151. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VALTIERRA

Udal ordenantza, diru zehapenen ordez komunitatearen aldeko zerbitzuak egiteko aukera arautzen duena. Behin betiko onespena

Valtierrako Udalak, 2021eko martxoaren 8an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Diru zehapenen ordez komunitatearen aldeko zerbitzuak egiteko aukera arautzen duen udal ordenantza. Erabaki hori 2021eko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 6an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeari buruzko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzeko agindu da.

Valtierran, 2021eko ekainaren 7an.–Alkatea, Manuel Resa Conde.

UDAL ORDENANTZA, DIRU ZEHAPENEN ORDEZ KOMUNITATEAREN ALDEKO ZERBITZUAK EGITEKO
AUKERA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Zigor Kodeak, 39. artikuluko i) apartatuan, “komunitatearen aldeko lanak” sartzen ditu eskubideak kentzen dituzten zigorren artean. Bestetik, Zigor Kodearen 49. artikuluan, komunitatearen aldeko lanak egiteko honako baldintza hauek ezartzen ditu:

–Zehatuak onartuta ezarri beharko dira.

–Onura publikoko zenbait zerbitzutan egin beharko du ordaindu gabeko lana. Gehienez ere, 8 ordukoa izanen da egunean.

–Administrazioak emanen du komunitatearen aldeko lana.

–Gizarte Segurantzaren legedia aplikatuko zaie, zigortuei bezala.

–Ez da interes ekonomikorik bilatuko.

–Gainerako inguruabarrak erregelamenduz ezarriko dira.

Erregelamendu hori ekainaren 17ko 840/2011 Errege Dekretuaren bidez onetsi da, eta dekretu horren bidez ezartzen dira gizartearentzako lan-zigorrak eta espetxeetan etengabe lokalizatzeko zigorrak betearazteko inguruabarrak, segurtasun-neurri jakin batzuk, bai eta askatasunaz gabetzeko zigorrak ordezteko zigorren betearazpena eteteko inguruabarrak ere, eta dekretuaren 2. artikuluan definitzen dira komunitatearen aldeko lanak: beti ere zehatuak onartuta ezarriko dira, eta onura publikoko zenbait jardueratan dirurik jaso gabe aritzera behartzen du, hau da, egindako kaltea konpontzeko edo biktimei laguntzeko lanetan, zein delitu egin duen zehatuak haren antzekoekin lotura izanik. Zehatuak, halaber, parte har dezake prestakuntza, berreziketa, lan, kultura, bide-hezkuntza eta sexu arloetako lantegi edo programetan eta antzekoetan.

Era berean, Adingabeen Erantzukizun Penalari buruzko urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege organiko berriak (abenduaren 20ko 7/2000, abenduaren 22ko 9/2000, abenduaren 10eko 9/2002, azaroaren 25eko 15/2003 eta abenduaren 4ko 8/2006 Lege organikoek aldatua), II. tituluko 7.k artikuluan, neurri sozio-edukatiboak zehapenaren elementu formaltzat hartzen ditu eta ez beste zigor batzuk ordezteko.

Administrazio Publikoen Administrazio-Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen IV. tituluak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak arautzen dute administrazio publikoen zehatzeko ahala, eta haren oinarri diren printzipioak ezartzen dituzte (25. artikulua eta hurrengoak); horiek guztiek zuzenbide penala ere arautzen dute: legezkotasun materialaren printzipioa, atzeraeraginik eza, tipikotasuna, erantzukizuna, proportzionaltasuna eta preskripzioa. Bestalde, lehen arauaren 53. artikuluak honako hauek arautzen ditu: administrazio-prozedura erkidean nagusi izan behar duten printzipioak, ustezko erantzuleari entzuteko eskubidea, alegazioak egiteko eskubidea, onartutako defentsa-baliabideak erabiltzeko eskubidea, eta errugabetasun-presuntziorako eskubidea.

