2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
SARAGUETAKO KONTZEJUA
Herri-lurretako ondasunak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena
Saraguetako Kontzejuak, 2026ko martxoaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Saraguetako Kontzejuko herri-lurretako ondasunak arautzen dituen ordenantza.
Hasierako onespenaren erabakia argitara eman zen 2026ko 69. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 10ean.
Jendaurreko aldian aurkeztutako alegazioak ebatzita daude. Hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da, eta testu osoa argitaratzen da.
Aplikatu beharreko araudia: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Saraguetan, 2026ko maiatzaren 31n.–Kontzejuko burua, Miguel Angel Cervantes Aranaz.
SARAGUETAKO KONTZEJUKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN BEHIN BETIKO ORDENANTZA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea honako hauetarako: Saraguetako Kontzejuaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua.
2. artikulua. Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua), Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, herri-lurretako ondasunen gaineko ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Zuzenbide Pribatuko arauak; ezertan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.
II. KAPITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK
4. artikulua. Saraguetako Kontzejuari dagozkio herri-ondasunen gaineko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den gisan, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean.
Herri-ondasunen arloan Saraguetako Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan.
Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.
Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Saraguetako Kontzejuaren ondarera itzuliko dira, herri-ondasun gisa.
Desafektazioa egiteko prozedura honako hauetan ezarritakoa izanen da: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 6. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 143.ean eta hurrengoetan (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua).
III. KAPITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA
5. artikulua. Saraguetako Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.
IV. KAPITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUARI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK
6. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:
a) Herri-lurretako larreen aprobetxamenduak.
b) Zurgaien aprobetxamendua eta etxerako epaitzak.
c) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.
7. artikulua. Saraguetako Kontzejua ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.
8. artikulua. Oro har, Saraguetako herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Artzibarko biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea, urtebete lehenagotik.
c) Saraguetan bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.
d) Kontzeju honekiko eta Artzibarko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.
e) Azienda Saraguetako Kontzejuan erroldatuta edukitzea eta aziendaren jabea izatea.
f) Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat.
Zalantza sortuz gero, Kontzejuak zehaztuko du zer familia-unitate izanen diren herri-aprobetxamenduen onuradun.
V. KAPITULUA.–HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA
Herri-larreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da:
1. Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.
2. Enkante publikoan adjudikatuz.
9. artikulua. Saraguetako (Artzibar) herri-larreen aprobetxamenduak zuzenean adjudikatuko zaizkie 8. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten bizilagun abeltzainei, baldin eta azienda beren izenean erroldatuta badago eta egunean badituzte nahitatezko osasun-programak. Orobat, behartuta daude itxirurak eta ur-puntuak zaintzera.
10. artikulua. Abeltzainen elkarte edo kooperatiben kasuan, bazkide guztiek Saraguetan erroldatutako bizilagunak izan beharko dute, eta abeltzaintza-ustiategia kontzeju horretan inskribatua egon beharko da.
11. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egiteko edo beste batzuei lagatzeko.
12. artikulua. Saraguetako Kontzejuak bere herri-lurretan bazkatzen den azienda guztiari kobratuko dio urteko kanona, abelburuen arabera. Guztiz debeku da kanpoko azienda sartzea Kontzejuaren herri-lurretan eta debeku da, orobat, ahuntz-azienda bazkatzea Kontzejuaren herri-lurretan.
13. artikulua. Larreetan bi eremu ezarri dira:
a) Arrataka-Lurluze-Los Quiñones.
b) Las cuevas-Ezpeleta-Larreko alor.
A eremuan azienda larria bazkatuko da, eta B eremuan, berriz, azienda xehea. Dena den, kontuan izan behar da urtero, irailaren 15ean, bi eremuak bereizten dituen ataka irekitzen dela, eta hortik aitzina azienda bi eremuetan bazkatzen ahal dela.
Bi eremuetan, azienda sartzea baimenduko da Artzibarko bizilagunek Orreagara prozesioa egin eta hurrengo lehen astelehenetik aitzina. Orobat, bi eremuetatik atera beharko da azienda, beranduenez, hurrengo urteko martxoko azken egunean.
Hortaz, azienda ezin izanen da herri-lurretan bazkatu apirilaren 1etik maiatzeko bigarren igandera arte, bi egun horiek barne. Igande horretan, hain zuzen, prozesioa egiten dute Artzibarko bizilagunek Orreagara.
Klimatologiak horretara eramanda, edo bazkaren kalitateak eta bolumenak bide emanez gero, bi eremu horietan azienda sartzeko egunak aldatzen ahalko dira, baldin eta hala erabakitzen badu Kontzejuaren osoko bilkurak.
14. artikulua. Saraguetako Kontzejuak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ahalko ditu edozein unetan, herri-lurretako aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.
