150. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERA

Animaliak eduki eta babesteari buruzko udal ordenantza.
Behin betiko onespena

Berako Udalak, 2021eko apirilaren 21eko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Beran animaliak eduki eta babesteari buruzko udal ordenantza.

Ordenantzaren testu osoa argitaratzen da, dagozkion ondorioetarako.

Beran, 2021eko maiatzaren 26an.–Alkatea, Aitor Elexpuru Egaña.

BERAN ANIMALIAK EDUKI ETA BABESTEARI BURUZKO UDAL ORDENANTZA

HITZAURREA

Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea indarrean sartu zenetik, Nafarroako udalek eguneratu behar izan dituzte animalien babesari buruzko ordenantzak, lege berri horretara egokituz eta herritarrek gure gizartean animalien ongizateari buruz duten sentsibilizazio eta kontzientziazioari erantzunez.

Ordenantza honen ondorengo artikuluetan arautzen dira, besteak beste, animaliak edukitzeko baldintza orokorrak, osasun- eta segurtasun-baldintzak, haiekin zerikusia duten industria-, merkataritza- edo zerbitzu-jarduerak, eta pertsonen eta etxeko animalien edo udalerrian dauden hiri-abereen kolonien arteko harremanak.

Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak honako udal-eskumen hauek ezartzen ditu:

a) Abandonatutako edo galdutako animaliak biltzea, ostatatzea eta mantentzea, bai eta katu-koloniak kudeatzea ere.

b) Etxeko animaliak etxe partikularretan, auzo-komunitateetan eta bide publikoetan edukitzeko baldintzak ezartzea.

c) Bere udalerrian erroldatutako lagun egiteko animaliak kontrolatzea eta zaintzea, behar bezala identifikatuta eta erregistratuta daudela egiaztatzeko.

d) Konfiskatzea, tratu txarren zantzuak antzematen badira, eraso fisikoaren edo desnutrizioaren sintomak badituzte edo instalazio desegokietan badaude.

e) Laguntzako animalien zentroak behatu eta ikuskatzea.

f) Animalien babesaren arloko prestakuntza-, dibulgazio- eta informazio-jarduerak sustatzea.

Ordenantza honek betebehar horiek arautuko ditu, beste alderdi batzuk alde batera utzi gabe, eskema honetan oinarrituta:

–Atariko tituluak ordenantza honen xedea ezartzen du, eta haren aplikazio eremua eta bazterketak, garapenerako aintzat hartutako oinarrizko printzipioak eta artikuluetan aplikatzen diren definizioak mugatzen ditu, ulergarriagoa izan dadin.

–1. titulua udalerrian edozein animalia edukitzeko araubideari buruzkoa da, haren funtzioa eta tipologia edozein izanik ere. Besteak beste, hauek arautzen dira: animaliak edukitzeko mugak, mantentze- eta tratu-baldintza orokorrak, animaliak bide publikoan bizi eta egotea eta haiei eragiten dieten osasun-arauak.

–2. tituluak animaliak xede dituzten baimendutako establezimenduen kargurako jarduera ekonomikoak arautzen ditu.

–3. tituluak xedapen gehigarriak garatzen ditu egoera edo animalia-talde espezifikoetarako: lagun egiteko animaliak, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak, laguntza-txakurrak, agintaritzaren agenteetakoak eta baimendutako segurtasun-enpresetakoak diren txakurrak; ekidoak; ekoizpen-animaliak; animalia basatiak eta exotikoak.

–4. tituluak udalerriko hiri-animalien koloniak arautzen ditu.

–5. tituluak ordenantza honen zehapen-araubidea ezartzen du, ez-betetzeengatiko arau-hausteak tipifikatuz eta dagozkion zehapenak ezarriz, bai eta horien mailaketa, preskripzioa eta zehapen-eskumenak ere.

–Xedapen indargabetzaile bat eta 2 azken xedapen.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Europako Erkidegoko araudiak eta animaliak babesteari buruzko estatuko eta autonomia-erkidegoko legediak ezarritako lege-esparrua osatzea, bai eta Berako udal-mugartean lagun egiteko animaliak babestea eta herritarrekin bizitzea arautuko duen udal-eskumenetatik eratorritako araudia ezartzea ere.

2. artikulua. Eremua.

Ordenantza honetako aginduak Berako udalerri osoan aplikatuko dira.

3. artikulua. Printzipio gidariak.

Ordenantza honek oinarrizko printzipio hauek izango ditu:

1.–Animalien babes eta ongizate maila gorena bermatzea, osasun publikoari, animalien osasunari eta ingurumen-orekari buruz indarrean dagoen araudiak ezarritakoa alde batera utzi gabe.

2.–Edukitza arduratsua bermatzea.

3.–Herritarren parte-hartzea sustatzea animalien defentsan eta babesean.

4.–Udal-ingurunerako osasungarritasun- eta segurtasun-baldintza egokiak zaintzea.

5.–Animaliak dituzten pertsonen eta ez dituztenen arteko bizikidetza egokia bermatzea.

4. artikulua. Animaliak babestearen arloko dibulgazioa eta hezkuntza.

Berako Udalak, besteak beste, animalien babesari buruzko prestakuntza-, dibulgazio- eta informazio-jarduera hauek sustatuko ditu:

a) Aldizkako sentsibilizazio- eta sustapen-kanpainak sustatuko ditu, gai hauei buruz: edukitza arduratsua, animaliak identifikatzeko betebeharra, kontrolik gabeko ugalketa eta abandonua saihestea, adopzioak sustatzea, etab.

b) Animalien babesarekin lotutako edukiak zabalduko ditu ikasleen eta herritarren artean.

c) Animalien jabe eta edukitzaileentzako prestakuntza-kanpainak sustatuko ditu, animaliak arduraz edukitzea bermatzeko.

5. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, honako hauek ulertuko dira:

1.–Lagun egiteko animaliak: gizakiak dauzkan animaliak, baldin eta haien kontsumorako edo produkzioez aprobetxatzeko ez badira edo, oro har, merkataritza-xedeekin edo irabazi asmoekin edukitzen ez badira, espeziea edozein dela ere.

Definizio horretan txakur, katu eta hudo guztiak sartzen dira, alde batera utzita zertarako erabiltzen diren edo non bizi diren, bai eta aisiarako edo kirol-xedeetarako erabiltzen diren ekidoak ere, baldin eta haiek edukitzearen xedea kontsumoa edo haien produkzioen aprobetxamendua ez bada.

Definizio horren barruan sartzen dira, halaber, elikagaiak ekoizteko erabiltzen ez diren ugaztunak, ornogabeak (erleak, erlastarrak, moluskuak eta krustazeoak izan ezik), uretako apaintze-animaliak, anfibioak, narrastiak, hegaztiak eta beste edozein animalia-espezie, hala nola legezko jatorria duten basa animaliak edo itxian hazitakoak ere, lagun egiteko animalia gisa edukitzen direnak.

Ez dira lagun egiteko animaliatzat hartuko babes bereziko araubidea duten espezieak, espezie mehatxatuei edo espezie exotiko inbaditzaileei buruz Estatuak edo autonomia erkidegoek egindako zerrenda edo katalogoetan jasota dauden espezieak, baldin eta haien edukitza ez badago legez baimenduta.

2.–Ekoizpenerako animaliak: ekoizpenerako, ugalketarako, gizengarritarako edo hiltzeko animaliak, larrugintzarako edo ehiza-jardueretako direnak barne, zeinak mantendu, gizendu edo haziak baitira animalia-jatorria duten elikagai edo produktuak ekoizteko, edozein industria-erabileratarako edo bestelako merkataritza- edo irabazi asmoko xedeetarako.

3.–Lanerako animaliak: jarduera edo xede jakin baterako erabiltzen diren lagun egiteko animaliak; esate baterako, zaintzarako txakurrak, artzain-txakurrak, laguntza-txakurrak, ehizarako txakur edo hudoak, txakur boilur-bilatzaileak, erreskate-txakurrak eta segurtasun indar eta kidegoek erabiltzen dituzten txakurrak.

4.–Basa fauna: basa egoeran modu naturalean bizi eta ugaltzen diren espezieen, subespezieen, populazioen eta banakako animalien multzoa, negu-pasan edo pasaeran daudenak barne, alde batera utzita autoktonoak edo aloktonoak diren eta haien ehiza-aprobetxamendua egin daitekeen.

5.–Animalia abandonatua: animalia identifikatugabea edo identifikatua, zeinaren galera edo desagerketa ez baitzaio inongo agintari eskuduni jakinarazi araudian ezarritako gehieneko epean; eta, oro har, jabeak edo edukitzaileak nahita eta berariaz jabetzari eta kasuan-kasuan aplikatzekoa den araudian ezarritako zaintza- eta gobernantza-betebeharrak betetzeari uko egin dion edozein animalia. Animalia abandonatutzat hartuko da, halaber, lagun egiteko animalientzako zentro batean egon eta epe adostuan jabeak edo edukitzaileak erretiratu ez duena.

Ordenantza honen ondorioetarako, animalia abandonatutzat hartzen da Lagun Egiteko Animalien Nafarroako Erregistroan titulartasunez alda daitekeena, dela harrerako zentroaren alde, dela hari harrera egiten dion edo hura jasotzen duen pertsonaren alde.

6.–Animalia galdu edo desagertua: identifikatuta nahiz identifikatu gabe egon eta kontrolik gabe alderrai dabilen animalia, baldin eta haren jabe edo edukitzaileak edozein agintari eskuduni komunikatu badio galera edo desagerketa.

7.–Animalia identifikatuak: agintaritza eskudunak aitortutako identifikazio sistemaren bat daramaten animaliak, izena emanda daudenak Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroan edo beste autonomia erkidego bateko erregistro baliokidean.

8.–Animalia potentzialki arriskutsuak: etxeko animalia gisa edo lagun egiteko animalia gisa erabiltzen diren basa faunako animaliak, zeinak pertsonei nahiz beste animalia batzuei heriotza edo lesioak eragiteko eta gauzei kalte egiteko ahalmena duten espezie edo arrazetakoak baitira, duten agresibitatea zein ere den. Halaber, erregelamenduz zehaztutako etxeko animaliak edo lagun egiteko animaliak, bereziki txakur-espeziekoak, halako arraza-tipologia batekoak non, beren izaera oldarkorragatik, tamainagatik edo masailezurreko potentziagatik, pertsonei edo beste animalia batzuei heriotza edo lesioak eta gauzei kalteak eragin baitiezazkiekete. Animalia Potentzialki Arriskutsuak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean araututakoari erreparatuko zaio, bai eta hura garatzen duen araudi indardunari ere.

9.–Jabea edo titularra: animalia baten zaintzaren erantzukizuna duen pertsona fisiko edo juridikoa, zeinak bere jabaripean baitauka animalia, eta Animalien Identifikaziorako Erregistroan haren jabe bezala izena emanda baitago. Erregistroko izen-ematerik ez dagoen kasuetan, jabetzat hartuko da zuzenbidean titulartasun eta jabariaren frogatzeaz onarturiko edozein metodo erabiliz izaera hori demostra dezakeen pertsona.

10.–Edukitzailea: aurreko puntuan ezarritakoaren araberako jabea izan gabe, animalia bat daukan edo haren zaintza bere ardurapean duen pertsona fisikoa.

11.–Animalien babeserako eta defentsarako elkarteak: legez eratuta dauden irabazi asmorik gabeko entitateak, xede nagusi gisa dutenak animaliak defendatu eta babestea.

12.–Entitate laguntzaileak: animalien babeserako eta defentsarako elkarteak, albaitaritza-zentroak eta bestelako entitateak, halakotzat aitortuta eta erregistratuta daudenak.

13.–Edukitza arduratsua: animalien ongizatea eta haien beharrizan etologiko eta fisiologikoen araberako bizi-kalitatea bermatu eta segurtatze aldera jabe eta edukitzaileek beren gain hartu behar dituzten eta ordenantza honen aplikazio eremuan sartuta dauden betebehar, baldintza eta konpromisoen multzoa.

14.–Eutanasia: lagun egiteko animalia bati modu justifikatuan eragindako heriotza, animaliaren ongizate egokiarekin bateragarria den bizi kalitatea ahalbidetzen ez dion gaixotasun edo lesio bat edukitzearen ondoriozko alferreko sufrimendua hari saihesteko, betiere metodo ez-anker eta ez-mingarriak erabiliz, araudi aplikagarrian ezarritakoari jarraituz.

