdinak direnean Europar Batasunaren eskakizunengatik, baita Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoaren Proiektu bakoitzari dagozkion partiden artean ere (proiektu horiek Estatuko Administrazioaren organo eskudunak onesten ditu).

2. Eskuordetza horren bidez ematen diren ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko da berariaz, eta, ondorio guztietarako, Osasuneko kontseilariak emanak balira bezala hartuko dira.

3. Foru agindu hau igortzea Osasuneko kontseilariari; Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ebazpenak Kudeatzeko Bulegora; Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzara eta Aurrekontuen eta Kontabilitatearen Zerbitzura; eta Osasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik sortuko ditu ondorioak.

Iruñean, 2021eko ekainaren 15ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2109727