15. artikulua. Larratze eremu bakoitzak jasan dezakeen azienda karga zehazteko, Saraguetako Kontzejuak honako baliokidetza hauek finkatu ditu azienda mota ezberdinen artean:
a) Zaldi-aziendako buru bat behi-aziendako buru baten baliokide da.
b) Behi-aziendako buru bat ardi-aziendako zazpi bururen baliokide da.
c) Ahuntz-aziendako buru bat ardi-aziendako buru baten baliokide da.
Saraguetako Kontzejuak egokitzat jotzen duen kanona kobratuko du "a" eta "b" puntuetako parajeetan abereak bazkatzearen truke (7 euro azienda larriko buru bakoitzeko).
Aldi baterako, eta behorrak estaltzeko soilik, kanpoko zaldi bat sartzen ahalko da, hazitarako, uztailaren 15ean. Beti eman beharko zaio horren berri, ofizialki, Kontzejuari, eta bertako abeltzainek ados egon beharko dute. Izan ere, neurri instrumentala da, osagarria eta aldi baterakoa, eta hertsiki lotzen zaiena Kontzejuko abeltzaintzako ustiategiei.
VI. KAPITULUA.–EPAITZETARAKO APROBETXAMENDUA
16. artikulua. Mendian aski baldin badago, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Saraguetako Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie herrian bizi diren familia-unitateei. Horretarako, herrian erroldatuta egon beharko dute eta bertan bizi bederatzi hilabetez jarraian, gutxienez.
Oporretan eta asteburuetan etortzen diren familien kasuan, Kontzejuak lote erdia adjudikatzen ahalko die, hala eskatzen badute.
17. artikulua. Epaitzak etxean, zuzenean, erabiltzeko dira. Ezin izanen dira saldu edo laga, ez eta familiaren egoitza ez den beste tokiren batera eraman ere.
18. artikulua. Menditik egurra ateratzeko gehieneko epea zortzi hilabetekoa izanen da. Epea igaro ondoren, hala eskatzen dutenei egin gabeko kasko loteak emanen zaizkie, eta lehengo adjudikaziodunek kasko horien gaineko eskubideak galduko dituzte.
19. artikulua. Adjudikaziodun batek ez badu aprobetxatzen ematen zaion egur-lotea eta beste bat eskatzen badu hurrengo urtean, berriz ere aurreko urtekoa adjudikatuko zaio, moztu gabeko lotea bada.
Aprobetxatzen ez duen bitartean, adjudikaziodunak ezin izanen du etxerako beste epaitzarik eskatu, eta moztu gabeko lote hori zozketatik kanpo geldituko da.
20. artikulua. Onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; dena dela, hondakin horiek ezin dira pilatu bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bestelako tokietan.
21. artikulua. Kontzesioa hartzen dutenek erantzun egin beharko dute, baldin eta mendian kalte edo galerarik gertatzen bada.
22. artikulua. Zurgaien aprobetxamendutzat joko da bizilagunek duten eskubidea haritz edo pago zuraren adudikazioa jasotzeko, lehenengo etxebizitzetako teilatuak egite aldera.
23. artikulua. Saraguetako Kontzejuak herri-basoetako zuhaitzak saltzea erabakitzen ahalko du, Kontzejuaren gastuak ordaintzeko, eta aprobetxamendu horiek beti eginen dira Nafarroako Gobernuaren baimena aldez aurretik lortuta, eta haren jarraibide tekniko-fakultatiboak betez.
VII. KAPITULUA.–BESTE APROBETXAMENDU BATZUK
24. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da gai horri buruzko foru araudian ezarritakoari jarraikiz.
25. artikulua. Onuradunek urteko kanona ordaindu beharko dute, baita barruti horrek eragindako gastu eta zerga oro ere.
VIII. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
26. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:
a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea finkatutako epeetan.
c) Herritarrendako dena delako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea.
d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.
e) Erabilera partikularrerako emandako herri-aprobetxamenduaren ondoriozko produktuak saldu edo hirugarrenei ematea.
f) Kanpoko azienda sartzea.
g) Larratze eremuak ez errespetatzea, erabilera hori eginez larratzea debekatuta duten tokietan.
h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egitate edo egintza.
27. artikulua. Azaldutako arau-hausteak eginez gero, kontzesioa azkenduko da. Nolanahi ere, kalteen ordaina eta erantzukizuna eskatzen ahalko dira.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza honek arautzen ez duen orotan, herri-ondasunei buruzko foru legediak ezarritakoari jarraituko zaio.
Bigarrena.–Ordenantza hau behin betiko onesten den egun berean jarriko da indarrean.
Iragarkiaren kodea: L2607961