15.–Hilketa: lagun egiteko animalia bati animalien osasun-arrazoiengatik, osasun publikoagatik, ingurumen-arrazoiengatik edo larrialdi- nahiz arriskugarritasun-arrazoiengatik eta ahal den sufrimendurik txikiena dakarten metodoen bidez eragindako heriotza, araudi aplikagarrian ezarritakoaren araberakoa.

16.–Tratu txarra: sozialki onartezina den jokabidea, nahita animalia bati beharrik gabeko mina, sufrimendua, ondoeza edo heriotza eragiten diona.

17.–Lagun egiteko animalien zentroak: gune zoologiko gisa erregistratutako establezimenduak, titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak, haien xedea denean lagun egiteko animaliak mantentzea, kostu bidez edo dohainik, salbu eta albaitaritzako klinika, zentro edo ospitaleak.

Ordenantza honen ondorioetarako, definizio horren barruan sartzen dira salmenta-establezimenduak, hazkuntza-zentroak, egoitzak, trebakuntza-eskola edo -zentroak, animalia abandonatuak hartzeko zentroak, kirolerako txakurtegiak, ehiza-txakur saldoak, animaliekiko terapiako zentroak, bilduma partikularrak, baserri-eskolak, santutegiak, erreskate-zentroak, lagun egiteko animaliei aterpea eman eta erregelamenduz zehaztua den beste edozein zentro, eta lagun egiteko animaliekin lotutako jarduera ekonomikoak dauzkaten gune zoologiko guztiak, haien kopurua edozein dela ere.

Bereziki honako hauek ulertuko dira:

a) Salmenta-establezimendua: lagun egiteko animalien zentroa, titulartasun pribatukoa, zeinaren helburua baita salmentarako animaliak aldi baterako mantentzea.

b) Merkataritza-xedea duten hazkuntza-zentroak edo haztegiak: lagun egiteko animalien titulartasun pribatuko zentroa, animaliak ugalketarako mantentzen dituena eta kumeak salmentara edo geroko lagapenera bideratzen dituena.

c) Harrera-zentroa: lagun egiteko animalien zentroa, titulartasun publiko zein pribatukoa, animalien defentsarako elkarteenak barne, animalia abandonatu edo galduen harrera egiten duena.

d) Txakurren trebatzailea: behar den lanbide kualifikazioa daukan pertsona, txakur bat hezten eta trebatzen duena pertsona bati zerbitzu egokia eskaini ahal izateko bete beharko dituen eginkizun desberdinak bete ditzan.

18.–Harrera-etxea: bizileku partikular erregistratua eta harrera-zentro baten menpekoa, zeinean animalia abandonatu edo galduak mantentzen baitira haiek behin-behinekoz zaintzeko, animalia baldintza higieniko-sanitario egokietan zaindu, artatu eta mantenduko dela bermatuz.

19.–Katu-kolonia: aske baina giza-ingurune baten menpe bizi den katu-multzoa, eremu publikoetan dagoena baina Udalaren baimen eta kontrolaren menpean.

20.–Kaleko katuak, basatiak ere deituak: egoera erdi-basatian bizi diren katuak dira. Abandonatuak edo galduak izan diren etxe-katuetatik datoz, eremu publiko zein pribatuetan askatasunean moldatu eta bizirauten dutenak, edo kalean jaio eta hazi ahal izan direnak, beste kale-katu belaunaldi batzuetatik jaitsiz.

Sozializatu gabeko katuak dira, oro har giza kontaktua saihesten dutenak, bizitza mota horretara ezin hobeto egokituak. Haien egoera ez da gizakiaren erabateko independentzia, babeslekuak eta erraz erabiltzeko moduko janaria duten lekuak aukeratzen baitituzte. Ez dute naturara emigratzen, eta ez dute bizirik irauten animalia basatien ehizatik bakarrik. Katu horiek osatzen dituzte katu-koloniak, eta Udalaren ardura da horiek babestea.

21.–Albaitari ofiziala: albaitaritzako lizentziaduna edo graduduna, funtzionario- nahiz lan-araubidean administrazio publiko baten zerbitzura diharduena, agintari eskudunak horretara jarria.

22.–Albaitari gaitu edo baimendua: albaitaritzako lizentziadun edo graduduna, agintari eskudunak aitortua erregelamenduz ezartzen diren eginkizunak betetzeko.

1. TITULUA

Animaliak edukitzeko araubide juridikoa

1. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

6. artikulua. Animaliak edukitzeko aurretiko baldintzatzaileak.

Jabeek edo edukitzaileek bete beharreko baldintza hauek baldintzatuko dute, oro har, animaliak edukitzea:

a) Higiene-, osasun- eta ongizate-baldintza egokiak izatea, zaindu, maneiatu eta tratatzeko, bai eta osasun-arriskuak eta auzotarrentzako eragozpenak saihesteko ere.

b) Animaliak behar adinako kontrol- eta segurtasun-baldintzetan edukitzea, ihes egin ez dezaten edo pertsonentzat, beste animalia batzuentzat eta beren buruentzat arrisku-egoerak sor ez ditzaten.

c) Animaliaren osasun fisiko eta psikologikoaren egoera egokia bermatzeko beharrezkoak diren albaitaritza-arretak ematea.

d) Behar diren administrazio-baimenak izatea eta osasun- eta segurtasun-betebeharrak betetzea, legeriak eta agintaritza eskudunek ezartzen dutenaren arabera.

e) Leku fisiko egokia izatea, edukitze-baldintza horiek bete ahal izateko.

7. artikulua. Animaliak dituzten pertsonen erantzukizuna.

1.–Animalia bat duen pertsona pertsonei, ondasunei eta ingurune naturalari eragin diezazkiekeen kalte, galera eta eragozpenen erantzulea da, jabearen erantzukizun subsidiarioari kalterik egin gabe. Hori guztia, Kode Zibilaren 1905 artikuluak honako hau ezartzen duelako: “Animalia baten edukitzailea edo horretaz baliatzen dena da animalia horrek eragiten dituen kalteen erantzulea, animalia horrek ihes egin edo galdu arren. Erantzukizun hori amaituko da kaltea ezinbesteko kasuetan edo kaltea jasan duenaren erruz gertatu denean bakarrik.”

2.–Animalien jabeen edo edukitzaileen erantzukizuna izango da beharrezko neurriak hartzea animaliak ez daitezen askatasunez atera, gidatu gabe, etxebizitzen edo lokalen kanpoaldera.

3.–Beren bizilekutik edo zaintzatik kanpo askatasunez zirkulatzen duten animaliak galdutako edo ustez abandonatutako animaliatzat hartuko dira, eta horiek harrapatzeko lanak udal-zerbitzuak egin ahal izango dituzte. Ganadua zaintzen eta ehiza-jarduerak egiten ari diren txakurrak ez daude galduta edo ustez abandonatuta, nahiz eta jabearengandik urrun egon.

8. artikulua. Debekuak.

1.–Debekatuta dago Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko 19/2019 Foru Legean eta haren erregelamendu bidezko garapenean adierazitako praktikak egitea animaliekin. Ez-betetzearen ondorioak eta dagozkien zehapenak lege horretan ezarritakoak izango dira.

2.–Era berean, debekatuta daude udal-eskumeneko praktika hauek:

a) Kaleetako edo basoko animaliak gogaitzea edo harrapatzea, animalien populazioa kontrolatzeko berariazko baimena izan ezean, eta araututako ehiza-jardueren ondoriozko harrapaketa izan ezik.

b) Bide publikoan basatutako animaliei jaten ematea. Debeku horretatik kanpo geratuko dira katu-kolonien zaintzaileek, udal-agintaritzak behar bezala baimendu eta egiaztatutakoak, ordenantza honetan aurreikusitako moduan. Salbuetsita daude, halaber, animalien ongizate-jarduera arautuak (zinegetikoak, adibidez).

c) Irabazizko helburuekin, bidean eta eremu publikoetan animaliak saltzea edo trukatzea, salbu eta abandonatutako edo galdutako animaliak lagatzea, adoptatzea edo hartzea, lagun egiteko animaliak hartzeko zentroen eta animaliak babesteko erakundeen bidez, dagokion udal-baimenarekin.

d) Produktu toxikoak edo sufrea uztea bide publikoetan edo horien mugakide diren higiezinetan.

e) Bide publikora sarbidea duten animaliei txiza egitea uztea jabetza publiko zein pribatuko eraikinetako hormetan eta ateetan.

f) Animaliak bide publikoan egin dituzten gorozkiak ez biltzea.

g) Ikuskizunetan animaliak erabiltzen dituzten zirkuak jartzea udal-mugartean, titulartasun pribatuko lurretan edo lur publikoetan.

2. KAPITULUA

Mantentze- eta tratu-baldintzak

9. artikulua. Animaliak zaintzeko eta mantentzeko gutxieneko baldintzak.

1.–Animalien jabeek behar beste elikagai, ur, ostatu eta leku eman beharko diete, aireztapen, hezetasun eta tenperatura baldintza egokietan, bai eta beharrezkoak diren beste baldintza batzuk ere, beharrezkoak ez diren sufrimenduak saihesteko, haien bizi-beharrak asetzeko eta haien ongizate fisiko eta psikikoa bermatzeko, espezie bakoitzaren beharren arabera, honako baldintza hauei lotuta:

a) Edateko ur garbia, baldintza klimatologikoetatik behar bezala babestua eta elikadura nahikoa eta orekatua hornitzea, animaliaren nutrizio- eta osasun-egoera onari eusteko. Ur- eta janari-ontziek animaliaren berezko beharrizanetarako behar den gutxieneko hornidura izan beharko dute.

b) Lekua, aireztapena, hezetasuna, tenperatura eta argia izatea, animaliaren bizi-beharrak asetzeko eta ongizate fisikoa eta psikikoa bermatzeko beharrezkoak direnak. Animaliaren babeslekuak iragazgaitza izan behar du, eta lesiorik eragiten ez dioten materialez osatuta egon behar du.

c) Animalien ostatu-tokiak garbi mantentzea, haien gorotzak eta txiza egunero kentzea barne.

2.–Agintari eskudunek kasu berezietarako zehaztu ditzaketenak gutxietsi gabe, ostatu-baldintza hauek ezartzen dira:

a) Animalia batek ezin ditu ohiko bizitoki gisa eduki ibilgailuak, neurri txikiko kabinak, argi-patioak, balkoiak, galeriak edo teilatu-hegalak, ezta aireztapen-patioak ere, baldin eta aske mugitzeko moduko neurririk ez badute.

b) Animaliak ezin dira kaiola edo leku txikietan mantendu, ez badiete uzten edo nabarmen mugatzen barrutik mugitzeko aukera. Toki horiek beren neurrietarako eta pisurako egokiak izan beharko dute.

c) Balkoietan, terrazetan eta antzekoetan, animaliek ihes egin ez dezaten hartu beharreko neurriak hartu behar dira, bai eta horien gorozkiek eta/edo txizek fatxadetan eta/edo bide publikoan eraginik izan ez dezaten edo alboko pisuetan eragozpenik sor ez dezaten ere, berdin goikoak, behekoak edo albokoak izan.

10. artikulua. Kokapena eta aldi baterako eusteko bitartekoak.

Animaliak kokatzeko baldintzak eta abereei eusteko bitartekoak animalien tipifikazioaren (etxekoak, lagun egitekoak, ekoizpenekoak, etab.) eta ordenantza honetako xedapen espezifikoen arabera indarrean dauden araudiek ezarriko dituzte.

3. KAPITULUA

Bizikidetza eta animalien presentzia bide publikoan

11. artikulua. Eragozpenak bizilagunei.

1.–Animaliak dituzten pertsonek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte bizilagunei eragozpenik ez sortzeko animaliak mantentzearen eta ostatu hartzearen ondorioz, bai etxebizitzaren barruan badaude, bai terrazetan, teilatu-zabaletan, galerietan, balkoietan, patioetan edo antzekoetan, finka eta baratzetan, merkataritza-lokaletan, abeltzaintza-ustiategietan edo animalia zaintzeko beste edozein lekutan badaude, ordutegi guztietan, egunez eta gauez.

2.–Zaratak, usainak edo bestelakoak direla-eta agintari eskudunak egiaztatutako eragozpenak etengabe eragiten dituzten animalien kasuan, udal-agintaritzak, ebazpen bidez eta indarrean dauden araudiek esleitutako udal-eskumenetan oinarrituta, auzotarren lasaitasuna bermatzeko beharrezko neurriak hartu ahal izango ditu. Neurri horiek jabeek edo edukitzaileek nahitaez bete beharko dituzte.

12. artikulua. Animalien presentzia bidean eta eremu publikoetan.

