150. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURILLO EL FRUTO

Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa partziala. Behin betiko onespena

Murillo el Frutoko Udalak, 2021eko martxoaren 26an eginiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Murillo el Frutoko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa partziala.

Hasierako onespenaren iragarkia 2021eko 89. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 20koan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen (TAFL) 325. eta 326. artikuluetan xedatutakoa betez, hasierako onespenaren iragarkia 30 egun baliodunez egon zen jendaurrean, herritarrek eta interes legitimoa zuten pertsonek espedientea aztertu, eta erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkez zitzaten.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluko azken paragrafoaren arabera, aipatutako epea igarota erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu ez zenez, onesteko hasierako erabakia behin betiko bihurtu zen. Testu osoa erantsi da.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Murillo el Fruton, 2021eko ekainaren 4an.–Alkatea, Arancha Murillo Tanco.

MURILLO EL FRUTOKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Murillo el Frutoko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen indarreko ordenantza 2003ko 139. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 31kon. Baina, ordutik, hainbat aldiz aldatu da: 2007ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 1ekoa; 2011ko 58. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 24koa; 2013ko 181. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 19koa; 2013ko 182. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 20koa (herri-larreei buruzkoa); 2013ko 198. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 14koa (akats zuzenketa); 2019ko 59. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 27koa (47.bis artikulua gehitzea); 2019ko 181. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 13koa («Ganazo» alderdiko mahastiei buruzkoa).

Jatorrizko testuaren antzinatasuna eta urteetan zehar egin diren aldaketak direla eta, testua ez da erosoa kontsultatzeko, interpretazio arazoak sortzen ditu eta zenbait manu ez datoz bat egungo nekazaritza sektorearen errealitatearekin.

Herri-ondasunak banatzeko hurrengo zozketa hemendik gutxira eginen denez, eta nekazariek laborantza sistema eta mota berriak ezartzearen ondorioz dituzten beharrak kontuan hartuta, Murillo el Frutoko herri-lurretako aprobetxamenduen udal ordenantzaren aldaketa oso bat onetsi beharra dago, udalerriko herritarren egungo beharretara egokitzen dena eta eduki osoa testu batean bateratzen duena.

Arau berriaren helburu nagusia da udalerriaren egungo errealitate ekonomiko eta sozialera eta etorkizuneko ikuspegietara egokitzea, bai eta arauan bildutakoa kontrolatzeko eta jarraipena egiteko neurriak ezartzea ere.

Komeni da Murillo el Frutoko herri-lurren adjudikazioaren eta aprobetxamenduaren araudi osoa ordenantza espezifiko batean biltzea, sarbidea eta erabilera arautu ahal izateko.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Murillo el Frutoko udalerriko herri-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua arautzea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira,eta ez dute beren gain tributurik izanen. Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

3. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Nafarroako Administrazio Zuzenbidea; ordenantza hauek eta, bestela, Nafarroako Zuzenbide Pribatuko arauak, deusetan ukatu gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuak xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

4. artikulua. Udalerri honetako herri-ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Murillo el Frutoko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen gainean Murillo el Frutoko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren onespena beharko dute soilik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduan (280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa) ezarritako kasuetan.

5. artikulua.

1. Herri-ondasunak desafektatzen ahalko dira artikulu honetan aipatzen diren kasuetan.

2. Herri-ondasunak desafektatzea, erabilera lagapenagatik edo kargagatik, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluan eta Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 143. artikuluan eta hurrengoetan (280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa) xedatutakoarekin:

a) Murillo el Frutoko Udaleko osoko bilkurak gehiengo osoz hartutako hasierako erabakia.

b) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, erabaki hau jendaurrean edukitzea hilabetez, entitatearen iragarki-taulan, aipatu epean alegazioak edo erreklamazioak aurkez daitezen.

c) Hala badagokio, alegazioen edo erreklamazioen ebazpena ematea eta a) apartatuan aipatutako organoak behin betiko erabakia hartzea, adierazitako gehiengoarekin.

Hasiera bateko erabakia behin betiko bihurtuko da alegazio edo erreklamaziorik aurkezten ez bada.

d) Herri-ondasunen arloan eskumenak dituen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuari igortzea aurreko apartatuetan aurreikusitakoa bete dela egiaztatzen duen dokumentazioa, baita finka identifikatzeko behar diren agiriak eta erabilera lagapena edo karga arautuko duten baldintza teknikoen eta administratiboen agiria ere.

e) Nafarroako Gobernuaren onespena, foru dekretuaren bidezkoa.

3. Herri-ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, Murillo el Frutoko udal ondarean sartuko dira berriz, herri-ondasun gisa sartu ere.

4. Lurzati txikiak saldu eta trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.3 artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 144. artikuluan (280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa) xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo sozialaren deklarazioa egin beharko du, eta, hori baino lehen, Murillo el Frutoko Udalak justifikatu beharko du helburua ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Hona hemen horretarako prozedura:

a) Hasierako erabakia, Murillo el Frutoko Udaleko legezko kideen bi hereneko gehiengoaren bidez hartua.

b) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, erabaki hau jendaurrean edukitzea hilabetez, entitatearen iragarki-taulan, aipatu epean alegazioak edo erreklamazioak aurkez daitezen.

c) Hala badagokio, alegazioen edo erreklamazioen ebazpena ematea eta a) apartatuan aipatutako organoak behin betiko erabakia hartzea, adierazitako gehiengoarekin.

Hasiera bateko erabakia behin betiko bihurtuko da alegazio edo erreklamaziorik aurkezten ez bada.

d) Onura publiko edo sozialaren deklarazioa eta onespena, Nafarroako Gobernuak foru dekretuaren bidez emanik.

5. Desafektazioak foru lege bat beharko du onespena jasotzeko, jabetza kostu bidez edo dohainik eskualdatzeko eta lurzati txikia gainditzen duten lurrak trukatzeko egiten denean, bai eta aurreko zenbakietan aipatu ez diren gainerako kasuetarako ere.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

6. artikulua. Murillo el Frutoko Udala herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

7. artikulua. Murillo el Frutoko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko, lehenago noizbait desafektatu edo laga badira ere.

8. artikulua. Murillo el Frutoko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren finken gehiegizko hedadura dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

9. artikulua. Murillo el Frutoko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

10. artikulua. Murillo el Frutoko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren babesean herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

11. artikulua. Murillo el Frutoko Udalak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan esku hartzen duenean, interpretatu eginen ditu, eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

12. artikulua. Murillo el Frutoko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da; betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 110. artikuluan ezarritako baldintzetan.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

13. artikulua. Murillo el Frutoko Udala herri-ondasunen ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta ahalik eta egokien aprobetxatzen ahaleginduko da.

14. artikulua.

1. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak.

d) Bestelako aprobetxamenduak.

2. «Ganazo» alderdiko mahastien aprobetxamendua, bereziki adjudikazioari eta uko egiteari dagokienez, bere ordenantza partikularrak arautzen du (ordenantza honen bigarren xedapen gehigarria).

15. artikulua.

1. Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua nahiz epaile bidez gaitua.

b) Murillo el Frutoko Udaleko biztanleen erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez ere bi urte lehenagotik.

c) Urtean gutxienez ere bederatzi hilabetez jarraian bizitzea Murillo el Fruton.

d) Murillo el Frutoko Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia-unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) baino apalagoak badira.

Nekazaritzako araubide bereziko pentsiodunen kasuan, pentsioa urte bakoitzerako LGSa baino handiagoa bada, herri-lurretako aprobetxamenduagatik lortzen dituzten errentak aukeratu behar dituzte, edo pentsio horren zenbatekoagatik lortutakoak. Horrez gain, aukera horren berri eman behar diote dagokion erakundeari.

Adjudikazioak irauten duen bitartean, familia-unitateko kideen artean eskualdatzen ahal dira herritarren artean adjudikatzen diren loteak, baldin eta titular berriak artikulu honetako baldintza guztiak betetzen baditu eta udalak aldez aurretik baimentzen badu eskualdaketa.

3. Artikulu hau interpretatzean sor daitezkeen zalantzak Murillo el Frutoko Udalak argituko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, interesdunei entzun eta Nekazaritzaren eta Herri-lurren Batzordeak, lantaldeak, edo udalak eskumen horiekin ezartzea erabakitzen duen organoak txostena egin ondotik.

4. Adjudikaziodunek nekazaritzako politika bateratuaren (NPB) aitorpena egin behar dute adjudikatutako lurzatiei buruz.

5. Adjudikaziodunen artean ezin izanen da lurzatirik aldatu, salbu eta bi alderdiek horretarako akordioa sinatzen badute. Hala ere, udalak akordio hori onartu beharko du, Herri-lurren Batzordeak txostena egin ondoren.

16. artikulua. Zozketa orokorra –alde batetik, ureztalurra eta lehorreko lurra, eta bestetik, «X sektorea»– egin aurretik eratutako ereduzko loteen laborantza zuzen eta pertsonalari borondatez uko eginez gero, ordenantza honen 20.1 eta 30. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, ordenantza honen 21. eta 32. artikuluetan ezarritako aprobetxamendua galdu eginen da epe osoan.

Gauza bera gertatuko da enkante publiko bidez adjudikatutako loteen edo lurzatien kasuan; hau da, ulertzen da laborantza zuzen eta pertsonalari uko egitea herri-lurzatien edo loteen adjudikazio modalitateari lotuta dagoela. Enkante publiko bidez adjudikatutako lote edo partzela baten laborantza zuzen eta pertsonalari uko egiteak ez du esan nahi zozketa orokorra egin aurretik eratutako eta bertan adjudikatutako ereduzko loteei uko eginen zaienik (alde batetik, ureztalurra eta lehorreko lurra, eta bestetik, «X sektorea»), eta alderantziz.

Hala ere, Murillo el Frutoko Udalaren osoko bilkuraren ustez arrazoia behar bezala justifikatzen bada (lanpostua galtzea, langabeziako sorospenik gabeko langabetua izatea edo ezinbesteko bestelako arrazoiren bat), eta eskatzaileak 15. artikuluko baldintzak betetzen baditu, beste adjudikazio baterako aukera izanen du.

«Ganazo» alderdiko mahastien aprobetxamendua, bereziki adjudikazioari eta uko egiteari dagokienez, bere ordenantza partikularrak arautzen du (ordenantza honen bigarren xedapen gehigarria).

17. artikulua. Herri-lurzatiak erabiltzeko aukera, edonola ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: herriko biztanle izateari uzteagatik, Murillo el Fruton urtean gutxienez ere 9 hilabetez ez bizitzeagatik edo Murillo el Frutoko Udalarekin zerga arloko betebeharrak egunean ez izateagatik, ordenantza honen 15.1 artikuluak agintzen duen moduan.

