147. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABARTZUZA

Ordenantza, arautzen duena garai bateko eskoletako beheko solairuko erabilera anitzeko aretoko instalazioen erabilera

Abartzuzako Udalak, 2021eko martxoaren 11n egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Abartzuzako garai bateko eskoletako beheko solairuko erabilera anitzeko aretoko instalazioen erabilera arautzen duen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon da 30 egunean, iragarkia Udalaren iragarki-taulan eta 2021eko 77. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, apirilaren 8an. Inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta osorik ematen da testua argitara.

Abartzuzan, 2021eko maiatzaren 25ean.–Alkatea, Alberto Pagola Goñi.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA GARAI BATEKO ESKOLETAKO BEHEKO SOLAIRUKO ERABILERA ANITZEKO ARETOKO INSTALAZIOEN ERABILERA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xede nagusia da arautzea Abartzuzako garai bateko eskoletako beheko solairuko erabilera anitzeko aretoko instalazioen erabilera. Aretoari atxikitako instalazio gisa joko dira bai aretoan bai komunetan dauden makinak eta aparatuak.

Horien barnean sartuko dira, halaber, aipatutako jarduerei loturik eta aurreko paragrafoan azaldu diren instalazioetako ondasun higigarriak, instalazioak eta zerbitzuak.

2. artikulua. Instalazio horiek erabiltzen ahalko dituzte, aurreko artikuluan aipatu diren jarduerak praktikatzeko, Udalak zehazten dituen baldintzak betetzen dituzten herritarrek.

3. artikulua. Instalazioa erabiltzen ahalko da harentzat aurreikusitako xede diren edo hari dagozkion kirolak praktikatu eta jarduerak egiteko.

4. artikulua. Udalak zehaztuko du instalazioak noiz egonen diren itxita (mantentze lanak egiteko...) eta zer ordutan irekiko diren jendearentzat.

5. artikulua. Aretoko instalazioetan kartela paratuko da, erabiltzaileak ongi ikusteko eta erraz iristeko moduko tokian, ondokoak azaltzeko:

1.–Jardueraren ordutegia.

2.–Funtzionamendurako oinarrizko arauak.

3.–Ordenantza honen ale bat.

Oro har, hau izanen da instalazioak erabiltzeko ordutegia:

astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 23:00etara.

6. artikulua. Abonamendua erosten duen orok ordenantza hau onartzen eta bere egiten du, bai eta Udalak horren gainean onetsi ditzakeen aldaketak ere, halakorik bada.

7. artikulua. Abartzuzako Udalak araudi hau alda dezake, hobetze aldera.

II. KAPITULUA

Instalazioen irekiera eta itxiera

8. artikulua. Erabilera anitzeko aretoa urte osoan egonen da irekia.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, Udalak, inguruabar bereziak direla-eta, zehatz dezake zer alditan egonen den itxia, baita jendearentzat irekia egoteko ordutegia ere.

III. KAPITULUA

Abonatuak

9. artikulua. Abonatutzat hartuko dira Udalak urtero onesten dituen prezio publikoen ordainketa eguneraturik duten pertsona guztiak. Sartzeko txartela lortuko dute, ordainketaren frogagiria eman ondoren.

Horretarako, instalazioetan txartel elektronikoaren bidez sartzeko sistema ezarriko da. Txartel horretan agertuko dira erabiltzaileak ordaindutako kuotaren arabera baimenduta dauden egunak, orduak eta sarrerak.

9.1.–Abartzuzan erroldatu gabeak abonatu bilaka daitezke, horretarako ezarritako tasak ordainduta. Abonamendu hori bukatuko da Udalari instalazioaren saturazioa dela-eta komenigarria iruditzen zaionean.

9.2.–Sartzeko txartela duten abonatuak instalazioetan libreki sartzen ahalko dira, erabiltzeko ordutegiaren barnean, eta, halakorik bada, eskubidea izanen dute deskontuez baliatzeko, antolatzen diren jardueretan.

9.3.–Honako tarifa hauek aplikatuko dira:

1.–Sartzeko txartela, erroldatuentzat: hilabeteko abonamendua, 15,00 euro.

2.–Sartzeko txartela, erroldatuentzat: urteko abonamendua, 140,00 euro.