1.–Lagun egiteko animalien jabeek edo edukitzaileek une oro saihestu behar dute animaliek kalteak eragitea edo eremu publikoak zikintzea.

2.–Debekatuta dago hegazti kolunbiformeak (usoak) elikatzea, Udalak baimendutako elikagaiak izan ezik.

3.–Berariaz debekatuta dago metro bat baino gutxiagora hurbiltzea, elikatzea, hartzea, ukitzea, objektuak botatzea eta edozein modutan gogaitzea udalerri osoan horretarako prestatutako guneetan dauden animaliak. Hegaztiak txitatzeko garaian, debekatuta dago zeregin horretarako prestatutako edozein eremutara hurbiltzea.

4.–Laguntza-animalien eta ekidoen kasuan, ordenantza honetako xedapen espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

5.–Lagun egiteko animaliak ehiza-barrutian aske ibilitzeari dagokionez, indarrean dagoen ehiza-araudia beteko da.

13. artikulua. Garraioa ibilgailu partikularretan.

1.–Animaliak ibilgailu partikularretan garraiatzen diren bitartean, honako arau hauek beteko dira:

a) Animaliek leku batetik bestera eramaten dituzten ibilgailuan altxatu eta etzan ahal izateko adina leku izan beharko dute.

b) Abereek aire zabaletik eta beren osotasuna arriskuan jartzen duten baldintza klimatikoetatik babestuta egon beharko dute.

c) Une oro erabiliko dira trafiko-araudietan ezarritako eusteko bitartekoak, eta horiek ez dute inola ere ahalbidetuko animaliaren mugikortasunak gidariari arreta galaraztea, ez eta haren maniobra- edo ikuspen-gaitasuna eragoztea ere.

d) Animaliak kargatu eta deskargatzerakoan, kalteak edo sufrimenduak saihesteko eta ihesa saihesteko sistema eta bitarteko egokiak erabili beharko dira.

e) Katuak eta hudoak garraiatzen diren bitartean, horiek beren “transportin”etan sartuak egongo dira uneoro.

2.–Animaliaren bat barruan dutela aparkatuta dauden ibilgailuek labur eta puntualki egon beharko dute aparkatuta, eta itzalgunean kokatu beharko dira, arduraduna ez dagoen bitartean animaliak aireztapen nahikoa eta tenperatura egokia izango duela bermatzeko.

3.–Debekatuta dago animaliak ibilgailuko maletategian itxita uztea, bidaiari-lekuari konektatuta ez badago behintzat.

4. KAPITULUA

Osasun-arauak

14. artikulua. Xedapen orokorrak.

1.–Jabeak une oro bermatu beharko du animaliak higiene-, osasun-, ongizate- eta segurtasun-baldintza onetan bizitzeko duen eskubidea, espezie bakoitzaren ezaugarri eta beharren arabera.

2.–Nahitaezko albaitaritza-jarraipenak animalien aldizkako albaitaritza-kontrol bat izan behar du gutxienez, eta osasun-kartillan edo baliokidean jaso behar da. Beharrezkoak diren gutxieneko sendaketek egokiak izan behar dute, bai gaixotasunen prebentziozko tratamenduei dagokienez, bai sendatzeei eta erkidego-agintaritzak ezarritako prebentzio-neurri sanitarioei dagokienez. Gaixotasunen tratamendu prebentibo, sendagarri eta aringarrien sendaketak animaliaren arduradunak bermatu behar ditu.

3.–Gaixotasun kutsakorrak deklaratuz gero, animalien jabeek edo edukitzaileek beteko dituzte indarrean dagoen araudiaren arabera agintari eskudunek ezartzen dituzten osasun-xedapenak.

15. artikulua. Albaitarien betebeharrak.

1.–Albaitariek Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko 19/2019 Foru Legean eta beren jarduera profesionalari dagokion erregulazioan ezarritakoa bete beharko dute gai hauei dagokienez: identifikazio eta erregistroa, nahitaezko osasun-azterketak, txertaketak, osasun-dokumentazioa eta datu klinikoak dituzten fitxategiak, zaintza eta kontrol epidemiologikoak, animalien tratu txarren jakinarazpenak eta hiltzeko edo eutanasiarako protokoloak.

2.–Beren lanbidean dihardutela zoonosi-fokuak edo -kasuak daudela dakiten albaitaritza-klinikek berehala jakinarazi beharko diete Udaleko osasun-zerbitzuei, eragotzi gabe Nafarroako Gobernuko dagokion departamentuarekin bete beharreko osasun-eginbeharrak.

3.–Gainera, albaitariek, albaitaritza-kontsultategiek, albaitaritza-klinikek eta ospitaleek animalia erroldatuta dagoen tokiko Udalari jakinarazi behar diote tratu txarren berri.

16. artikulua. Animalien gorpuzkiak kudeatzea.

1.–Indarrean dagoen legeriaren arabera, animalia baten gorpuzkiaren erabileraren gaineko erantzukizuna jabeari dagokio, eta haren legezko betebeharra funtsezko hiru eginbeharretan zehazten da:

–Animaliaren gorpuzkia nahita ez abandonatzea.

–Indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betez ezabatzea.

–Aurrekoa betetzeko beharrezkoak diren jarduketen ondoriozko kostuak bere gain hartzea.

2.–Hildako animalia bat aurkituz gero, ezinbestekoa da animalia identifikatzea, Administrazioak jabeari haren berri eman diezaion, haren legezko betebeharren erantzukizuna bere gain har dezan. Alde horretatik, jabeak eskubidea du bere animaliaren aurkikuntzaren berri izateko, eta betebehar hori Udalari dagokio, identifikatu eta aurkitu ondoren. Animalia identifikatu gabe badago, haren argazki bat gordeko da, etorkizunean identifikatzeko.

3.–Errausketa edo hildako animalia deuseztatzeko beste edozein metodo baimendutako establezimenduetan edo osasun-agintariek ezarritako zehaztapenekin bat etorriz egingo da, berdin zein izan den hiltzearen arrazoia (naturala, etb.).

2. TITULUA

Animaliak hazteko, saltzeko eta animaliekin beste jarduera batzuk egiteko araubide juridikoa

17. artikulua. Jarduera-lizentziak.

Ordenantza honi lotutako industria-, merkataritza- edo zerbitzu-jarduerak honako hauek dira:

–Animalien haztegiak.

–Animalien zaindegiak.

–Salerosketa egiten duten saltokiak.

–Animaliak apaintzeko zerbitzuak.

–Kontsultategiak, klinikak eta horietara bideratutako ospitaleak.

–Animalien hilerriak.

–Aipatutako jarduera horiek aldi berean egiten dituzten edo funtzionatzeko animaliak dituzten jarduera guztiak.

Instalatzeko eta funtzionatzeko lizentzia jarduera sailkatuei buruz indarrean dagoen araudiaren arabera izapidetuko da, eta aplikagarriak diren gainerako xedapenak betetzeari kalterik egin gabe.

18. artikulua. Hazkuntzan edo salmentan aritzen diren establezimenduak.

Lagun egiteko animaliak helburu komertzialekin hazten edo saltzen dituzten establezimenduek Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko 19/2019 Foru Legean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

19. artikulua. Lagun egiteko animalien zentroak.

Lagun egiteko animalien zentroek sailkapenaren arabera bete behar dituzten gutxieneko baldintzak, animalia baten edukitzaileari edo jabeari dagozkion betebeharrez gain, eta erregelamendu bidez ezartzen direnak alde batera utzi gabe, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko 19/2019 Foru Legean jasotzen dira.

20. artikulua. Animaliekin egindako beste jarduera batzuk.

Aldi baterako egingo diren jarduerek, bai lokal itxietan bai eremu irekietan, Alkatetzaren baimena izan beharko dute horretarako, sektoreko araudiaren arabera garatu behar diren jarduera arautuak izan ezik.

Baimen hori eskatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Jardueraren deskribapena.

–Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.

–Kokapena.

–Zer denboratarako eskatzen duen jarduera.

–Batera bizi diren animalien kopurua eta espezieak.

–Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen bitarterako.

–Instalazioen onespen- eta erregistro-ziurtagiria, dagokion erakundeak emana.

–Behin-behinean lotzeko instalazio elektrikoen buletina.

Nafarroako Gobernuan animalien osasun, identifikazio eta ongizatearen arloko eskumena duen departamentuak ebatziko du animaliekin ikuskizunak, azokak, erakusketak, lehiaketak, filmazioak eta abar egiteko administrazio-baimena.

3. TITULUA

Berariazko xedapenak

1. KAPITULUA

Lagun egiteko animalientzako berariazko xedapenak

21. artikulua. Etxeko animaliak edukitzea etxebizitza partikularretan.

1.–Oro har, etxeko animaliak etxe partikularretan edukitzea baimentzen da, betiere animaliaren eta pertsonen higiene-, osasun-, ongizate- eta segurtasun-baldintzak betetzen badira, bai eta bizilagunei eragozpenik sortzen ez bazaie ere.

2.–Etxeko animaliak etxe partikularretan hazteko baldintza izango da animaliaren eta pertsonen higiene-, osasun-, ongizate- eta segurtasun-baldintzak betetzea. Hazkuntza hori ohikotasunez egiten bada, hazkuntza-zentrotzat hartuko da, eta, beraz, zentro horien legezko baldintzak bete beharko ditu. Emearen bizitzan zehar, hiru kumaldi baino gehiago izatea ohiko hazkuntzatzat hartuko da.

3.–Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilariaren apirilaren 12ko 104/2013 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera (Nafarroako nukleo zoologikoen baimena, kalifikazioa, erregistroa eta kontrol zoosanitarioa arautzen ditu Agindu horrek), etxebizitza partikular batean baimendutako animalien gehieneko kopurua arau horretan ezarritakoa baino txikiagoa izan beharko du. Animalia-kopuru handiago batek osasun-arriskua izan dezakeela jotzen da.

4.–Animaliak ezin izango dira leku itxi batean modu iraunkorrean gordeta zaindu, eta egunero animaliaren beharrizan etologikoek eskatzen duten maiztasunarekin kanpora atera ahal izango direla bermatu beharko da, albaitariak agindu edo agintari eskudunak debekatu ezean.

5.–Era berean, ezingo dira etengabe lotuta egon. Unean-unean eta aldi baterako bakarrik lotu ahal izango dira, arduradun batek gainbegiratuta; horrela, loturak ez die kalterik eragingo eta animaliari mugitzeko, etzateko, elikatzeko, edateko eta babesteko aukera emango dio.

6.–Ezin izango da animaliarik eduki haien arduradunek ikuskapen-kontrol egokia egin ezin duten lekuetan; beraz, etxebizitzaren jabea ez badago, ezin izango dira bakarrik egon balkoi, patio, terraza edo antzekoetan. Sarbide librea izan behar dute etxebizitza barrura, eta beti izan behar dituzte janaria, ur garbia eta atseden hartzeko leku babestu bat.

7.–Jabeak, edukitzaileak edo hark eskuordetutako pertsonak ezin izango ditu animaliak etxean bakarrik utzi, elkarren segidako bi egun baino gehiago. Txakurren kasuan, denbora hori ezin da inoiz 12 ordutik gorakoa izan.

22. artikulua. Lagun egiteko animaliak bide publikoan edukitzea.

1.–Debekatuta dago haurrek bakarrik erabiltzeko haur-parke edo lorategietan animaliak sartzea, udal-errotuluen bidez berariaz baimendu ezean.

2.–Bide publiko guztietan, herriko lorategietan, herritarrek aisialdirako gehien erabiltzen dituzten berdeguneetan eta higiezinetako sarbideetan eta leku komunetan (atariak, eskailerak, igogailuak, eskailera-buruak, etab.), txakurrak katearekin edo uhalarekin lotuta eta kontrolatzeko gai den pertsona batek gidatzen dituenean bakarrik ibili ahal izango dute.

Animaliak, aisialdirako, aurreko puntuan zehaztu ez diren guneetan aske egon ahal izatea onartuko da, baina betiere animaliaren arduraduna hurbil dagoela eta haren kontrolpean. Ardi, behi, zaldi eta ahuntzak hurbil daudenean, txakurrak lotu egingo dira, horiek aziendari enbarazurik edo kalterik eragin ez diezaioten, eta, horrela, espezie horien abereen ongizatea zainduko da.

Ehiza-araudian horrelako jardueretarako ezarritakoa beteko da.

Nolanahi ere, lehenago erasoak eragin dituzten txakurrek edo haien arriskugarritasuna aurreikus daitekeenean berariazko araudia bete beharko dute.

