151. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VALTIERRA

Telelana ezartzeko udal ordenantza. Behin betiko onespena

Valtierrako Udalak, 2021eko martxoaren 8an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Valtierrako Udalean telelana ezartzeko udal ordenantza; hasierako onespena 2021eko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 6an.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatua).

Valtierran, 2021eko ekainaren 7an.–Alkatea, Manuel Resa Conde.

UDAL ORDENANTZA, VALTIERRAKO
UDALEAN TELELANA EZARTZEKO

Zioen azalpena

COVID-19aren birusa zorigaitzez eta bat-batean hedaturik, Espainiako Gobernuak alarma-egoera deklaratu behar izan zuen. Horren ondorioz, etxeko konfinamendu orokorra ezarri zen herritarrentzat, beste neurri batzuen artean.

Salbuespenezko egoera horren aurrean, eta ez eteteko administrazio publikoen helburu nagusia, alegia, interes orokorrari zerbitzu egitea, agintariek telelanari eman zioten lehentasuna hala lan egitea posible zen lanpostuetan, zerbitzu publikoei ahalik eta gutxiena eragitea xede harturik.

Neurri hori, aldi baterakoa printzipioz, erabat eraginkor agertu da interes orokorra betetzeko, eta udal langile zenbaitek gogoz hartu dute. Hala, bada, denbora laburrean erakutsi du tresna balioduna dela, erantzukizunez eta profesionaltasunez baliatzen baldin bada.

Bestalde, azken lorpen sozialen artean lanaren eta familiaren kontziliazioa dugu. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak hasieran ez zuen eskubide hori jasotzen. Alabaina, 36. artikuluan, non funtzionarioen eskubideak ematen baitira aditzera, esaten da, itxiera-klausula batean, Estatuko oinarrizko legeriak funtzionario publikoei aitortutako oinarrizko eskubideak izanen dituztela. Oinarrizko legeria hori jasotzen da Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuan, eta 14. artikuluaren j eta j-bis apartatuetan eskubide hauek aipatzen dira:

–Norberaren bizimodua, lan-arlokoa eta familiartekoa elkarri egokitzea lagunduko dioten neurrietarako eskubidea.

–Intimitaterako eskubidea, haien esku jarritako gailu digitalak erabiltzen dituztenean eta bideozaintzarako eta soinu-grabazioetarako gailuak erabiltzearen aurrean, bai eta deskonexio digitalerako eskubidea ere, datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako eran.

Berriki, foru legegileak 6/2019 Foru Legea eman du, eta haren bidez hogeita bigarren xedapen gehigarri bat sartu du 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan, zeinaren bidez arautzen baitira gurasotasun, harrera eta adopzioagatiko baimenak eta lanaren, bizitza pertsonalaren eta familiakoaren uztartze eta erantzukidetasunaren aldeko neurriak.

Xedapen gehigarri horretan bide ematen da beharrezko neurriak har daitezen, Nafarroako administrazio publikoetan telelana ezartzeko xedez. Eta gaikuntza hori dela eta, honako hauek ematen dira:

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Definizioa.

Telelana da teknologiak erabiltzea udal langileei gaitasuna ematen dietenak jarduteko Valtierrako Udalaren bulegoetatik kanpo.

Telelanaren xedea da era ez-presentzialean egitea zerbitzua.

Telelanak lanpostuaren eginkizunak hobeki eta era modernoagoan gauzatzea du helburu, teknologia berrien erabilera eta helburuen araberako kudeaketa sustatuz, bai eta familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiten laguntzea ere –edo, komeni denean, norberaren beste inguruabar batzuk–, laneko gogobetetze handiagoa erdietsirik horrela.

Jarduteko modalitate honetan, eskatzen diren baldintza guztiak geldituko dira bermaturik hala laneko arriskuen prebentzioan, nola gizarte-segurantzaren, pribatutasunaren, eta datu-babes eta konfidentzialtasunaren arloetan.

2. artikulua. Oinarrizko printzipioak.

Hona hemen telelanaren oinarrizko printzipioak:

–Udal langileek zerbitzua egiteko era balioduntzat jotzea.

–Modalitatea borondatezkoa izatea.

–Itzulgarria izatea, alegia, langileak noiznahi itzultzeko aukera izatea era presentzialean lan egitera bere lanpostuan.