Era berean, ordenantza honen 15. artikuluan aurreikusitako baldintza guztiak bete beharko dira aprobetxamenduen adjudikaziodun izateko, eta betetzen jarraitu beharko dira adjudikazioak irauten duen bitartean.

Baldintzaren bat betetzen ez bada, espedientea tramitatu ondoren, herri-lurzatiak kenduko zaizkio gelditzen den adjudikazio aldi osorako; lurrak, dauden bezala, udalaren esku geldituko dira, kalte-ordainik edo erreklamaziorik egiteko eskubiderik gabe.

II. KAPITULUA

Laborantzarako herri-lurren aprobetxamendua

1. ATALA

Aprobetxamendu modalitateak

18. artikulua.

1. Murillo el Frutoko laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modalitatetan adjudikatuko dira:

a) Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Murillo el Frutoko Udalaren zuzeneko ustiapena.

Murillo el Frutoko Udalak laborantzako lurren aprobetxamenduak adjudikatuko ditu, aitzineko artikuluan aipatzen diren modalitateak bata bestearen ondotik aplikatuz, bertan zehazten den ordenari jarraikiz.

Betiere beharrezkoa izanen da bai lehorreko lurrak bai ureztalurrak eskatzea eta eskatzaileak zuzenean lantzea, berariaz debeku baita lurzati mota bakarra eskatzea; horrek adjudikazioa ukatzea ekarriko du, enkante publikoaren bidezko adjudikazioan izan ezik.

2. «X sektoreko» lurzatien laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak honako hurrenkera honen arabera banatuko dira (Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 40.5.b) artikuluan xedatutakoaren arabera):

a) Familien lehentasunezko nekazaritzako ustiategiak, nekazari gazte bat buru edo partaide dutenak.

b) Lehentasunezko nekazaritzako ustiategiak, ogibide nagusia nekazaritza dutenek osatuak.

c) Murillo el Frutoko Udalaren zuzeneko ustiapena.

d) Azkenik, soberako loterik baldin bada, Murillo el Frutoko Udalak enkante publikoaren bidez adjudikatzen ahalko ditu.

Murillo el Frutoko Udalak laborantzako lurren aprobetxamenduak adjudikatuko ditu, modalitateak bata bestearen ondotik aplikatuz eta adierazitako ordenari jarraikiz. Horrez gain, ordenantza honetan familia-unitatearen nekazaritzako ustiategiaren tamainari eta diru-sarrera garbiei buruz ezarritako irizpideak beteko dira.

Ulertzen da ustiategiak nekazari gazte bat buru duela, nekazariak baldintza hauek betetzen baditu:

a) 18 eta 40 urte artekoa izatea. Horretarako, adinez nagusi izatearen balio berekotzat hartuko da ezkontzaren bidez edo guraso-ahala eman izanaren bidez emantzipaturik egotea.

b) Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanik egotea.

c) Ogibide nagusia nekazaritza izatea (uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 3.5 artikuluak araututakoaren arabera).

Ogibide nagusia nekazaritza dela egiaztatzeko, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak (NNUE) emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Eskatzaileek gainerako artikulu orokorretan zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte, adjudikaziodunen eskubide eta betebeharrei dagokienez.

2. ATALA

Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak

19. artikulua.

1. Aprobetxamendu modalitate horren onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte, eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren % 30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata horren halako bat eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duten kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Artikulu honetan adierazitako errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena (PFEZ), soldatak, laborantzako lurrak (abeltzaintzakoak edo industriakoak) errentamenduan edo beste titulu baten bidez edukitzea, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioa, norberaren etxebizitzari dagokiona izan ezik, baita antzeko beste edozein datu ere.

4. Adjudikaziodunek bete egin beharko dituzte artikulu honetan aipatzen diren baldintzak adjudikazioak dirauen bitartean, eta udalak noiznahi ikuskatzen ahalko du betetzen ari ote diren.

20. artikulua.

1. Honako azalera hau ezarri da ereduzko lotearentzat, aprobetxamendu modalitate honetan:

Lehorreko lurra: 7,2 ha, gutxi gorabehera (80 erregu-lur, gutxi gorabehera).

Ureztalurra: 1,8 ha, gutxi gorabehera (20 erregu-lur, gutxi gorabehera).

Hala ere, zozketa orokorra egiten den unean, egoera ikusita, herri-lurzati guztiak berrikusiko dira, eta ereduzko lotearen azalera murrizten edo handitzen ahalko da.

2. 18.1 artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio ereduzko loteari:

a) 3 kide arteko familia-unitateak: 1 koefizientea; hau da, 1 lote.

b) Lau eta sei kide arteko familia-unitateak: 2 koefizientea; hau da, 2 lote.

c) Zazpi eta bederatzi kide arteko familia-unitateak: 3 koefizientea; hau da, 3 lote.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia-unitateak: 5 koefizientea; hau da, 5 lote.

3. Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduetarako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateak asko badira eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Murillo el Frutoko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, aurreko bi artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.

21. artikulua.

1. Aprobetxamendua erabiltzeko epea hamar urtekoa izanen da.

Urte anitzeko laborantzen kasuan –interesdunak aurkeztutako proiektu bati lotuak egon beharko dute–, eta udalak baimendu ondoan, epe hori laborantzaren balio-bizitzaren arabera luzatzen ahalko da, baina inoiz ez 24 urtetik gora. Ezarrita dagoen epea amaitzen denean finketan emankor jarraitzen duen landarerik edo hobekuntza lanik gelditzen bada, finkaren eta udalerriaren mesederako geldituko da, inolako kalte-ordainetarako eskubiderik sortu gabe.

2. Adjudikazio urteen epea amaitutakoan, onuradunak betetzen ez baditu adjudikazio mota honetarako eskatzen diren baldintzak, ez du kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izanen, ezta, urte anitzeko laborantza jartzeko, udalaren baimena hartu badu ere.

3. Urte anitzeko laborantzetan interesa duenak lurzati batzuk jabetzan baditu, lurzati horietan landatzea lehenetsi beharko du, eta ez adjudikatutako herri-lurretan.

4. Murillo el Frutoko Udalak bi urtetik behin egiaztatzen ahalko du adjudikazio mota honetako onuradunek betetzen ote dituzten adjudikazioa jasotzeko eskatu zitzaizkien baldintzak. Onuradunaren egoera aldatu baldin bada, udalak beste norbaiti eskualdatzen ahalko dio adjudikazioa, eta orduan, azken horrek aurreko onuradunari ordaindu beharko dio, konpentsazio gisa, udalari egokia iruditzen zaion diru kopurua, betiere emankor jarraitzen duen landarearen edo egindako hobekuntzen araberakoa.

22. artikulua. Onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modalitate honetan:

–Lehorreko lurzatiak: 100,32 euro/ha/urte (9,09 euro/erregu-lur/urte).

–Aspertsio bidezko lurzatiak: 564,38 euro/ha/urte (50 euro/erregu-lur/urte).

Aipatu kanona erakunde ofizial eskudunak onetsitako kontsumoko prezioen indizearen arabera (KPI) eguneratuko da, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 27. artikuluan xedatutakoarekin.

Kanona alde batera utzita, onuradunak X sektoreko Ureztatzaileen Elkarteak urte bakoitzerako ezarritako ureztatze ura eta gastu orokorrak ordaindu beharko ditu.

Nolanahi ere, kanonak berdinduko ditu, gutxienez, udalak herri-lur horiekin dituen gastuak, jabetzagatik, kontserbazioagatik eta bertan egindako hobekuntza lanengatik.

23. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen badira eta kide guzti-guztiek 19. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

Adjudikaziorako prozedura jakin batzuk ezartzen ahalko dira, aurreko paragrafoan aipatzen den egoeran daudela egiaztatzen duten onuradunei lurzati elkartuak adjudikatzeko.

24. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, laborantza zuzenean eta norberak egina dela ulertzeko, adjudikaziodunak berak edo haren familia-unitateko kideek egin behar dituzte nekazaritza lanak, ordenantza honen 19. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritzako ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen.

Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonalaren izaera ez da galduko, baldin soldatapekorik hartzen bada, udal honen iritziz laborantza norberak egitea eragozten dion eritasunagatik edo aldi baterako beste arrazoiren batengatik. Horrelakoetan, egoera hori jakinaraziko zaio Murillo el Frutoko Udalari 15 egun naturaleko epean, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo laborantza zuzena eta pertsonala galarazten duen arrazoia agiri bidez frogatu beharko da, eta udalak osoko bilkuran emanen dio onespena edo ezespena, aitzinetik Nekazaritza Batzordeak, lantaldeak, edo udalak eskumen horiekin ezartzea erabakitzen duen organoak txostena egin eta gero.

Ezintasun fisikoa edo beste arrazoiren bat, udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurzatien laborantza zuzen eta pertsonalik egiten ahal ez bada, 25. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

25. artikulua. Ezintasun fisikoa edo beste arrazoiren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu adjudikatzeko unean edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Murillo el Frutoko Udalak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu modalitatearen bidez; hau da, herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Murillo el Frutoko Udalak lurzatien titularrei ordainduko die adjudikaziotik lortutako diru-sarrerak, kanonari dagokiona kendu ondotik.

Hori interesdunak eskatu beharko du, eta laborantza zuzena eta pertsonala galarazten duen arrazoia agiri bidez frogatu beharko da; udalak osoko bilkuran emanen dio baiespena edo ezespena, aitzinetik Nekazaritzaren eta Herri-lurren Batzordeak, lantaldeak, edo udalak eskumen horiekin ezartzea erabakitzen duen organoak txostena egin eta gero.

26. artikulua. Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte toki ogasunean.

Lurra kentzeko, aurretik udalak espedientea irekiko du, eta interesdunari entzunen zaio.

27. artikulua.

1. Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, eta onuradunei behar dituen agiriak aurkez ditzaten eskatu, era horretan ikusi ahal izateko laborantza zuzenean eta norberak egiten duela. Egiaztapen horiek bereziki eginen dira lurzatiak banatzeko urtero egiten diren zozketen aitzinetik.

Horretarako, urtero, maiatzaren 15etik 31ra bitartean, adjudikaziodunek adjudikaziorako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztuko dituzte udaletxean (nekazaritzako politika bateratuaren aitorpena, PFEZaren aitorpeneko sarrerak eta gastuak, eta ogibide nagusia nekazaritza duela egiaztatzen duen agiria).

Egiaztapena egiteko trabak jarri edo eskatzen zaien dokumentazioa aurkezteari arrazoirik gabe uko eginez gero, herri-lurzatiak kenduko zaizkie, aitzineko artikuluan aipatzen diren ondorioak jasan beharko direlarik, bidezko diren zehapenez gainera.