3.–Debekatuta dago animalientzat kaltegarriak diren lepoko mota hauek erabiltzea eta saltzea: urkatzeko lepokoak, pintxoekin edo elektrikoak. Lepoko elektrikoak erabili ahal izango dira ale jakin bat trebatzeko beharrezkoa denean, betiere albaitari batek edo trebatzaile ezagun batek hala erabakitzen badu.

4.–Debekatuta daude txakurrari ahoa barruan irekitzea eragozten dioten muturrekoak.

5.–Jende asko biltzen den eremuetan edo udalerriko espaloietatik paseatzen den bitartean uhal hedagarriak ez hedatzea gomendatzen da, eremu zabalagoetara iritsi arte behintzat.

6.–Animalien jabeek edo edukitzaileek nahitaez errespetatu behar dituzte animaliei buruzko informazio-errotuluetan jasotako jarraibideak.

7.–Debekatuta dago animaliak garbitzea edo gorputz-higieneko beste jarduera batzuk egitea bide edo eremu publikoetan eta iturrietan.

8.–Debekatuta dago txakurrak eraso, defentsa, zaintza edo antzekoetarako trebatzea bide publikoetan edo eremu publikoetan.

23. artikulua. Txakurren aisialdirako guneak (TAG).

1.–Udalak jarri ahal izango ditu lagun egiteko animalientzat erreserbatutako tokiak, aske egon ahal izateko. Behar bezala seinalizatu, hesitu eta argiztatuko dira, eta higiene eta garbitasun baldintzak bermatuko dira, aisia, sozializazio eta behar fisiologikoak higiene baldintza egokietan egiteko.

2.–Gune horiek animalien eta pertsonen segurtasuna bermatu beharko dute, eta animaliek ihes egitea edo galtzea ere saihestu beharko dute. Pertsona edukitzaileek zaindu egin beharko dituzte beren animaliak, eta eragotzi egin beharko dute pertsonei eta lekua partekatzen duten beste animalia batzuei eragozpenik ez sortzea.

3.–Gune horiek egokituz gero, Udalak gida bat izango du txakurren aisialdirako guneen funtzionamendurako. Gida horrek arautuko ditu instalazioaren berezko baldintzak eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

4.–Nolanahi ere, erabilera-arau hauek beteko dira:

a) Animalia askatzea jabearen edo edukitzailearen erantzukizun bakarra izango da. Jabeak gune horietarako ezarritako arauak bete beharko ditu, eta animalia bereziki zaindu beharko du ihesa edo galera saihesteko eta lekua partekatzen duten pertsonei eta gainerako animaliei enbarazu ez egiteko.

b) Toki hori erabiltzen duten pertsonak dira beren animaliek beste animalia, pertsona edo ondasun batzuei eragin diezazkieketen kalteen erantzuleak.

c) Jabeak edo edukitzaileak:

–Animalien gorotzak jasoko ditu.

–Beste animalia batzuekin liskarrak saihestuko ditu.

–Animalia lotuta egon gabe irtetea saihestuko du.

–Gunea egoera onean mantenduko du.

–Erabiltzailearentzako argibide gisa esparruan agertzen den beste edozein argibide beteko du.

5.–Beste eremu publiko batzuetan, txakurren zirkulazio askeko eremuak ezarri ahal izango dira, baldin eta ez badira arriskutsuak izan daitezkeen arrazetakoak, behar bezala identifikatuta eta seinaleztatuta, baina itxitura edo ekipamendu espezifikorik behar izan gabe; horietan, animaliak leku horiei buruzko arauetan zehaztutako baldintzetan askatu ahal izango dira.

6.–Arriskutsua izan daiteken arrazako txakurrak berariazko araudian xedatutakoaren arabera zuzenduko dira.

24. artikulua. Lagun egiteko animaliak egotea establezimenduetan eta beste leku batzuetan.

1.–Berariaz debekatuta dago txakurrak, katuak edo lagun egiteko beste animalia batzuk elikagaiak fabrikatu, biltegiratu, garraiatu, saldu edo maneiatzeko edozein motatako lokaletan sartzea. Nahitaezkoa da establezimendu horien titularrek kanpoan ikusteko moduan adieraztea debeku hori.

2.–Igerileku publikoetan, bai erabilera orokorreko eremuetan, bai turismo-establezimenduetako erabilera pribatuko eremuetan, debekatuta dago bainatzeko garaian txakurrak edo beste animalia batzuk ibiltzea edo bertan egotea.

3.–Ezin dira abereak sartu jendaurreko, kiroletako, kulturako eta jolaseko ikuskizunetarako lokaletara, jendaurreko ordutegian, non eta ez diren animalien lehiak, lehiaketak eta/edo kontzentrazioak, eta agintari eskudunak hala erabaki eta baimentzen dituen beste batzuk.

4.–Erabilera publikoko merkataritza-lokalen arduradunek beren irizpidearen arabera debekatu ahal izango dute animaliak beren establezimenduetan sartzea eta bertan egotea, eta inguruabar horren berri eman beharko dute, bai eta onartzearena ere, establezimenduaren sarreran ikusteko moduko leku batean. Debeku horretatik salbuetsita egongo dira gida-txakurren, segurtasun-txakurren, laguntza-txakurren eta antzeko kategoria edo eginkizunetako txakurren kasuak, horretarako baimena dutela egiaztatzen badute.

Establezimendu bakoitzean aplikatzen den irizpide orokorra edozein dela ere, jabeek sarrera debekatu ahal izango diete animalia hauei: tamaina, agresibitatea, urduritasuna, itxura arduragabea edo bezeroentzat gogaikarriak edo beldurgarriak izan daitezkeenak.

Sarrera eta egonaldia baimenduta ere, beharrezkoa izango da animaliak katez edo uhalez lotuta egotea. Hala ere, arriskutsuak izan daitezkeen txakurrek uhalez edo katez lotuta joan beharko dute beti, eta muturrekoa jarrita eraman beharko dute, indarrean dagoen legeriaren arabera.

5.–Udalaren esku egongo da animaliak Udalaren titulartasuneko eraikinetara sartzen uztea. Sarbideetan kartelak jarri beharko dira, sartzeko baimena eman ala ez.

25. artikulua. Gorozkiak eta txizak.

1.–Animalien jabeek edo edukitzaileek une oro saihestuko dute animaliek eremu publikoetan, kaleetan edo eraikinetako fatxadetan kalteak eragitea edo zikintzea. Arau hauek bete beharko dira:

a) Debekatuta dago txakurren eta beste animalia batzuen kakak uztea bide publikoan edo oinezkoak ibiltzeko lekuetan, bereziki parkeetan eta haurrek erabiltzeko guneetan.

b) Animalien kakak berehala jaso beharko dira, ahal bada bitarteko iragazgaitz eta estankoekin, eta jasotzeko erabilitako ontziak dagozkien zabor-edukiontzietara bota beharko dira.

c) Debekatuta dago animaliek txiza egitea eraikinen fatxadetan, hiri-altzarien elementuetan eta ibilgailuen gurpiletan.

d) Zikindutako elementuak berehala garbitu beharko dira.

2.–Aurreko xedapenak betetzen ez badira, udal-agintaritzako agenteek animaliaren jabeari edo edukitzaileari eskatu ahal izango diote zikindutako elementuak berehala garbitzeko, aplika daitezkeen zehapenen kalterik gabe.

26. artikulua. Lagun egiteko animaliak garraio publikoan eramatea.

1.–Garraio-enpresen araudian ezarritakoaren arabera eramango dira lagun egiteko animaliak garraio publikoan.

2.–Laguntza-txakurrek eta segurtasun-txakurrek askatasunez ibili ahal izango dute garraio publikoetan, baldin eta jabeak edo baimendunak lagunduta badoaz eta indarrean dagoen araudia betetzen badute.

3.–Titular partikularrak dituzten garraiobide publikoetan, hala nola taxietan, erabilera baimendu edo ukatu ahal izango da haien nahierara.

4.–Edonola ere, animaliak garraiobide publikoetara sartzeko, ezinbestekoa izango da higiene- eta osasun-egoera onean egotea eta zerbitzuaren erabiltzaileei eragozpenik ez sortzea.

27. artikulua. Lagun egiteko animaliak identifikatzea.

1.–Lagun egiteko animalien jabeek edo edukitzaileek nahitaez identifikatu behar dituzte elektronikoki modu ezabaezinean homologatutako mikrotxip batekin, eta osasun-kartilla ofizial bat izan behar dute, Nafarroako Lagun Egiteko Animalien Erregistroan inskribatu aurretik. Albaitari batek eginen du hori, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko 19/2019 Foru Legean eta haren erregelamendu bidezko garapenean ezarritakoaren arabera.

2.–Jabearen datuak aldatzen badira, jabea aldatzen bada, edo animalia hiltzen bada, informazio hori dagokion erregistroan eguneratu beharko da, albaitariaren bidez, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko 19/2019 Foru Legean eta haren erregelamendu bidezko garapenean ezarritako epe eta baldintzetan.

3.–Hala ere, Udalak txakurrak identifikatzeko beste euskarri batzuk eskatu ahal izango ditu, dagokion Alkatetzako Bandoaren bidez, hala nola, animaliaren osasun-txartela edo pasaportea, jarduera horretarako baimena duen albaitariak emana, honako datu hauekin: animaliaren izena, mikrotxip-zenbakia, jaiotze-data, espeziea, arraza, sexua, tamaina, kolorea, txertaketak; titularraren datuak, helbidea eta telefonoa barne. Argazki bat sartu ahal izango da ere.

4.–Gomendatzen da lagun egiteko animaliek eremu edo bide publikoetan identifikazio-plaka bat edo lepokoan egokitutako beste edozein bitarteko eramatea beti. Bertan, animaliaren izena eta edukitzailearekin harremanetan jartzeko telefono bat jarri beharko dira, hura ustekabean galtzen bada aurkitzeko. Neurri hori ez da nahitaezkoa izango, baina lagungarria izango da edonork aurkitu ahal izan dezan animaliaren jabea udal bilketa-zerbitzuetara jo behar izan gabe, udal-bulegoetara eraman ez dadin eta arau-hausteagatik zehapenik ezar ez dakion.

28. artikulua. Pertsonei edo beste animalia batzuei lesioak eragiten zaizkien kasuetan jardutea.

1.–Lagun egiteko animaliak pertsona bat erasotu eta lesioak eragiten badizkio, pertsona horrek horren berri emango die Udaleko osasun-zerbitzuei, dagokion parte medikoa erantsita.

2.–Lagun egiteko animaliak erasotzeagatik lesioak dituzten pertsonei laguntza medikoa edo kirurgikoa ematen dieten osasun-zentroek eta fakultatiboek horren berri eman beharko diete Udaleko osasun-zerbitzuei.

3.–Udaleko teknikari eskudunek ebatziko dute animalia erasotzailearekin jarraitu beharreko osasun-kontrola. Hozka egin duen animalia dagokion udal-babeslekura eramango dute, eta han osasun-azterketa eta -zaintza egingo diote legez ezarritako denboran, bai eta, hala badagokio, nahitaezko txertaketa eguneratu ere.

4.–Txakur ausikilarien jabeek edo edukitzaileek nahitaez eman behar dizkiete animaliaren datuak erasotako pertsonari edo haren legezko ordezkariei eta horiek eskatzen dituzten agintari eskudunei. Gainera, animalia gorde egin behar dute udaleko osasun-zerbitzuek jaso arte, eta berariaz debekatzen da animalia lekuz aldatzea edo hiltzea. Halaber, albaitariari jakinarazi beharko diote ikusten duten edozein osasun-aldaketa edo portaera.

5.–Animalia erasotzailea kalekoa bada edo jabe ezagunik ez badu, Udaleko zerbitzu eskuduna arduratuko da animalia bizirik harrapatzeaz eta haren osasun-behaketaz animaliak hartzeko zentroan.

29. artikulua. Abandonatutako eta galdutako lagun egiteko animaliak.

1.–Udalerrian animalia bat abandonatuta edo galduta badago, jakinarazi beharko zaio Udalari. Udalaren erantzukizuna izango da, jabea aurkitzen saiatu ondoren, animalia bildu eta zaintzeko egin beharreko jarduketak egitea animaliak biltzeko zerbitzu iraunkor baten bidez; zerbitzu hori berezkoa izan daiteke edo mankomunatua edota Foru Komunitateko Administrazioarekin, beste toki-erakunde batzuekin, animaliak babestu eta babesteko elkarteekin edo xede horretarako lan egiten duten eta agintaritza eskudunak behar bezala aitortuak eta baimenduak dauden beste pertsona juridiko edo fisiko batzuekin hitzartuta.

