149. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

95/2021 EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, 2021eko deialdia onesten duena Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko ehiza espezieek egindako kalteak prebenitzeko. DDBN identifikazioa: 567607.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aldatzen duen apirilaren 4ko 4/2014 Foru Legeak, 52. artikuluan (“Ehiza sustatzeko neurriak”), xedatzen du, beste hainbat kontzepturen artean, laguntza ekonomikoak ezartzea, neurri batzuk ezartzeko ehiza espezieek egiten dituzten kalteak kontrolatzeko.

Azken urteotan, ehizako espezie batzuek (hala nola untxiak, orkatzak eta basurdeak) kalteak egin dituzte nekazaritzako laboreetan, eta horrek arazo ekonomiko eta sozial handiak eragin ditu. Horregatik, komeni da toki erakundeei sostengua ematea, haiek arduratzen baitira kasuan kasuko ehiza barrutiak kudeatzeaz, aurre egin diezaieten ehizari buruzko foru araudiak horretaz zehazten dituen betebeharrei, eta bultza ditzaten, zeinek bere lurralde eremuan, laboreak babesteko neurri eraginkorrak. Ildo horretan, adierazi behar da ehiztarien tokiko elkarteek badutela izaera berdintsuko eta urteroko dirulaguntzen beste lerro bat, tradizio luzea duena.

Kontuan izanik egun kalteak egiten dituzten ehiza espezieak kontrolatzeko ez dela aski ehiztarien ohiko presioa, aurreikusten da espezie horien kopuruak handituz joaten ahal direla, eta horrekin batera, nekazaritzaren gaineko kalteak ere bai. Horregatik, funtsezkoa da laboreak babestea.

Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren txostena ikusirik.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza honen 2021eko deialdia onestea: Ehiza espezieek egindako kalteak prebenitzeko laguntzak Nafarroako toki erakundeentzako.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan ageri dira.

3. 40.000 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastuen aurrekontuko “Toki erakundeentzako laguntzak, habitatak hobetzeko eta ehizaren kalteak prebenitzeko” izeneko 74200 G/740002/4609/456309 partidaren kargura, erantzuteko Nafarroako toki erakundeek laboreak babesten dituzten oztopo fisikoak erostearen ondoriozko gastuei.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea ezen deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia erregistratzea Dirulaguntzei buruzko Datu-base Nazionalean.

6. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Foru Ogasuneko kontu-hartzailetza delegatuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Ehiza Atalari.

7. Adieraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

EHIZA ESPEZIEEK EGINDAKO KALTEAK PREBENITZEARREN NAFARROAKO TOKI ERAKUNDEEI 2021EAN EMANEN ZAIZKIEN LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da arautzea toki erakundeei, tokiko ehiza barrutiak kudeatzeko ardura dutenetik, emanen zaizkien laguntzak, ordain dezaten ehiza espezieek egiten dituzten kalteak prebenitzeko materiala erostearen ondoriozko gastuen zati bat.

2. oinarria.–Laguntzen helburua.

Laguntza hauek helburu dute ehiza espezie batzuek nekazaritzaren edo basoaren eremuetan egiten dituzten kalteen arriskua gutxitzea edo murriztea, eremu horiek Nafarroako toki erakundeek zuzenean kudeatzen dituzten ehiza barrutietan daudenean.

3. oinarria.–Onuradunak.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Nafarroako toki erakundeetatik eskabidea aurkezteko unean tokiko beren ehiza barrutiak kudeatzeaz arduratzen diren horiek.

4. oinarria.–Eskaerak onartzeko irizpideak.

Eskaerak izapidetzeko onar daitezen, toki erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epean:

4.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea. Eskaeran sartutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da hori.

4.2. Egunean izatea zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, interesdunari jakinarazten zaio ezen eskaeran baimena ematen diola departamentuari hori frogatzen duten datuak begira ditzan, eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoko 10 egun natural iragandakoan.

4.3. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko zorrik ez izatea.

4.4. Ehizan aritzeko zehapen irmorik ez izatea eskaera aurkeztean.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarriak izanen dira 2021ean egindako inbertsio mota hauengatik egindako gastuak, BEZa kanpo (materiala instalatzearen eta mantentzearen ondoriozko gastuak eta jarduketak ez dira diruz lagunduko):

A. Laboreak babesteko sare-hesien kostu materiala, barnean direla horiek ongi funtzionatzen dutela bermatzeko beharrezkoak diren osagai guztiak. Metro bat altu izanen dira gutxienez, 20 zentimetro lurrean sartuta dutela. Sare-hesiak, justifikatutako kasuetan izan ezik, labore iraunkorretan ezarriko dira edo balio ekonomiko handikoetan, hala nola, mahastietan, olibadietan edo beste fruta-arbola batzuen alorretan, zainzuri, brokoli edo beste barazki batzuen sailetan.

B. Babes hodien edo antzeko sistemen kostu materiala, barnean direla horiek ongi funtzionatzen dutela bermatzeko beharrezkoak diren osagai guztiak.

C. Laboreak babesteko hesi elektrikoen kostu materiala, barnean direla horiek ongi funtzionatzen dutela bermatzeko beharrezkoak diren osagai guztiak. Hari kopuruak eta haien arteko tarteak kasu bakoitzerako egokiak izan beharko dute, eta baterien edo korronte elektrikoaren bidez elikatuko dira, halako moduan non haren intentsitatea etxeko abereentzat erabili ohi dena halako bi izanen den.