Ordenantza honek, administrazio publikoentzat modu orokorrean araututako prozeduraren printzipio eta bermeak guztiz errespetatuta, beste mekanismo bat garatzeko asmoa du, arrazoizko inguruabar batzuetan eta, betiere, zehatuak onartuta, isunak edo diru zehapenak nahiz Valtierrako Udalak zehapen ahalmena erabiliz ezartzen dituen bestelako zehapenak komunitatearen aldeko zerbitzuekin ordezteko, balio hezitzaile eta birgaitzailea duten neurriekin komunitateari ordaintzeko. Tresna hori bereziki ona izan daiteke zenbaitentzat, hala nola adingabeentzat eta baliabide ekonomiko gutxiko pertsonentzat, administrazioaren zehapen erantzukizunari lotuta baitaude.

1. artikulua. Xedea.

Zigor Kodearen kontrako egitateetan subjektuei aukera bat ematea du xede ordenantza honek, diru zehapenak betearazi beharrean komunitatearen aldeko zerbitzuak eginaraziz. Aurrerago zehazten dira baldintzak.

2. artikulua. Kontzeptua.

Komunitatearen aldeko zerbitzutzat hartzen da interes soziala eta hezkuntza balioa duten onura publikoko zenbait zerbitzutan egiten den lan pertsonala, ordaindu gabe egiten denean administrazio edo zigor kodearen kontrako egitateak kaltetutako komunitateari ordaintzeko, baina interes ekonomikoa bilatu gabe.

Orientazio gisa, eta zerbitzuen zerrenda itxia izan gabe, honako zerbitzu hauetan egin daiteke:

–Artxibo eta liburutegiak.

–Gizarte Ongizatearen Alorra.

–Ingurumen Alorra.

–Kirol Alorra.

–Garbiketa publikoa.

–Hiri altzariak mantentzea eta konpontzea.

–Laguntza zentroak.

–Aurrez aipatutakoen antzeko beste edozein zerbitzu.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau Valtierrako udal-mugartean baizik ez da aplikatuko; hain zuzen ere, diru bidezko administrazio zehapena jasotzen duten pertsona fisikoei, Udalaren ordenantzak edo trafikoaren eta bide segurtasunaren nahiz herritarren segurtasunaren arauak hautsi eta zehapen espediente administratiboa ireki ondotik ebazpena emandakoan, edo antzeko udal bandoak aplikatutakoan.

Ordenantza honen aplikazio eremutik baztertuta daude honako hauek:

–Zerga arloko zehapenak eta hirigintzakoak.

–Pertsona juridikoak.

–Arau-hauste astunak eta oso astunak, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduneko 65. artikuluan ezarritakoaren arabera (martxoaren 2ko 339/1990 ELDen bidez onetsia).

–Herritarren Segurtasuna Babesteko Legearen (otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren bidez onetsia) 29.2 artikuluan sartu gabeko arau-hauste astunak eta oso astunak.

4. artikulua. Borondatezkotasuna.

Komunitatearen aldeko zerbitzuak borondatezkoak eta alternatiboak dira, eta ez dira ezarriko pertsona zehatuak espresuki onartu gabe. Interesdunak aldez aurretik aurkeztuko du eskaera eta, adingabea bada, aitak, amak edo tutoreak beharko du onartu; betiere, adingabearen nahia begiratuta.

5. artikulua. Prozedura.

Honako hau da ordenantza honen babesa hartzeko prozedura:

1. Ordenantza honek araututako bidearen berri ematen duen salaketa jakinarazten zaionetik, interesdunak 15 egun balioduneko epea izanen du eskabidea Alkatetzari aurkezteko. Bertan, egindako arau-haustea onartuko du eta ezarri zaion zehapenarekiko adostasuna adieraziko, baita bere onarpena eta nahia ere komunitatearen aldeko zerbitzuak egitera behartua izateko, ordezko zehapen gisa. Eskabide horretan espedientearen zenbakia eta erreferentzia aipatuko dira.

Diru zehapenen ordez komunitatearen aldeko zerbitzuak egitea onartuz gero, legeetan edo Udalaren ordenantzetan ezarritako deskontuak izateko aukera galduko da.

Hamasei urtetik beherako adingabeen kasuan, gurasoek, legezko ordezkari gisa, egin beharko dute adierazpen hori; betiere, adingabeen nahia begiratuta.