2.–Pertsona partikular batek bere kontura jasotzen badu abandonatutako edo galdutako animalia bat, animaliaren edo pertsonen osotasun fisikorako arrisku-egoera bat konpontzeagatik, edo premiaz esku hartu behar den egoeretan, animalia horren bilketa berehala jakinarazi beharko dio Udalari. Bilketa egin duen pertsonak kontuan hartu beharko ditu udal-zerbitzuek animalia aldi baterako zaintzeko ematen dizkioten jarraibideak edo animalia Udalaren zerbitzu edo babeslekuetara eramateko ematen dizkiotenak.

30. artikulua. Lagun egiteko animaliak titulartasun publikoko egoitza-zerbitzuetan.

1.–Titulartasun publikoko egoitza-zerbitzuek, betiere zerbitzu horien berezitasunek horretarako aukera ematen badute, eta arian-arian, bermatuko dute lagun egiteko animalia bat duten pertsonek beren animaliekin egon ahal izatea leku horietan, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko 19/2019 Foru Legean eta haren erregelamendu bidezko garapenean ezarritakoaren arabera.

2.–Udalak sentikortasuna izango du adineko pertsonekin eta behar bereziak dituzten pertsonekin lagun egiteko animalien funtzio sozialarekiko.

2. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animalientzako xedapenak

31. artikulua. Araubide orokorra.

1.–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliei aplikatuko zaie: Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko 19/2019 Foru Legean xedatutakoaz gain, animalia mota horientzat onartutako berariazko araudia (50/1999 Legea, abenduaren 23koa, Arriskutsuak izan daitezkeen Animaliak edukitzeari buruzko Araubide Juridikoari buruzkoa -11. artikuluan jasotako salbuespenekin-, eta 287/2002 Errege Dekretua, martxoaren 22koa, 50/1999 Legea garatzen duena).

2.–Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak izango dira:

2.1. Honako arraza hauetakoak eta haien gurutzaketetakoak: Pit Bull Terrier; Staffordshire Bull Terrier; American Staffodshire Terrier; Rottweiler; Dogo Argentino; Fila Brasileiro; Tosa Inu; Akita Inu.

2.2. Ezaugarri hauek dituztenak: muskulatura handia, itxura boteretsua, sendoa, konfigurazio atletikoa, bizkortasuna, indarra eta erresistentzia; izaera nabarmena eta balio handia; ile laburra; 60 eta 80 zentimetro arteko perimetro torazikoa, gurutzetik 50 eta 70 zentimetro arteko altuera eta 20 kg-tik gorako pisua; buru mardula, kuboidea, sendoa, garezur zabal eta handiarekin eta masail gihartsu eta sabeldunak, masailezur handi eta sendoak, aho sendoa, zabala eta sakona; lepo zabala, gihartsua eta laburra; bular trinkoa, zabala, handia, sakona, saihets-hezur okertuak eta bizkar gihartsua eta laburra; aurreko gorputz-adarrak paraleloak, zuzenak eta sendoak, eta atzeko gorputz-adarrak oso gihartsuak, angelu moderatua osatzen duten hanka luze samarrak dituztenak. Salbuetsita daude ofizialki aitortutako zentroetan egiaztatutako eta trebatutako gida-txakurrak eta laguntza-txakurrak, autonomia-erkidegoko edo, hala badagokio, estatuko legediaren arabera, bai eta izaera hori lortzeko heziketa-fasean dauden txakurrak ere.

2.3. Nolanahi ere, nahiz eta aurreko atalean sartuta ez egon, arriskutsuak izan daitezkeen txakurtzat hartuko dira izaera oso oldarkorra duten txakurrak edo pertsonei edo beste animalia batzuei eraso egin dietenak. Kasu horietan, agintari eskudunak baloratu beharko du arriskugarritasun potentziala irizpide objektiboen arabera, ofizioz edo jakinarazpen edo salaketa baten xede izan ondoren, agintari eskudunak izendatutako edo gaitutako albaitari ofizial edo elkargokide batek txostena egin ondoren.

32. artikulua. Lizentzia.

1.–Ordenantza honen babesean arriskutsua izan daitekeen edozein animaliaren jabeek edo edukitzaileek berariazko lizentzia beharko dute izan. Animalia erosi aurretik eskatu beharko da lizentzia, eta Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak baliozkotu beharko du, Arau-hausleen Erregistroari kontsulta egin diezaion. Aurreko artikuluko 2.3 paragrafoaren kasuan, animaliak eraso egiten duenetik 5 eguneko epea izango da lizentzia eskatzeko.

2.–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko administrazio-lizentzia lortzeko edo berritzeko, interesdunak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusia izatea eta animaliari beharrezko zaintza emateko ezgaitasunik ez izatea.

b) Giza hilketa, lesio, tortura, askatasunaren aurkako edo osotasun moralaren, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkako delituengatik kondenatua ez izatea, banda armatuarekin edo narkotrafikoarekin elkartuta ez egotea, eta ebazpen judizial bidez arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea.

c) 50/1999 Legearen 13. artikuluaren 3. paragrafoan aurreikusitako zehapen osagarriren batekin zigortuta ez egotea arau-hauste larri edo oso larriengatik. Hala ere, aldi baterako etetearekin zigortuta egotea ez da eragozpen izango lizentzia lortzeko edo, hala badagokio, berritzeko, baldin eta, eskaera egiten den unean, aurretik ezarritako etete-zehapena osorik bete bada.

d) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko gaitasun fisikoa eta psikologikoa izatea.

e) Hirugarrenei eragindako kalteengatiko erantzukizun zibileko asegurua formalizatu izanaren egiaztagiria, gutxienez ehun eta laurogei mila euroko estaldurarekin (180.000 euro).

Atal honetako b) eta c) letretan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, erregistroek emandako ezezko ziurtagiriak aurkeztu beharko dira. Gaitasun fisikoa eta gaitasun psikologikoa 287/2002 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera lortutako ziurtagirien bidez egiaztatuko dira.

f) Udalak onartzen duen udal-tasa ordaintzea.

3.–Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek edo edukitzaileek behartuta daude lizentzia eskatzera Beran bizi badira edo merkataritza- edo trebakuntza-jarduera udalerrian egiten badute. Era berean, animalia arriskutsuen jabeek edo edukitzaileek lizentzia hori eskatu beharko dute animalia udalerrian gutxienez hiru hilabetez egon behar denean.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek edo edukitzaileek betebehar hori izango dute, baina horrek ez du eragotziko herritarrek Udalari horrelako animalien jabe edo edukitzaile diren pertsonen berri ematea, Udalak legez egokiak diren ekintzak egin ditzan.

4.–Lizentziak 5 urteko indarraldia izango du, eta, nolanahi ere, lizentzia lortzeko baldintzak bete beharko dira. Hala ere, Udalak egiaztatu ahal izango du, ofizioz edo salaketa baten ondorioz, lizentzia indarrean dagoen bitartean, arriskutsua izan daitekeen animalia baten edozein jabe edo edukitzailek mantentzen dituela lizentzia lortzeko baldintzak. Ikuskapena egin ondoren egiaztatzen bada pertsona horrek ez duela baldintzaren bat betetzen, animalia edukitzeko lizentziarik ez duela ulertuko da, eta dagozkion legezko ekintzak hasiko dira.

33. artikulua. Jabeen, hazleen eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek, hazleek eta edukitzaileek betebehar hauek izango dituzte:

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat edukitzeko lizentzia lortzea ordenantza honetan adierazitako epeetan.

b) Ordenantza honetan aipatzen den lizentzia lortzeko baldintzei eustea eta horietakoren bat galdu dela berehala jakinaraztea.

c) Erregistroan inskribatzea animalia arriskutsu bakoitza, ordenantza honetan adierazitako epeen barruan.

d) Udalari jakinaraztea animalia lapurtu edo galdu dela, hori gertatu eta bost eguneko epean, eta hamabost eguneko epean animalia laga, saldu edo hiltzen bada, haren identifikazioa adierazita.

e) Animalia erosteko unean aurreko jabe batek erroldatuta badu, jabe berriak, erosi aurretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia eskuratu beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, erosi eta gehienez ere bost eguneko epean, animaliaren titulartasuna aldatu dela.

f) Edonola ere, erregistroko datuetan izandako beste edozein aldaketa jakinarazi beharko da gehienez ere hamabost eguneko epean.

g) Animaliaren zikiratzea edo esterilizazioa jakinarazi beharko da, baldin eta jabeak eskatuta edo agintaritza administratibo edo judizialak aginduta edo ebatzita gertatzen bada.

h) Urte bakoitzaren amaiera baino lehen, agiri hauek aurkeztu beharko dira Arriskutsuak izan daitezkeen Animalien Udal Erregistroan: urteko albaitaritza-azterketari dagokion ziurtagiria, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko gaitasun fisiko eta psikologikoaren ziurtagiria, mota horretako animaliak edukitzearen ondoriozko arriskuak estaltzeko formalizatzen den erantzukizun zibileko aseguruaren eta primaren kopia konpultsatua.

i) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Berara lekualdatzen bada, behin betiko edo hiru hilabete baino gehiagorako, animalia horren titularrak behar diren inskripzioak egin beharko ditu Arriskutsuak izan daitezkeen Animalien Udal Erregistroan. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beherakoa bada, hura duenak egiaztatu beharko du arriskutsuak izan daitezkeen animaliei buruz indarrean dagoen araudia betetzen duela bere ohiko bizilekuan, eta higiene- eta osasun-neurri eta herritarren segurtasunerako neurri egokiak hartu beharko ditu.

j) Oro har, animaliak edukitzearekin lotutako betebehar guztiak bete beharko dituzte.

k) Betebehar horiek betetzeko epea kasu bakoitzean adierazitakoa izango da, eta epe zehatzik aurreikusi ez bada, hamabost egunekoa izango da.

34. artikulua. Erregistroa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren titularrek honako datu hauek jakinarazi beharko dizkiote Berako Udalari, Erregistroan inskriba ditzan:

a) Animalia espeziea.

b) Animalien identifikazio-zenbakia, hala badagokio.

c) Arraza. Lehen belaunaldiko gurutzaketaren kasuan, jatorri-arrazak zehaztuko dira.

d) Sexua.

e) Jaioteguna.

f) Animaliaren ohiko bizilekua; zehaztu beharko da ea gizakiekin bizitzeko den, edo, aitzitik, helburu desberdinak dituen, hala nola zaintza, babesa edo adierazten den beste edozein.

g) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

h) Hazkuntza-establezimenduaren edo jatorriaren datuak.

i) Elkargoko kide diren albaitarien aurrean egindako urteko azterketak, ondoko hau egiaztatzen dutenak: animaliaren osasun-egoera, bereziki arriskutsua bihurtzen duen gaixotasunik edo nahasmendurik ez izatea, eta animalia borroketan edo debekatutako beste jarduera batzuetan erabiltzearekin lotutako lesiorik edo orbainik ez izatea.

j) Trebakuntza-zentroaren datuak, hala badagokio.

k) Eraso-gertakariak.

l) Identifikazio-mikrotxipa instalatuta duela egiaztatzen duen agiria.

Datu horiek guztiak erregistroan jasoko dira, eta titularrak hamabost eguneko epea izango du, erregistratu beharreko datua aldatzen denetik zenbatzen hasita, datu horien edozein aldaketa jakinarazteko, eraso-intzidenteetan izan ezik, horietan komunikazioa berehalakoa izan beharko baita.

35. artikulua. Segurtasun-neurriak.

1.–Kapitulu honetan aipatzen diren txakurrak bi metro baino gutxiagoko kate edo uhal luzaezinarekin lotuta egon beharko dute, eta dagokien arrazari egokitutako muturreko homologatua eraman beharko dute bide publikoetan, higiezin kolektiboen zati komunetan eta erabilera publikoko leku eta eremu orokorretan, eta ezingo da txakur horietako bat baino gehiago eraman pertsona bakoitzeko. Ezin dira inola ere adingabeek gidatuta joan.

2.–Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak hartzen dituzten instalazioek ezaugarri hauek izan behar dituzte, animaliak haietatik irten eta hirugarrenei kalterik ez egiteko:

a) Hormek eta hesiek behar bezain altuak eta sendoak izan behar dute, eta finkatuta egon behar dute animaliaren pisua eta presioa jasateko.

b) Instalazioetako ateek gainerako inguruak bezain erresistenteak eta eraginkorrak izan behar dute, eta animaliek segurtasun-mekanismoak atera edo ireki ez ditzaten diseinatu behar dira.

c) Barrutiak behar bezala seinaleztatuta egon behar du, mota horretako txakurrak daudela ohartaraziz.

