151. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

48/2021 FORU DEKRETUA, ekainaren 9koa, zeinaren bidez aldatzen baitira abuztuaren 14ko 87/2019 Foru Dekretua, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena, eta urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretua, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egituraren barruan, egokitzat jo da Garraio Zuzendaritza Nagusiaren izena aldatzea, hemendik aurrera Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusia izan dadin. Aldaketa hori egiten da zuzendaritza nagusiaren izenean jaso beharra dagoelako tradizioz garraiotzat hartu izan den esparrua nabarmenki gainditzen duen beste errealitate bat, eta, orobat, zuzendaritza nagusi horretan jadanik egiten diren eginkizun batzuen aipamena jasotzeko. Horrez gainera, zuzendaritza nagusiak mugikortasunaren arloan dituen eginkizunak gehiago zehazten dira.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko ekainaren bederatzian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Aldatzea abuztuaren 4ko 87/2019 Foru Dekretua, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena.

Aldatzen da Lurralde Kohesiorako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 87/2019 Foru Dekretuaren artikulu bakarraren 1. apartatua. Honela idatzita agertuko da:

“1. Lurralde Kohesiorako Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:

a) Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusia.

b) Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

c) Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusia.

d) Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzua

e) Idazkaritza Tekniko Nagusia.”

2. artikulua. Aldatzea urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretua, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Aldatzen da urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretua, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena, honela:

Bat.–3. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“3. artikulua. Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura orokorra.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere egituran:

a) Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusia.

b) Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

c) Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusia.

d) Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzua

e) Idazkaritza Tekniko Nagusia.”

Bi.–48. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“48. artikulua. Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak beteko ditu, honako arlo hauekin loturik:

a) Mugikortasun, garraio eta logistika arloko politika planifikatzea, koordinatzea, antolatzea, kudeatzea eta jarraipena egitea.

b) Mugikortasun arloko politikak, planak, proiektuak eta azterketak prestatzea.

c) Mugikortasunarekin, garraioarekin eta logistikarekin zerikusia duten jarduera eta xedapen guztietan aholku ematea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste unitateekin koordinatzea.

d) Pertsonen eta ondasunen garraio jasangarria errazten duten obrak, zerbitzuak eta azpiegiturak finantzatzea, horrelakoen proiektuak prestatzea eta gauzatzea eta haien mantentze-lanak egitea, bakarrik edo Nafarroako Gobernuko beste departamentuekin edo Nafarroako beste administrazio batzuekin elkarlanean.

e) Garraioen, mugikortasunaren eta logistikaren arloko topaketa-foroetan parte hartzea.

f) Garraio arloko baimenak ematea.

g) Zehapen prozedurak garraio arloan; zuzendaritza nagusiaren titularrari dagokio prozedura hastea eta ebaztea.

h) Dirulaguntzen deialdiak egitea eta dirulaguntzak ematea bere eskumenen esparruarekin lotutako jardueretarako.

i) Lurreko garraioko azpiegituren arloan ikerketa eta garapen teknologikoa sustatzea.

j) Departamentuko titularrari laguntzea mugikortasun, logistika eta garraio arloetan Nafarroako Foru Komunitateari eragiten dioten gai guztietan.

k) Indarra duten xedapenek Lurralde Kohesiorako Departamentuari esleitzen dizkioten beste batzuk, zuzendaritza nagusiak bere duen esparruan, eta bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Hiru.–49. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“49. artikulua. Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiaren egituran zerbitzu hauek daude:

a) Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzua

b) Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzua.”

Lau.–55. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“55. artikulua. Garraioen Ikuskapen, kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Atalaren eginkizunak.

Garraioen Ikuskapen, kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Atalak foru dekretu honetan adierazten diren eginkizunak beteko ditu, betiere garraio arloko antolamenduarekin eta kudeaketarekin loturik, eta, berariaz, honako hauek:

a) Garraioarekin, logistikarekin edo mugikortasunarekin zerikusia duten jarduera eta xedapen guztietan aholku ematea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste unitateekin koordinatzea.

b) Nafarroako estrategia logistikoa eta Nafarroako eskualde logistikoen lurralde-eredua berrikustea.

c) Mugikortasunari buruzko plangintza, azterketak eta proiektuak.

d) Pertsonen eta ondasunen garraio jasangarria errazten duten obra, zerbitzu eta azpiegituren proiektuak prestatzea eta gauzatzea eta haien mantentze-lanak egitea, bakarrik edo Nafarroako Gobernuko beste departamentuekin edo Nafarroako beste administrazio batzuekin elkarlanean.

e) Garraioen, mugikortasunaren eta logistikaren arloko topaketa-foroetan parte hartzea.

f) Garraiolarien eta Garraioko Jarduera Lagungarri eta Osagarrien Erregistro Orokorra kontrolatzea eta kudeatzea.

g) Baimenak kudeatzea eta gaikuntza tituluak ematea.

h) Lanbiderako gaikuntzak emateko probak antolatzea eta prestakuntza-planak garatzea.

i) Garraioaren arloko ikuskapena.

j) Zehapen espedienteak tramitatzea.

k) Nafarroako garraioaren arloan Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeak agintzen dizkion eginkizunak garatzea eta betetzea.

l) Bere eremu funtzionalean eratzen edo formalizatzen diren lankidetza batzorde, proiektu eta hitzarmenetan parte hartzea, eta horien gaineko aldian behingo txostenak egitea.

m) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Bost.–57. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“57. artikulua. Mugikortasun, Logistika era Garraio Atalaren eginkizunak.

Mugikortasun, Logistika era Garraio Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak beteko ditu, ondoren aipatzen diren gaiei loturik:

a) Mugikortasunaren eta garraioaren arloko azterketak, politikak eta planak prestatzea.

b) Mugikortasun proiektuak prestatzea.

c) Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Gidariaren eta Mugikortasuni buruzko Foru Legearen prestaketan parte hartzea.

d) Mugikortasunaren joeren behatoki teknologikoa sustatzea.

e) Nafarroako estrategia logistikoa eta lehentasunezko ekintzen garapena sustatzea.

f) Zerbitzuko zuzendaritzari eta zuzendaritza nagusiari laguntza ematea Nafarroako garraioaren eta logistikaren sektorearekiko harremanetan, baita garraio azpiegituren eta nodoen garapenean inplikatuak dauden administrazioekiko harremanetan ere.

g) Garraio eta logistika arloko plataforma edo kluster bat martxan jartzeko aukera onena zein den ebaluatzea.

h) Iruñeko aireportua bultzatzeko destino berrien azterketa sustatzea.

i) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Garraio Zuzendaritza Nagusiaren aipamenak.

Abuztuaren 14ko 87/2019 Foru Dekretuan, zeinaren bidez ezarri baita Lurralde Kohesiorako Departamentuaren oinarrizko egitura, urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuan, zeinaren bidez Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen baita, eta gainerako arauetan Garraio Zuzendaritza Nagusiari buruz egiten diren aipamen guztiak Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiari buruz eginak balira bezala hartu beharko dira.

Bigarren xedapen gehigarria.–Izendapena berrestea.

Berretsi egiten da, egin zen baldintza beretan, Garraioko zuzendari nagusiaren izendapena, baina izena aldatuta, hemendik aitzina Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia izanen baita.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko arau guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko ekainaren 9an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2109477