154. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

116/2021 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira toki erakundeei laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak, naturaguneen erabilera publiko jasangarria sustatzeko 2021ean. DDBN identifikazioa: 570267

Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeak, bere printzipio orokorretan, ezartzen du ezen aipatu eremuak kudeatzeaz arduratzen diren administrazioek honako hauek bermatuko dituztela: funtsezko prozesu ekologikoak mantentzea, oinarrizko bizi-sistemen kontserbazioa, aniztasun genetikoaren zaintza, baliabide naturalen erabilera antolatua, eta espezieak eta ekosistemak modu iraunkorrean aprobetxatzea, lehengoratzea eta hobetzea. Horiekin batera, eremu horien eraginpeko populazioaren garapen sozioekonomikoa sustatuko dute eta natur ekosistemen eta paisaiaren aniztasuna, berezitasuna eta edertasuna babestuko dituzte.

Aipatu oinarriak aintzat hartuta, eta betiere eremu horiek eragindako populazioen garapen sozioekonomikoa indartzearen esparru zehatzean, 90eko hamarkadatik Nafarroako Gobernuaren eta naturaguneen jabe diren hainbat toki erakunderen artean lankidetza hitzarmenak egin izan dira erabilera publikoaren kudeaketa zuzena bermatzeko (barne direla antolamendu egokia eta bisitariei begirako ingurumen arloko hezkuntza eta sentsibilizazioa).

Halere, eta aipatu hitzarmenek beren helburuak bete dituzten arren, 2018an bidezkotzat jo zen dirulaguntzak emateko norgehiagokako araubide bat ezartzea, oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen zituzten Nafarroako toki erakunde guztiek aukera izan zezaten naturaguneetan erabilera publikoaren kudeaketa, zaintza eta antolamendua errazten zituzten funtsak eskuratzeko.

Gune horietako asko natur eta aisiarako jarduerak egiteko ingurune paregabeak dira, eta herritarren etengabeko erakargune bilakatu dira, udako oporraldietan bereziki. Nafarroako naturaguneetara joaten diren bisitarien etengabeko fluxuak eremuen erabilera publikoa arautzeko neurriak hartzera behartzen du, gaur egun eta etorkizunean ongi zaindutako naturaz gozatzeko aukera izateko, erabilera publikoaren aprobetxamendua eta lekuen balio naturalen kontserbazioa bateratuz.

Ukitutako toki erakundeak jabetzen dira honetaz, turismo espontaneo horren kudeaketa arautzeko dituzten mugez eta tokiko erakundeekin elkarlanean aritzeko beharraz, aipatu eremuen erabilera publikoa ordenatzeko proiektuak apurka-apurka sendotzeko.

Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da laguntza-lerro bat ezartzea naturaguneetan erabilera publiko jasangarria sustatzeko 2021ko urtarrilaren 1etik urte bereko azaroaren 3ra arteko epean, ebazpen honen I., II. eta II. eranskinetan jasota dagoen bezala.

Diruz lagungarriak diren jarduketak dira erabilera publikoaren antolamenduan, zaintzan eta ingurumen arloko informazio eta hezkuntza lanetan aritzen diren langileen gastuekin lotura dutenak.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Toki erakundeentzako laguntzen deialdi bat onestea naturaguneetan erabilera publikoa zaintzeko eta kudeatzeko 2021eko urtarrilaren 1etik azaroaren 3ra bitarte.

2. Laguntza horiek emateko oinarri arautzaileak onestea (ebazpen honen eranskinetan jaso dira).

3. 180.000,00 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastuen aurrekontuko “Toki erakundeentzako laguntzak, erabilera publikoa zaindu eta kudeatzeko” izeneko 740003 74300 4609 456309 partidaren kargura.

4. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi hau erregistratzea Dirulaguntzei buruzko Datu-base Nazionalean.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko ekainaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Naturaguneen erabilera publiko jasangarria sustatzeko laguntzak toki erakundeentzat. 2021eko oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Oinarri hauen xedea da beren mugartean titulartasun publikoko naturagune bat duten toki erakundeentzako dirulaguntzak arautzea, honako gastu hauen zati bat ordaintzeko: zaintza lanen kontratazioa, erabilera publikoa kudeatzea eta bisitarientzako ingurumen arloko hezkuntza eta informazioa.