36. artikulua Debekuak.

50/1999 Legean adierazitakoaz gain, berariaz debekatuta dago:

a) Arriskutsutzat jotzen den animaliak muturrekorik gabe edo lizentziarik gabeko pertsona batek ibiltzea eremu publikoan. Salbuetsita daude ehiza-jarduerak, haien araudi sektoriala aplikatuko baitzaie.

b) Uztea, egitez edo ez-egitez, arriskutsua izan daitekeen animaliak pertsonei eraso egitea, beste animalia batzuei eraso egitea edo edozein ondasuni eraso egitea, bide publikoan zein eremu pribatuetan, ekintza horiek indargabetzeko beharrezko neurriak aldez aurretik eta/edo erasoaren unean hartu gabe.

c) Arriskutsua izan daitekeen animalia lotu gabe edo bi metro baino gehiagoko kate edo uhal finko edo hedagarriaren bidez eramatea.

d) Pertsona berak arriskutsu izan daitekeen txakur bat baino gehiago eramatea.

3. KAPITULUA

Laguntza-txakurrentzako xedapenak

37. artikulua.

Laguntza-txakurrei, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko 19/2019 Foru Legean xedatutakoaz gain, haien berariazko araudia aplikatuko zaie. Araudi hori, gaur egun, 3/2015 Foru Legean jasota dago (3/2015 Foru Legea, otsailaren 2koa, Ezgaitasuna duten pertsonak, laguntza-txakurrekin daudenean, gune irekietan eta mugatutako beste gune batzuetan sartu, ibili eta egoteko askatasuna arautzen duena).

4. KAPITULUA

Agintaritzaren agenteetakoak eta baimendutako segurtasun-enpresetakoak diren txakurrentzako xedapenak

38. artikulua.

1.–Ez dira legez arriskutsuak izan daitezkeen txakurtzat joko poliziakoak eta baimen ofiziala duten segurtasun-enpresetakoak direnak, agintaritzaren agenteei edo segurtasun-langileei laguntzeko eginkizunen esparruan.

2.–Agintaritzako agenteei eta segurtasun-enpresetako langileei laguntza ematen dieten txakurrek behar bezala prestatuta egon beharko dute, osasun aldetik kontrolatuta eta mikrotxipez identifikatuta. Animalia horien arduradunek horiek kontrolatzeko trebezia eta gaitasuna izan behar dute, eta eragotzi behar diete zaindu beharreko esparrutik ihes egitea edo ateratzea, herritarrei enbarazu edo lesioak eraginez.

3.–Errotulu bat jarri beharko da ongi ikusteko moduko leku batean, zaintza-txakur bat dagoela eta arriskuaz ohartarazteko.

5. KAPITULUA

Ekidoentzako xedapenak

39. artikulua.

1.–Ekido guztiek identifikatuta egon behar dute, eta espezie horien arloan indarrean dagoen legeriaren arabera beharrezkoa den dokumentazioa eduki behar dute.

2.–Ekidoak edo animaliek tiratutako ibilgailuak bide publikotik gidatzea debekatuta egongo da, oro har, Udalaren baimenik izan ezean.

3.–Bide publikotik zirkulatzen duten ekido guztiek erantzukizun zibileko aseguru bat izan beharko dute, sor ditzaketen kalteak estaltzeko.

4.–Hirigunean, eta dagokion baimenarekin, ibilgailu motordunen murrizketa berberak izango dituzte, indarrean dauden zirkulazio-erregelamenduen arabera.

5.–Ezingo dira inola ere animaliak bide publikoan lotuta utzi, hiri-altzarien edo finka partikularretako elementuen bidez, edo ikuskapenik gabe utzi.

6.–Ekidoekin baimendutako azoka eta ikuskizun publikoek dagokien albaitaritza-ikuskapena eta -ziurtagiria izan beharko dute, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko 19/2019 Foru Legean eta haren erregelamendu bidezko garapenean araututakoaren arabera.

7.–Baimendutako azoka eta ikuskizun publikoak egiterakoan, bai eta ekidoak bide publikotik zirkulatzen ari diren bitartean ere, debekatuta egongo da animaliei mina eragin diezaiekeen edo abereen, zaldunen, gainerako parte-hartzaileen edo ikusleen segurtasunerako arrisku potentziala eragin dezakeen edozein praktika edo elementu erabiltzea.

8.–Behar bezala baimendutako azokak eta ikuskizunak egiteko, nahitaezkoa izango da:

a) Animalia etengabe gainbegiratzea eta kontrolatzea.

b) Segurtasun-neurriak erabiltzea parte-hartzaileentzako eta ikusleentzako, bereziki babes-kaskoa erabiltzea araututako kasuetan.

c) Ekidoentzat eskuragarri dauden segurtasun-neurriak erabiltzea.

9.–Parte-hartzaileen, laguntzaileen eta antolakuntzako kideen betebeharra da aipatutako baldintza horiek behar bezala betetzea, bai eta animaliei tratu ona emateko behar diren baliabide guztiak izatea ere.

6. KAPITULUA

Ekoizpen-animalientzako xedapenak

40. artikulua.

Ekoizpeneko animaliei berariazko araudi sektorialean aurreikusitako betebehar eta debekuen araubidea aplikatuko zaie.

7. KAPITULUA

Animalia basati eta exotikoentzako xedapenak

41. artikulua. Debekatutako animaliak edukitzea.

Debekatuta dago Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko 19/2019 Foru Legearen laugarren xedapen gehigarrian aipatutako animaliak edukitzea, erregistratutako parke zoologikoetatik edo agintaritza eskudunak berariaz baimendutako gune zoologikoetatik kanpo.

42. artikulua. Animalia exotikoak edukitzea.

1.–Bertakoak ez diren espezieetako animaliak edukitzeko, Espainiako Estatuak sinatutako nazioarteko itun eta hitzarmenetan, Europako Erkidegoko araudian eta 19/2019 Foru Legean ezarritakoa bete beharko da.

2.–Bertakoa ez den fauna-espezie bateko animalia baten jabeek legezko jatorria duela egiaztatu beharko dute agiri bidez, betiere hura edukitzea baimendua badago.

3.–Animalia horiek beren espezierako egokia den ingurune batean egongo dira uneoro, haien beharrak eta ongizatea bermatzeko.

43. artikulua. Bertako animalia basatiak edukitzea.

Debekatuta dago agintari eskudunak berariaz baimendu gabe edukitzea bertako espezietako animaliak, ehizakoak barne, bai gune zoologikoetan bai eremu partikularrean, 19/2019 Foru Legean adierazten diren baldintzetan.

8. KAPITULUA

Beste xedapen batzuk

44. artikulua. Lagun egiteko ez diren etxeko animaliak.

1.–Etxeko beste animalia batzuk edukitzeak (untxiak, etxeko hegaztiak, etab.) ez du inola ere arriskurik ekarriko osasun publikorako eta/edo eragozpenik bizilagunentzat.

2.–Eraikin bakoitzeko baimendutako kopurua zenbatzeko, kontuan hartuko dira animalien ezaugarriak, ostatua, erabilgarri dagoen tokia, higiene- eta osasun-baldintzak, eta auzotarrengan edo ingurunean sor daitezkeen ondorioak eta molestiak.

3.–Hasiera batean, eta hurrengo puntuan ezarritakoa edo salbuespenaren berariazko baldintzak jasoko dituen espres emandako baimena salbu, hirigunearen barruan ez da baimenduko esne-ekoizpeneko behiak (behitegiak) mantentzea, animalia handiak edukitzea eta haztea (kontsumorako edo aisialdirako izan edo ez), artzaintza-jarduera eta artaldeak pasatzea. Gainera, udal-planaren araudian xedatutakoa beteko da.

4.–Berako Udalak eko-artzaintzako plan bat onartu ahal izango du. Plan horren arabera, ahuntzek, ardiek, zaldiek eta baita behi-aziendek ere udal berdeguneak mantendu ahal izango dituzte, bai eta utzita dauden eta eraiki gabe dauden orubeak ere. Izan ere, aukera garbia da, animalia horien eguneroko portaera aprobetxatzen du, makinek ordezkatzean, haiek egiten dituzten zaratek eragindako eragozpenak gutxitzen dira, eta ongarritzea errazten dute. Gainera, nekazaritzari eusteko baliabide gehigarria da.

5.–Etxeko hegaztien, untxien, usoen, faisaien, bildotsen, ahuntzen eta antzeko animalien autokontsumorako etxeko hazkuntzak, hirigintzako arauak eta lurzoruaren erabilerak betetzeaz gain, berariazko araudia ere bete beharko du.

45. artikulua. Gune zoologikoak.

Nafarroako gune zoologikoen baimena, kalifikazioa, erregistroa eta kontrol zoosanitarioa arautzen dituen Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilariaren apirilaren 12ko 104/2013 Foru Aginduan xedatutakoa aplikatuko da.

46. artikulua. Abere-lehiaketak eta animalien beste bilketa batzuk.

Abenduaren 13ko 491/2013 Foru Aginduan xedatutakoa aplikatuko da (Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilariarena, Nafarroako Foru Komunitateko abere-lehiaketak eta animalien beste bilketa batzuk arautzeko).

47. artikulua. Esperimentatzeko animaliak edukitzea.

Esperimentazioko animaliei aplikatuko zaie otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan xedatutakoa (53/2013 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, esperimentazioan eta beste helburu zientifiko batzuetarako, irakaskuntza barne, erabiltzen diren animaliak babesteko oinarrizko arauak ezartzen dituena).

4. TITULUA

Udalerriko animalia-kolonien araubide juridikoa

48. artikulua. Jabeen erantzukizuna.

Orube edo etxebizitza itxi edo okupatu gabeen jabeek neurriak hartu behar dituzte barruan katu arlote edo basatien, usoen edo beste animalia batzuen kolonia ezar ez dadin. Kolonia hori ezarrita badago, beste eremu batzuk kolonizatzea saihestu beharko dute. Kendu egin beharko balitz - katuen kasuan, animaliak babesten dituen erakunde baten bidez, ahal bada-, animaliak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera egingo dela bermatu beharko da, dagokion udal-baimenaren bidez.

49. artikulua. Hiriko hegazti-populazioen kontrola.

1.–Esparru publikoan, Udalak animalia-populazioen berariazko kontrolak egin ahal izango ditu, baldin eta, animalia ugari izateagatik eta/edo haien ezaugarriengatik, osasun-arazoak, eragozpenak, kalteak pertsonei, ondareari, animaliei edo ingurumenari eragin badiezazkieke. 2. Bide publikoan eta udal-ekipamenduetan aplikatzen diren izurrien kontrolek izurrien kontrol integratuaren printzipioetan oinarritutako programak jarraituko dituzte, eta lehentasuna emango zaie animaliei sufrimendurik edo kalterik eragiten ez dieten prebentzio-neurriei eta metodoei, 19/2019 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

3.–Hegaztiek hiri-habitata ahalik eta ondoen aprobetxatzen dutenez beraientzat, haien elikadura-iturriak eta habiak egiteko baliabideak identifikatzea eta kontrolatzea dira arazoaren kontrol eraginkorra bermatuko duten funtsezko elementuak epe ertain eta luzera.

4.–Eremu pribatuen jabeek (etxebizitzak, eraikinak, orubeak, lursailak, etab.) gune horiek garbitasun- eta osasungarritasun-baldintza egokietan edukitzeko erantzukizuna dute, bai eta beharrezko neurriak hartzekoa ere beren etxebizitzetan hegazti horiek gelditzea, habiak egitea edo haztea saihesteko. Udalak nola jokatu eta zer ekintza zuzen egin daitezkeen jakinaraziko du.

5.–Gehiegizko populazioa kontrolatzeko, pertsonek saihestuko dute erabilera publikoko guneetan hegazti-espezieei jaten ematea. Udalak, hala ere, espezie jakin batzuk elikatzeko debekua ezarri ahal izango du dagokion Alkatetza Bandoaren bidez.

50. artikulua. Katu-koloniak ezartzea.

1.–Kaleko katuen kolonietan, jabe edo edukitzaile ezagunik ez duten eta eremu publiko edo pribatu batean bizi diren katuak modu kontrolatuan taldekatzen dira. Eremu horretan, bizirauteko behar adina arreta, osasun-zaintza eta elikadura jaso beharko dituzte. Udalak, partikularrekin eta erakundeekin lankidetzan, katuen kolonien kudeaketa sustatu beharko du, animaliek bizilagunei sortzen dizkieten eragozpenak gutxitzeko, osasun-arriskuak murrizteko, gainpopulazioa saihesteko eta animalien bizi-kalitatea hobetzeko.