–Telelanean diharduten langileek berdintasuna izatea gainerako langileekin, legezko eta hitzarmenezko eskubide eta betebeharrei dagokienez, bermatuz haien ordainsarietan aldaketarik ez dela egonen eta ez dutela galduko aukerarik prestakuntzaren, gizarte gaien eta lanbideko igoeren aldetik, ez eta beste ezein eskubideren aldetik ere.

–Telelanean diharduten langile publikoek deskonexio digitalerako eskubidea izatea, bermatzeko errespeta daitezen –legez edo hitzarmenez ezarritako lanalditik kanpo– haien atsedenaldiak, baimenak eta oporrak, eta haien intimitate pertsonala zein familiarra.

–Telelana bateragarria izatea lanaldi-murrizketarekin, lanaldi presentzialeko udal langileek dituzten baldintza beretan.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Ordenantza hau aplikatuko zaie Valtierrako Udalean zerbitzuak egiten dituzten langileei, haien lan-harremanaren izaera juridikoa edozein izanik ere, behin-behineko langileei izan ezik, baldin eta betetzen duten lanpostua telelanaren modalitaterako egokia bada, ordenantza honetan xedaturikoaren arabera.

2. Telelanerako lanpostu egokitzat joko dira aukera ematen dutenak era autonomoan eta ez-presentzialean jarduteko, berez dituzten ezaugarriak eta gauzatzeko behar dituzten bitartekoak direla eta.

3. Haien ezaugarriak direla eta, honako lanpostu hauek ez dira telelanerako egokiak:

a) Herritarrei arreta eta informazioa emateko lanpostuak eta erregistro-bulegoetakoak.

b) Behin-behineko langileek betetako lanpostuak.

c) Dituzten eginkizunak direla eta, zerbitzu presentzialak ezinbestez egitekoak diren lanpostuak. Zerbitzu presentzialak dira, zerbitzua benetan egiten dela erabat bermatzeko, langilearen presentzia fisikoa behar-beharrezkoa dutenak.

d) Honako lanpostu hauek uzten dira berariaz telelanetik kanpo:

–Udaltzaingokoak.

–Zerbitzu anitzetakoak.

4. Telelana era mailakatuan eta bilakaera baten barnean ezarriko da horretarako egokitzat jotzen diren alorretan. Langileen batzordeak ezarriko ditu horretarako epeak, eta zer lanpostu eta zer udal alor eraman daitezkeen aurrera telelanaren modalitatean.

4. artikulua. Beharkizunak.

1. Erregelamendu honen aplikazio-eremuan sartzen diren enplegatu publikoek, lanaldi ez-presentzialean jardun nahi badute, baldintza hauek bete eta frogatu beharko dituzte:

a) Jarduneko zerbitzuan egotea eta gutxienez bi urteko antzinatasuna izatea Valtierrako Udalean.

b) Aldi baterako langileek aurreikusirik eduki beharko dute gutxienez urtebetez egonen direla lanpostuan, telelana onartzen dien ebazpena ematen den unetik aurrera.

c) Telelanaren modalitaterako egokitzat jotzen den lanpostu batean lan egitea.

d) Behar adinako ezaguera informatiko eta telematikoak izatea, teorikoak zein praktikoak, telelanaren xede diren eginkizunak gauzatzeko.

e) Behar den ekipamendu informatikoa eta interneterako konexioa edukitzea, edo telelana hastekoa den egunean edukitzeko konpromisoa hartzea.

f) Telelanean dihardutenek harremanetarako komunikazio-sistema bat emanen dute, telelaneko lanaldian lokalizatzea beharrezkoa balitz ere, lana egitean behar den komunikazioa izateko xedez.

g) Telelanean dihardutenek konpondu beharko dituzte berei dagozkien gorabeherak beren ordenagailu eta komunikazioetan.

h) Bideokonferentziak egiten badira, kasuan kasuko aplikazio informatikorako sarbidea emanen da.

i) Telelanean diharduenaren ardura da funtzionamendu ona segurtatzea urruneko lanerako behar diren sistemetan. Hala, bada, sistema horiek ongi funtzionatzen ez badute, lan presentzialean hasi beharko du.

Gutxieneko baldintzak bete beharko dira enplegatu publikoak telelanaren bidez lanaldi ez-presentzialean jarduten duen aldi guztian.