2. oinarria. Laguntzen helburua.

Laguntzen helburua da naturaguneen erabilera publiko jasangarria eta haien ingurumen balioen zabalkundea sustatzea, laguntza emanez zaintza lanetarako, bisitariei arreta emateko eta ingurumen arloko hezkuntza eta informazio lanetarako.

3. oinarria. Toki erakunde onuradunak.

Beren mugartean titulartasun publikoko naturagune bat duten toki erakundeak izan daitezke deialdi honetako laguntzen onuradunak, baldin eremu horrek ingurumeneko babesen bat badauka, edo balio natural handia, eta toki erakunde horiek jarduketak edo programak gauzatzen badituzte jendearentzako arreta eta aisialdiko erabilerak hobetzeko, hurrengo oinarriko irizpideak beteta, eta oinarri arautzaile hauetako konpromisoei eusteko konpromisoa hartzen badute.

4. oinarria. Eskaerak onartzeko irizpideak.

Eskaerak tramitera onartuak izateko, toki erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. 3. oinarrian ezarritakoa bete beharko dute eta laguntza eskaera aurkeztu beharko dute 7. oinarrian ezarritakoarekin bat.

2. Gunearen ingurumen balioak arriskuan jartzen ahal duten jarduketak ez dira onartuko.

3. Espedienteek dirulaguntza jasotzeko, gainera, onartze irizpide hauek bete behar dituzte laguntza eskaera aurkezten den egunean:

a) Naturaguneak erabilera publiko finkatua izan behar du.

b) Eskatzaileak tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan beharko ditu.

c) Ez du sarturik egon behar laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoera bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Toki erakundeak lankidetza ekonomikorako hitzarmen bat edo finantzaketarako beste baliabide bat sinatua badu Nafarroako Gobernuarekin, eta horren helburua (bakarra edo beste batzuen artean) baldin bada naturagunearen eremu publikoa zaintzea eta kudeatzea, laguntza eskaera ez da onartuko.

5. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.

Diruz lagungarriak dira 2021eko urtarrilaren 1etik azaroaren 3ra arte naturaguneen erabilera publikoaren kudeaketa eta zaintza lanak (ingurumen arloko hezkuntza eta informazioa barne) kontratatzearen ondoriozko gastuak.

Zehazki, honako ekintza eta baldintza tekniko hauen ondoriozko gastuek (BEZik gabe) jaso dezakete dirulaguntza:

1. Langileen kontratazioa eta zerbitzuen kontratazioa.

2. Lan arloko aholkularitzaren eta administrazio kudeaketaren kontratazioa, langileak kontratatzen direnean.

3. Langileek naturaguneekin lotura duten eremuak eta azpiegiturak zaintzeko egindako joan-etorriak (kilometrajea). Gehieneko zenbatekoa: 0,32 euro/km.

4. Teknikari eskudun batek memoria teknikoa idazteko gastuak. Haren kostua izanen da, gehienez ere, erabilera publikoaren kudeaketak eta zaintza lanen ondoriozko zenbateko lagungarriaren %4.

Ez dira diruz lagungarritzat jotzen langileen dieta nahiz telefono gastuak, ez eta naturagunearen barnean egindako bisita gidatuak ere. Instalazioen mantentze-lanetarako, bulegorako eta antzekoetarako materialen erosketa ere ez da diruz laguntzeko modukotzat jotzen.

6. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Deialdian ezarritako epeari dagozkion zerbitzuak emateko kontratuan edo fakturan agertzen den zenbatekoaren %90eko (BEZa kanpo) dirulaguntza emanen da.

2. Nolanahi ere, dirulaguntzak emateko, behar adinako kreditua izan beharko da aurrekontuetan, eta Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.

