153. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 1a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

22/2021 FORU AGINDUA, ekainaren 29koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Ekainaren 15ean onetsi zen Osasuneko Kontseilariaren ekainaren 15eko 21/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez luzatu eta aldatu baitzen Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu horretan malgutasunaren bidetik pixkanaka segitu zen neurriak arrisku maila ertainera egokitzeko, horixe baitzen Nafarroako Foru Komunitatean une horretan zegoen egoera. Ildo horretan, neurriak malgutu ziren honako arlo hauetan: ostalaritza, jatetxe zerbitzuak eta ospakizunak, ostatuak eta aterpetxeak, irakaskuntza ez-arautua, liburutegiak eta artxiboak, kirola, igerilekuak, monumentuak, erakusketak eta museoak, bingoak eta joko-, apustu- eta jolas-aretoak, erabilera anitzeko espazioak eta elkarte gastronomikoak.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, gaur egun, intzidentzia metatua 14 egunean eta 7 egunean, hurrenez hurren, 91 kasukoa eta 44 kasukoa da 100.000 biztanleko, 2,1eko ratioarekin, eta beherantz jarraitzen du poliki-poliki.

Adierazleek erakusten dute, oro har, alerta maila baxuan gaudela, 1 mailan. Populazio orokorrean 14 eta 7 egunetan metatutako intzidentziaren adierazleak beheranzko joerari eusten dio, baina arrisku maila ertaina da oraindik ere.

Bestalde, txertaketari dagokionez, 50 urte eta hortik gorakoen taldean lehen dosia eman zaie herritarren %94,4ri, eta %72,7k pauta osoa hartua du. Nolanahi ere, talde guztietan ez da berdintsu eman pauta osoa, 60 urtetik 67 urtera bitartekoen taldean uztailean emanen delako AstraZeneka txertoaren bigarren dosia eta, hargatik, estaldura txikia da oraindik talde horretan.

Era berean, aurreko astean aldaeren %36,5 ez ziren, ustez, alfa aldaerakoak (aldaera britainiarra), eta joera goranzkoa da. Aldaera horien artean, gero eta handiagoa da ustez delta diren aldaeren ehunekoa.

Horregatik guztiagatik, eta zenbait erakundek ere hala adierazten dutelako –Gaixotasunen Prebentzio eta Kontroleko Europako Zentroak (ECDC), esaterako– zuhurtziaz jokatu beharra dago neurriak malgutzeko orduan.

Nafarroako Ospitalegunearen txostenaren arabera, hobera egin dute nabarmen ospitale arloko adierazle guztiek: larrialdietako jarduerak, ospitaleratzeko eta ZIUn ingresatzeko beharra duten kasuek eta ospitalean COVID-19agatik hildakoen kopuruak.

Aipatutako bilakaeraren ondorioz, nabarmen jaitsi da COVID-19agatik ospitaleratuta jarraitzen duten pertsonen kopurua, eta horri esker pertsona horiek artatzeko eskura diren ohe kopurua murriztu ahal izan da.

7 pertsona daude ZIUn ingresaturik, eta horietatik 5ek 31 eta 73 egun artean daramatzate ospitaleraturik, eboluzio konplexuak izan baitituzte eta, horren eraginez, aise gainditu baitute patologia horregatiko ZIUko batez besteko egonaldia.

Txertaketak modu nabarian babesten ditu kolektibo ahulenak infekziotik, batez ere gaixotasunaren garapen larritik eta, horren ondorioz, ospitaleratzetik; txertatutako adin tarteetan ikusten ari da hori.

Infekzioa aktiboago dago 15 eta 29 urte bitarteko kolektiboan, zeinak ez duen txertorik jaso eta SARS-CoV-2 birusa zabaltzea errazten duten jokabideak dituen.

Gaur egun, birusaren aldaera berrien agerpena da kezka nagusia; izan ere, kutsatzeko ahalmen handiagoa dute, infekzio larri gehiago eragiten dituzte, ospitaleratzea eta ZIUko zainketak behar dituztenak, eta arriskua dago txertoen eragina eta infekzioa pasatu ondoren hartutako berezko babesa apaltzeko.

Azken astean egindako PCR tekniketan jaitsi egin da B.1.1.7 anduien (andui britainiarraren) ehunekoa kasuen %63,55 arte. Azken lau asteetan alfa aldaerakoak, hots, Erresuma Batuko aldaerakoak ez diren 53, 75, 64 eta 117 kasu hauteman dira PCR tekniken bidez. Horien artean, Brasilgo aldaerakoak izan daitezkeen 15 andui hauteman dira, Hegoafrikako aldaerakoak izan daitezkeen 21 kasu, Indiako aldaerakoak izan daitezkeen 72 eta beste aldaera batzuetako 32, sekuentziazio bidez konfirmatzeke daudenak. Lotura epidemiologikoa izan dezaketen 171 kasu aztertzen ari dira, lotura izan dezaketenak intereseko aldaera batekin (B.1.575) zeinari E484K mutazioa gehitu zaion.

Anduien azken sekuentziazioa, maiatzaren 22tik ekainaren 8ra arteko laginekin egina, ekainaren 14an bukatu zen. Sekuentziazio horretan berretsi zen Nafarroan badaudela SARS-CoV-2 birusaren 10 aldaera, 4 VOC (kezkagarriak) eta 2 VOI (interesekoak).

Profesional kopuru esanguratsu batek jardun behar izan duenez txertaketan, kontaktuen aztarnari segitzen eta proba diagnostikoak egiten, eta udako oporren programazioak direla-eta, murriztu egin da ospitaleetako baliabideak (COVID-19rako nahiz COVID-19rako ez direnak) erabiltzeko prest dauden langileen kopurua.

Hiru faktore ari dira oraindik ere pandemiaren bilakaera aldatzen, nagusiki. Alde batetik, gero eta herritar gehiago txertatzeak egoera hobetzen du, zenbat eta txerto gehiago hartu, orduan eta babes handiago hartzen baitu biztanleriak lehen ospitaleratzeko arrazoi ziren SARS-CoV-2aren infekzio larrien aurka. Aldiz, sozializazio handiagoak eta babes-arauak eta autobabeserako neurriak laxatzeak egoera okertzen ahal dute; izan ere, inguruan agerraldiak izan daitezen eragiten ari baitira eta andui berrien zirkulazioa ahalbidetu. Horrek infekzio kopuruan eta baliabide asistentzialetan eragin okerra sortzeko arriskua dakar, baldin eta txertaketari eta immunitate naturalari ematen zaien erantzuna kolokan jartzen bada.

Gauzak horrela, prebentzio komunitarioko neurriak mantendu behar dira, batez ere arriskurik handieneko kolektiboetan, helburu hauekin: galga jartzea birusaren aldaera berriak sartzeari eta zabaltzeari, kutsatzeak ugaltzeko eta ospitaleratze arruntak zein ZIUetakoak eragiteko ahalmen handiagoa baitute; eta, denbora irabaztea txertoen bidez biztanle zaurgarrienak babesteko eta halako immunitate maila bat lortzeko, kutsatzeak ugaltzea mugatzeko modukoa.

Txosten teknikoak ikusirik, bidezkoa da neurriak malgutzen jarraitzea, egokitu behar baitzaizkio Nafarroako Foru Komunitatearen arrisku maila txikiari, txikia dela erakusten baitute, une honetan, adierazle guztiek. Malgutzen dira, oraingoan ere, ostalaritzaren eta jatetxeen sektoreko neurriak, baita diskoteka, dantzaleku, bingo, joko- eta josteta-aretoetakoak ere. Oraingo honetan, alabaina, itxiera ordutegiak bereizten dira, bateragarriak izan daitezen jarduera ekonomikoa eta osasun publikoaren babesa. Ordutegiak ezartzeko, aztertu da zer eratako jarduerak dituzten establezimenduek, lizentzian jasotakoaren arabera, eta oinarritzat hartu dira irailaren 23ko 201/2002 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituz ezarritako ordutegiak (foru dekretu horren bidez arautu zen ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra). Orobat, neurriak malgutzen eta edukierak handitzen dira kulturaren, kirolaren eta merkataritzaren sektorean, besteak beste, eta arautzen dira, era berean, bereziki udan gauzatzen diren zenbait jarduera, hala nola feria jostetak, haurrentzako eta gazteentzako aisialdi jarduerak, haurrentzako aisialdiko lokalak, kalejirak, herri bazkariak, zezenketak eta beste.

Neurri hauek uztailerako ezartzen dira, aurreikusten baita txertaketaren inpaktuari esker egoera epidemiologikoak maila txikian jarraituko duela. Unean uneko egoera epidemiologikoa zein den, neurriok aldatu ahal izanen dira uztailaren 29a baino lehen.