2. Valtierrako Udalak lan ez-presentzialean diharduten langileen esku jarriko ditu Udalarekin telematikoki konektatu ahal izateko bitartekoak.

Udalerako sarbide telematikoa hogeita lau orduz eta asteko zazpi egunetan egonen da erabilgarri; hala, telelana egiten ahalko da horretan diharduenaren interes pertsonalei hobekien egokitzen zaien ordutegian.

5. artikulua. Telelanean jardutea.

Era ez-presentzialean lan egiteko eskabideak Valtierrako Udaleko alkateari zuzenduko zaizkio. Eskabidea hartu, eta Udaleko langileen alorrak jasotako eskabideak igorriko dizkio eskatzaileak lan egiten duen unitateari, hamabost egun balioduneko epean. Alor horretako zerbitzuburuak txosten bat egin beharko du 15 eguneko epean; txostena ez da izanen loteslea.

Pertsona bakarreko alorretan, eskabidean bertan jasoko da txosten hori.

Jasotako eskabideak eta zerbitzuburuaren txostena, halakoa egiten denean, administrazio elektronikoaren gaietan eskudun den batzordean aztertuko dira, eta horrek irizpena emanen du, eskaera onartzeko edo ukatzeko.

Alkateari edo hark eskumena eskuordetu dion zinegotziari dagokio eskaeraren gaineko ebazpena ematea.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea bi hilabete izanen da gehienez, behar den eskabidea aurkezten denetik hasita. Gehieneko epea iragaten bada ebazpena jakinarazi gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

Baimena emateko ebazpenean, eguna ezarriko da jarduteko sistema ez-presentzial horretan hasteko.

Lanaldi ez-presentzialeko modalitate hori bukatzean, enplegatua berriz itzuliko da lehen esleiturik zuen modalitate presentzialean jardutera.

6. artikulua. Baimena emateko lehentasun irizpideak.

Lan-unitate bereko pertsona batek baino gehiagok nahi badute lanaldi ez-presentzialean jardun, eta administrazio antolaketagatik ezin bazaie guztiei lan-modalitate hori onartu, behin agorturik elkarren artean txandak egiteko aukerak edo haiek eta Udala ados jartzeko aukerak, inguruabar hauek balioetsiko dira lehentasunez, behar bezala egiaztatuz gero betiere:

a) Ukitutako alor edo langileen autoantolaketa-proposamena.

b) Haurdun dauden enplegatu publikoak.

c) Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egitea, honako hauek ardurapean dituztenen kasuan: etengabeko zaintza behar duten adinekoak; 14 urtetik beherako seme-alabak; desgaitasuna duten familiakideak, odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailaraino; edo gaixotasun larria duten familiakideak, odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailaraino.

d) Desgaitasuna duten langile publikoak.

e) Genero indarkeriaren biktima diren langile publikoak.

f) Guraso bakarreko familiak.

g) Bizilekutik lantokira arteko joan-etorriaren denbora eta distantzia edo zerbitzu edo garraio publiko bat erabiltzeko zailtasuna.

h) Bereziki hartuko dira aintzat, mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko, betebehar saihetsezinarengatiko baimena izan dutenen eskaerak, eta ministerioak edo osasun arloko departamentu eskudunak une bakoitzean COVID-19aren aurrean kalteberatzat jotako taldeetakoen eskaerak.

Apartatu honetan seme-alabak aipatzen direnean, tutoretzapean edo abegian daudenak ere barne hartzen dira, enplegatu publikoa nahiz haren ezkontide edo izatezko bikotekidea izanik ere tutorea edo abegi-emailea.

7. artikulua. Antolaketa eta gainbegiratzea.

Telelan erregimenean zerbitzuak ematen dituzten langileen arloko burutzei dagokie zerbitzuak emateko modalitate horretan telelana egiten dutenek egin beharreko zeregin zehatzak zehaztea, eta egiten den lanaren jarraipena egitea,

lortu beharreko helburuen eta emaitzen, garatutako zereginak kontrolatzeko irizpideen eta helburu horiek bete direla egiaztatzea ahalbidetzen duten adierazleen edo neurketa mekanismoen arabera.

Telelanak malgutasun berezi bat du bereizgarri, lanaldiaren eta ohiko ordutegien aldetik. Hala ere, gutxieneko konexioaldiak ezartzen ahalko dira lana egiteko edo, orobat, interkonexioko aldi horiek ordu-tarte jakin batzuen barnean eginarazi, hain zuzen, administrazioaren eta telelangilearen arteko komunikazioa beharrezkoa den tarteetan, zerbitzuaren beharrak direla eta.