2. Oinarrizko gizarte-zerbitzuek, zehapen alternatiboa ezarritakoan, hura betetzeko egokiena den zerbitzu alorrari buruzko txostena igorriko diote Alkatetzari, besteak beste, zehatutako pertsonaren ezaugarriak eta nolako arau-haustea egin den kontuan hartuta.

3. Tramite hori burututakoan, zehapen espedientearen ebazpena jakinaraziko zaio interesdunari, zehapen alternatiboa bidezko den edo ez, zein toki edo entitate esleitu zaion, zer zerbitzu egin beharko duen eta zenbat denboran eta nork duen ardura kontrola eta jarraipena egiteko, adierazita. Orobat, interesduna lanean hasteko epea amaitu eta aurkezten ez bada, edo zerbitzua betetzen ez badu, zehapen ekonomikoa ezarriko zaio.

4. Zehapen alternatiboa betearazteko jarraipenaren eta kontrolaren ardura duten Oinarrizko gizarte-zerbitzuek haren gaineko txostena igorriko diote Alkatetzari, zehatuak zerbitzua amaitutakoan.

5. Pertsona horrek agindutakoaren arabera egin baditu komunitatearen aldeko zerbitzuak, diru bidezko zehapena barkatu zaiola jakinaraziko zaio.

6. Ez baditu zerbitzuak agindutakoaren arabera bete, zehapen ekonomikoa jasotzen duen ebazpena igorriko zaie diru-bilketaren udal zerbitzuei, nork bere borondatez edo nahitaez behartuta betearaz dezaten.

6. artikulua. Balorazioa.

50 euroko zehapenari komunitatearen aldeko zerbitzuan egindako lanaldi bat dagokio; urtero berrikusiko da kopuru hori kontsumoko prezioen indizearen arabera.

7. artikulua. Zerbitzuko lanaldia.

1. Zortzi ordukoa izanen da, gehienez ere, komunitatearen aldeko zerbitzuan egiten den lanaldia, zenbait kolektibotarako legedia kontuan hartuta.

2. Lanaldiak betetzeko, gogoan hartuko dira zehatuaren beraren egoera eta haren familiarena.

3. Lanaldia betetzeko, programazioari eta lankidetzari jarraituko zaie eta zerbitzu taldeak antolatuko dira proiektu jakinetarako; asteburuetan edo jaiegunetan, ahal dela, zehatuaren eguneroko zerbitzuak eta zerbitzuaren premiak bateragarriak izan daitezen.

4. Komunitatearen aldeko zerbitzuak ez dira inoiz ordainduko.

8. artikulua. Jarraipena eta kontrola.

Komunitatearen aldeko zerbitzuak betetzean, zehatuak udal agintariek emandako jarraibideak bete beharko ditu, baita Oinarrizko gizarte-zerbitzuek emandakoak ere, haiek arduratuko baitira zerbitzuen jarraipenaz eta kontrolaz. Horretarako, zein udal eremutan egiten diren jarduera edo zerbitzuak, haietako instantzia edo arduradunen lankidetza beharko da. Jarraibide horiek betetzen ez badira, 5. artikuluan ezarritako ondorioak sortuko dira. 6. puntua.

9. artikulua. Arriskua eta mentura.

Udalak kasu guztietan izenpetuko du aseguru poliza pertsona zehatuen alde, komunitatearen aldeko zerbitzuak betetzean sortutako arriskua estaltzeko.

10. artikulua. Interpretazioa.

Alkatetzak ebatziko ditu ordenantza hau interpretatu eta aplikatzean sor daitezkeen zalantzak, Oinarrizko gizarte-zerbitzuek aldez aurretik nahitaezko txosten loteslea eginik. Erabakiari errekurtsoa aurkezten ahal zaio Justizia Epaitegietan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honen arau osagarri aplikatuko dira maiatzaren 6ko 515/2005 Errege Dekretua, azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren bidez onetsitako Zigor Kodea eta Adingabearen Erantzukizun Penalari buruzko Legea, urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren bidez onetsi eta abenduaren 20ko 7/2000, abenduaren 22ko 9/2000, abenduaren 10eko 9/2002, abenduaren 25eko 15/2003 eta abenduaren 4ko 8/2006 Lege Organikoek aldatua.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2109505