2. Udalak uste izan dezake adjudikaziodunak dagozkion herri-lurzatiak ez dituela zuzenean eta pertsonalki lantzen, honako kasu hauetan:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari adjudikatu herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez badu.

b) Nekazaritzako makineria izan gabe, berari adjudikatu herri-lurretan lanik frogatzen ez badu.

c) Lurra lantzeko, lehengaiak erosteko, fitosanitarioak erregistratzeko, laborantza ekologikoak egiaztatzeko eta produktuak saltzeko lanak, beraiek edo udalak baimendutako pertsonek egin izana frogatzeko agiriak aurkezteko eskatu ondoan, Murillo el Frutoko Udalak agindutako epean aurkezten ez baditu.

d) PFEZaren aitorpenean nekazaritza etekinik aitortzen ez badu.

e) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan ematen badizkie.

f) Baldin eta, udal zerbitzuen edo Nekazaritzaren eta Herri-lurren Batzordearen txostenen arabera, adjudikatu zaizkion lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez baditu, aitzineko artikuluetan xedatutakoaren arabera.

g) Adjudikatutako lurzatiaren % 80 bederen lantzen ez badu.

h) Bere familia-unitatez kanpoko pertsona baten NPBren aitorpenean agertzen diren lurzatiak dituen adjudikazioduna bada. Hori frogatzeko asmoz, adjudikaziodun guztiek aurkeztu beharra dute udaletxe honetan, urte bakoitzeko maiatzaren 31 baino lehenago, NPBren aitorpenaren kopia bat.

28. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte landu adjudikatu zaizkien herri-lurrak adjudikazioan ezarritako xedea ez bezalako beste erabilera, aprobetxamendu edo laborantza mota baterako, Murillo el Frutoko Udalak espresuki emandako baimena ez badute.

3. ATALA

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

29. artikulua. Lurzatiak 2. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoan, gelditzen diren laborantzako lurrak, bai eta onuradunek berek zuzenean lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak diren herritarren artean.

«X sektoreko» ureztalurretako lurzatien kasuan, lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak diren herritarren eta nekazari gazte diren eta ogibide nagusia nekazaritza dutenen artean, ordenantza honen 18.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

30. artikulua.

1. Herritarren artean zuzenean adjudikatuko diren loteen azalera udalak zehaztuko du, herritarrendako lehentasunezko adjudikazioa egin ondotik. Adjudikazioa gelditu diren lurren azaleraren eta sarturiko eskabide kopuruaren arabera eginen da.

2. Familia-unitate bakoitzari dagokion azalera zehazteko, irizpide hau hartuko da oinarritzat (alderantzizko proportzioan): familia-unitatearen diru-sarrera garbiak eta nekazaritzako ustiategiaren tamaina. Horretarako, kontuan hartuko da unitateko zenbat kide ari diren nekazaritzan, nagusiki edo esklusiboki nekazari izanik, gisa horretan sarturik Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide Berezian, eta zenbat kide diren titularraren familia-unitatean.

3. Irizpide horiek aplikatzeko, Nekazaritzaren eta Herri-lurren Batzordeak familia-unitate bakoitzari puntuazio bat adjudikatuko dio, arlo bakoitzean ezarrita dauden eskalen arabera ateratzen diren puntuak batuta:

a) Familia-unitatearen diru-sarrera garbiak:

–LGS halako 1,5 eta 4 artean: 2 puntu.

–LGS halako 4 eta 6 artean: 1 puntu.

–LGS halako 6tik gora: 0 puntu.

b) Familia-unitatearen nekazaritzako ustiategiaren tamaina (jabetzan eta/edo errentamenduan, udalerri honetan edo beste batean). Ustiategien tamaina honako eskala honen arabera puntuatuko da:

–30 hektareatik beherako ureztalurra: 2 puntu.

–45 hektareatik beherako ureztalurra: 1,75 puntu.

–65 hektareatik beherako ureztalurra: 1,50 puntu.

–65 hektareatik gorako ureztalurra: 1 puntu.

Ustiategiko lehorreko lurren kasuan, ureztalurretako hektarea bati lehorreko lurretako hamar hektarearen balioa ematen zaio.

c) Familia-unitateko nekazarien kopurua. Eskala hau aplikatuko da:

–Familia-unitateko titularra nekazaria izatea: 2 puntu.

–Familia-unitateko titularra ez den kide bat nekazaria izatea: 1 puntu gehiago.

d) Familia-unitateko nekazarien kopurua (ogibide nagusia nekazaritza duena edo Nekazaritzako Gizarte Segurantzan dagoena):

–Familia-unitateko titularraren ogibide nagusia nekazaritza izatea: 3 puntu. Nekazaritzako Gizarte Segurantza: 1,5 puntu.

–Familia-unitateko kide baten ogibide nagusia nekazaritza izatea: 2 puntu. Nekazaritzako Gizarte Segurantza: 1 puntu.

e) Familia-unitateko kideen kopurua:

–Familia-unitate guztiak, 3 kide bitarte barne: 1 puntu.

–Familia-unitateko kide gehigarri bakoitza, errentak ekarri ala ez: 0,25 puntu.

Zatiketa eginen da, aprobetxamendu mota honetarako dagoen lurraren azalera zati familia-unitate onuradun guztiei esleitutako puntuen kopurua, eta ateratzen den zatidura izanen da puntu bakoitzari dagokion azalera. Hori ikusirik, familia-unitate bakoitzari adjudikatuko zaio bere puntuazioaren arabera dagokion azalera.

4. Lurzatien gaur egungo konfigurazioa kontuan hartuta, bereziki aspertsio bidezko ureztalurrena, bertan ur-harguneak baitaude, eta beraz ezinezkoa baita azalera zehatzak esleitzea familia-unitate bakoitzaren puntuazioaren arabera, ureztalurren ordez lehorreko lurrak ematen ahalko dira, edo alderantziz, oinarritzat hartuz ureztalurretako hektarea bati lehorreko lurretako bost hektarearen balioa ematen zaiola.

5. Aurkeztutako eskabideak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako zuzeneko adjudikazioa egin ondotik, diru-sarrera handiagoak dituzten familia-unitateetako titularren eskaerak kenduko dira. Familia-unitateen errenta-mailak zehazteko, ordenantza honen 19. artikuluko 3. puntuan ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

6. Hasierako zozketan esleitzen diren puntuazioak berrikusten ahalko dira, familia-unitate onuradunen barrenean edo beren lan nahiz ekonomia egoeran adjudikazio epeak dirauen bitartean gertatzen diren aldaketen arabera. Horren ondorioz, handitu edo murrizten ahalko da hasiera batean esleituriko lotearen azalera, mendiko lurzatiez baliatuz, oso zaila baita ureztalurretako lurzatiak are gehiago zatitzea.

31. artikulua. Atal honetan aipatzen diren adjudikazioak egiterakoan, Murillo el Frutoko Udalak beretzat gordeko ditu, onuradun berriei erantzun ahal izateko, herri-lurretako lurzati batzuk, baina betiere hasierako azalera osoaren ehuneko bost, gehienez ere.

Udalak behin-behinean adjudikatzen ahalko ditu beretzat gordetako laborantzako lurrak –aurreko apartatuan aipatzen dira–, zuzeneko adjudikazio bidez edo enkante publiko bidez, eta adjudikazio horiek indarrik gabe geldituko dira, lehentasuna duen beste onuradun bati aprobetxamendua emateko, baina baldintzen artean espresuki adierazi beharko da inguruabar hori.

Adjudikazioa herri-lurzatien adjudikazio orokorraren eperako emanen da.

32. artikulua. Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren epea herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduentzat 21. artikuluan xedatutakoa izanen da.

33. artikulua. Herri-lurretako aprobetxamendu modalitate honetan onuradunek ordaindu beharreko kanona lehen adjudikazio urterako dagokiona izanen da:

–Lehorreko lurzatiak: 100,32 euro/ha/urte (9,09 euro/erregu-lur/urte).

–Grabitate bidezko ureztalurretako lurzatiak: 564,38 euro/ha/urte (50 euro/erregu-lur/urte).

–Aspertsio bidezko ureztaketa tradizionaleko lurzatiak: 564,38 euro/ha/urte (50 euro/erregu-lur/urte).

–Mahastiak eta olibadiak: 115,30 euro/ha/urte (10,36 euro/erregu-lur/urte).

–Nafarroako Ubidearen X sektoreko ureztaketa berrietako lurzatiak:

  • Estaldurarik gabe (obrarik ez): 291,17 euro/ha/urte (26,16 euro/erregu-lur/urte).
  • Estaldurarekin (obra): 564,38 euro/ha/urte (50 euro/erregu-lur/urte).

–Familia baratzeetarako lurrak:

  • 65 urtetik gorakoak: 60,88 euro/ha/urte (5,47 euro/erregu-lur/urte).
  • Arruntak: 304,41 euro/ha/urte (27,35 euro/erregu-lur/urte).
  • Lur ureztatua: 602,81 euro/ha/urte (54,16 euro/erregu-lur/urte).

–Tantaka ureztatzeko mahastiak «Ganazo» alderdian: 400,69 euro/ha/urte (36 euro/erregu-lur/urte).

Aitzineko apartatuan adierazitako diru kopuru horiek hurrengo urteetan eguneratuko dira ordenantza honen 22. artikuluan zehazten den gisan.

34. artikulua. Adjudikaziodunak berak zuzenean landuko ditu lurrak, eta aprobetxamendu modalitate honi aplikatuko zaio ordenantza honen 23., 24., 26. eta 27. artikuluetan zehaztutakoa.

35. artikulua.

1. Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunek ezin izanen dituzte landu adjudikatu zaizkien herri-lurrak adjudikazioan ezarritako xedea ez bezalako beste erabilera, aprobetxamendu edo laborantza mota baterako, Murillo el Frutoko Udalak espresuki emandako baimena ez badute.

2. Halaber, onuradunek trukerik eginez gero herri-lurzatien artean edo herri-lurretakoen eta jabetza pribatukoen artean, udalari jakinarazi beharko zaio, une oro jakin behar baita nor den herri-lurzatiak lantzen ari dena, eta, beraz, nor den ordenantza honen xedapenak betetzeko erantzukizuna bere gain duena.

36. artikulua.