8. artikulua. Telelanaren ezaugarri orokorrak.

1.–Zerbitzu-ematearen iraupena modu ez-presentzialean.

Onartzeko ebazpenean berean zehaztuko da modu ez-presentzialean egiten ahalko den zerbitzu-ematearen iraupena.

Dena den, iraunaldi hori urtebetekoa izanen da gehienez, eta beste urtebete luzatzen ahalko da.

Bukatzean aurkakoa adierazten ez bada, epe bererako luzatutzat joko da.

Gehieneko iraunaldia iraganik, langileak interesa badu, beste eskabide bat aurkeztu beharko du, azter dadin.

2.–Asteko lanaldiaren banaketa.

Baimena emateko ebazpenean zehaztuko da modalitate ez-presentzialean bete beharreko lanaldia.

Astean gutxienez egun bat eta gehienez hiru egun ezartzen dira modalitate ez-presentzialean jarduteko.

Gerora sortzen bada enplegatuari edo zerbitzuaren beharrei dagokien gorabeheraren bat, lanaldiaren banaketa aldatzen ahalko da lan presentzialaren eta ez-presentzialaren artean, bai eta astean telelanerako ezarritako egun-kopurua handitu edo txikitu ere.

Eskatzaileak behar bezala justifikatzen badu, eguneko lanaldia orduka zatitzen ahalko da, modalitate presentzialean zein ez-presentzialean jarduteko.

3.–Ordutegia.

Telelaneko lanaldiak iraunen du lanaldi presentzialak adina; gaur egun, 7 ordu eta 30 minutu egunean.

Egin beharko da 3 orduko nahitaezko interkonexio bat, 8:00etatik 15:00etarako tartean, komunikazioa ahalbidetzeko gainerako udal langileekin eta gobernu taldearekin.

Lanpostuaren nahitaezko lanaldi arrunta osatzeko, telelanean dihardutenek asteko edozein egunetan lan egiten ahalko dute.

Telelangileak begiratu beharko du gaueko konexioaldiek nahasmendurik ez sortzea bizimodu osasungarriko ohituretan, gaueko atsedenaldiak barne; bereziki, telelaneko lanaldiaren eta hurrengo lanaldi presentzialaren artean.

9. artikulua. Langileak modalitate presentzialera itzultzea.

Era ez-presentzialean jarduten duten udal langileek honako arrazoi hauengatik itzuli beharko dute beren lanpostu presentzialera:

a) Modalitate ez-presentzialera borondatez uko egitea.

b) Telelanerako baimenaren aldia iragatea.

c) Zerbitzuaren beharrak.

d) Ezarritako helburuak ez betetzea.

e) Gerora sortzea arrazoiren batzuk, aldeko ebazpena emateko baldintzak nabarmen aldatzen dituztenak.

f) Asteko lanaldia era frogagarrian ez betetzea.

g) Udalak ezarritako kontrol-sistemak ez erabiltzea.

a) eta b) kasuetan izan ezik, Alkatetzaren ebazpen arrazoitu bat beharko da telelanerako baimena azkentzeko; horretarako, txostena eskatzen ahalko zaio ukitutako alorreko buruari.

Uko egin edo baimendutako aldia bukatu eta biharamunean itzuli beharko da modalitate presentzialera; eta gainerako kasuetan, ebazpena jakinarazi eta biharamunean.

10. artikulua. Lanorduen kontrol-sistema.

Valtierrako Udalak mekanismoak ezarri eta egokituko ditu telelaneko ordutegia betetzen dela egiaztatzeko. Langileek nahitaez erabili beharko dituzte halakoak.

Sistema horiek ez dute inola ere urratuko udal langileen intimitatea.

11. artikulua. Datuen babesa eta konfidentzialtasuna eta informazioaren segurtasuna.

Telelangileak, modalitate ez-presentzialean diharduenean, datu pertsonalak babesteari buruzko araudia bete behar du, eta erabiltzen duen informazioaren konfidentzialtasuna gorde, lan presentzialean bezalaxe. Hala, bada, behar diren neurriak hartuko ditu, eremu pertsonala eta profesionala bereizteko.

12. artikulua. Indarrean jartzea.

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2109504