Neurri horiek guztiek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa dute arau-oinarri, non xedatzen baita ezen osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Berariazko prebentzio neurri aparteko hauek hartzea Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta:

1.–Prebentzio neurri orokorrak.

1.1. Kautelazko eta babeserako betebeharrak.

Herritar guztiek behar diren neurriak hartu beharko dituzte COVID-19 eritasuna ugaltzeko arriskurik ez sortzeko, baita nork bere burua arrisku horietan ez jartzeko ere. Kautelazko eta babeserako betebehar hori edozein jardueraren titularrei, sustatzaileei edo antolatzaileei ere eskatuko zaie. Horrez gain, errespetatu egin beharko dira osasun arloko agintariek COVID-19ari aurrea hartzeko ezartzen dituzten segurtasun eta higiene neurriak.

Ezin izanen dute inolako jardueretara joan COVID-19a izateagatik isolaturik daudenek, ez eta COVID-19a baduela diagnostikatu zaion pertsona baten kontaktu estu izateagatik berrogeialdian daudenek edo COVID-19a izatearen edozein sintoma dutenek ere. PCR test baten emaitzaren zain daudenek ere ezin izanen dute inolako jarduera sozialetara joan.

1.2. Pertsonen arteko segurtasun tartea.

Martxoaren 29ko 2/2021 Legean ezarritako pertsonen arteko segurtasun tartea gorde beharko da, haren bidez ezarri baitziren COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak. Segurtasun tarte hori gordetzerik ez dagoenean, kutsatzeko arriskuei aurrea hartzeko higiene-neurri egokiak hartuko dira, bai eta maskararen erabilerari buruzko neurriak ere, maskararen erabilerari buruzko ekainaren 24ko 13/2021 Errege Lege-Dekretuan ezarriak, eta, orobat, koronabirusari (COVID-19) aurre egiteko ezarri diren osasun publikoaren arloko beste prebentzio neurri batzuk.

Ezin izanen da bide publikoan edo aire zabalean erre, baldin eta ezin bada gorde 2 metroko gutxieneko tartea pertsonen artean. Muga hori bera aplikatuko da tabakoa arnasteko beste edozein gailu, ur-pipak, pipak edo antzekoak erabiltzeko, barnean direlarik zigarreta elektronikoak edo lurruntzea.

1.3. Jarduera guztietan bete beharreko higiene eta prebentzio neurriak.

Oro har, ezartzen diren neurri edo protokolo berariazkoak gorabehera, honako higiene eta prebentzio neurri hauek aplikatuko dira erabilera publikoa duten establezimendu, negozio leku, instalazio eta eremu guztietan eta jarduera publiko guztietan:

a) Jarduera ekonomikoaren titularrak, edo, bestela, zentro, instalazio, erabilera publikoko eremu edo entitatearen zuzendari edo arduradunak, behar bezala bermatu beharko du garbiketa eta desinfekzio neurri egokiak hartzen direla, kontuan harturik behean azaltzen diren establezimendu, lokal, instalazio edo eremuen erabileraren ezaugarriak eta zenbait erabiltzen diren.

Garbiketa eta desinfekzio lanetan, arreta berezia jarriko da erabilera komuneko eremuetan eta gehien ukitzen diren gainazaletan (hala nola ateetako heldulekuak, mahaiak, altzariak, eskudelak, lurzoruak, telefonoak, esekigailuak eta antzeko ezaugarriak dituzten bestelako elementuak).

b) Lokal eta eremuen barnealdeak behar bezala aireztatu beharko dira, eta, horretarako, «SARS-CoV-2 birusa aerosolen bidez transmititzeko arriskuaren ebaluazioa. Prebentzio neurriak eta gomendioak» izeneko agiri teknikoan ezarritako neurriak erabil daitezke. Agiri hori eskuragarri dago Osasun Ministerioaren webgunean.

Gomendatzen da airearen kalitatea neurtzeko aukera ematen duten CO2 neurgailuak jar daitezen. CO2aren kontzentrazioa ez da inoiz izanen 800 ppm-tik gorakoa. Ahal den neurrian, Osasun Ministerioak indarrean dituen gomendioei jarraituko zaie, hots, SARS-CoV-2a hedatzea eragozteko eraikin eta lokaletako klimatizazio eta aireztapen sistemak ibiltzeko eta mantentzeko emandako gomendioei.

c) Zentro, entitate, lokal edo establezimenduek igogailua edo karga-jasogailua baldin badute, batez ere eskailerak erabiliko dira. Igogailua erabili behar izanez gero, pertsona bakar bat joaten ahalko da, salbu eta erabiltzaile guztiak bizikideak badira edo denek maskara erabiltzen badute.

d) Bezeroek, bisitariek edo erabiltzaileek erabili beharreko komunetan, aldageletan, probageletan, bularra emateko geletan edo antzekoetan gehienez ere pertsona bat sartuko da lau metro koadro arteko espazioetara, salbu eta laguntza behar duten pertsonak badira, kasu horretan laguntzailea ere sartzea baimenduko baita.

Lau metro koadrotik gorako komunetan, kabina edo pixaleku bat baino gehiago badute, hango kabina eta pixatokien %50 okupatzen ahalko dira eta pertsonen artean segurtasun tartea gordeko da haiek erabili bitartean. Komunen garbiketa eta desinfekzioa areagotuko dira, une oro osasungarritasun eta higiene egoera onean egon daitezen.

2.–Garraioa.

2.1. Bidaiarien garraio publiko erregularrean, zutik joateko tokiak baimenduta dituzten ibilgailuetan, eserita joateko toki guztiak betetzen ahalko dira, eta zutik joateko prestatutako eremuan ahaleginak eginen dira bidaiariek ahalik eta tarte handiena gorde dezaten beren artean; gehieneko okupazioa izanen da bi erabiltzaile egotea metro koadro bakoitzeko.

2.2. Garraiobide publikoan 6 urtetik gorako bidaiarientzat nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea.

2.3. Bidaiarien garraio publikoetan egunero garbitu beharko dira ibilgailuak, Osasun Ministerioak ezarritako gomendioekin bat.

2.4. Errepideko bidaiarien hiriarteko eta probintziarteko garraio publiko erregularreko zerbitzuetan, erabilera orokorrekoetan, Nafarroako Foru Komunitateko eskumenekoetan, aurrez esleitutako eserleku zenbakia dutenetan, operadoreek erabiltzaile guztiekin harremanetan jartzeko informazioa bildu beharko dute, eta bidaiarien zerrendak gutxienez ere lau astez gorde, bidaia egiten denetik. Era berean, zerrenda horiek osasun publikoko agintariei eman beharko dizkiete hala eskatzen zaienean kontaktuen trazabilitatea egiteko.

2.5. Autobus geltokietan baldintza hauek bete beharko dira beti:

a) Nahitaezkoa izanen da beti maskara erabiltzea une oro instalazioetan sartu, egon edo ibiltzen den ororentzat.

b) Informaziorako eta seinaleztapenerako elementuak jarriko dira, eskaileretan, pasabideetan edo geralekuetan erabilera eta portaera egokiak izatea iradokiz.

c) Informazio, zainketa eta kontrol neurriak ezarriko dira erabiltzaileentzat, etengabe 1,5 metroko tartea gordetzeko xedearekin.

d) Bidaiarien fluxuak antolatuko dira, ahal dela elkar gurutzatzea saihesteko.

e) Banagailuak jarriko dira jendearen eskura, gel hidroalkoholikoarekin edo birusak hiltzeko ahalmena duten desinfektatzaileekin (Osasun Ministerioak baimendu eta erregistratuak). Banagailu horiek une oro egon beharko dute erabiltzeko moduan.

2.6. Iruñerriko bidaiarien hiri garraioko ibilgailuetan, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Sarreran eta irteeran gel hidroalkoholikoaren banagailuak paratuko dira, eta erabiltzaileei gogoraraziko zaie komeni dela eskuak garbitzea autobusera sartzean eta horretatik ateratzean.

b) Ibilgailuaren barruan airearen zirkulazioa hobetzearren, hauxe gomendatzen da: geldialdietan, ibilgailuaren ate guztiak irekitzea, eta, irekitzeko moduko leihoak izanez gero, oro har, denak irekita egon beharko dira, non eta horrek ez duen galarazten ibilgailuaren girotze sistemaren funtzionamendu egokia.

2.7. Hiriarteko garraioari dagokionez, eskatuko da autobusetan gel hidroalkoholikoa egotea sarreran zein irteeran, eta erabiltzaileei gogoraraziko zaie komeni dela eskuak garbitzea autobusera sartzean eta horretatik ateratzean.