1. Murillo el Frutoko Udalak familia baratzeetarako edo antzeko aprobetxamendurako lursailak emanen dizkie (bat eta bi erregu-lur artekoak) eskatzen duten familia-unitateetako titularrei, betiere eskabide kopurua eta eskuragarri dauden lursailak kontuan hartuta. Horretarako, zozketa eginen da, baldintza hauetan:

a) Onuradunek biztanleen erroldan inskribatuak egon behar dute, gutxienez bi urteko antzinatasunez.

b) Eskatzailea ez da izanen ureztalurren jabea, ezta herri-lurretako beste lote baten onuraduna ere.

c) Baratzea norberak zuzenean landuko du, ordenantza honen 23., 24., 26. eta 27. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

d) Adjudikazioa hamar urterako izanen da.

e) Eskabideak gainerako lurzatiekin batera aurkeztuko dira (banaketa orokorra hasi baino lehen, urte bakoitzeko maiatzaren 15etik 31ra).

f) Adjudikaziodunek kanon hau ordaindu beharko dute:

–65 urtetik gorakoak: 60,88 euro/ha/urte (5,47 euro/erregu-lur/urte).

–Arruntak: 304,41 euro/ha/urte (27,35 euro/erregu-lur/urte).

–Lur ureztatua: 602,81 euro/ha/urte (54,16 euro/erregu-lur/urte).

2. Laborantzak nahitaez baratzekoa izan beharko du; bestela, ureztalur arrunta balitz bezala kobratuko da, edo aprobetxamendua kentzen ahalko da. Baratzean ematen ari diren zuhaitz edo laboreak izanez gero, baratzeen adjudikazioa oinordeko zuzenei pasatzen ahalko zaie.

3. Horretarako, Murillo el Frutoko Udalak eskaera horietarako lur nahikoa gordeko du; laborantzako herri-lurren azalera guztiaren % 10, gehienez ere.

4. ATALA

Udalak zuzenean egindako ustiapena edo enkante publikoa

37. artikulua. Laborantzarako lurra sobera baldin badago, ordenantza honen 2. eta 3. ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan, Murillo el Frutoko Udalak enkante publikoan adjudikatuko du zehaztuko den epe jakin baterako; hain zuzen ere, banaketa berria egin arte.

Hektarea/erregu bakoitzeko hasierako prezioa urte hartan herritarrendako zuzeneko adjudikaziorako ezarritakoa izanen da, eta 33. artikuluan adierazitakoen urteroko igoera berberak izanen ditu.

38. artikulua. Baldin eta, aurreko artikuluan aipatzen den enkantea egin ondotik, oraindik ere gelditzen bada laborantzarako lurra sobera, Murillo el Frutoko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

5. ATALA

Herritarren arteko adjudikaziorako prozedura

39. artikulua. Laborantzako herri-lurrak herritarren artean adjudikatzeko prozedura Murillo el Frutoko Udalaren osoko bilkurak hartutako erabakiaren bidez hasiko da. Ediktua entitatearen iragarki-taulan egonen da hamabost egun naturaleko epean, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurzatien adjudikazioa eska dezaten.

40. artikulua. Udal bulegoetan dagoen eredu ofizialari jarraikiz aurkeztu beharko dira eskabideak, zinpeko aitorpenarekin edo honako hauek frogatzen dituzten agiriekin batera:

a) Murillo el Frutoko bizilaguna izatea, bi urteko antzinatasunez, eta bertan bizi izatea urtean bederatzi hilabetez bederen.

b) Murillo el Frutoko Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak; eta, herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenei dagokienez, ezintasun fisikoa edo adimenekoa duten kideak.

d) Familia-unitatearen diru-sarrera garbiak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak (PFEZaren aitorpenak edo pentsioen edo beste diru-sarrera batzuen ziurtagiriak).

e) Zenbat hektarearen jabe diren, udal-mugarte honetan edo besteren batean, ureztalurrak eta lehorreko lurrak bereizita, familia-unitateko kide guztiak kontuan harturik.

f) Zer lur lantzen dituzten errentan harturik edo jabetzaz aparteko bestelako tituluren baten bidez, udalerri honetan edo besteren batean, ureztalurrak eta lehorreko lurrak bereizita, familia-unitateko kide guztiak kontuan harturik.

g) Familia-unitateko zer kide aritzen den nekazaritzan (ogibide nagusia nekazaritza dutela egiaztatzen duen agiria, eta Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide Berezian sarturik daudela egiaztatzen duena).

h) «X sektoreko» laborantzako herri-lurrak eskatzen dituztenen kasuan, ogibide nagusia nekazaritza dutela egiaztatzen duen agiria eta/edo nekazari gazteak direla egiaztatzen duena.

Horretaz aparte, zinpeko aitorpen horretan maltzurkeriaz zerbait faltsutuz gero, zehapena jarriko da, «Arau-hausteak eta zehapenak» izeneko IV. tituluan adierazten den gisan.

41. artikulua.

1. Eskabide guztiak jaso ondoren, ordenantza honen 39. eta 40. artikuluetan xedatutakoaren arabera, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Nekazaritzaren eta Herri-lurren Batzordeak, lantaldeak, edo udalak eskumen horiekin ezartzea erabakitzen duen organoak proposaturik, udal honen osoko bilkurak adjudikazio modalitate bakoitzean –lehentasunekoa edo zuzenekoa– onetsitakoen zerrenda onetsiko du, eta dagozkien puntuazioak adieraziko ditu, ordenantza honen 30.3 artikuluan xedatutakoaren arabera. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

Ordenantza honen 15., 19. eta 23. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez bada, udal honen osoko bilkurak ordenantza honen 18. artikuluan ezarritako ondoz ondoko modalitateen artean adjudikatuko ditu herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Onetsien behin-behineko zerrenda udaletxeko iragarki-taulan argitaratuko da, eta horren berri emanen zaie interesdun guztiei. Gainera, 15 egun naturaleko epea irekiko da, egokitzat jotzen diren erreklamazioak eta/edo alegazioak aurkezteko.

c) Adierazitako epea iragan eta erreklamaziorik eta/edo alegaziorik jaso ezean, behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da automatikoki.

Bestela bada, alegia, erreklamazioak eta/edo alegazioak aurkeztu badira, udal honen osoko bilkurak horien gaineko ebazpena emanen du, eta behin betiko zerrenda onetsiko, aitzinetik Nekazaritzaren eta Herri-lurren Batzordeak, lantaldeak, edo udalak eskumen horiekin ezartzea erabakitzen duen organoak txostena egin eta gero.

d) Behin betiko zerrenda onetsi ondoan, hura oinarri hartuta eginen da herri-lurren loteen zozketa orokorra.

e) Interesdunen eta adjudikatutako loteen behin betiko zerrenda –aurreikusitako modalitate bakoitzean eta ordenantza honetan adierazitako baldintzen arabera– udaletxeko iragarki-taulan argitaratuko da, eta behin betiko adjudikazioaren erabakiaren berri emanen zaie interesdunei.

2. «X sektoreko» herri-lurzatiak lehen aipatutako metodo bera erabiliz adjudikatuko dira, ordenantza honen 18.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta, horiek bereizteko, 30.3.a) eta b) artikuluetan aurreikusitako irizpideak bakarrik aplikatuko dira (familia-unitatearen diru-sarrera garbiei eta nekazaritzako ustiategiaren tamainari buruzkoak).

3. Udalaren erabakien aurka jotzen ahalko da, ordenantza honen 63. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarrita dauden bideak erabiliz.

42. artikulua. Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduen zozketa eginda ikusten bada ez dagoela nahi adina lurzati zuzeneko adjudikazioaren bidezko eskatzaileei adjudikatzeko, ordenantza honen 30. artikuluak bosgarren paragrafoan zehaztu bezala eginen da; hau da, diru-sarrera handienak dituzten familia-unitateetako titularrak aparte geldituko dira.

43. artikulua. Aurkeztutako agiriak aztertzeko eta, ondoren, jarraipena egiteko, jarraipen batzorde bat eratuko da, udaleko hiru kidek eta, boluntarioki beren burua aurkezten duten herri-lurzatien eskatzaileen artean, zozketaren bidez aukeratzen diren hiruk osatua. Batzordea 5 urtean behin berrituko da.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

44. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua arautuko da udalaren osoko bilkurak 2013an behin betiko onetsitako ordenantzaren bidez (2013ko 182. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 20koa), harik eta bazkalekuen egungo adjudikazioa bukatu arte. Hura ordenantza honi gehitu zaio, eranskin gisa. Une horretan, udalbatzak erabakiko du ordenantza mantendu edo aldatzen duen; haren testu berria eranskin gisa gehituko zaio, orobat.

«MURILLO EL FRUTOKO HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA»

1. artikulua. Xedea. Ordenantza honen xedea da Murillo el Frutoko herri-larreen aprobetxamendua arautzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 158. artikulutik 170.era bitarteko artikuluetan eta Ondasunei buruzko urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 186. artikulutik 204.era bitarteko artikuluetan ezarritako xedapenak aplikatu eta garatu beharrez.

Jesús María Mangado Urdániz Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuko nekazaritzako ingeniariak sinatutako txostenean ageri dira adjudikazioaren xede diren bazkalekuen gutxi gorabeherako hedadura eta mugak:

–Ipar-mendebaldeko bazkalekua. Azalera: 1.169,95 ha. Mugakideak: iparraldean, Uxueko udal-mugartea; hegoaldean, Murillo el Fruto-Santakara errepidea; eta ekialdean, Zaraitzu-Murillo el Fruto altxonbidea.

–Hego-mendebaldeko bazkalekua. Azalera: 666,39 ha. Mugakideak: iparraldean, Zarrakaztelu-Santakara errepide zaharra; hegoaldean, Aragoi ibaia; ekialdean, errepide bera; eta mendebaldean, Santakarako El Rinconar dermioa.

–Ipar-ekialdeko bazkalekua. Azalera: 616,84 ha. Mugakideak: iparraldean, La Sierra, Uxueko udal-mugartean; hegoaldean, Murillo el Fruto-Uxue errepidea; eta mendebaldean, Los Cruceros bidea edo altxonbidea.

–Hego-ekialdeko bazkalekua. Azalera: 659,26 ha. Mugakideak: iparraldean, Murillo el Fruto-Uxue errepidea eta La Oliveta, Uxueko udal-mugartean; hegoaldean, Aragoi ibaia; ekialdean, Aragoi ibaia; eta mendebaldean, Murillo el Fruto-Santakara errepide zaharra.

Errentamendutik baztertu dira pinuekin edo beste zuhaitz batzuekin basoberritutako eremuak, non artzaintza galarazia baitago arbolak hazi arte, Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuak ezarritakoaren arabera.

