150. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAGETA

Kontzejuaren ordenantza, pilotalekua arautzen duena.
Behin betiko onespena

Larragetako Kontzejuak, 2021eko apirilaren 9an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Larragetako pilotalekua arautzen duen Kontzejuaren ordenantza, (2021eko 94. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 26an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua), eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Larragetan, 2021eko ekainaren 9an.–Kontzejuko burua, María Manso Montes.

KONTZEJUAREN ORDENANTZA, LARRAGETAKO PILOTALEKUAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua.

Ordenantza hau oro har aplikatu beharko da Larragetako Kontzejuko pilotalekuko kirol instalazioan.

2. artikulua.

Larragetako pilotaleku estalia Kontzejuaren jabetzako ondasun bat da, nagusiki herriko bizilagunei zerbitzu egiteko erabilera duena, aisialdiari, kirolari, kulturari eta arlo sozialari loturiko helburuetarako.

Halaber, Larragetako Kontzejuak instalazioen erabilera esklusiborako eskubidea izanen du beste ekitaldi edo jarduera batzuetarako, komenigarri iruditzen bazaio.

3. artikulua.

Ordenantza honen xedea da arau multzo bat ematea, kirol instalazioen barneko jardueren plangintza egin beharrez, honako onura hauek lortzearren:

• Instalazioen erabilera arrazoizkoa eta ordenatua, bizilagunei haiek erabiltzeko aukera bermatzearren.

• Jardueren koordinazioa eta kontrola.

4. artikulua.

Kontzejuari honako hau dagokio:

• Ordenantza hau onetsi, aldatu edo indargabetzea.

• Kontzejuan sustatzea jarduera sozialak nahiz kirol jarduerak gauza daitezen, eginiko ahalegin eta ekimen guztiak koordinatuz, ikuspegi orokor bat harturik.

• Gastuak xedatzea, bere eskumenen eta aurrekontu-kredituen barnean, instalazioak kontserbatu eta hobetzearren.

• Instalazioak erabiltzeko prezio publikoak eta tasak ezartzea.

• Instalazioak erabiltzeko ordutegia ezartzea, era arrazoituan.

• Instalazioen erabateko erreserba baimentzea egun zehatzetan, Kontzejuaren, kanpoko beste erakunde batzuen nahiz partikularren ekimenez.

• Dirulaguntzak eta bestelako laguntzak eskatzea Nafarroako Gobernuari, korporazio publikoei, enpresa pribatuei eta partikularrei, eta haiek ematen dituztenak onartzea.

• Ordenantza hau interpretatzea eta sortzen diren zalantzak ebaztea.

5. artikulua.

Instalazioen erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

a) Doakoa izanen da instalazioetan antolatzen diren kirol, kultura eta gizarte arloko ekitaldietarako sarrera. Jarduerarik egin nahi bada sarrera ordainduta, Kontzejuaren berariazko baimena beharko da aurretiaz.

b) Erabiltzaileek instalazioak erabiltzeko eskubidea dute, betiere, haien izaeraren arabera, baimendutako jardueren arabera, eta haien erabilera arautzen duen ordenantza honen arabera.

c) Instalazioetako ondasun higigarri eta higiezin guztiak errespetatzeko konpromisoa hartzen dute erabiltzaileek. Ondasun horietan egin kalteak egileak berak edo haren ordezkari legalak ordainduko ditu.

d) Erabiltzaileek jarri eta, gero, jaso beharko dute erabiltzen duten materiala, eta instalazioak aurkitu bezala utzi beharko dituzte.

e) Instalaziotik ateratzeko aginduko zaie ordenantza honen arauen aurkako jokabidea duten erabiltzaileei zein ikusleei, edo une horretan instalazioan dauden pertsona edo gauzak errespetatzen ez dituztenei.

f) Bete beharreko arauen zerrenda instalazioan bertan jarriko da ikusgai, ordenantza honen eranskinaren II. epigrafean ageri diren arauak jasota, hain zuzen.

6. artikulua.

Instalazioak erabiltzeko tasa edo prezio publikoa ordaindu behar da, ordenantza honen eranskinaren I. epigrafean ezarri bezala.

ORDENANTZAREN ERANSKINA

I. epigrafea.–Tarifak:

–Sarrera:

• Larragetan erroldatuak: salbuetsita.

• Gainerako erabiltzaileak: 4 euro orduko.

• Berriobeitiko Udalak antolatutako jardueretan edo Kontzejuaren partaidetza dutenetan (esaterako, bestak, hiri kanpalekuak eta abar), ez da tasarik ordaindu beharko.

• Halaber, tasak ordaintzetik salbuesten ahalko dira Berriobeitiko Zendeako kontzejuak, betiere aurretiaz eskaera eginik eta Larragetako Kontzejuak hala onetsirik.

–Argia:

• Pilotalekuko argiaren tasa, orduko, Larragetan erroldatuentzat: 1 euro.

• Pilotalekuko argiaren tasa, orduko, gainerako erabiltzaileentzat: 2 euro.

• Larragetako Kontzejuak antolatutako jardueretan edo Kontzejuaren partaidetza dutenetan, ez da tasarik ordaindu beharko.

II. epigrafea.–Erabilera arauak:

1. Larragetako pilotaleku estalia Kontzejuaren jabetzako ondasun bat da, nagusiki herriko bizilagunei zerbitzu egiteko erabilera duena, aisialdiari, kirolari, kulturari eta arlo sozialari loturiko helburuetarako.

2. Larragetan erroldaturik dauden bizilagunek lehentasuna izanen dute pilotalekua erabiltzeko eta gozatzeko, bertakoak ez direnen aurretik.

3. Pilotalekua erabiltzeko ordutegia hau izanen da: 09:00etatik 21:00etara urritik maiatzera; eta 09:00etatik 22:00etara ekainetik irailera. Une horretan utzi egin beharko da jarduera oro. Kontzejuak ordutegi hori aldatzeko eskubidea izanen du, egokitzat jotzen duenean edo inguruabarrengatik hala komeni denean.

4. Kontzejuak ez ditu bere gain hartuko erabiltzaileek esparruan izandako kalteak, halakorik izanez gero.

5. Pilotalekuaren erabiltzaileak konpromisoa hartu behar du egoki erabiltzeko, bai instalazioa, bai esparru barneko ondasunak ere.

6. Erabat debekaturik dago pintada oro, lurrean zein paretetan, edo eranskailuak edo baimendu gabeko kartelak jartzea, esparruaren estetikaren kaltetan.

Iragarkiaren kodea: L2109728