3. Espediente bakoitzeko 40.000,00 euro emanen dira gehienez, eta 5.000,00 euro gutxienez. Azkeneko kopuru horretarako iristen ez diren espedienteak baztertuko dira.

7. oinarria. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkeztea:

Eskaerak aurkezteko epea 30 egunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektronikoa (GHE) eduki beharko da, zeina 16. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

2. Eskabidea harturik, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskatzen diren betebeharrak bete ezean, toki erakunde interesdunari eskatuko zaio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko zaio, bestela, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela eta jakinaraziko zaiola.

3. Honako hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa:

1. II. eranskineko eskabide inprimakia.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (III. eranskina).

3. Entitate eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, dirulaguntza eskaerarekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala betea eta sinatua.

4. Egin beharreko lanen deskripzio memoria teknikoa aurkeztu behar da, bertan azalduz naturagunea eta erabilera publikoaren kudeaketak eta zaintzak ukitzen duten eremua. Teknikari eskudunek egin behar dute memoria hori. Memoriak honako hauek bildu beharko ditu:

a) Erabilera publikoaren kudeaketa-lana eginen den naturagunea azaltzeko atal bat, non, gainera, espedientea 8. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideen arabera puntuatu ahal izateko behar den informazio guztia sartuko den.

b) Erabilera publikoaren kudeaketarako jarriko diren giza baliabideen zehaztapena eta justifikazioa, pertsona bakoitzak egin beharreko lanak zehaztuz (informazioa, ingurumen heziketa, zaintza), eta aldiak, ordutegiak eta lantokiak azalduz.

c) Erabilera publikoaren kudeaketari eskainiko zaizkion giza baliabideei erantsitako gastuen zehaztapena eta justifikazioa; konparaziorako, lan aholkularitzaren gastuak eta kudeaketa administratiboaren eta kilometrajearen gastuak.

d) Bisitarien alde-aldeko kopurua, eta kopuru hori zein informazio iturri erabilita lortu den, kontrastatzeko aukera izateko.

e) Naturagune horretan erabilera publikoaren haritik azken 5 urteetan egin diren lanen zerrenda.

f) Finantzatu gogo den ekintza bakoitzaren kostuen aurrekontu xehatua eta aurrekontu osoa, zenbatekoak BEZarekin eta BEZik gabe zehaztuta, beharrezkoa denean.

5. Oinarri honetan diruz lagundutako jarduerak osorik edo partez finantzatzeko bestelako dirulaguntza edo laguntzak jaso baldin badira, eskabidean berariaz adierazi beharko da.

8. oinarria. Dirulaguntza emateko lehentasun irizpideak.

1. Laguntza norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko denez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, oinarri honetan zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta laguntza emanen zaie balorazio handiena lortzen duten eskaerei, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

Eskaeren hurrenkera emandako puntuen baturaren arabera eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera.

IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1

Dirulaguntza eskatzen duen erabilera publikoaren kudeaketa eta zaintza lanaren helburu nagusia natura-erreserba bat edo lekune natural bat da.

30

2

Erabilera publikoko jarduera egiten da paisaia babestu izendatutako eremuren batean.

25

3

Erabilera publikoko jarduera egiten da kontserbazio bereziko eremu izendatutako tokiren batean.

25

4

Bisitariak urteko (1)

25

5

Eremuaren jabeak hainbat toki erakunde dira, eta eskaera eta dokumentazio bateratua aurkezten dute (lankidetzarako pizgarria).

5

6

Azken bost urteotan, erabilera publikoa kudeatu eta zaintzeko egindako lanak. (2)

10

7

Erabilera publikoarekin loturiko azpiegiturak (3)

10

(1) Irizpide hau baremo honen arabera baloratuko da:

1.500 bisitaritik behera = 0 puntu.

1.500 eta 5.000 bisitari artean = 5 puntu.

5.001 eta 20.000 bisitari artean = 10 puntu.

20.001 baino gehiago: 25 puntu.

