150. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

603/2021 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana, proiektu honetako obrek ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko dei egiten duena: “Asterain-Irurtzun NA-7010 errepidea eraikitzea. Tartea: Irurtzungo saihesbidea”.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak urtarrilaren 14an emandako 1/2009 Foru Aginduaren bidez, “Asterain-Irurtzun NA-7010 errepidea eraikitzea. Tartea: Irurtzungo saihesbidea” proiektua behin-behinekoz onetsi zen, eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri zen. Foru agindu hori 2009ko 13. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 30ekoan.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak abenduaren 17an emandako 113/2009 Foru Aginduaren bidez, “Asterain-Irurtzun NA-7010 errepidea eraikitzea. Tartea: Irurtzungo saihesbidea” proiektua behin betiko onetsi zen. Agindu hori 2010eko 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 8koan.

Nafarroako Gobernuak 2020ko irailaren 2an hartutako Erabakiaren bidez, presakoa deklaratu zen “Asterain-Irurtzun NA-7010 errepidea eraikitzea. Tartea: Irurtzungo saihesbidea” izeneko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

Hori horrela, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52.2 artikuluari jarraikiz, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 26. artikuluaren bidez eskuratu ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dei egitea “Asterain-Irurtzun NA-7010 errepidea eraikitzea. Tartea: Irurtzungo saihesbidea” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, 2021eko abuztuaren 4an, 5ean eta 6an Irurtzungo eta Arakilgo udaletxeetan ager daitezen, okupatu aurreko aktak egiteko, eta hala badagokio, okupazio aktak egiteko.

2. Ekitaldi horretara titularrek beraiek joan beharko dute, edo haien izenean aritzeko behar bezala baimendutako pertsona bat bidali, titulartasuna frogatzen duten agiriak aldean dituztela (eskritura publikoa, jabetza erregistroko ziurtagiria, etab.); egoki baderitzote, perituak eta/edo notarioa eraman ditzakete, baina, betiere, norberak ordainduta.

3. Ebazpen hau argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Foru Komunitatean editatzen diren egunkari hedatuenetako bietan eta Irurtzungo Udalaren iragarki-taulan. Halaber, ohartarazten da argitalpen hau Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 44. artikuluan xedatzen diren ondorioetarako ere egiten dela.

4. Ukitutako titularrei jakinaraztea, banakako zitazio zedularen bidez.

5. Ebazpen hau igortzea Irurtzungo Udalera, Arakilgo Udalera eta Azterlan eta Proiektuen Zerbitzura.

Iruñean, 2021eko ekainaren 17an.–Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusia, Pedro Andrés López Vera.

Iragarkiaren kodea: F2109841