2.8. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa ez zaio eskola-garraioari aplikatuko, jada aplikagarriak zaizkien osasun babeserako neurriei kalterik egin gabe.

2.9. Gomendatzen da enpresek eta administrazio publikoek langileen sarrera-irteerak malgutu ditzatela, edo erraztasunak eman, bidaiari gutxiago elkar daitezen Iruñerriko hiri-garraio erregularreko linea nagusietan jende gehien ibiltzen den orduetan.

2.10. Motozikleta, ziklomotor eta L kategoriako ibilgailuetan egiten diren garraioetan, bi bidaiari daudenean, maskara edo buruko integrala eraman beharko dute etxe berean bizi ez badira. Ibilgailuetan, maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da 6 urtetik gorako bidaiari guztientzat, etxe berean bizi ez badira.

3.–Ostatuak eta jatetxeak.

3.1. Establezimenduetako barnealdeak.

3.1.1. Oro har:

a) Kontsumoa baimentzen da taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxeen lizentzia duten establezimenduetan, baimendutako gehieneko edukieraren %60an.

Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa. Kontsumitzaileek barrak erabiltzen ahalko dituzte edariak eskatu eta jasotzeko. Zilegi da tabureteak dituzten mahaietan kontsumitzea, barraren ondo-ondoan daudenetan. Mahaiak bi lagunentzat izanen dira gehienez, eta haien artean 1,5 metroko tartea utzi beharko da.

b) Mahaien arteko tartea 1,5 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

c) Mahai bakoitzean edo mahai multzo bakoitzean, ezin da sei lagun baino gehiago elkartu, eta, betiere, 70 cm-ko segurtasun tartea utzi beharko da pertsonen artean.

d) Establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, kartelak jarri beharko dira, gutxienez ere DIN A3 tamainakoak, eta horietan adierazi beharko dira lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena.

e) Establezimenduek kartelak jarri beharko dituzte toki nabarmenetan, bezeroek birusaren transmisioa saihesteko bete beharreko neurri orokorrak adierazteko (distantzia, eskuen higienea eta maskara).

f) Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da bezeroek maskara behar bezala erabiltzen dutela.

g) Ahal dela, gomendatzen da establezimenduek berezko aireztapena izatea, edo mekaniko behartua, airearen birzirkulaziorik gabe. Gomendatzen da, halaber, ahalik eta gehien aireztatzea eta airearen kalitatea neurtzea, CO2aren neurgailuen bidez. CO2aren kontzentrazioa milioiko 800 partetik gorakoa denean, gomendatzen da aireztapena handitzea edo jende kopurua gutxitzea, adierazle horretatik behera jaitsi arte.

h) Ostalaritzako establezimenduen barnealdeak ixteko ordua hauxe izanen da, beranduenez: 01:00ean, ostatu, kafetegi eta jatetxeen kasuan; eta 02:00etan, taberna berezien eta ikuskizunetarako kafetegien lizentzia duten establezimenduen kasuan.

3.1.2. Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez.

Aurreko puntuan ezarritako edukiera-muga ez zaie aplikatuko taberna berezi, ikuskizunetarako kafe, taberna, kafetegi eta jatetxeen lizentzia duten establezimenduei, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Barnealdeko mahaien artean 1,5 metroko distantzia egotea, ertzetik ertzera neurtuta.

b) Mahai bakoitzean gehienez 6 pertsona egotea eta mahaikideen artean gutxienez 70 cm egotea.

c) Jantokiko lokalak aireztapen egokia izatea.

d) CO2 neurgailua izatea eta CO2aren kontzentrazioa inoiz ez izatea 800 ppm-tik gorakoa.

e) Kartelak toki nabarmenean izatea, bezeroek birusaren transmisioa saihesteko bete behar dituzten neurri orokorrak (distantzia, eskuen higienea eta maskara) adierazteko.

f) Trazabilitatea bermatzeko neurri egokiak hartzea, behar denean bezeroekin harremanetan arin jartzeko, bazkarien eta afarien zerbitzuetan.

g) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa. Kontsumitzaileek barrak erabiltzen ahalko dituzte edariak eskatu eta jasotzeko. Zilegi da tabureteak dituzten mahaietan kontsumitzea, barraren ondo-ondoan daudenetan. Mahaiak bi lagunentzat izanen dira gehienez, eta haien artean 1,5 metroko tartea utzi beharko da.

h) Puntu honetan jasotako establezimenduek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute baldintzak betetzen dituztela adierazteko, bai eta establezimenduaren fitxa teknikoa ere. Bi dokumentuak foru agindu honen eranskinetan daude. Izapidea sinplifikatzeko, nahikoa da jarraian adierazitako inprimaki digital bateratua betetzea eta bidaltzea. Turismoko webgunearen lanbide-arloan ere eskuratu ahal izanen da. Inprimakia ez da paperean entregatuko Nafarroako Gobernuaren erregistro-bulegoetan; online bidali behar da. Behin inprimakia bidalita, establezimendua ireki ahal izanen da, administrazioaren baimena jaso beharrik izan gabe.

i) Barnealdeak ixteko ordua hauxe izanen da, beranduenez: 01:00ean, ostatu, kafetegi eta jatetxeen kasuan; eta 02:00etan, taberna berezien eta ikuskizunetarako kafetegien lizentzia duten establezimenduen kasuan.

3.2. Kanpoaldeak.

3.2.1. Baimentzen da Nafarroako Foru Komunitatean taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxe gisako lizentzia duten establezimenduek eremu publikoan dituzten aire zabaleko terrazak irekitzea.

Foru agindu honen ondorioetarako, aire zabalean dauden terrazak honakoak dira: eremu estalia edo estali gabea, aldeetan gehienez ere bi hormak, paretak edo paramentuk inguratua, baldin itxitako azalera bada aldeko perimetroaren %50 edo hori baino txikiagoa (perimetro horren barnean da eraikinaren fatxada, terraza atxikirik duena).

Ez dira paramentutzat hartzen espazio fisikoak mugatzeko erabiltzen diren eta airearen zirkulazio librea ahalbidetzen duten elementuak, finkoak nahiz mugikorrak, altuera edo bolumen gutxikoak (gehienez ere metro batekoak).

Lehendik dauden eta baimenduta dauden terrazetan ez dira paramentutzat hartuko garaiera handiagoko elementuak, finkoak edo mugikorrak, baldin eta ez badira 1,60 metrotik gorakoak.

3.2.2. Terrazak baldintza hauek betez irekiko dira:

a) Mahaien arteko tartea 1,5 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

b) Establezimenduetako titularrek seinaleak egin beharko dituzte lurrean, mahaiak kokatu behar diren tokietan, segurtasun tartea errespetatze aldera.

c) Mahai bakoitzeko, 10 lagun elkartuko dira gehienez, baldin eta horien artean 70 cm-ko segurtasun tartea errespetatzen dela bermatzeko modua badago. 70 cm baino gutxiagoko aldea edo diametroa duten mahaien edo upelen bueltan gehienez ere bi pertsona egonen dira eta, kasu guztietan, eserita.

d) Mahaian eta eserita eginen da beti kontsumoa.

e) Pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzerik ez badago, maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da.

f) Terrazetan debekatuta egonen da erretzea 2 metroko segurtasun tartea gordetzea bermatzerik ez badago.

3.2.3. Toki-erakundeei gomendatzen zaie aukerak azter ditzatela aire zabaleko terrazarako eremuak handitzeko, baina beti bermatu beharko da mahaien arteko eta pertsonen arteko segurtasun tartea.

4.–Diskotekak eta dantzalekuak.

4.1. Diskoteken eta dantzalekuen jarduera baimentzen da, barreneko aldearen edukiera %50 bete arte, gehienez.

4.2. Mahaietan eserita kontsumituko da, mahai bakoitzean 6 lagun gehienez, pertsonen artean 70 cm-ko tartea utzita, eta mahaien artean 1,5 metro, mahaien ertzetatik neurtua.

4.3. Establezimendu horien terrazak jendearentzat irekitzen ahalko dira, foru agindu honen 3.2 puntuan ezarritako baldintza beretan.

4.4. Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea.

4.5. Oro har, ostalaritzako establezimenduetan eta jatetxeetan zerbitzuak emateko berariaz ezarritako baldintzak aplikatu beharko dira.

4.6. 04:00etan itxiko dira, beranduenez, lokala jendez husteko denbora barne.

5.-Hotelak eta ostatu turistikoak.

5.1. Hoteletako eta ostatu turistikoetako eremu komunetan, okupazioak ezin izanen du gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %75, eta uneoro mantendu beharko da 1,5 metroko segurtasun tartea pertsonen artean.

5.2. Hoteletako eta ostatu turistikoetako kirol-instalazioei dagokienez (adibidez, igerilekuak eta gimnasioak), instalazio horietarako berariazko neurriak aplikatu beharko dituzte.