2. artikulua. Adjudikazio modalitateak. Herri-larreen aprobetxamendua modalitate hauetan eginen da, eta berdin, baterako ustiapen unitatea edo bazkalekua osatzen badute beste finka partikular batzuekin, ohiturari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

3. artikulua. Herritarrendako zuzeneko adjudikazioa. Herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak izanen dira baldintza hauek betetzen dituzten herritarrak edo legez eratutako elkarteak –eraldaketarako nekazaritza-sozietateak–:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua nahiz epaile bidez gaitua.

b) Udaleko biztanleen erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez lau urteko antzinatasunez. Elkarteen kasuan, egoitza udalerrian izan beharko dute, eta kideek antzinatasunaren baldintza bete.

c) Urtean gutxienez ere bederatzi hilabetez jarraian bizitzea herrian.

d) Onuraduna edo onuradunak zer toki entitateri dauden lotuak, haiekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Behar adina abelburu izatea udaleko abeltzaintzako aberastasunaren erregistroan, eskatzen diren bazkalekuen azienda kargaren arabera.

4. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Aitzineko paragrafoan xedatu denari dagokionez, larreen zuzeneko aprobetxamendutzat hartuko da onuradunak legez eratutako talde edo elkarteetan biltzen direnean egiten dena ere; betiere, kideek aitzineko artikuluan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

Adjudikaziodunak eskaera arrazoitua aurkeztu ondoan, besteren azienda sartzeko baimena eman diezaioke Murillo el Frutoko Udalak larre guztiak aprobetxatzeko, urte sasoia dela eta belar produkzioa ohi baino handiagoa denean.

Besteren azienda sartzeko epea ez da bi hilabete baino gehiagokoa izanen urtean, mota bereko aziendak badira, eta lau hilabete baino gehiagokoa, beste espezie batekoak badira.

Diru-sarrera gehigarriak toki entitatearentzat izanen dira, eta diru-sarrera gehigarri horien % 50 kentzen ahalko zaio adjudikaziodunari hurrengo ekitaldiari dagokion artzaintza kanonetik.

Ezin izanen da inola ere besteren mota bereko aziendarik sartu, horrek badakar adjudikaziodunaren abelburu kopurua gutxitzea.

Murillo el Frutoko Udalak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, larreen aprobetxamendua zuzenean egiten dela ziurtatzeko.

Udalak ulertuko du honako abeltzain hauek, besteak beste, ez dituztela larreak zuzenean aprobetxatzen:

a) Toki entitatearen zergetan beren aziendei edo abeltzaintza jarduerari baja ematen dietenak.

b) PFEZaren aitorpenean abeltzaintzako etekinak aitortzen ez dituztenak, horretara behartuta egonik.

c) Bazkalurren jabe izanik ere, haiek hirugarrenei errentan ematen dizkietenak.

d) Eskatu arren, honako agiri hauek ezarritako epean aurkezten ez dituztenak: zuzeneko aprobetxamendua frogatzen duten agiriak, hala nola artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak.

5. artikulua. Epea. Adjudikazio epea hamar urte izanen da, 2014ko urtarrilaren lehenetik hasita.

6. artikulua. Tasazioa. Azienda kopurua, larreen kalitatea eta luze-zabala, eskortarik baden edo ez eta beste inguruabarrak kontuan hartuta, udalak hainbestean tasatu du bazkaleku bakoitza:

BAZKALEKUA

TASAZIOA

Estaldurarik gabe

Estaldurarekin

Ipar-mendebaldeko bazkalekua

2.850 euro

3.200 euro

Hego-mendebaldeko bazkalekua

6.600 euro

6.600 euro

Ipar-ekialdeko bazkalekua

4.000 euro

6.950 euro

Hego-ekialdeko bazkalekua

4.550 euro

8.250 euro

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren adjudikaziodunek aitzineko apartatuan aipatu prezioen % 85 ordaindu beharko dute.

8. artikulua. Kanona berrikustea. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 27. artikuluan xedatutakoaren arabera, aurreko artikuluan ezarritako kanona aprobetxamenduaren lehen urterako dela ulertuko da, eta artzainek jasotako prezioen aldaketaren arabera erabakiko da kanonaren urteroko eguneratzea, erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraikiz.

9. artikulua. Kanonaren ordainketa. Urte bakoitzari dagokion kanonaren zenbatekoa lau hileko hiru epe berdinetan ordainduko da, lauhileko bakoitzari dagokion likidazioa jakinarazi eta hurrengo hilabetean.

Aipatu epean ordaindu ezean, berandutzagatiko errekargua jarriko da, eta, behar bada, premiamendu-prozedura bidez ordainaraziko da. Hiru epe ordaintzen ez badira, aprobetxamendua ken daiteke.

10. artikulua. Fidantza. Onuradunak hitzartu den errentamenduaren zenbateko osoaren % 1 jarri beharko du fidantza moduan, behin betiko adjudikazioaren ondoko hamabost eguneko epean. Fidantza hori eskudirutan egin daiteke udalak esandako kontuan edo hark aski jotako banku-abalaren bidez.

11. artikulua. Erreserba. Ipar-ekialdeko bazkalekua erreserba gisa gelditzen da, eskubidea duten bizilagun onuradun gehiago egon daitezkeelako. Beraz, hurrengo artikuluetan xedatutakoa aplikatzeko egiten den adjudikazioa behin-behinekoa izanen da, eta adjudikazioduna behartua egonen da aprobetxamendua uztera baldin ezarritako baldintzak betetzen dituen beste abeltzain bati esleitzen bazaio.

12. artikulua. Osasuna. Abeltzainek bete beharko dute Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea edo, bestela, hori ordezten duen araudia; eta Abeltzaintzako ustiategien erregistro orokorra ezartzen duen martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretua edo dagokionean aplikagarri den araudia ere bai.

Horretarako, osasun ziurtagiria eskuratu beharko du abere osasuneko bulegoetan, eta aipatu Erregelamenduak arautzen duen erregistroko inskripzioari buruz beharrezkoak diren datuak emanen dizkio udalari.

13. artikulua. Artzaintzaren, euriondoen, eskorten eta abarren araubidea.

a) Adjudikaziodunek euriondoak errespetatuko dituzte, modu honetan: hiru egun lugorrietan martxoaren 1a arte, eta bi egun handik aitzina. Uztondoetan, bai lehorreko lurretan bai ureztalurretan, hiru egun.

b) Mahastiak lugorritzat hartuko dira; hortaz, aziendak bertan larratzen ahal dira martxoaren 1era arte. Baina, denbora osoan debekaturik egonen da lehen hiru hostoko landatuetan, baita mahatsondo batzuk txertatu direnetan ere.

Besorako mahastietan ere beti dago galarazia aziendak larratzea. Olibondoak dituzten finketan ere ezin izanen da azienda sartu.

c) Halaber, laboreen bilketa uzta-makina bidez egin duten finka guztietan, lastoa errespetatu beharko dute, jabeak bildu ahal izan dezan, eta aziendak ezin ditu bota uzta ondoko hamabost egunetan. Belarren adjudikaziodunak baldintza hori bete ahal izan dezan, jabeak, berriz, ikur ikusgarriekin markatu beharko du finka, lastoa bildu nahi duela adierazteko.

d) Herri-lurrenak diren eskortetako simaurra larreen aprobetxamenduarekin batera adjudikatuko da. Larreen aprobetxamenduaren erremategileak zeuden bezala utzi beharko ditu eskortak, eta arrazoi naturalek eragindakoak ez diren kalte guztien erantzule izanen da.

Bakar-bakarrik ez dira erantzule izanen, kalteak beste pertsona batek eraginak izanik, hurrengo berrogeita zortzi orduetan behar den salaketa aurkezten badute.

e) Herri-lurretako finka edo lurzatietan, aziendak ezin dira sartu bertako uzta bildu arte. Hala ere, artzaintzan asmo txarreko nahasmendurik sor ez dadin, eta horrek kalte egin uztondoen aprobetxamenduari, herri-lurzatien adjudikaziodunek eta lurzati partikularren jabeek edo errentariek uztak jaso beharko dituzte oso-osorik laboreen uztaren ondoko hamabost egunetan.

Uzta biltzen ez bada aitzineko paragrafoan esan den datarako, udalari jakinaraziko zaio, bilketa eta aprobetxamendua egin ditzan. Hori kultibadore interesdunaren kontura eginen da berehala, non eta bildu gabeko uzta ezinbestez jaso ez den, eta udalak horrela iritzi, edo aprobetxagarri ez den, egoera txarrean egoteagatik. Azken kasu horretan, larreen errentaria nahi bezala sartzen ahalko da horrela dagoen lurzati edo finkan, baita bere aziendarekin uzta aprobetxatu ere, inolako erantzukizunik gabe.

f) Luzernetan, abenduaren 1etik otsailaren 1era larratzen ahal dira aziendak, udazkeneko ereintza egiten den tokietan izan ezik, azienda ezin izanen baita lehen neguan sartu. Aziendak erremolatxaren hostoetan larratzen ahal dira, fruitua jaso ez den bitartean.

g) Udako barazkien laborantzetan (tomatea, piperra, pipermina, etab.) edo negukoetan (azalorea, kardua, aza, etab.) abeltzainak zortzi egun izanen ditu azienda larratzeko, uzta egunetik hasita. Ureztalurretako garagar eta garietan, fardoak egin nahi dituen nekazariak behar bezala markatu beharko du, eta sei egun izanen ditu. Azken egunetik, abeltzainak hamar egun izanen ditu, aziendak larratzeko. Fardorik egin nahi ez badu, aziendak uzta ondoko hamar egunetan larratzen ahalko dira.

h) Neguko belarretan, bolak berdetan egiten badira, aziendak hogeita lau ordutan larratzen ahalko dira, fardoak jasotzen direnetik. Fardoak idor bilduz gero, mozketen artean ez da sartzerik izanen.

i) Mendiko bazkalekuetako larreen errentamenduko herri-lurrak ez dira irailaren 1a baino lehenago goldatzen ahalko. Era berean, egun horren aurretik ezin izanen dira beste lan edo egiteko batzuk egin, abeltzainei esleitutako larreak galarazi edo haiei kalte egiten badie.

Aldiz, zilegi da harriak ateratzea, ur-tirak garbitzea edo finka saneatzea.

j) Lehorreko lurretan, NPB aplikatzeagatik lugorri uzten diren lurzatiak txiselez goldatzen ahalko dira irailean, eta berriz ere goldatzen ahal apirilaren 25etik aitzina. NPBren araudian aldaketarik izanez gero, goldaketa hasten ahalko da araudi horretan goldaketaren bukaerarako agintzen duen epea baino hogeita hamabost egun lehenago. Hasiera eguna behar bezala iragarriko da.

Zalkeen eta ilar berdeen laborantzetan, ekainaren 30etik aitzina goldatzen ahal da, edo NPBn ezarritako egunetik aitzina.

k) Ureztalurretako bazkalekuetako garien uztondoetan, aziendak uzta ondoko laugarren egunean larratzen ahalko dira, eta hogeita zazpi egunez. Garia edo garagarra erein behar bada, aziendek bost egun izanen dituzte larratzeko, eta horrela jakinarazi behar zaio abeltzainari.

