150. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko ekainaren 16an hartua, zeinaren bidez presakoa deklaratzen baita “Asterain-Irurtzun NA-7010 errepidea eraikitzea. Tartea: Irurtzungo saihesbidea” izeneko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak urtarrilaren 14an emandako 1/2009 Foru Aginduaren bidez, behin-behinekoz onetsi zen “Asterain-Irurtzun NA-7010 errepidea eraikitzea. Tartea: Irurtzungo saihesbidea” proiektua, eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri zen. Foru agindu hori 2009ko 13. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 30ekoan.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak abenduaren 17an emandako 13/2009 Foru Aginduaren bidez, behin betiko onetsi zen “Asterain-Irurtzun NA-7010 errepidea eraikitzea. Tartea: Irurtzungo saihesbidea” proiektua. Foru agindu hori 2010eko 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 8koan.

Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak egindako txostenean azaldu du gaur egun NA-7010 errepidea Irurtzungo herrigunetik igarotzen dela. Egoera horrek bide-segurtasun falta handia dakar, eta istripuak izateko arrisku handia sortzen du, hala errepideko ibilgailuentzat nola erabiltzaile zaurgarrienentzat (motozaleak, txirrindulariak eta oinezkoak). Errepidearen funtzionamendua zein bide segurtasuna hobetzeko, erabaki da trazadura berri bat (Irurtzungo mendebaldetik) eta glorieta bat egitea, eta, horregatik, gomendagarria da ahalik eta lasterren ekitea obrei. Hala, behar diren lurrak eskuratzeko tramiteak azkartzearren, nahitaezkoa da ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakotzat jotzea; hori guztia, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakoa deklaratzea, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, “Asterain-Irurtzun NA-7010 errepidea eraikitzea. Tartea: Irurtzungo saihesbidea” izeneko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

2. Ukitutako ondasun eta eskubide horiek eskuratzeko, 604.598,09 euroko gastua kalkulatu da, zeina 2021eko gastu-aurrekontuko “Suspertu Plana. Irurtzungo saihesbidea” izeneko 220002 22100 6010 453220 partidaren kargura ordainduko baita.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau igortzea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzura, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta departamentu horretako kontu-hartzailetza delegatura.

Iruñean, 2021eko ekainaren 16an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2109760