6.–Aterpetxeak.

6.1. Aterpetxeen modalitateko ostatu turistikoetan, baldin eta logeletan ohatzeak badaude eta, beraz, ezin bada pertsonen arteko gutxieneko segurtasun tartea gorde, okupazioaren muga baimenduriko gehieneko edukieraren %50 izanen da.

6.2. Pertsonen arteko gutxieneko segurtasun tartea bermatzea ahalbidetzen duten ohatzeak dituzten logelak edo logela bereiziak dituzten aterpetxeetan, okupazioaren muga baimenduriko gehieneko edukieraren %75 izanen da.

6.3. Establezimenduaren titularrek antolamendu neurri batzuk ezarriko dituzte, egokiak direnak pilaketak saihesteko eta barnealdean pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzen saiatzeko. Bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk ezarriko dituzte bezeroak elkarrengandik zein langileengandik behar bezala babesteko, maskara janztea ekarriko dutenak.

6.4. Establezimenduan jatetxe edo ostalaritzako zerbitzu motaren bat ematen bada, zerbitzuak foru agindu honetan establezimendu horietarako ezarritako baldintzak beteko ditu.

7.–Beilak eta hiletak.

Hiletetan eta beiletan gehienez ere 100 pertsona biltzen ahalko dira aire zabalean direnean, eta 25 pertsona gehienez toki itxietan direnean. Barnealdean egindako errausteetan eta agur zibiletan, gehieneko edukiera %50ekoa izanen da, eta gehienez 400 pertsona. Jendearen sarrera-irteerak mailakatuak izan beharko dira.

8.–Gurtza.

Gurtza egiteko lekuetan errespetatu beharko da pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun tartea (hau da, 2,25 metro koadro pertsonako), eta gehienez ere 400 pertsona bilduko dira. Sarrerak eta irteerak mailakatuak izanen dira, eta saihestuko da jendea pilatzea, bai gurtza-lekuen barruan, bai sarbideetan eta irteeretan.

9.–Ezkontzak, bataioak, jaunartzeak eta beste ospakizun sozial, familiar, erlijioso edo zibil batzuk.

9.1. Gurtza-lekuetan egiten diren ospakizunetarako, foru agindu honen 8. puntuan ezarritako edukierak aplikatuko dira. Gurtza-lekuak ez diren lokaletan ospatzen direnen kasuan, pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun tartea errespetatu beharko da (hots, 2,25 metro koadro pertsona bakoitzeko) lokal horien barnean.

9.2. Ezkontza, bataio, jaunartze eta bestelako ospakizun sozial, familiar, erlijioso edo zibiletan, zeremoniaren ondotik ospakizunak egiten badira, muga hauek izanen dira:

9.2.1. Baldin eta 3.1.1 puntuan ezarritakoa aplikatu behar bazaie, establezimenduek 75 pertsonako muga izanen dute barnealdean eta 150 pertsonakoa kanpoaldean ospakizunerako, eta, nolanahi ere, foru agindu honen 3. puntuan jasotako neurriak errespetatu beharko dituzte. Ulertzen da muga hori establezimenduko ospakizun bakoitzari dagokiola, ongi bereizitako eremuetan baldin badaude.

Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea.

9.2.2. Baldin eta 3.1.2 puntuan ezarritakoa aplikatu behar bazaie, establezimenduetan 1,5 metroko tartea utzi beharko da mahaien artean, mahaien ertzetatik neurtua, eta, halaber, puntu honetan ezarritako gainerako baldintzak bete beharko dira.

9.2.3. Ospakizunetarako aretoak dituzten establezimenduek ospakizunetan bete beharreko baldintzen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat bidali beharko dute comunicaciones.sgtsalud@navarra.es helbide elektronikora, eta, betiere, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ezarritako jarraibideak bete beharko dituzte.

Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea.

10.–Txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzuetakoak.

10.1. Jendaurreko txikizkako merkataritza establezimendu eta lokaletan eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoetan, ezin izanen da gainditu gehienez baimendutako edukieraren %75.

10.2. Establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, ongi ikusten den kartel bat jarri beharko da, gutxienez ere DIN A3 tamainakoa, eta horretan adierazi beharko da lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena, bezeroentzat.

10.3. Beranduenez ixteko ordua establezimendu mota horietarako ezarritakoa izanen da.

11.–Hipermerkatuak, azalera ertain eta handiko establezimenduak eta merkataritza-gune edo -parkeak, edo horien zati direnak.

11.1. Hipermerkatuetan, azalera ertain eta handiko establezimenduetan eta merkataritza-gune edo -parkeetan, edo horien zati direnetan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %60 bertako merkataritzako lokal bakoitzean.

11.2. Merkataritza-guneetako establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, ongi ikusten den kartel bat, pantaila bat edo antzeko zerbait jarri beharko da, eta horretan adierazi beharko da establezimenduan baimendutako gehieneko edukiera eta foru agindu honek bezeroentzat baimentzen duena. Kartela, pantaila edo antzekoa gutxienez ere DIN A3 tamainakoa izanen da.

11.3. 10. puntu honetan aipatutako establezimenduen ate nagusietan, ongi ikusten den kartel bat, pantaila bat edo antzeko zerbait jarri beharko da, gutxienez ere 70 x 120 cm-koa, eta horretan adierazi beharko da establezimenduaren gehieneko edukiera orokorra (merkataritza-gunean dauden establezimendu guztietan baimendutako edukieren batura).

11.4. Jolas eremuetan (haurrentzako parke eta antzekoetan) ezin da guztirako edukieraren %50 gainditu.

11.5. Puntu honetan aipatutako establezimenduetan dauden ostalaritzako jarduerei eta zinemei, foru agindu honetan jarduera bakoitzerako ezarritako arau eta ordutegi berariazkoak aplikatuko zaizkie.

11.6. Puntu honetan aipatzen diren establezimenduetako arduradunak behartuak egonen dira une oro sartzeko ateetako kontaketa begiratzera eta bermatzera ez dela gainditzen bertan onartzen ahal den gehieneko jende kopuruaren %60.

11.7. Beranduenez ixteko ordua establezimendu mota horietarako ezarritakoa izanen da.

12.–Bide publikoan jarduten duten merkatuak.

Bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentan jarduten duten merkatuetan (merkatu txikietan), postuak aurrez aurre bereizita egon beharko dira, igarobide baten bidez. Bide horrek erabiltzaileak ibiltzeko espazioa markatuko du, eta bermatuko du erabiltzaileen artean gutxienez 1,5 metroko segurtasun tartea gordetzen ahal dela, eta 4,5 metroko zabalera izanen du gutxienez. Elkarren ondoko bi posturen artean elementu isolatzaileak paratuko dira, postuen arteko independentzia gordetzeko; halakorik ez bada, 1,5 metroko tartea egon beharko da.

Erabiltzaileak ezin izanen dira inolaz ere saltokien alboetatik ibili. Barrutiak sartzeko gune bat eta irteteko beste bat edukiko ditu, eta biak ongi bereizita egonen dira.

13.–Akademiak, autoeskolak eta irakaskuntza ez-arautuko zentroak, eta prestakuntza zentroak.

13.1. Autoeskola eta irakaskuntza ez-arautuko zentroetan eta prestakuntza zentroetan gauzatzen den jarduera aurrez aurre ematen ahalko da, baldin eta gainditzen ez bada baimendutako gehieneko edukieraren %75, edo pertsonen arteko segurtasun tartea bermatzen bada (2,25 metro koadro pertsona bakoitzeko).

13.2. Dantzan ikasteko edo egiteko aretoen edukiera kalkulatzeko irizpidea izanen da pertsona bakoitzeko 5 metro koadro behar direla.

Dantza jardueran, bere modalitate guztietan, kontuan hartu beharko da 1,5 metroko tartea gordetzea, ahal den neurrian. Tarte hori bermatzerik ez badago maskarak erabili beharko dira. Ikasle taldeak egonkorrak izanen dira, eta ezin izanen da aldaketarik egin taldeen eta/edo klaseen artean.

Bikoteka dantzatzeko klaseetan, bikoteak berdinak izanen dira ikastaro osoan, eta ezin izanen da aldaketarik egin bikotean ez klase batean zehar ez klase batetik bestera.

Klase batetik besterako tarteetan espazioak aireztatu eginen dira, ahal dela modu naturalean.

Jarduera guztiek prebentzio eta antolaketa protokolo bat izanen dute haiek gauzatzeko, orain arte onetsitako osasun gomendioak bilduko dituena.

14.–Liburutegiak eta artxiboak.