Ekilorearen uzta eta gero arau bera aplikatuko da.

Ureztalurretako laboreen uztondoei dagokienez, bazkak edo barazkiak paratzen ez badira, artorako edo ekilorerako aipatu den epe berdina izanen da. Bazkak jarriko badira, aziendek bost egunez aprobetxatzen ahalko dute.

l) Udala beharturik dago bazkaleku bakoitzaren adjudikazioduna eskorta batez hornitzera, aziendak gordetzeko, eta idoiez, edaten emateko.

m) Bazkalekuak hartzen dituen mugen barruan lurzatiak jabetzan dituen nekazariak ezin izanen dio abeltzainari ukatu bere eskubideko artzaintza erregimena.

14. artikulua. Herritarrendako adjudikaziorako prozedura.

Lehenengoa. Udalbatzaren erabakiaren bidez, aitzinetik erabakia hartuta, epe bat jarriko da eskubidea dutela uste dutenek larreen zuzeneko adjudikazioa eska dezaten, aitzinetik ediktua jarrita Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta entitatearen iragarki-taulan.

Bigarrena. Eskabideekin batera, hauek aurkeztuko dira: eskatzailearen eskubidearen ziurtagiriak, eskabide eredua, Ondasunen Erregelamenduaren 204. artikuluak aipatzen duen osasun ziurtagiria, eta eskatzaileak nahi dituen bazkaleku edo guneen zerrenda.

Hirugarrena. Udalak behin-behineko adjudikazioa eginen du, gorabehera hauek kontuan harturik, besteak beste:

a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.

b) Bazkalekuak larratzeko jaso dezaketen azienda kargaren arabera adjudikatuko dira. Bazkaleku osoak adjudikazioan hartzeko lehentasuna izanen dute haiei atxikitako azienda kargaren antzeko abelburu kopurua duten abeltzainek.

c) Bazkaleku bat abeltzain bati baino gehiagori adjudika dakioke, guztiek dituzten abelburuen kopurua ez bada bazkalekuak har dezakeen kopurua baino handiagoa. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Abeltzain berari bi bazkaleku adjudikatzen ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko abeltzain guztien eskaerak bete badira.

Laugarrena. 1. Behin-behineko adjudikazioa eginda, entitatearen iragarki-taulan jarriko da iragarkia, eta epe bat emanen da erreklamazioak aurkezteko.

2. Adierazi epea iragandakoan erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko adjudikazioa behin betikoa izanen da.

Bestela, toki entitateak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu, eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.

Bosgarrena. Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez ez badira herri-larre guztiak adjudikatzen, sobera gelditu direnak enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira hamar urteko eperako edo herritarrendako adjudikazioa bukatzeko gelditzen denerako.

15. artikulua. Enkantearen bidezko adjudikazioa.

Lehenengoa. Udalerri honetako herri-lurretako aprobetxamenduak osatzen dituzten bazkalekuei dagokienez herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren prozedura agortuta, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira. Hura Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. tituluko xedapenei eta geroago horiek ordezten duten arauei jarraikiz eginen da.

Bigarrena. Enkanteak erregelamenduzko sesteoa izanen du, eta plegu itxiaren bidez eginen da. Udalak bazkaleku guzti-guztiak zenbatetan tasatu dituen, horiexek izanen dira hasierako prezioak.

Hirugarrena. Udalarekin edo Nafarroako Gobernuarekin zorrak dituztenek ezin dute enkantean parte hartu.

Laugarrena. Eskaintzak, baliozkoak izateko, horretarako onesten den ereduari lotu beharko zaizkio, eta horiekin batera errentan hartu nahi diren bazkalekuen hasierako prezioaren % 10eko diru-sarrera egin beharko da udal diruzaintzan.

Bosgarrena. Kapitulu honetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen VI. tituluan eta hura ordezten duen arauan xedatutakoari jarraituko zaio.

16. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Lehenengoa. Arau-hauste administratiboak, besteak beste, hauek dira:

A) Abereen Osasunari buruzko Foru Legean eta bere Erregelamenduan abeltzaintzako ustiategien erregistroei buruz xedatutakoa ez betetzea.

B) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

C) Aziendak sartzea adjudikatu ez zaizkion bazkalekuetan.

D) Azienda sartzea ordenantza honek baimentzen ez duen garaian eta tokian, baldin eta herri-lurzatien laborantza hondatzen badu.

E) Kalte egitea aziendarendako artegietan eta idoietan.

F) Ez errespetatzea belarren adjudikazio epeak.

G) Udalak espresuki baimendu gabe, adjudikatutako bazkalekua inori errentan eman edo eskualdatzea.

Bigarrena. Zehapenak. Ordenantza honen xedapen hauetan edo larreen aprobetxamendua arautzen duten xedapen orokorretan edozein arau-hauste eginez gero, egindako kaltea zenbat, gutxienez ere halako bost eta gehienez ere halako hamar izanen da zehapena. Hura zenbatesten ahal ez bada, hirurogei eurotik mila eta berrehun eurora bitarteko isunaz zehatuko da, arau-haustearen larritasunaren arabera.

Hirugarrena. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean eta zehapen arloa garatzeko haren araudian ezarritako prozedurari jarraikiz ezarriko dira zehapenak.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Urte natural bateko epean aspertsio bidezko ureztatzea jartzen bada Nafarroako Ubidearen X sektoreko herri-lurretan, ureztalur bihurturik, kanonaren zenbatekoa hainbanatuko da estaldurarekin eta estaldurarik gabe izan diren hilabeteen arabera.

Ordenantza hau udalak behin betiko onetsi zuen, 2013ko abuztuaren 8an egindako osoko bilkuran.

IV. KAPITULUA

Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak

45. artikulua. Herri-basoetako aprobetxamenduak beti egin beharko dira Nafarroako Gobernuan gai horretan eskumena duen departamentuak aitzinetik baimena emanda eta hark ezartzen dituen manu tekniko-fakultatiboen arabera.

Aprobetxamendu horiek arautuko dira Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko 12/1990 Foru Legean eta bere Erregelamenduan (otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsia) xedatutakoaren arabera.

46. artikulua. Etxerako eta materialetarako egurraren kasuan, udalak ezartzen ahalko ditu herritarren aprobetxamenduetako kantitatea, epeak eta gainerako baldintzak, betiere salmenta inola ere onetsi gabe.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuan eginkizun hori bere gain duen zerbitzua arduratuko da zuhaitzen markaketa, entrega eta ikuskapen lanez.

47. artikulua. Udalak ematen ahalko du oihan loteen aprobetxamendua, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 207. eta 208. artikuluetan ezarritako baldintzen arabera.

48. artikulua. Baso aprobetxamenduak besterenduko dira enkante publikoan, aipatutako Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 209.etik 212.era bitarteko artikuluetan ezarritako moduan.

Udalak aprobetxamenduak besterentzen ahalko ditu enkantera jo gabe, honako kasu hauetan:

a) Lote bakarra bada, eta materiala 100 metro kubikotik beherakoa bada erretxinadunetan.

b) Aprobetxamenduak egiten badira herri-lanetarako edo, frogatutako presa izanik, interes publikokoak diren obra pribatuetarako.

V. KAPITULUA

Bestelako aprobetxamenduak

49. artikulua.

1. Ehiza barrutiaren aprobetxamendurako arauak izanen dira udalak hartarako onesten dituen baldintzak, eta 17/2005 Foru Legea, abenduaren 22koa, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzkoa, eta hura garatzeko Erregelamendua, ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, edo haren ordezko araudia, halakorik baldin bada.

Tokiko ehiztarien elkarteari egin zitzaion adjudikazioa amaitzen denean, udalak behar den erabakia hartuko du aprobetxamendua arautzeko, eta orduan onesten den testua ordenantza honetan txertatuko da.

2. Araudi hori aplikatuz, Murillo el Frutoko Udalak herriko ehiztarien elkarteari esleitzen ahalko dizkio abandonaturik dauden edo errentagarritasun txikikoak diren lur edo lurzati jakin batzuk, erabiliko direnak ehiza espezieen eta basa faunaren aterpe, babesleku edo ugaltzeko toki izateko eta, oro har, haien mesederako. Horretarako, ehiztarien elkartearekin hitzartuko da nola egin behar diren egokitzapen lanak, flora autoktonoaren ereintza, idoietako mantentze-lanak eta abar, betiere kontuan hartuz, hurrenez hurren, lurzatien nahiz larre bazkalekuen adjudikaziodun suertatu diren nekazari eta abeltzainen interesak.

50. artikulua. Legarra ateratzea eta harrobien ustiapena eginen da honako hauetan xedatzen denaren arabera: udalerri honetan indarra duen udal plan orokorraren II. titulua («Lurzoru urbanizaezineko araudi partikularra»); Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea, eta hura garatzeko Erregelamendua (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia) edo haren ordezko araudia, halakorik baldin bada.

Herritarrei legarrak ateratzeko baimena ematen ahalko zaie, obra partikularrak egiteko, adierazten diren guneetan.

Era berean, legarren eta harrobien ustiapena besterentzen ahalko zaie herriko bizilagun ez direnei, udalak onesten dituen proiektuaren eta baldintza-agiriaren arabera, eta inguruko harrobietan legarra saltzeko prezioen arabera finkatuko den kanonari dagokiona ordainduta, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 215. artikuluan adierazitako moduan:

215. artikulua. Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan ezarri nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako toki entitateek prestatzen dituzten baldintza agiriei lotuko zaizkie. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez, gutxienez, eta onespena eman beharko du Foru Komunitateko Administrazioak.

51. artikulua.

1. Herri-lurretan aprobetxamendurako erlauntzak paratzen ahalko dira, baldintza hauei jarraituz eta toki hauetan:

a) Herri-lurretako aprobetxamenduaren xede diren lur adjudikatuetan, bai aprobetxamenduaren titularrak bai haren baimena duten hirugarrenek.

Bigarren kasuan erlauntzen jabeak ordaindu beharko du kanona, eta horrek erlauntzak kokatuta dauden aprobetxamenduaren titularrari jasanarazten ahalko dio.

Herri-lurretako aprobetxamenduaren titularra aldatzen bada, nahitaezkoa izanen da adjudikaziodun berriaren baimena eskuratzea. Halakorik ezean, ezarritako erlauntzak kendu beharko dira 15 egun naturaleko epean, herri-lurretako aprobetxamenduaren adjudikaziotik kontatzen hasita.

b) Adjudikaziorik gabeko herri-lurretan, interesdunek baimena eskatuko dute erlauntzak paratzeko, eta horiek kokatzeko tokia proposatuko dute. Dena den, udalak adieraziko du kokaleku zehatza zein izanen den, eta egindako proposamena baztertzen ahalko du, interes publikoko arrazoiengatik.