2.–Udalerrian bizi diren eta kolonietan bildu diren katuak hiri-faunaren parte dira, eta, beraz, haien bizimodua errespetatu eta babestu behar da, eta, ahal den neurrian, okupatzen duten eremuan mantenduko dira, salbu eta bizilagunei eragozpenak sortzen bazaizkie eta osasun publikoa eta ingurumena babesteko arrazoiak baldin badira. Hiri-inguruneko animalia-koloniak beste leku batera lekualdatu ahal izateko, animalien osotasunerako arrisku larria dagoela frogatu beharko da modu frogagarrian, edo behar bezala egiaztatutako pertsonen osasun-arazo bat egon beharko du.

Animaliak babesteko erakunde laguntzaileetako profesionalek edo langileek soilik egin beharko dute lekualdaketa, betiere adituen gomendioei jarraituz eta udal-zerbitzuek gainbegiratuta.

3.–Debekatuta dago udalerriko katu-kolonien kokalekua eta animaliak zaintzeko, harrapatzeko, elikatzeko edo babesteko erabiltzen den udal materiala aldatzea edo suntsitzea, baita behar bezala baimendutako erakunde eta boluntarioena ere.

4.–Animaliek eragindako kalteengatiko erreklamazioak Udalari zuzenduko zaizkio, hark baitu kolonien ardura.

5.–Debekatuta dago txakurrak kolonietako esparruetan sartzea, bai eta horietara katu berriak ekartzea ere, Udalaren berariazko baimena izan ezean, eta udal-zerbitzuek eta kolonien kudeaketaren arduradunek gainbegiratuta.

51. artikulua. Katu-kolonien kudeaketa.

1.–Udal-zerbitzuen erantzukizuna izango da katu-koloniak kudeatzea, baita horiek babestea eta behar bezala seinaleztatzea ere, udalaren edo hitzartutako langileen bidez. Animalien babes- eta defentsa-erakunde laguntzaileek katu-kolonien kudeaketan parte hartu ahal izango dute dagozkien lankidetza-hitzarmen edo -tresnen bidez, betiere udal-zerbitzuek gainbegiratuta eta ikuskatuta. Katu-koloniak zaintzeko boluntarioek, animaliak babesteko erakundeetakoak zein partikularrak, Udalak prestatu eta berariaz baimendu beharko ditu, eta identifikazio-txartel bat jaso beharko dute. Txartel hori kolonietan lan egiten duten bitartean eraman beharko dute.

2.–Koloniak zaintzeaz eta elikatzeaz zaintzaile-elikatzaileak arduratuko dira. Zaintzaileak eta elikatzaileak udal-zerbitzuetako kide izan daitezke, edo boluntarioak, Udalak berariaz prestatu eta baimenduta. Pertsona horiek katuak harrapatzeko eta askatzeko kanpainak egiten lagunduko dute, ezartzen diren baldintzetan. Hala ere, herritarren kontzientziazioa eta koloniekiko bizikidetza atsegina sustatzeko, beste pertsona batzuek animaliak zaindu ahal izatea ahalbidetuko da, betiere artikulu honetan aurreikusitakoa betez eta kolonietako arduradunen baimen eta ikuskaritzapean.

3.–Kontrolatutako kolonietako katuak pentsu lehorrarekin soilik elikatuko dira. Pentsu lehorra leku babestu eta apaletan emango da, baldin eta bizilagunei eragozpenik eta animaliei arriskurik eragiten ez badiete. Gainera, basurdea bezalako basa-espezieek janaria eskuratzea saihestuko duten sistemak jarriko dira, hepatitisa bezalako ekopatologia zoonotikoak zabaltzea saihesteko (adibidez, alderantzikatitutako hormigoizko kutxatilak). Arreta berezia jarriko da kokalekua garbitzeko, betiere higiene- eta osasungarritasun-egoera ezin hobean utzita. Debekatuta egongo da katuak elikatzea aitortutako eta baimendutako elikatze-guneak ez diren beste leku batzuetan, eta debekatuta egongo da, halaber, Udalak identifikatu eta baimendu gabeko pertsonek katuak elikatzea.

52. artikulua. Katu-kolonien populazioaren kontrola.

1.–Kolonien populazioa kontrolatzeko, HAA –CES– metodoa baino ez da erabiliko (harrapatzea/antzutzea/askatzea), eta jatorrizko kolonian askatu beharko da, hau da, animalia harrapatu zen leku berean. Katuak erretiratzea erabaki ahal izateko, beharrak frogatua izan behar du, eta, betiere, birkokatzeko leku seguru bat eduki behar da, behar bezala zaindu ahal izateko, osasun publikoari, animalien osasunari eta ingurumen-orekari buruz indarrean dagoen araudiak ezarritakoa betez. Animalia jatorrizkoa ez den beste leku batean askatzeko, animaliak babesteko erakunde laguntzaileetako profesionalek edo langileek bakarrik egin beharko dute lana, betiere adituen gomendioei jarraituz eta udal-zerbitzuek gainbegiratuta.

2.–Udalak katu-kolonien populazioa kontrolatzeko protokoloa ezartzen duen dokumentu bat izan beharko du, eta bertan jaso beharko dira katuak harrapatzeko eta antzutzeko jarraitu beharreko prozedurak, gaixo eta zauritutako animalien arreta, horiek adoptatzeko egokiak diren animalien bilketa, eta kolonia baten kudeaketan ohikotasunez sor daitezkeen gorabeherak.

3.–Udalak katu-kolonien eta horietan bizi diren aleen errolda bat izan beharko du, eta bertan adierazi beharko dira kolonia horien kokapena, egoera, egindako jarduketak eta norbanakoen kopurua, bakoitzaren datuekin (izena, arraza, sexua, adina, egoera, mikrotxiparen zenbakia, halakorik balego, antzutzea, etab.).

4.–Gaixo eta zaurituta dauden aleen eutanasia 19/2019 Foru Legean ezarritako egoeren eta baldintzen arabera egingo da bakarrik.

5. TITULUA

Diziplina-araubidea

1. KAPITULUA

Animalien ongizatea zaintzea eta kontrolatzea

53. artikulua.

1.–Udalaren eskumenekoak diren ikuskapen- eta kontrol-eginkizun guztiak, identifikazioa, kautelazko eta behin-behineko neurriak barne, hala nola, animaliak joanaraztea eta/edo konfiskatzea, animalia-zentroen ikuskapena, gauzatuko dira 19/2019 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

2.–Udal-agintaritzako agenteek egin beharreko ikuskapen-, zaintza- eta kontrol-lanak oztopatzen, atzeratzen edo eragozten dituzten ekintzak eta ez-egiteak administrazio-arau-haustea izan daitezke, eragozpenengatik.

3.–Pertsona orok du ordenantza honetan eta aplikatzekoa den araudi sektorialean ezarritako arau-hauste administratibo bat izan daitekeen gertakari jakin bat Udalari jakinarazteko eskubidea eta betebeharra.

2. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

54. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honen ondorioetarako, arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke.

1.–Honako hauek arau-hauste arinak dira:

a) Ordenantza honek eskatzen dituen erregistroak ez edukitzea, edo haiek osatu gabe nahiz gabeziekin edukitzea.

b) Lagun egiteko animaliak edukitzea ordenantza honetan aurreikusitako baldintzetan identifikatu edo erregistratu gabe.

c) Lagun egiteko animaliak hemezortzi urteko adinaz beherakoei eta ezgaituei eskualdatzea, guraso-ahala, tutoretza edo jagoletza duten pertsonen baimenik gabe.

d) Edozein espezietako animaliak erakusleiho, merkataritza-establezimendu edo aisiarako edo jostetarako lokaletan erakustea.

e) Udalak baimendutako kopurua gainditzen duen txakurren, katuen edo erregelamenduz zehazturiko beste edozein espezietako aleen kopuru bat etxebizitza batean edukitzea, kasuko baimena eduki gabe.

f) Lagun egiteko animaliak baldintza desegokietan edo horretarako bereziki egokitu gabeko maletategietan garraiatzea, animaliek kalterik pairatzen ez badute.

g) Edozein espezietako animaliek parte hartzea ferietan, erakusketetan, lehiaketetan, erakustaldietan, filmaketetan, kultur jardueretan edo antzekoetan, kasuko baimena eduki gabe.

h) Edozein espezietako animaliak artifizialki manipulatzea salmentarako erakargarri egiteko, jostetarako edo adierazpen artistikorako.

i) Lagun egiteko animaliei ez egitea jendetasun- eta heziketa-probarik, animaliaren aiurria eta portaera direla-eta gomendagarria denean.

j) Lagun egiteko animalia galduak edo abandonatuak biltzeko jarduerak egitea horretarako baimenik ez duten entitate pribatuek.

k) Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Erregistroan jabeek gaurkoturik ez edukitzea lagun egiteko animalien datuak, eta animalien galera, heriotza, salmenta edo titulartasun-aldaketa ez komunikatzea ezarritako epeetan.

l) Hiri eremu publikoetan txakurrak uhalez edo katez ez eramatea.

m) Hiri eremu publikoak zikintzea eta ez garbitzea lagun egiteko animalien eginkari solido edo likidoekin.

n) Norberaren zaintzaren pean dauden edozein espezietako animaliek egin ditzaketen kalteak saihesteko behar diren neurriak ez hartzea.

ñ) Bide publikoan basatutako animaliei jaten ematea. Debeku horretatik salbuetsita egongo dira katu-kolonien zaintzaileak, udal-agintaritzak behar bezala baimendu eta egiaztatutakoak, baita indarrean dagoen ingurumen-araudiaren arabera biodibertsitatea sustatzeko kasuak ere, ordenantza honetan aurreikusitako moduan.

o) Jabetza pribatuko eraikinetako hormetan eta ateetan mikazten uztea bide publikora sarbidea duten animaliei.

p) Udalaren errekerimendu bat adierazitako epetik kanpo betetzea.

q) Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak adierazitako epetik kanpo betetzea.

r) Ordenantza honetan jasotako aginduen ez-betetzea den edozein egite edo ez-egite, arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat tipifikatuta ez dagoena.

s) Artikulu honen hurrengo apartatuan tipifikatutako arau-hausteetakoren bat egitea, haren zenbateko edo garrantzi eskasa dela-eta arau-hauste astunaren kalifikazioa merezi ez duenean.

2.–Honako hauek arau-hauste astunak dira:

a) Edozein espezietako animaliak nahikoa edo egokia ez den modu batez edo debekatuta dauden elikagaiekin elikatuta edukitzea.

b) Edozein espezietako animaliak toki edo instalazio desegokietan edukitzea, baldintza higieniko eta sanitario onak betetzen ez dituztenetan, dimentsio desegokiak dituztenetan edo beren ezaugarriak, distantzia edo beste edozein arrazoi dela-eta haiek egunero egoki kontrolatu eta gainbegiratzerik ez dagoenetan.

c) Edozein espezietako animaliak denbora luzez lotuta edo entzerratuta edukitzea, edo sufrimendu edo kalteak eragin diezazkieten baldintzetan; edo gizakiarengandik edo beste animalia batzuengandik beti isolatuta edukitzea, baldin eta espezie taldekoietakoak badira; eta txakurrak etengabe lotuta edukitzea, hartara 19/2019 Foru Legearen 7.5 artikuluan araututakoa urratuz.

d) Lagun egiteko animaliak ez txertatzea edo agintari eskudunek nahitaezkotzat deklaratutako tratamenduak ez egitea, bai eta haiek ez esterilizatzea ere, 19/2019 Foru Legearen 16.4 artikuluan ezarritako konpromisoa urratuz edo agintari eskudunek erabakitzen dutenean.

e) Albaitari batek egin ez dituen esterilizatzea, txertatzea, tratamenduak edo edozein ebakuntza kirurgiko, edo halakoak 19/2019 Foru Legean ezarritako baldintzen eta betekizunen aurka egitea.

f) 19/2019 Foru Legean ezarritakoaren arabera edo agintari eskudunak agindutakoari jarraituz, lagun egiteko animaliei albaitari-azterketa ez egitea.

g) Lagun egiteko animalien zentroetarako, gune zoologiko gisa, ezarritako baldintzak eta betekizunak ez betetzea, arau-hauste arin gisa tipifikatuta ez dagoenean.

h) Lagun egiteko animaliak haztea edo saltzea 19/2019 Foru Legean ezarritakoa urratuz.

i) Lagun egiteko animaliak laborategi edo klinikei eskualdatzea arau indardunetan ezarritako betekizunak bete gabe.

j) Edozein espezietako animaliak kostu bidezko transakzioaz bestelako erosketengatiko zozketa edo sari gisa ematea, publizitate-erreklamo gisa.

k) Lagun egiteko animaliak parasitoekin edo gaixorik saltzea, edo gaixotasunik ez dutela egiaztatzen duen ziurtagiria eduki gabe.

l) Albaitaritza zerbitzu ofizialei ez komunikatzea nahitaez deklaratzekoak diren gaixotasunak, alerta sanitario bat deklaratu ez denean.

m) Edozein espezietako animaliak ferietako atrakzio edo karruseletan eta zirkoetan erabiltzea.

n) Edozein espezietako animaliak modu iraunkorrean edukitzea aparkatutako ibilgailuetan, edo aldi baterako ibilgailuetan edukitzea egurasterik edo tenperatura egokirik gabe.