14.1. Liburutegiek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan), beren jarduerei lotutako zerbitzuak ematean, ezin izanen dute gainditu baimenduta daukaten gehieneko edukieraren %75.

14.2. Sustatuko da erabiltzaileek zerbitzuak telematikoki erabiltzea.

14.3. Liburutegi eta ludoteketan haurrentzako jarduerak egiten ahalko dira. Jarduerak egitean, parte-hartzaileak bizikidetza egonkorreko taldetan antolatuko dira, eta gehienez ere 15 parte-hartzaile onartuko dira, 12 urtetik beherakoak badira, eta 20 parte-hartzaile, 12 urtetik gorakoak badira. Bizikidetza egonkorreko talde bakoitzeko, begirale bat egonen da jarduera gainbegiratzen.

Ahal den neurrian, jarduerak eta interakzioak talde horietako bakoitzeko kideekin izanen dira bakarrik. Bizikidetza egonkorreko bi talderen arteko interakzioa planteatzen ahalko dira, batez ere aire zabalean.

14.4. Artxiboek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan) beren jarduerei lotutako zerbitzuak emanen dituzte, baina gehieneko okupazioak ezin izanen du gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren %75.

15.–Kirol jarduerak.

15.1. Kirol jardueretarako partaideen kopuruak, barnealdean nahiz kanpoaldean egiten direnetarako, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez ezarriko dira.

15.2. Debekatuta dago saunak, bainu turkiarrak edo antzekoak erabiltzea. Kirol errendimenduko kirolariek espazio horiek erabiltzen ahalko dituzte haien prestakuntza fisikoaren osagarri gisa, aldez aurretik hitzordua eskatuz eta banaka erabiltzeko.

Baimenduta dago aldagelak eta dutxak erabiltzea. Erabilera kolektiboko dutxak edukiaren %50 errespetatuta erabiltzen ahalko dira, eta ezin izanen dira erabili alboko dutxak.

15.3. Gimnasioetan kirol jarduera egiteko, hitzordua eskatu beharko da aurretik. Mugitzea eskatzen duten jardueretarako, 20 m²-ko espazioa gordeko da pertsona bakoitzeko. Mugitu gabe egiten diren jardueretan, berriz, 8 m²-ko espazioa mantenduko da pertsona bakoitzeko. Nolanahi ere, nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea.

15.4. Lehiaketa ez-profesionalak eta kirol-ekitaldiak ikusleekin egiten ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako gehieneko edukieraren %75. Instalazio itxietan, 350 lagun joaten ahalko dira gehienez publiko gisa, eta beti errespetatu beharko dira 1,5 metroko segurtasun tartea pertsonen artean eta maskararen erabilera egokia.

Lehiaketa ez-profesionalen eta aire zabaleko instalazioetan egiten diren kirol ekitaldien kasuan, 800 lagun joaten ahalko dira gehienez publiko gisa, eta beti errespetatu beharko dira 1,5 metroko segurtasun tartea pertsonen artean eta maskararen erabilera egokia.

Barrualdean 350 pertsona baino gehiago eta kanpokoetan 800 pertsona baino gehiago biltzen dituzten jardueretarako, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten loteslea beharko da.

Nolanahi ere, debeku da jatea eta edatea kirol-lehiaketa eta -ekitaldietan.

15.5. Hala ere, 22:00etatik aurrera erabiltzen ahalko dira kirol-instalazioen barnealdeak lehiaketak eta entrenamenduak egiteko, baldin eta horretarako baimena ematen badu instalazioaren titularrak.

16.–Zuzendutako kirol jarduera fisikoak egitea espazio itxietan, eta bestelako jarduera fisikoak aire zabaleko espazioetan.

16.1. Zuzendutako kirol jarduera fisikoak espazio itxietan egiteko, taldeetan ez dira arituko 20 pertsona baino gehiago, eta Nafarroako Kirolaren Institutuak xedatutakoa beteko dute.

Edonola ere, zuzendutako kirol jarduera fisikoak egiten ahalko dira 25 laguneko taldeetan gune itxietan, baldin eta instalazioak parte-hartzaile bakoitzeko 5 metro koadro baditu, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta parte-hartzaile bakoitzeko 16 metro koadro, mugikortasun handiko jardueretarako, aireberritze naturala edo behartua (mekanikoa) badu, airearen birzirkulaziorik gabe.

16.2. Herriko dantzen jardueretarako baldintzak Nafarroako Kirolaren Institutuak intentsitate txikiko jardueretarako ezarritako berberak izanen dira.

16.3. Nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea instalazioetako sarbide eta joan-etorrietan, bai eta kirol jarduera bitartean ere, intentsitate txikiko modalitateak badira ere. Kirol-praktika mota bakoitzaren modalitatea arautuko da Nafarroako Kirolaren Institutuak xedatutakoaren arabera.

16.4. Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluan aipatzen diren irakaskuntzen babesean egiten diren kirol jarduera fisikoak salbuetsirik daude 1. puntuan xedatutakotik.

17.–Igerilekuak.

17.1. Aisialdiko igerilekuetan edukieraren %75eko muga gorde beharko da, hala haietara sartzeko nola aisialdiko jardueretan bertan.

Igerilekuetako berdeguneetan gehienez ere egon daitezkeen pertsonen kopurua honela kalkulatzen da: pertsonako 4 metro koadro.

17.2. Baimenduta dago aldagelak eta dutxak erabiltzea. Erabilera kolektiboko dutxak edukiaren %50 errespetatuta erabiltzen ahalko dira, eta ezin izanen dira erabili alboko dutxak.

Baimentzen da aldagelak erabiltzea, eta dutxak banaka erabiliko dira, hau da, ezin izanen dituzte pertsona batek baino gehiagok erabili aldi berean.

17.3. Nafarroako Kirolaren Institutuak arautuko du kirol jardueretarako igerilekuen erabilera.

17.4. Igerilekuak 22:00etan itxiko dira, beranduenez.

18.–Haurren jolastokiak eta aire zabaleko kirol eremuak.

Haurren jolastokiak eta aire zabaleko kirol eremuak edukieraren %100ean erabiltzen ahalko dira.

19.–Monumentuak, erakustaretoak eta museoak.

19.1. Museoetan eta erakustaretoetan egiten diren jardueretan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %75 eta, kasu guztietan, 350 pertsona sartuko dira gehienez ere.

19.2. Inaugurazioak egiten ahalko dira, baldin eta segurtasun tarteak bermatzen badira, edukiera %75ekoa bada eta eserlekuak aldez aurretik esleitzen badira. Jarduera zutik egiten bada, edukiera irizpide honi jarraikiz kalkulatuko da: 3 metro koadro pertsonako. Jatekorik baldin badago ekitaldi horietan, ostatu eta jatetxeetarako ezarritako arauak beteko dira, foru agindu honen 3. puntuan zehazten direnak.

19.3. Bisita edo jarduera gidatuak gehienez ere 18 pertsonako taldeetan eginen dira, eta hogeita bostekoak izaten ahalko dira kanpoan direnean.

19.4. 01:00ean itxiko dira beranduenez.

20.–Zinema-aretoak, antzokiak, auditoriumak, karpadun zirkoak eta antzekoak, aire zabaleko esparruak eta antzeko beste lokal batzuk, eta ikuskizun publikoetarako eta olgetako edo aisialdiko jardueretarako establezimenduak.

20.1. Zinema-areto, antzoki, auditorium, karpadun zirko eta antzekoek beren jarduera gauzatzen ahalko dute aurretik esleitutako eserlekuak erabilita, baldin eta gainditzen ez bada areto bakoitzean baimenduriko gehieneko edukieraren %75, eta, kasu guztietan, 350 pertsona sartuko dira gehienez ere. 01:00ean itxiko dira beranduenez.

Aire zabaleko esparruetan eta antzeko lokaletan egiten diren jardueretan, eta ikuskizun publikoetarako, josteta edo aisia jardueretarako aire zabaleko establezimenduetan egiten direnetan, edukiera baimendutako gehieneko edukieraren %75 izanen da, eta, kasu guztietan, 800 pertsona sartuko dira gehienez ere.

Aire zabaleko ekitaldietan jaten eta edaten ahal da, baldin eta kultur ekitaldien antolatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat igortzen badiote, ekitaldia egin baino zazpi egun baliodun lehenagoko epean, Kultura eta Kirol Departamentuari (helbide honetara: declaraciones.cultura@navarra.es), foru agindu honen IV. eranskinean ezarritako ereduari jarraikiz.

Adierazpen horretan, konpromisoa hartu behar dute ostatu eta jatetxeetarako ezarritako arauak betetzeko, foru agindu honen 3. puntuan zehazten direnak.

20.2. 20.1 puntuko ikuskizunak edo jarduerak barrenaldean egiten direnean, debeku da jatea eta edatea.