6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa izanen da obra gauzatzeko aurrekontuaren, aurreko puntuko kontzeptuen arabera onartutakoaren (BEZa kanpo) %60 adinakoa.

7. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

7.1. Eskabideak aurkeztea:

7.1.1. Eskabideak Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzura zuzenduko dira, eta departamentu horretako erregistroan (González Tablas kalea 9, Iruña) aurkeztuko dira deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean. Aurkeztu ahal izanen dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan (hor bertan adierazitako eran).

7.1.2. Eskabidea harturik, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskabideak ez baditu eskatzen diren baldintzak betetzen, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun naturaleko epean zuzendu ditzala, eta ohartaraziko ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Horrelakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta halaxe jakinaraziko zaio.

7.2. Eskatzen den dokumentazioa:

7.2.1. II. eranskineko ehiza espezieek egindako kalteak prebenitzeko laguntzaren eskabidea.

7.2.2. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, dirulaguntza eskaerarekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala bete eta sinatua.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko lehentasun irizpideak.

8.1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek.

8.2. Aplikatuko diren lehentasun irizpideak:

8.2.1. Eskabideak ordenan jarriko dira, balorazio irizpideak aplikatuz emandako puntuen arabera:

ATALA

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

1

Toki erakundeen ehiza barrutia edo haren zati bat kalteak prebenitzeko plan baten xedekoa izatea.

20

2

Toki erakundeek baimen bereziak eskatu izana azken 3 urtean basurdeek eta/edo untxiek egindako kalteak kontrolatzeko, kalteak prebenitzeko planik izan gabe.

10

8.2.2. Puntuazio bera lortuz gero, irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren, lehentasun hurrenkera ezartzeko: lehendabizi, zeinek duen obra gauzatzeko aurrekontu onartu handiena A neurrietarako; bigarrenik, zeinek duen obra gauzatzeko aurrekontu onartu handiena B neurrietarako, eta, bukatzeko, zeinek duen obra gauzatzeko aurrekontu onartu handiena neurri guztietarako.

8.2.3. Lehentasun ordenaren arabera esleituko da aurrekontua, aurrekontuko partida agortu arte.

9. oinarria.–Instrukzio organoa.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari dagokio neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa.

10. oinarria.–Balorazio Batzordea.

10.1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio Balorazio Batzordeari, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txostena bi hilabete baino gutxiagoko epean eginen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

10.2. Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua: Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Lehen batzordekidea: Ehiza Ataleko burua.

–Bigarren batzordekidea: Basoak Kudeatzeko Ataleko burua.

–Idazkaria: Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Administrazio Laguntzako Bulegoko administraria.

10.3. Batzordeko kide bakoitzak Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko beste teknikari baten esku utz dezake bere ordezkaritza.

10.4. Eskaerak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko langileek aurreko landa-bisitak eta beharrezkotzat jotzen dituzten adina jarduketa eginen dituzte eskatu diren inbertsioak egokiak diren erabakitzeko.

10.5. Aurkeztutako eskaerak kontuan harturik, Balorazio Batzordeak proposatuko du ikuspuntu tekniko batetik egokiak ez diren ekintzetarako dirulaguntza ukatzea, baita laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako ere.

11. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

11.1. Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiari igorriko dio.

11.2. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

11.3. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta bat etorriz arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunekin.

11.4. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

12. oinarria.–Ebazpena.

12.1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

12.2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

12.3. Dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

12.4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa, eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

12.5. Eskabidea ezetsi dela ulertuko da baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epean.

13. oinarria.–Eskabideak aldatzea.

Ez da aldaketarik onartuko aurkeztutako eskabideetan.

14. oinarria.–Ordainketa eskabidea: Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Frogagiriak aurkezteko azken eguna 2021eko urriaren 15a izanen da. Onuradunek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren erregistroan (González Tablas, 9; Iruña) aurkeztu beharko dituzte gastuen frogagiriak, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietako edozeinetan, Nafarroako Gobernuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari zuzenduta. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Onuradunaren izenean egindako gastuen fakturak, deialdi honi dagozkionak (jatorrizkoak edo fotokopiak), eta ordainketa horiek frogatzen dituzten bankuko ziurtagiriak.

–Egindako inbertsioen egiaztagiriak, III. eranskineko ereduari jarraikiz. Hesi elektrikoen inbertsioan izan ezik, nahitaezkoa izanen da kasuan kasuko laukitxoak betetzea babes materialaren xede diren lurzatiei dagokienez eta babesaren xede den laboreari dagokionez.

15. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Frogagiriak azterturik, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak pagatzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumeneko zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

Ordainketa bakarrean pagatuko da.

16. oinarria.–Onuradunen betebeharrak, murrizketak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak.

16.1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

16.2. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuen berri eman beharko zaio organo emaileari.

16.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

16.4. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

17. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoak nahiz atzerrikoak izan, emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, baldin onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen badu, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9.d) artikuluan xedaturikoarekin bat.

18. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (http://www.navarra.es/home_eu/), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egozten zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.2 artikuluari jarraikiz, onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute dirulaguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Nafarroako toki erakundeentzako laguntzarako eskabidea, ehiza espezieek egindako kalteak prebenitzeko (2021).

II. eranskina.–Ehiza espezieek egindako kalteak prebenitzeko lanen laburpen fitxa (2021).

III. eranskina.–Ehiza espezieek egiten dituzten kalteak prebenitzeko lanen ziurtagiria (2021).

Bete beharreko eredu guztiak deskargatu (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2109060