Kasu guztietan, eskabideak udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira, honako hauekin batera: ustiapenaren erregistroaren ziurtagiria, dagokion osasun dokumentazioa eta kalteen eta erantzukizun zibilaren gaineko asegurua erlauntzetarako.

2. Erlezain orok ondoko betebehar hauek bete beharko ditu, indarra duen legeriak ezartzen dituenez gain:

Honako hauetara gorde behar diren gutxieneko tarteak:

a) Establezimendu kolektibo publikoak, eta hirigune eta biziguneak: 400 metro.

b) Bizilekuak diren landa eremuko etxebizitzak eta abeltzaintzako instalazioak: 100 metro.

c) Aziendak okupaturiko eskorta edo instalazio irekiak: 200 metro.

d) Estatuko errepideak: 200 metro.

e) Eskualdeko errepideak: 100 metro.

f) Auzo-bideak eta mendiko pistak: 25 metro.

g) 25 erlauntz baino gutxiago dituzten erlategien artean: 500 metro.

h) 25-100 erlauntz bitarte dituzten erlategien artean: 750 metro.

i) 100 erlauntzetik gorako erlategien artean: 1.000 metro.

3. Indarra duen legerian ezarritako erabakiak bete beharko dituzte erlauntzek, bereziki otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan eta Nafarroako Foru Berriko 369. Legean, edo haien ordez edo haien osagarri moduan ezartzen diren xedapenetan ezarritakoak.

4. Erlezaintzako ustiategien titularrek erlauntz bakoitza identifikatu beharko dute, ikusteko moduko tokian eta irakurtzeko maneran, marka ezabaezin baten bidez; zer ustiategitakoa den, harexeri esleituriko kodea agertuko da bertan. Orobat, ohartarazi beharko da, ikusteko moduko lekuan eta erlategitik hurbil, erleak badirela.

5. Erlategi berriak paratzean edo oraingoak tokiz aldatzean, aurreneurriak hartu beharko dira osasun arloan, baita bizitokietatik urrun egoteko eta joan-etorrietan pertsonei nahiz aziendei kalterik ez egiteko ere.

6. Erlezaintzako ustiategi baten titularrak bere erlauntza guztiak edo batzuk lekualdatu nahi baditu, erlezaintzako ziurtagiri ofiziala eduki behar du, baita xedatzen den osasun dokumentazioa ere.

7. Erlezaintzaren ustiapenaren defentsan eta laborantzak babestu beharrean oinarriturik, tratamendu fitosanitarioak eta landaretzakoak aplikatzean kontuan hartuko da horien ondorioz haien kategoriaren arabera erlezaintzan egin daitekeen kaltea; hortaz, tratamendua egiten duenak behar diren neurriak hartuko ditu, baita hura jakinarazi ere ukiturik gerta litezkeen erlezainei, tratamendua egin baino 15 egun lehenago jakinarazi ere.

8. Ustiategiaren titularrak erleen premia fisiologikoak ase behar ditu, eta haien portaera zaindu, haien osasunaren eta ongizatearen alde.

9. Kanona aterako da prezioak aplikaturik onetsitako erlauntz kopuruen gainean:

–25 erlauntz arte: 35 euro/urte.

–50 erlauntz arte: 50 euro/urte.

–50 erlauntzetik gora, 1 euro/erlauntza/urte ordainduko da.

Kanona urtero eguneratuko da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 27. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

V. TITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

52. artikulua. Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu herri-lurren gainean dauden aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xede hauek baldin badituzte:

a) Herri-lurren gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

53. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen proiektuak udalak berak edo herritar interesdunek sustatuko dituzte, eta lehentasunezkoak izanen dira.

54. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen den ahalmena erabiltzeko prozeduran urrats hauek bete beharko dira:

a) Udalak osoko bilkuran hartutako erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendu berezia onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta, hala badagokio, udalaren osoko bilkurak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

55. artikulua. Udalak onesten duen araubide berezia egokitu beharko da, arautu nahi den proiektuaren ezaugarrien eta xedearen arabera, eta proiektuak lortu nahi dituen helburuak betetzeko behar den denbora guztian iraunen du.

Indarraldia iragandakoan, proiektuak ukitutako herri-lurrak sartuko dira berriz ere aprobetxamenduaren prozedura orokorrean.

56. artikulua. Nafarroako Gobernuak bere onespena eman dezan, udalak espediente bat igorriko du, honako hauek bertan sarturik:

a) Hobekuntzaren proiektu teknikoa, halakorik bada, eta hobetu nahi diren herri-lurren identifikazio kartografikoa.

b) Toki korporazioaren onespeneko erabakia, hobekuntza proiektuaz, herri-lurren erredentzioaz edo proiektu sozialaz.

c) Ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen araubide berezia.

d) Jendaurreko aldiaren, aurkeztutako alegazioen eta haiei buruzko ebazpen arrazoituaren ziurtagiria.

e) Araubide berezia justifikatzeko memoria, arrazoitua izan beharko duena, aurreko artikuluko 1. zenbakian xedatua aplikatzearen ondorioz.

57. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan dauden adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kaltegalerak eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ordainduko zaizkie.

58. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunetan jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.

59. artikulua. Herri-lurrak luberritu nahi badira bertan laborantzan aritzeko asmotan, aitzinetik Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuaren baimena beharko da.

IV. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

60. artikulua. Udalak bere esku dauka ordenantza honetan ezarritakoa urratzen dutenak zehatzeko ahalmena. Nafarroako Gobernua arduratuko da herri-lurrei eragiten dieten eta oihanari buruzko indarreko legeria hausten duten gertakariak aztertu eta zehatzeaz.

61. artikulua. Administrazioko arau-haustetzat hartzen dira ordenantza honen xedapenen aurka egiten duten jarduketa guztiak, eta, bereziki, honako hauek:

–Egitate hauek arau-hauste arintzat hartzen dira:

a) Plastikoak, ontziak, bidoiak eta horrelakoak ez biltzea edo ez kentzea adjudikatutako lurzati, sarbide edota altxonbideetatik.

b) Idoietan, ezpondetan eta abarretan produktu fitosanitarioen ontziak uztea abandonaturik.

c) Zaborra, barazkien hondakinak eta inausketa hondarrak botatzea bideetan, altxonbideetan eta beste lurzati batzuetan.

d) Ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako beste edozein gertakari edo egintza, arau-hauste astun edo oso astun gisa sailkatu ez dena.

–Egitate hauek arau-hauste astuntzat hartzen dira:

a) Lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, landu gabeko lurrak edo lur larre utziak badira ere.

b) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) udalaren baimenik gabe landatzea.

c) Nekazaritzako lanak ordenantza honek baimentzen ez dituen garaietan egitea, larreen ustiapenaren kaltetan (herri-larreak).

d) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

e) Beste lurzati batzuekiko bereizketa ezpondak lantzea eta horien arteko mugak murriztea, udalaren berariazko baimenik gabe.

f) Lurzati bat goldatzean ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

g) Azienden idoietatik ura hartzea eta, horretarako, tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea, bazkalekuaren titularraren baimenik gabe.

h) Bideetan, uztondoetan, lur larre utzietan eta altxonbideetan herbizidak aplikatzea, edo luberritzearen ordez herbizidak aplikatzea, ukitutako herri-larreen abeltzain adjudikaziodunari behar den denboraz jakinarazi gabe.

i) Lurzatietako ureztaketa ez zaintzea eta ez kontrolatzea, eta horren ondorioz bideak eta aldameneko lurzatiak ureztatzea.

j) Ureztatzeko txandak eta ordutegiak ez errespetatzea.

k) Lurzatiak trukatzea, ordenantza honen 15.5 artikuluan ezarritako izapideak bete gabe.

–Egitate hauek arau-hauste oso astuntzat hartzen dira:

a) Norberak zuzenean ez lantzea adjudikatutako lurzatiak.

b) Udalak laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela egiaztatzeko jarduera oztopatzea; hau da, horretarako eskatzen den dokumentazioa behar bezala eta epean ez aurkeztea.

c) Adjudikazioa eskuratzeko, gezurrezko datuak ematea.

d) Ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten egitate guztiak, fede txarrez eginez gero, lurzatien adjudikaziotik onura atera nahirik edo laborantza egiaztatzeko egiten diren frogetan datuak ezkutatu edo faltsutu nahirik.

e) Laborea beste batzuei apartzerian edo errentan ematea edo lagatzea.

f) Beste pertsona bati adjudikatutako laborantza apartzerian jasotzea edo azpierrentaria edo emakidaduna izatea.

g) Kanonak edo erregelamendu bidez ezarritako bestelako tasak haien epeetan ez ordaintzea.

h) Ureztatzaileen Elkarteak ureztalurretako lurzatiengatik likidatu eta igorritako gastuak ez ordaintzea.

i) 15. artikuluan ezarritako eskakizunak ez betetzea (adjudikazioa galtzea dakar).

j) Bideak edo altxonbideak goldatzea, edo basobera (erromeroa, milazka, etab.) luberritzea.

62. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a) Arau-hauste arinak: 60,00 euro eta 1.000,00 euro arteko isuna.

b) Arau-hauste astunak: 1.001,00 euro eta 3.000,00 euro arteko isuna.

c) Arau-hauste oso astunak: 3.001,00 euro eta 6.000,00 euro arteko isuna, eta emakida galtzea. Lurrak udalaren esku geratuko dira, dauden egoeran, kalte-ordainik jasotzeko edo erreklamaziorik egiteko eskubiderik gabe.

Hori guztia, ondasun publiko edo lurretan eragindako kalte-galeren ordainketa ezertan ukatu gabe (kalteen egileek zuzenbidearen arabera ordainduko dituzte behar diren zenbatekoak). Laborantza beste pertsona bati apartzerian emateagatik, azpierrentamenduan jartzeagatik edo lagatzeagatik lurzatiak galtzen dituzten onuradunek udal diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

Aurreko artikuluan jasotako arau-hausteak zehatu eginen dira, dagokion zehapen-espedientea izapidetu ondoren, ordenantza honen xedapenekin bat etorriz.

63. artikulua. Ordenantza hau interpretatzean eta udalaren osoko bilkurak hura aplikatuz gauzatutako egintzen edo hartutako erabakien ondorioz sortzen diren gorabehera guztiak errekurtso hauetako bat jarriz ebatziko dira:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

–Berraztertzeko errekurtsoa, Murillo el Frutoko Udalari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Lehen xedapen gehigarria.–Errespetatu eginen zaizkie adjudikaturik dauden lehengo mahastiak eta almendrondo eta olibadi landaketak, landareen balio-bizitzak irauten duen bitartean, hala eskatzen dutenei.