Hala ere, jatea eta edatea baimentzen ahalko da zinema aretoetan. Hori baimentzea erabakitzen duten aretoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50.

b) Gutxienez bi besaulkiko tartea gorde beharko da bizikidetza-unitateen artean.

c) CO2 neurgailua izan behar da aretoan, eta CO2 kontzentrazioa inoiz ez da izanen 800 ppm-tik gorakoa.

d) Kartelak toki nabarmenean jarri beharko dituzte, maskara uneoro nahitaezkoa dela oroitarazteko, jateko eta edateko unean izan ezik.

e) Trazabilitatea bermatzeko neurri egokiak hartu beharko dira, behar denean bezeroekin harremanetan arin jartzeko.

f) Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar dute Osasun Departamentuan, bertan jasorik puntu honen baldintzak betetzen direla. Adierazpen hori ondoko helbide elektronikora bidali behar dute: comunicaciones.sgtsalud@navarra.es.

20.3. Ikuskizunetarako kafetegiko lizentzia duten establezimenduek hauetako bat aukeratzen ahal dute:

a) Ekitaldiak edo ikuskizunak janaririk eta edaririk gabe egitea. Kasu horretan, baimentzen den edukiera baimendutako gehieneko edukieraren %75 izanen da, foru agindu honen 20.1 puntuan ezarritakoari jarraikiz.

b) Jaten eta edaten bada ekitaldiak edo ikuskizunak diren bitartean, bete beharko dituzte 3. puntuan ostalaritza eta jatetxe jarduerarako ezarritako neurriak. Hurrenez hurren, horren 3.1.1 edo 3.1.2 puntuetan jasotako modalitateetako bat aukeratzen ahal dute. Kasu horietan, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar dute Osasun Departamentuan, bertan jasorik hautatutako aukeraren baldintzak betetzeko konpromisoa (3.1.1eko aukera edo 3.1.2koa). Adierazpen hori ondoko helbide elektronikora bidali behar dute: comunicaciones.sgtsalud@navarra.es.

20.4. Barrualdean 350 pertsona baino gehiago eta kanpokoetan 800 pertsona baino gehiago bildu nahi dituzten jardueretarako, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten loteslea beharko da.

21. Abesbatzak eta musika bandak.

Gomendagarria da abesbatza eta musika banda guztiek jardunbide egokien protokolo bat izatea.

Abesbatzen entseguak edo kontzertuak egiteko, gutxienez 1,5 metroko tartea gordeko da abesbatzako kideen artean, eta 2 metrokoa, gutxienez, abesbatzaren eta zuzendariaren artean.

Musika banden entseguak egiteko tokietan, gutxienez 3 m² izan beharko du musikari bakoitzak. 1,5 metroko tartea gordeko da musikarien artean. Haize-musikarien kasuan, 2 metrokoa izanen da tarte hori. Zuzendaria 2 metrora egonen da musikariengandik, gutxienez.

Bi kasuetan, entsegurako taldeak egin behar badira, taldeak egonkorrak izanen dira, eta kideak identifikatuta egonen dira.

Abesbatzetako eta bandetako kideek maskarak erabiliko dituzte, haize-musikariek izan ezik, jotzen ari diren bitartean.

Jarduketak eta entseguak aire zabalean eginen dira lehentasunez, eta une oro errespetatuko da abesbatzako edo musika bandako kideen eta zuzendarien artean ezarritako pertsonen arteko gutxieneko tartea, eta 3 metroko tartea, berriz, haien eta publikoaren artean.

Entseguak barrenaldean egiten badira, aireztapen naturalarekin aireberrituko dira denbora guztian, ahal bada, eta etenaldiak eginen dira aireberritzeko, gutxienez, 60 minutu iragaten diren bakoitzean. Aireztapen naturala aski ez bada, aireztapen behartua erabil daiteke, birzirkulaziorik egin gabe, ahal dela; aireztapen behartuak birzirkulazioa baldin badu, kanpoko airearen hornidura handituko da, eta ahalik eta gehien murriztuko birzirkulatzen den airea.

Behar adinako aireberritzerik ez duten tokiek edo behar bezalako aireberritzea lortzen ez dutenek gaikuntza galduko dute bertan entseguak eta interpretazioak egiteko.

22.–Turismo gidarien jarduera egiteko baldintzak.

22.1. Jarduera horiek, ahal dela, aldez aurretik hitzordua eskatuta eginen dira eta taldeak, gehienez ere, hamazortzi lagunekoak izanen dira barnealdean eta hogeita bostekoak kanpoaldean, erreserba indibidualak egiten direnean. Kopuru hori hogeita hamabostera arte handitu daiteke elkarrekin bidaiatzen duten taldeen erreserbetan. Jarduera egiten den bitartean, saihestuko da pilaketak sor daitezkeen eremu edo tokietatik ibiltzea. Halaber, errespetatu beharko dira monumentuak eta bestelako kultur ekipamenduak bisitatzeko baldintzak, agindu honetan ezarritakoaren arabera.

22.2. Turismo aktiboko eta naturako irteerak gehienez ere 25 laguneko taldeentzat ere onartuko dira, aldez aurretik erreserba eginda, enpresa edo gidari profesionalekin. Kopuru hori hogeita hamabostera arte handitu daiteke elkarrekin bidaiatzen duten taldeen erreserbetan.

22.3. Dastaketa gastronomikoak dituzten bisita gidatuak jatetxeko jardueratzat hartuko dira, eta, hortaz, ostatu eta jatetxeen sektorerako ezarritako arauak bete beharko dituzte, foru agindu honen 3. puntuan zehazten direnak.

23.–Kanpaldiak eta aterpetxeak eta gazteen egoitzak eta antzekoak.

23.1. Etenda segitzen dute abuztuaren 22ko 107/2005 Foru Dekretuaren bidez arautzen diren administrazio baimenek, zeharkaldiak egitekoek (foru dekretu horren bidez arautu ziren Nafarroako Foru Komunitatean aire zabalean egiten diren gazteentzako jarduerak).

Aipatutako foru dekretuan araututako kanpaldiak egiteko baimenak emanen dira, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte: parte hartuko duten gazteak ez izatea 60 baino gehiago, eta monitoreen eta parte-hartzaileen arteko ratioa 1/8 edo txikiagoa izatea. Bi kanpaldi mota daude:

a) Kanpaldiak egitea %100 mugi daitezkeen instalazioetan: baimenduko dira baldin eta pabiloi motako dendetan soilik ematen bada gaua, baldin eta parte-hartzaile bakoitzari 4 metro koadroko azalera badagokio.

b) Kanpaldiak instalazio mistoetan, zati bat finkoa eta bestea mugigarria dutenetan: baimenduko dira baldin eta osasun agintariek ezarritako edukierak errespetatzen badira eta zati mugigarria pabiloi motako dendak badira eta ratioa parte-hartzaile bakoitzeko 4 metro koadrokoa bada. Beste aukera hau ere onartzen da: beste kanpadenda mota bat erabiltzea, baldin eta denda bakoitzeko pertsona bakarra sartzen bada eta adinez nagusia bada.

23.2. Gazteen aterpetxeak, gazteen egoitzak eta antzekoak.

Baimendutako edukia baimendutako gehieneko edukieraren %75 izanen da.

Establezimenduaren titularrek antolamendu neurri batzuk ezarriko dituzte, egokiak direnak pilaketak saihesteko eta barnealdean pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzen saiatzeko. Bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk ezarriko dituzte bezeroak elkarrengandik zein langileengandik behar bezala babesteko, maskara janztea ekarriko dutenak.

Establezimenduan jatetxe edo ostalaritzako zerbitzu motaren bat ematen bada, zerbitzuak foru agindu honetan establezimendu horietarako ezarritako baldintzak beteko ditu.

24.–Haur eta gazteentzako denbora libreko jarduerak egitea.

Aisialdiko eta denbora libreko jarduerak egiten ahalko dira haur eta gazteentzat, baldin horiek egin bitartean behar diren neurriak hartzen badira pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzeko, edo, bestela, maskarak erabiltzen badira. Gainera, Osasun Departamentuak ezarritako beste gomendioak ere bete beharko dira, halakoak ezartzen dituenean:

a) Aurreko apartatuko jarduerak aire zabalean egiten direnean, parte-hartzaileen kopurua mugatu beharko da jardueraren ohiko gehieneko edukieraren %75era, eta gehienez ere 250 lagunek parte hartzen ahalko dute, monitoreak barne.

b) Jarduerak toki itxietan egiten direnean, parte-hartzaileen kopurua mugatu beharko da esparruaren gehieneko edukieraren %60ra, eta gehienez ere 200 lagunek parte hartzen ahalko dute, monitoreak barne.