(1) Aintzat hartuko den bisitari kopurua laguntza eskaeran adierazten dena da. Egindako kontrolak, antolatutako jarduerak, sarreren salmenta edo aurkeztutako zenbatespena egiaztatzeko aukera ematen duen beste edozein formula erabiliz eginen da bisitari kopuruaren kalkulua. Zenbatespen hori erantzukizunpeko adierazpenerako formatuan aurkeztu beharko da, toki erakunde eskatzaileen idazkariak sinatua.

(2) Eskatzaileek azken bost urteetan egindako lan guztiak sartuko dituzte laguntza eskaeran, edozein dela ere horien finantzaketa-iturria.

(3) Erabilera publikoarekin loturiko azpiegituratzat honako hauek hartuko dira: Eremuan edo inguruan kokatuta daudenak, haren kudeaketarekin lotura zuzena badute. Hauek dira, besteak beste: aparkatzeko tokiak, harrera egiteko etxolak edo antzekoak, bisitarientzako kontrol edo informazio guneak, eremuaren erabilera publikoaren eskaintzan dauden bidezidor seinaleztatuak, erabilera publikorako ongi zaindutako atsedenguneak eta eremuaren eskaintza publikoan sartutako beste azpiegitura batzuk.

Ez dira erabilera publikoko azpiegituratzat hartuko erabilera publikoaren eskaintzan ez dauden seinaleztatu gabeko bideak eta bidezidorrak, ez eta beste azpiegitura batzuk ere, baldin beren eraikuntza edo xede nagusia erabilera publikoaren kudeaketa ez bada.

2. Puntuazioan berdinketarik bada, irizpide hauek aplikatuko dira berdinketa hausteko, lehentasun hurrenkera honi jarraikiz:

a) 1. irizpidea: lehentasuna emanen zaie eskaeraren xedeko zaintza eta kudeaketa eremuaren barruan Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17koa 9/1996 Foru Legearen arabera izendatutako naturagune babesturen bat sartuta duten eskaerei.

b) 2. irizpidea: aurreko irizpideari dagokionez, lehentasuna emanen zaie natura-erreserba integralei eta lekune naturalei, gainerako naturaguneen aurretik.

c) 3. irizpidea: hala ere azken proiektuen arteko berdinketa hausten ez bada, zenbateko diruz lagungarria erabilgarri dagoen aurrekontutik hurbilen duena aukeratuko da.

3. Lehentasun hurrenkera horren arabera esleituko da dagoen aurrekontua, aurrekontuko partida agortu arte.

4. Laguntza eskatua duten ekintzak gauzatzen ez badira, eta onuradunak hurrengo oinarri arautzailean aurreikusitako moduan horren berri emanik, laguntzak emateko ebazpenetan aldaketak egin ondoren askatzen diren zenbatekoak erabiltzen ahalko dira aurrekontuan kontsignazio aski ez izateagatik laguntza ukatu zaien eskatzaileei emateko. Horretarako, balorazio irizpideak aplikatzearen ondorioz ateratzen den lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio.

5. Oinarri honen 8.4. puntua aplikatzearen ondorioz deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

9. oinarria. Ebaluazio organoa.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuari dagokio neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa.

10. oinarria. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Biodibertsitatearen Zerbitzuak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta bat etorriz arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunekin.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

11. oinarria. Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

4. Laguntza emateak diruz lagundutako jarduketen ingurumen baimena ekarriko du berekin.

5. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean edo, kasua bada, dirulaguntzei buruzko legerian aurreikusitako gehieneko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

12. oinarria. Eskabideak aldatzea.

Ez da aldaketarik onartuko aurkeztutako eskabideetan.

13. oinarria. Ordainketaren eskaera: Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Frogagiriak aurkezteko azken eguna 20201eko azaroaren 12a izanen da. Epe hori igaroz gero, legerian ezarrita dauden penalizazioak aplikatuko dira.