ñ) Edozein espezietako animaliak abian den ibilgailu motordun bati lotuta eramatea.

o) Urkatze-lepokoak, ziridunak edo elektrikoak, erabili eta saltzea, baldin eta lagun egiteko animalientzako kaltegarriak badira, edo haiek erabiltzea ordenantza honetan eta 19/2019 Foru Legean ezarritakoa urratuz.

p) Edozein espezietako animaliei ez ematea nahitaezkoak diren albaitari-tratamenduak, tratamendu aringarriak, prebentzio-tratamenduak edo behar ditzaketen funtsezko tratamendu sendagarriak.

q) Behar diren neurriak ez hartzea lagun egiteko animalien ugalketa ez-kontrolatua saihesteko.

r) Uztea edo ez eragoztea edozein espezietako animaliak arrisku bat izan daitezela pertsonen eta animalien osasunerako edo segurtasunerako, edo gauzei kalte materiala eragin diezaietela.

s) Lagun egiteko animaliak giza kontsumorako edo animalien kontsumorako erabiltzea.

t) Istripua izan duen, zaurituta dagoen edo arriskuan dagoen edozein espezietako animalia bati laguntzarik ez ematea, laguntza hori norberarentzat edo hirugarrenentzat arriskurik gabe eman daitekeenean.

u) Albaitari batek eginkizun batzuk betetzea haietarako gaikuntzarik eduki gabe, edo gaituta egonda ere, gaikuntzan ezarritakoa ez betetzea.

v) Lagun egiteko animaliak baldintza desegokietan edo horretarako bereziki egokitutako maletegietan garraiatzea, animaliek kalteak pairatzen badituzte.

w) Hiru urteko epean arau-hauste arin bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.

x) Artikulu honen hurrengo apartatuan tipifikatutako arau-hausteetatik bat egitea, haren zenbateko eta garrantzi eskasa dela-eta arau-hauste astuna ez denean.

3.–Honako hauek arau-hauste oso astunak dira:

a) Edozein espezietako animaliei tratu txarrak ematea.

b) Edozein espezietako animalien arteko borrokak antolatzea, eta haiei buruzko publizitatea egitea edo haiek egitea.

c) Edozein espezietako animaliak erabiltzea ikuskizunetan, jai herrikoietan, borroketan, animalien arteko aurrez aurrekoetan, beste animalia batzuen harrapaketan, erasoetan, simulatuta ez dauden eszenen filmazioan edo ankerkeria edo tratu txarra inplikatzen duten beste jarduera batzuetan, edo animaliei sufrimenduak, naturaren aurkako tratamendu edo tratamendu laidogarriak edo heriotza eragin ahal dizkieten jardueretan, 19/2019 Foru Legearen 7.13 artikuluan araututakoari jarraituz.

d) Edozein espezietako animaliak trebatzea edo heztea beren oldarkortasuna gara dezaten, eta borroketarako prestatzea, borroka egin dezaten akuilatzea edo haiei lan eginaraztea beren osasuna edo ongizatea kaltetzen duen modu batez.

e) Edozein espezietako animaliak abandonatzea.

f) Galdutako edo desagertutako lagun egiteko animaliak ez berreskuratzea horretarako ezarritako epean, 19/2019 Foru Legearen 15.3 artikuluan araututakoari jarraituz.

g) Lagun egiteko animalia bat hiltzea ordenantza honetan zein 19/2019 Foru Legean eutanasiarako edo hilketarako araututakoa urratuz.

h) Lagun egiteko animaliei ebakuntza kirurgiko debekatuak egitea, ordenantza honetan zein 19/2019 Foru Legean aurreikusitako salbuespenekin.

i) Edozein espezietako animalia bati sufrimendua edo heriotza eragiten dioten edo eragin ahal dioten hazkuntza-prozedurak erabiltzea; horren barnean sartzen da heriotza behar baino lehenago eragin dezaketen edo ondorioak arintzeko albaitaritza-ebakuntzak egitea eskatzen duten gaixotasun hereditario larriak dituzten animaliak ugalketarako erabiltzea.

j) Edozein espezietako animaliei nahita tiro egitea, ordenantza honetan zein 19/2019 Foru Legean jasotako kasuetan izan ezik eta baimendutako ehiza-jardueretan ehizakiei izan ezik.

k) Edozein espezietako animaliei ematea alferrikako kalteak edo oinazeak sortu ahal dizkieten gaiak. Debekatuta dago bide publikoetan edo horien mugakide diren higiezinetan produktu toxikoak edo sufrea uztea.

l) Espainiako Estatuan indarrean diren nazioarteko itun eta hitzarmenen bidez babestutzat edo desagertzeko arriskuan daudela deklaratutako espezieen kasuan, bai eta ordenantza honetan zein 19/2019 Foru Legean berariaz debekatutako animalien kasuan edo, kasua bada, lagun egiteko animalia gisa edukitzea baimendutakoen zerrendetan ez daudenen kasuan, debekatuta dago haien ale, kume, arrautza edo beste edozein atal edo produktu merkaturatzea, saltzea, edukitzea, erakustea eta naturalizatzea.

m) Aktaz edo administrazio ebazpenez behin-behinekoz immobilizaturik dauden edozein espezietako animaliak garraiatzea.

n) Lagun egiteko animalia baten kontrol sanitarioko neurriak ez hartzea edo ez betetzea, eta agintaritza eskudunari ez komunikatzea transmititu daitekeen gaixotasun bat susmatzen edo diagnostikatzen deneko kasuak.

ñ) Ordenantza honetan ezarritako eginkizunak betetze aldera agintaritza eskudunak edo haren agenteek eskatutako datuak edo informazioa emateari ezezkoa ematea edo horretarako trabak jartzea, bai eta okerreko informazioa edo dokumentazio faltsua ematea ere.

o) Ordenantza honen zein 19/2019 Foru Legeko behin-behineko neurrietatik edozein bete dadin oztopatzea.

p) Hiru urteko epean arau-hauste astun bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.

55. artikulua. Zehapenak.

Honako hauek dira ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteengatik aplikatuko diren zehapenak:

a) Arau-hauste arinengatik, 200 eta 1.000 euro bitarteko isuna. Arau-hauslearengan intentzionalitaterik aurkitzen ez den arau-hauste arinen kasuan, baldin eta arau-hausle horri bide administratiboan aurreko hiru urteetan ordenantza honetan aurreikusitakoetatik beste zehapenik ezarri ez bazaio, zehapena ohartarazpen bat izan daiteke, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera ezar daitezkeen zehapen osagarriak ezertan kendu gabe.

b) Arau-hauste astunengatik, 1.001 eta 6.000 euro bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso astunengatik, 6.001 eta 100.000 euro bitarteko isuna.

56. artikulua. Zehapen osagarriak.

Aurreko artikuluan araututako zehapenak ezertan kendu gabe, zehapen-espedientea ebaztea dagokion organoak honako zehapen osagarri hauek erabaki ahalko ditu:

a) Instalazio, lokal edo establezimenduak gehienez ere bi urtez ixtea, arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez ixtea arau oso astunen kasuan.

b) Aldi baterako debekua edo ezgaitzea 19/2019 Foru Legeak araututako jardueretan aritzeko, gehienez ere bi urtez arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez arau-hauste oso astunen kasuan.

c) Animaliak konfiskatzea arau-hauste astunen edo oso astunen kasuan.

d) Animaliak edukitzeko debekua, gehienez ere bi urtez arau-hauste astunen kasuan, edo betiko arau-hauste oso astunen kasuan, animaliari eragindako minaren krudelkeria eta nahita egitea norainokoak diren.

e) Albaitari gaituaren aitortza kentzea.

57. artikulua. Zehapenen mailaketa.

1.–Zehapenak ezartzerakoan, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egintzaren larritasun benetakoaren eta ezartzen zaion zehapenaren artean. Honako irizpideak hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:

a) Nahita egitea.

b) Animalien babesari, animalien sanitateari, osasun publikoari edo ingurumenari eragindako kaltea edo arriskua, edo ukitutako animalia-kopurua.

c) Berrerorketa, urtebetean, animalien babesari buruzko araudia behin baino gehiagotan hausteagatik, bide administratiboan horrela deklaratu denean, ebazpen irmo baten bidez.

d) Arau-hauslearen kargua edo eginkizuna, edo jardueraren ezagueraren maila, haren lanbideagatik eta haien ikasketengatik.

e) Hausleak agintari eskudunari lagundu dion ala ez gertaerak argitzen eta babespeko ondasuna lehengoratzen.

f) Jokabide berean arau-hausteak pilatu direnean.

2.–Bi urteko epean berreroriz gero edo araua hautsiz gero, zehapenaren zenbatekoa ehuneko 50 gehituko da. Epe horretan bi aldiz gehiago berreroriz edo hautsiz geroz, gehitzea ehuneko 100ekoa izanen da.

3.–Ekintza berean bi arau-hauste administratibo edo gehiago pilatzen badira, arau-hauste larrienari dagokion zehapena ezarriko da, erdiko edo goiko mailan.

58. artikulua. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa.

1.–Animalien babesaren arloko arau-hauste arinek urtebeteko epean preskribatuko dute; astunek, bi urteko epean; eta oso astunek, hiru urteko epean.

2.–Arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenek urtebeteko epean preskribatuko dute; larrien ondoriozkoek, bi urteko epean; eta oso larrien ondoriozkoek, hiru urteko epean. Zehapenaren gaineko ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik aurrera hasiko da epea kontatzen.

59. artikulua. Erantzukizun penala.

1.–Ordenantza honetan araututakoaren aurkako arau-hauste administratiboa delitua izan badaiteke, Berako Udalak, espedientea irekita, jurisdikzio eskudunari jakinaraziko dizkio egitate horiek.

2.–Prozedura penal bat hasita, zehapen prozedura administratiboa bertan behera utziko da haren ebazpen irmorik ez dagoen bitartean.

3.–Ezin ezarriko da behin ere zehapen administratiborik prozesu penal batean kondena eragin duten gertaerengatik; bai, ordea, kondena eragin ez duten beste gertaera batzuengatik.

60. artikulua. Zehapen-eskumena eta prozeduraren ebazte-epea.

1.–Lagun egiteko animaliekin eginiko arau-hausteengatiko zehapen prozedurak abiatzeko eta ebazteko eskumena arau-haustea gertatzen deneko udalei dagokie. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek subsidiarioki baliatu ahalko dute zehapen-ahalmena 19/2019 Foru Legeko 32. artikuluan ezarritako moduan.

2.–Udalak bere eskumenekoa den zehapen-ahalmena baliatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak falta baditu, Nafarroako Gobernuko organo eskudunak, berariaz onartuta, baliatu ahalko du ahalmen hori, horri buruzko eskaera arrazoidunaren ondoren.

3.–Zehapen-ebazpena egin eta jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen da, zehapen-prozeduraren hasiera-datatik kontatzen hasita.

61. artikulua. Zehapenetatik datozen diru-sarreren zertarakoa.

Udalak ordenantza honetan bildutako arau-hausteengatik zehapenetatik datozen diru-sarrerak baliatuko ditu animalien babesa sustatzeko xedea duten jarduketetarako, erregelamenduz garatzen den moduan eta 19/2019 Foru Legean xedatutakoaren ildotik.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira animaliak edukitzeko eta babesteko ordenantza arautzailea (2006ko maiatzaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua) eta ordenantza hau urratzen duten udal-xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.–Ordenantza honetan ezarri gabeko alderdi guztietarako, honako hauetan zehaztutakoa aplikatuko da: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea, horren erregelamendu-xedapenak eta ordenantza honen xedeari eragin diezaioketen beste xedapen guztiak.

Bigarrena.–Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izango harik eta testua osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost eguneko epea iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzen dituen ahalmena erabiltzeko.

Iragarkiaren kodea: L2109822