Instalazioen edo espazio erabilgarriaren arabera, jarduera bat baino gehiago egiten ahalko dira, ongi bereizitako espaziotan.

c) Jarduerak egitean, parte-hartzaileak bizikidetza egonkorreko taldetan antolatuko dira, eta gehienez ere 15 parte-hartzaile onartuko dira, 12 urtetik beherakoak badira, eta 20 parte-hartzaile, 12 urtetik gorakoak badira. Bizikidetza egonkorreko talde bakoitzeko, begirale bat egonen da jarduera gainbegiratzen.

Ahal den neurrian, jarduerak eta interakzioak talde horietako bakoitzeko kideekin izanen dira bakarrik. Bizikidetza egonkorreko bi talderen arteko interakzioa planteatzen ahalko dira, batez ere aire zabalean.

Foru agindu honek arautzen ez dituen atalek Osasun Ministerioak onetsi zuen “COVID-19aren kontrako prebentzio- eta higiene neurriak eta osasuna sustatzekoak, haur eta gazteentzako denbora libreko jardueretarako (2021)” izeneko dokumentuari jarraituko diote (2021eko ekainaren 8an onetsi zen, Osasun Publikoaren Batzordean).

25.–Haurren aisialdirako lokalak.

Programatutako ekitaldietan talde egonkorren edo burbuila taldeen printzipioa errespetatuko da. Horretarako, haurren aisialdiko lokalek mugatze horri berri emanen diete jardueraren antolatzaileei, bai eta adingabekoak laguntzen dituzten helduei ere.

Eskuen eta gainazalen higiene neurri zorrotzak aplikatuko dira, eta bermatuko da lokalak aireztapen baldintza egokiak mantentzen dituela.

Bola-kaiolen motatako haurrentzako atrakzioetan aritzea debekatuta egonen da.

Gaztelu puzgarrien motatako haurrentzako atrakzioetan, haur jolastokiaren azaleraren hiru metro koadroko haur batekoa izanen da edukiera, eta gehienez 6 haurrez osatutako taldeak baimentzen dira, ahal dela bizikideak edo antzekoak.

Sei urtetik gorako haurrak maskararekin sartuko dira lokalean eta denbora osoan erabiliko dute, salbu eta jatekoak edo edatekoak hartzen dituztenean.

Ostalaritza zerbitzua bada, horrek aplikatu beharreko araudiaren arabera jokatu beharko du.

26.–Haurtzaindegiak.

Jardueran aritzen ahalko dira baldin eta betetzen badituzte eskatutako prebentzio neurriak. Jarduera betetzeko prebentzio eta antolaketa protokolo bat izanen dute, orain arte onetsitako osasun gomendioak bilduko dituena.

27.–Biltzarrak egitea.

Lehenetsiko da biltzarrak telematikoki egitea. Beste modalitate edo formatu batean egin nahi izanez gero, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari jakinarazi beharko zaio aurretik.

28.–Topaketak, akziodunen batzarrak, lanbide-elkargoen bilerak, negozio-bilkurak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak egitea.

Topaketak, akziodunen batzarrak, lanbide-elkargoen bilerak, negozio bilkurak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak egiten ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako gehieneko edukieraren %75, eta betiere 350 lagun gehienez; horiek eserita egon beharko dute, 1,5 metroko segurtasun tartea bermatuz horien artean. Horrek ez du galaraziko modalitate telematikoa gomendatzea.

Bozketarik egin behar bada, pertsonak mugitzea saihesten duten bozketa sistemak erabiliko dira.

29.–Bingoak, eta joko-, apustu- eta jolas-aretoak.

29.1. Bingoek eta joko-, apustu- eta jolas-aretoek beren jarduera gauzatzen ahalko dute, baldin eta ez bada gainditzen baimenduriko edukieraren %60.

29.2. Establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, kartelak jarri beharko dira, gutxienez ere DIN A3 tamainakoak, eta horietan adierazi beharko dira lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena.

29.3. Bingoek eta joko aretoek 02:00etan itxi beharko dute eta jolas aretoek, berriz, 01:00ean.

29.4. Edatekoak edo jatekoak emateko zerbitzua baldin badute, bezeroendako soilik, foru agindu honen 3. puntuan ezarritako arau berariazkoak aplikatuko zaizkie.

30.–Ekitaldietarako erabilera anitzeko espazioak dauzkaten establezimenduak.

30.1. Ospakizunak egiten badira establezimendu hauetan, errespetatu beharko dira pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun tarteak gordetzeko neurriak, eta ez dira behin ere 75 pertsona baino gehiago izanen barnealdean, eta 150 pertsona gehienez kanpoaldean. Ulertzen da muga hori ospakizunetan ari den talde bakoitzari dagokiola, ongi bereizitako eremuetan baldin badaude. Edonola ere, ospakizun horietan ez da gaindituko edukieraren %60 establezimenduen barnealdean. Halaber, ostalaritza eta jatetxe jarduerarako baldintzak bete beharko dituzte, 3.1.1 puntukoak.

30.2. Lokalaren barruan, kontsumoa eserita egiten ahalko da soilik, mahai batean edo mahai batzuk elkartuta.

30.3. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da bezeroek maskara behar bezala erabiltzen dutela.

30.4. Lokalean ez da dantzalekurik baimenduko.

30.5. Establezimendu horiek 01:00ean itxiko dira.

30.6. Establezimendu horiek aireztapen natural edo mekaniko behartua izan beharko dute, airearen birzikulaziorik gabea, eta CO2aren neurgailua; CO2aren kontzentrazioa ez da inoiz izanen 800 ppm-tik gorakoa.

30.7. Kartelak toki nabarmenean izanen dituzte, bezeroek birusaren transmisioa saihesteko bete behar dituzten neurri orokorrak (distantzia, eskuen higienea eta maskara) adierazteko.

30.8. Trazabilitatea bermatzeko neurri egokiak hartuko dira, behar denean bezeroekin harremanetan berehala jartzeko.

30.9. Puntu honetan aipatzen diren establezimenduek aurkeztu beharko dituzte gorago adierazitako baldintzak betetzen dituztela dioen erantzukizunpeko adierazpen bat eta establezimenduaren fitxa teknikoa (behar dena beteko da), foru agindu honen III. eranskinean dagoena. Bi dokumentu horiek honako helbide elektronikora igorri behar dira: comunicaciones.sgtsalud@navarra.es

31.–Elkarte gastronomikoak eta peñak.

Elkarte gastronomikoak eta peñak irekita egoten ahalko dira, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Establezimenduen barnealdeko edukiera gehienez baimendutakoaren %60 izanen da.

b) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa. Barrak janari-edariak eskatu eta jasotzeko erabiliko dira.

c) Mahaien arteko tartea 1,5 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

d) Ezin izanen dira egon sei pertsona baino gehiago mahaietan edo mahai multzoetan, eta bermatuta egonen da 70 cm-ko segurtasun tartea pertsonen artean.

e) Ongi ikusteko moduko tokietan jarriko dira kartel batzuk, informazioa emanez osasun agintariek gomendatzen dituzten higiene prozedurei buruz, eta adieraziz denen laguntza behar dela antolaketarako nahiz higienearen arloan hartu diren neurriak betetzeko.

f) Lokalen sarreran, kartelak jarri beharko dira, ongi ikusteko moduan, gutxienez ere DIN A3 tamainakoak, eta horietan adierazi beharko dira lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena.

g) Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da maskara behar bezala erabiltzen dela.

h) Ahal dela, gomendatzen da lokalek aireztapen naturala izatea, edo mekaniko behartua, airearen birzirkulaziorik gabe. Gomendatzen da, halaber, ahalik eta gehien aireztatzea eta airearen kalitatea neurtzea, CO2aren neurgailuen bidez. CO2aren kontzentrazioa milioiko 800 partetik gorakoa denean, gomendatzen da aireztapena handitzea edo jende kopurua gutxitzea, adierazle horretatik behera jaitsi arte.

i) Banagailuak jarriko dira erabiltzaileen esku, gel hidroalkoholikoarekin edo birusak hiltzeko ahalmena duten desinfektatzaileekin, Osasun Ministerioak baimendu eta erregistratuak.

j) Beren lokaletan egiten diren jardueretan beteko dituzte foru agindu honetan, jarduera bakoitzerako atalean, xedatutakoa.

k) Edukiera kontrolatzeko sistema bat izan beharko da, lokalean sartzen diren pertsonak zenbatzeko. Hala ere, ezin izanen da gainditu edukieraren %60.

l) Lokal horiek ireki baino lehen, erantzukizunpeko adierazpena edo aktaren kopia igorri beharko dute Osasun Departamentura, osasun arloan indarrean dagoen araudia betetzeko konpromisoaren akordioa adierazten duena, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz hartu beharreko prebentzio neurriei dagokienez. Dokumentazio hori ondoko helbide elektronikora bidali behar da: comunicaciones.sgtsalud@navarra.es

32.–Kalejirak.