1. Egindako lanen ziurtagiria aurkeztu beharko da, eskaeran aurkeztutako memoria teknikoaren formatu berean, gauzatutakoaren benetako datuak jasoz. Egindako lanen memorian jasoko dira, besteak beste: kontratatutako langile bakoitzak benetan egindako egutegia, kontratatutako langile bakoitzaren zaintza-orduen kopurua eta ingurumenaren inguruko heziketa eta informazio ekintzak, bisitarien alde-aldeko kopurua hilabetez hilabete eta urteko kopuru osoa, edo laguntzari dagokion aldi osokoa. Egindako kilometrajea xehakaturik aurkeztuko da, taula batean. Adieraziko da zenbat kilometro egin dituen zaintzaile bakoitzak eguneko; hilabetekako laburpen bat eginen da, baita guztizko datuen batura ere. Jasoko dira, era berean, dirulaguntzari dagokion aldian izandako gorabehera aipagarriak, hala nola eremu horretan atzematen diren mantentze beharrak. Erabilera publikoaren kudeaketaren balantze ekonomikoa ere aurkeztuko da, bertan zehaztuta naturagunearen kudeaketa-aldi horretan lortutako diru-sarrerak: aparkalekuen kobrantza, dokumentazioaren salmenta... etab.

2. Jatorrizko fakturak eta/edo nominak aurkeztu beharko dira, 2021ko urtarrilaren 1etik azaroaren 3ra bitartekoak, edo horien fotokopiak. Egindako gastua ordaindu dela frogatzeko, bankuetako frogagiriak erantsi beharko dira. Fakturen kontzeptuek bat etorri behar dute deialdiaren xedearekin. Baldin nominak aurkezten badira, argi eta garbi zehaztu beharko da denboraren zer portzentaje eskaintzen zaien diruz lagundutako jarduerei.

3. Toki korporazioaren idazkaritzaren ziurtagiria, non adieraziko baita, batetik, egin beharreko zerbitzu hori toki erakundearen organo eskudunak onetsi duela, eta bestetik, naturaguneen erabilera publikoa kudeatu eta zaintzeko lanen kontratazioa legearen araberakoa dela. Langileak kontratatuz gero, gainera, adieraziko da toki erakundearen eta langilearen artean sinaturiko kontratua kasuan-kasuan aplikagarria den araubide juridikoaren araberakoa dela, eta kontratuaren kopia bat erantsiko da.

4. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuen berri eman beharko zaio organo emaileari. Baldin beste laguntzarik ez badago, toki erakundeko idazkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da.

5. Dirulaguntza honen bidezko finantzaketa iturriaren publizitatea egin izanaren frogak aurkeztu beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.2 artikuluan ezarri bezala.

14. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

Egiaztagiriak azterturik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta, horrekin batera, txosten bat, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duena.

Ordainketa bakarrean pagatuko da dirulaguntza.

15. oinarria. Onuradunen betebeharrak, murrizketak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak.

1. Dirulaguntzaren onuradun diren toki erakundeek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

2. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuen berri eman beharko zaio organo emaileari. Beste laguntzarik ez badago, toki erakundeko idazkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da.

3. Dirulaguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

4. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

16. oinarria. Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntza-eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH).

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

17. oinarria. Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

1. Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoak nahiz atzerrikoak izan, emandako beste laguntza batzuekin.

2. Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu, Biodibertsitatearen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. d) artikuluan xedaturikoarekin bat. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ere langabezian dauden pertsonak kontratatzeko dirulaguntzak ematen ditu, interes orokorreko edo sozialeko lanak eta zerbitzuak egiteko. Hala, entitate onuradunak zehaztu beharko du laguntza horiek eskatu dituen edo eman dizkioten. Gainera, laguntza horiek eta deialdi honetakoak langile berak kontratatzeko erabili nahi badira, datu hauek zehaztu beharko dira: langile horien izenak, IFZ, laguntza zer kontratazio alditarako eskatu den eta dirulaguntzaren zenbatekoa, baldin ordurako badaki.

18. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Biodibertsitatearen Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Dirulaguntzei buruzko 15.2 artikuluari jarraikiz, onuradun ateratzen diren toki erakundeek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute dirulaguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskabidea eta erantzukizunpeko adierazpena (DOC).

III. eranskina.–Gardentasunari buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2109842