Bigarren xedapen gehigarria.–“Ganazo” alderdian, tantaka ureztatzeko mahatsondoak landatzeko lurren adjudikazioak (udalak 2000ko urriaren 10eko osoko bilkuran eginak) arautuko dira berariazko ordenantza baten bidez, adjudikazio epeak dirauen bitartean. Hori 2000ko 157. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 29koan:

«GANAZO» ALDERDIAN MAHASTIAK LANDATZEKO LURZATIEN ADJUDIKAZIOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Oro har, familia-unitateak izanen dira Murillo el Frutoko «Ganazo» alderdian mahastiak landatzeko herri-lurzatien aprobetxamenduen onuradun, baldin eta haien titularrak honako baldintza hauek betetzen baditu:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua nahiz epaile bidez gaitua.

b) Murillo el Frutoko Udaleko biztanleen erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez ere bi urte lehenagotik.

c) Urtean gutxienez ere bederatzi hilabetez jarraian bizitzea Murillo el Fruton.

d) Murillo el Frutoko Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

2. artikulua. Herri-lurzati hauen adjudikaziodun izateko, interesdunak une oro bete beharko ditu Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 1999ko abuztuaren 19an emandako Foru Aginduan ezarritako eskakizun eta baldintzak, edo, bestela, haren ordez mahasti berriak eskatu, tramitatu eta emateko ezartzen den araudia.

Udalaren gain dago beharkizun eta baldintzok benetan betetzen direla zaintzea.

3. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez. Udalak noiznahi eskatzen ahal dizkio agiriak eta aurrekariak onuradunari, berak zuzenean lurra lantzen duela frogatzeko.

4. artikulua. Adjudikazioa 25 urterako da, edo mahatsondoa bizi den bitartean.

5. artikulua. Adjudikaziodunak, erretiroa hartzen badu ere, mahastia lantzen jarraitzen ahalko du, gainerako herri-lurren loteen aprobetxamendua egiteari uzten badio ere.

6. artikulua. Adjudikazio epea edo mahatsondoaren balio-bizitza amaitzean, eskubideak udalari pasatuko zaizkio automatikoki, eta hark erabakiko du, mahastiaren egoerari buruzko balorazio txostena egin ondoren, adjudikazio-emaileak mahastia kendu behar duen ala ez.

7. artikulua. Adjudikaziodunak mahastiaren aprobetxamendua egiteari utzi nahi badio, edo egitea galarazten dioten ezinbesteko kasuetan (heriotza edo baliaezintasun iraunkorra), bigarren mailara arteko odol bidezko ahaideei (gurasoak, anai-arrebak, seme-alabak, ilobak eta ezkontidea edo antzeko afektibitate harremana duen pertsona) lagatzen edo eskualdatzen ahalko die mahastiaren aprobetxamendua, baldin eta ordenantza honen 1. artikuluan ezarritako gainerako beharkizunak betetzen badituzte eta udalari idatziz jakinarazten badio, une oro jakin dezan herri-lurzatiak nork lantzen dituen eta, hortaz, nork duen ordenantzaren xedapenak betetzearen erantzukizuna.

8. artikulua. Lagatzea adjudikazioduna zendu delako gertatzen bada eta jaraunsleak adingabeak badira, aprobetxamendurako eskubidea gordeko zaie adinez nagusi izan edo emantzipatu arte, baldin eta mahastizaintzan jardutea hautatzen badute, eta ordenantzan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Bitartean, adingabearen guraso-ahala edo tutoretza duen pertsonak hartuko du mahastien ardura, behin-behinean. Adinez nagusi denean, ez badu ezarritako baldintzetan mahastizaintzan ari nahi, udalaren esku geldituko da eskubidea, eta, mahastia tasatu ondoren, haren balioa ordainduko dio jaraunsleari.

9. artikulua. Adjudikaziodunen batek Murillo el Fruton bizitzeari uzten badio edo mahastia uzten badu, udalaren esku geratuko da, eta beste adjudikazio bat eginen du, enkante publikoaren bidez, honako zehaztapen hauei jarraikiz:

1. Lehenik eta behin, zozketa publiko bat eginen da Murillo el Frutoko herritarren artean, bere garaian ez baitzuten aukerarik izan mahastiaren aprobetxamendurako hasierako adjudikazioa eskuratzeko. Izan ere, herri-ondasun bat da, eta herritarrek lehentasuna izan behar dute. Gainera, adjudikazio horren oinarria Murillo el Frutoko herritarrekin lotuta dago, ordenantza honen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Murillo el Frutoko herritar batek ere ez badu mahastiaren aprobetxamenduaren gaineko interesik, enkantearen prozesu orokorra amaitu ondoan (lehena, bigarrena eta hirugarrena, hala badagokio), enkante publiko orokorraren bidez adjudikatuko da mahastia, eta edonor aurkezten ahalko da, ordenantza honen 1. artikuluko betekizunak betetzen ez baditu ere.

2. Dagokion urteko kanonaren zenbatekoaren eta utzitako mahastiaren adjudikaziodunak horren balioaren gainean egiten duen tasaziotik ateratzen denaren arteko baturak osatuko du hasierako prezioa, lehen urterako; irauten dituen gainerakoetarako, eguneratutako urteko kanona ordainduko da.

3. Eman gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egiten ahalko dira, hasierako prezioa baino % 10 eta % 20 merkeago, hurrenez hurren.

4. Lehenbiziko enkantea entitatearen webgunean eta iragarki-taulan iragarri beharko da, egin baino 15 egun natural lehenago gutxienez.

Laborantzak hala eskatzen badu –behar bezala arrazoituta–, enkantea berehala egitea erabakitzen ahalko da, eta 7 egun natural aurreratzen ahalko da enkantearen eguna.

5. Bigarren eta hirugarren enkanteetarako, halakorik eginez gero, aski izanen da Murillo el Frutoko Udaleko iragarki-taulan iragartzea, haietako bakoitza egin baino 5 egun lehenago gutxienez.

Laborantzak hala eskatzen badu –behar bezala arrazoituta–, enkanteak berehala egitea erabakitzen ahalko da, eta 3 egun natural aurreratzen ahalko dira enkanteen egunak.

6. Enkanteetan sesteoa egiten ahalko da, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduan jasotako zehaztapenekin bat.

7. Enkanteetan parte hartzeko, horietako bakoitzerako adierazitako lizitazio prezioaren % 4aren baliokide den fidantza jarri beharko da enkante mahaian.

8. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean adjudikatzen ahalko da, baina prezioa ez da azken enkantearen lizitazio prezioa baino merkeagoa izanen.

10. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoa gorabehera, Murillo el Fruton bizitzeari eta/edo mahastia lantzeari uzteko asmoa duen adjudikaziodunak horren berri ematen ahalko dio Murillo el Frutoko Udalari, hilabete lehenago gutxienez, dagokion eskaerari tasazioari buruz egindako txostena gehituta. Hori gertatuz gero, udalak beste adjudikazio bat eginen du, enkante bidez, honako zehaztapen hauei jarraikiz (arestian aipatuei dagokienez):

a) Murillo el Frutoko Udalak enkantean eskuratutako zenbatekoa ordainduko dio utzitako lurzatiaren aprobetxamenduaren titularrari, kanonari dagokiona kenduta.

b) Utzitako lurzatiaren aprobetxamenduaren titularrak udalari egindako jakinarazpena baliogabetu eta ondoriorik gabe utz dezake, bigarren eta hirugarren enkanteak egiteko adierazitako ordua baino 48 ordu lehenago gutxienez, horretarako beharrik ikusten badu, hots, uste badu bigarren eta hirugarren enkanteetarako legez ezarritako lizitazio motak bere interesen kalterako izan daitezkeela.

11. artikulua. Mahastia landatzeko lurra erosten duenari beste horrenbeste kenduko zaio hartzen duen lehorreko herri-lurretik.

12. artikulua. Erregu-lurreko kanona Murillo el Frutoko Udalak urtero ezartzen duena izanen da, betiere legez dagokion errebalorizazioa eginda (2021eko ekitaldirako: 36 euro/erregu-lur/urte). Gastu guztiak, lurzatirainoko bertarainoko hasierako instalazioa izan ezik, adjudikaziodunen kargura izanen dira.

Lehenengo xedapen iragankorra.–Nafarroako Ubidearen X sektorean ureztalur bihurtu diren eremuetako lurzatien aprobetxamendurako, honako kanon hau ezarri da: 564,38 euro erregu-lurreko eta urteko, alde batera utzita Itoizko urtegiaren eta Nafarroako Ubidearen gastu finkoak, Ureztatzaileen Elkarte Nagusiarenak eta lurzatiei lotutako gainerakoak.

Lurzatiak eta haien aspertsio bidezko ureztaketaren instalazioa ematen direnetik aurrera kobratuko da zenbateko hori, eta urtero eguneratuko da, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoeraren (KPI) arabera. Eguneratze horrek udal kanonari eraginen dio, baina ez gastu finkoei, horiek erakunde eskudunek (X sektoreko Ureztatzaileen Elkartea) ezarritakoak izanen baitira.

Bigarren xedapen iragankorra.–Aspertsio zaharraren bidezko ureztalurrak berriz ere adjudikatzen badira, Ureztaketen Sindikatutik bereizita eta X sektoreko Ureztatzaileen Elkartean sartuta, eta aitzineko xedapen iragankorrean deskribaturiko lurzatietan estaldura egiten bada, aspertsio bidezko ureztalur guztiek, bai zaharrek bai berriek, urtean 564,38 euroko karga izanen dute hektarea bakoitzeko (50 euro/erregu-lur/urte), deskribaturiko gastu finkoak aparte utzirik.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Ordenantza honen aldaketa indarrean sartzen ez den bitartean, ordenantza honen xedapenek indarrean jarraituko dute; eta ordenantza honetan xedatu ez den guztian, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen xedapenak, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) eta aplikagarri den gainerako araudi sektorialaren xedapenak aplikatuko dira.

Lehen xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe uzten dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko arauak.

Bigarren xedapen indargabetzailea.–Indargabetuta geratzen da «Murillo del Frutoko Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduaren barne araubidearen erregelamendua edo ordenantza, Nafarroako Ubidearen X sektoreari dagokiona» (2011ko 58. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 24koa) jasotzen duen ordenantzaren xedapen gehigarria, haren edukia ordenantzaren egungo aldaketan txertatzen baita.

Azken xedapena.–6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz behin betiko onetsitakoan, ordenantza honek, lege beraren 326. artikuluan xedatuari jarraikiz, ondorio juridikoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, bai eta Estatuko Administrazioak edo Nafarroako Foru Komunitatekoak toki entitateei egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira errekerimendua egiteko ahalmena erabiltzeko epea amaitu ondoren ere.

Iragarkiaren kodea: L2109239