Oro har, ez da segizioa duen kalejirarik baimenduko. Antolatzaileek zaintza zerbitzu bat bermatu beharko dute, taldeak pasatzen direnean jende pilaketarik sor ez dadin eta une oro balizko ikusleen artean 1,5 metroko pertsonen arteko distantzia manten dadin.

33.–Feria atrakzioak.

33.1. Beteko dira Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren “Feria eremuetarako eta feria atrakzioetarako protokoloa eta jardunbide egokietarako gida” izenekoan jasotako jardunbide egokiak.

33.2. Feria eremuan edo zenbait instalazio jartzen diren gune publikoetan, atrakzioen instalazioaren eremua zedarrituko da, eta xede horretarako mugatuko da, edukiera eta sarrerak kontrolatu ahal izateko.

33.3. Bezeroei jakinaraziko zaie sartzeko eta irteteko bideak zeintzuk diren. Horiek bereizita egonen dira, pertsonen joan-etorri zuzena bermatzeko eta pilaketak saihesteko.

33.4. Atrakzio eta saltoki bakoitzak kartelak jarriko ditu bezeroen begi bistan, erabilera arauen, edukieraren, sarreren eta irteeren eta segurtasun tartearen inguruko informazioarekin. Halaber, gel hidroalkoholikoa jarriko du haien eskura.

33.5. Eremu osoan maskara erabili beharko da.

33.6. Langile guztiei jakinarazi behar zaie atrakzioak martxan dauden bitartean zeintzuk diren COVID-19aren gaineko prebentzio eta higiene neurriak.

33.7. Kontaktu handieneko guneak maiz garbituko dira: barra eusleak, ateetako eskutokiak edo bolanteak, salmahaiak eta mahaiak, gutxienez egunean hirutan. Egunero, itxi ondoren, erabateko desinfekzioa egin behar da.

33.8. Atrakzioen edukiera kalkulatzeko gutxienez 1,5 metroko segurtasun tartea bermatuko da bezeroen artean.

Atrakzio motaren arabera, segurtasun tartea ondoko modu hauetan bermatuko da:

a) Autoen atrakzioak: ilara edo gurutzatu bakoitzeko haur bat, gutxienez 1,5 metroko tartea bermatzeko, bizikideak direnean izan ezik.

b) Ilaradun bagoien atrakzioak: lekuen antolaketaren arabera, ilara edo gurutzatu bakoitzeko haur bat, gutxienez 1,5 metroko tartea bermatzeko, bizikideak direnean izan ezik.

c) Zirkulazio libreko atrakzioak: edukiera mugatuko da, gutxienez 1,5 metroko tartea bermatzeko.

d) Ohe elastikoaren gisako atrakzioetan bezero bakarra aritu ahalko da, salbu eta bizikideak badira.

e) Gaztelu puzgarrien gisako haurrentzako atrakzioetan, haur jolastokiaren azaleraren hiru metro koadroko haur batekoa izanen da edukiera, eta gehienez 6 haurrez osatutako taldeak baimentzen dira, ahal dela bizikideak edo antzekoak. Talde bakoitzak erabili ondoren, garbitu beharko da.

f) Bola-kaiolen motatako haurrentzako atrakzioetan aritzea debekatuta egonen da.

33.9. Salmenta postuetan lurrean markatuko da nondik den sarbidea, eta jende pilaketak saihestuko dira.

33.10. Jatetxe zerbitzurik badago, behar bezala zedarritutako eremu batean jarri beharko da, atrakzioen eremutik bereizita, eta zerbitzu hori emateko ezartzen diren baldintzak bete beharko dira.

34.–Herri bazkariak.

Instalazioetan edo foru agindu honen 3. puntuan adierazten ez diren guneetan egiten diren herri bazkariak arautuko dira foru agindu honetako 3.1.1. puntuan eta 9.2.1. puntuan ostalaritza eta jatetxeen sektorerako ezarritako aginduen arabera.

35.–Zezen plaza, esparru eta instalazioen jarduera.

35.1. Zezen ikuskizunak soilik baimenduko dira Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 29ko 374/2012 Foru Aginduaren arabera (foru agindu horren bidez arautu ziren zezen ikuskizun herrikoi tradizionalak, errekortatzaileen lehiaketak eta eusko-landatar zezenketak prestatzen diren tokien ezaugarriak eta baldintza teknikoak), horretarako prestaturiko tokietan eta zezen ikuskizunen erregelamendua onesten duen 249/1992 Foru Dekretuaren X. kapituluan jasotako lokaletan.

35.2. Zezen ikuskizunak egiten diren toki guztietan memoria edo protokolo bat izan beharko da, aplikatu beharreko araudia betetzeko baldintzak azaltzeko.

35.3. Enpresa antolatzaileak izanen du ardura, baimenean jasoriko mugak une oro betetzen direla kontrolatzeko.

35.4. Zezen plazetan eta zezenketetarako esparru eta instalazioetan, jarduerak ezin izanen du gainditu baimendutako gehieneko edukieraren hirurogeita hamabost, eta eserlekuak aldez aurretik esleituko dira. Nolanahi ere, behar diren neurriak ezarriko dira instalazioetan pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun tartea gordetzeko edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiliko dira, maskara janztea ekarriko dutenak. 800 pertsonarentzako edukiera gaindituz gero, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten nahitaezko eta loteslea beharko da.

35.5. Zezen plazatzat hartzen ez diren aire zabaleko jardueretan, behar diren neurriak hartuko dira pertsonen arteko 1,5 metroko tartea gordetzeko, eta bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiliko dira, maskara janztea ekarriko dutenak. 800 pertsonarentzako edukiera gaindituko dela aurreikusiz gero, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten nahitaezko eta loteslea beharko da.

36.–Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan ezarritako ikasketak ematen dituzten ikastetxeei dagozkien neurriak.

36.1. Ikastetxeetako hezkuntza jarduera unean-unean ezartzen diren osasun baldintzen arabera gauzatuko da.

36.2. Nahitaez bete beharko dira osasun agintaritzak ezartzen dituen desinfekzio eta prebentzio arauak.

36.3. Hezkuntza Departamentuak hezkuntza jarduera presentzialerako prebentzio eta antolaketa protokolo bat prestatuko du, orain arte onetsitako osasun gomendioak biltzeko. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak gainbegiratuko du protokolo hori.

36.4. Orain arte xedatutakoa, kasua bada, unibertsitate-ikastetxeei ere aplikatuko zaie, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak kasuan kasuko unibertsitateko aginte-organoekin xedatuari jarraikiz.

37.–Gizarte Zerbitzuak.

Adinekoendako, desgaitasuna dutenendako eta adingabeendako gizarte zerbitzuetako osasuneko prebentzio neurriak gizarte eskubideen arloko organo eskudunak arautuko ditu, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ezarritako jarraibideekin bat etorriz.

38.–Alkoholaren salmenta.

Debeku da alkohola saltzea 22:00etatik 08:00etara bitarte, publikoari saltzen dioten mota guztietako establezimenduetan, edozein dela ere duten lizentzia, salbu eta honako lizentzia hauek dituzten establezimenduetan: taberna berezia, ikuskizunetarako kafetegia, tabernak, kafetegiak eta jatetxeak.

39.–Bilerak eremu publikoan eta pribatuan.

Gomendatzen da gehienez hamar pertsona eta, guztira, hiru bizikidetza-unitate elkartzea espazio publiko eta pribatuetan.

Bigarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2021eko uztailaren 2tik 2021eko uztailaren 29ra arte, bi horiek barne, eta, egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Hirugarrena.–Foru agindu hau Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora igortzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak foru aginduari berrespen judiziala emateko behar den tramitazioa egin dezan; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Laugarrena.–Foru agindu honek 2021eko uztailaren 2an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 29an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

ERANSKINAK

Nafarroako jatetxeak

I. eranskina eta II. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, Nafarroan jatetxeak era ordenatu eta kontrolatuan irekitzeko baldintzak betetzeari buruzkoa eta fitxa teknikoa.

Erabilera anitzeko espazioak dituzten establezimenduak

III. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, era ordenatu eta kontrolatuan irekitzeko baldintzak betetzeari buruzkoa eta fitxa teknikoa.

Kultur ekitaldien antolaketa kanpoaldean eta jatetxe zerbitzuarekin

IV. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

Agiriak deskargatzen ahal dira PDF formatuan.

Iragarkiaren kodea: F2110370