3.–Erroldatu gabeentzat prezioak %10 garestiagoak izanen dira.

Instalazioetan sartzeko txartela eskuratzean, 10 euro kobratuko dira fidantza gisa, eta zenbateko hori berreskuratuko da Udalari txartela itzultzerakoan.

9.4.–Erabilera anitzeko aretorako abonamendua nahi dutenek inskripzio orria bete beharko dute eta ordainketa helbideratu Udalean.

9.5.–Baja hartzen duen abonatuak ez du eskatzen ahal ordaindutakoa itzultzeko, ezta baja egunetik egoki litzatekeen zatikia ere.

9.6.–14 urtetik 17ra bitartekoek, izena emateko, baimena beharko dute, gurasoek edo tutoreek sinatua.

9.7.–14 eta 15 urtekoak ezin dira bakarrik egon erabilera anitzeko aretoan. Baimena eman dien helduak lagunduta egon behar dute, eta horrek zainduko ditu instalazioetan dauden bitartean. Heldu horrek ere abonatua izan behar du.

10. artikulua. Abonamenduen prezioa berbera izanen da urte osoan, ordainketa urteko edozein egunetan eginik ere.

Urteko eta hilabeteko abonamenduak emanen dira urte bakoitzerako edo hilabete natural bakoitzerako hurrenez hurren. Urteko tarifak hilabeteka hainbanatuko dira. Abonatuak, baja emateko, abonamenduko aldia amaitu baino hilabete lehenago jakinaraziko beharko du. Egin ezean, ulertuko da ordainduta zeukan aldi bererako berritu nahi duela abonamendua.

11. artikulua. Sartzeko txartela galdu, lapurtu edo hondatuz gero, abonatuak lehenbailehen jakinarazi beharko dio Udalari eta ematen zaion txartel berria ordaindu beharko du.

12. artikulua. Abonatuak, baja ematen badu, txartel elektronikoa itzuli beharko du udal bulegoetan, eta egoera onean baldin badago, emandako fidantza itzuliko diote.

13. artikulua. Abonatuaren sartzeko txartela pertsonala eta besterenezina da. Beste inork okerreko erabilera egiteak zehapena ekarriko du.

14. artikulua. Instalazioetan sartu ahal izateko, nahitaez eduki beharko dira ordainduta Udalak zehazten dituen tarifetako kuotak.

15. artikulua. Honako eskubide hauek dituzte abonatuek:

15.1.–Instalazioetan libreki sartzea, abonatuaren sartzeko txartela erakutsita, erabilera anitzeko aretoa irekia dagoen orduetan.

15.2.–Instalazioak erabili ahal izatea, onetsitako araudiari jarraituz.

15.3.–Kasu bakoitzean onesten diren deskontuez baliatzea.

15.4.–Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduaren gainean.

16. artikulua. Abonatuak beharturik daude erabiltzaileentzat, oro har, aurrerago ezartzen diren obligazioak betetzera.

IV. KAPITULUA

Instalazioen erabileraren gaineko araudia

17. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

17.1.–Instalazioak eta zerbitzuak egoki eta zuzen erabiltzea.

17.2.–Gainerako abonatu edo erabiltzaileak errespetuz tratatzea, elkarrekiko harremanetarako behar den jokabidea izanez.

17.3.–Ezarritako kuotak garaiz ordaintzea.

17.4.–Onartu eta betetzea instalazioen erabilerari buruz ematen diren arau eta jarraibide guztiak.

17.5.–Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.

17.6.–Adin nagusiko erabiltzaileen ardura da beren karguko adingabeen jokabidea, eta erantzun beharko dute, baldin eta beren ardurapean dituzten adingabeek ordenantza honetako arauak betetzen ez badituzte edo bertan zehazturiko arau-hausteak egiten badituzte.

17.7.–Erabiltzaileek beren gain hartuko dituzte instalazioetan gertatzen diren objektu pertsonalen galerak, baldin eta desagertu edo hondatzen badira.

17.8.–Instalazioen erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dute ezarritako ordutegia, aitzinetik kalkulatuz zenbat denbora egin beharko duten komunetan eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko.

17.9.–Erabiltzaileek erantzun beharko dute, baldin eta instalazioetan ematen duten denboran asmo txar edo zabarkeriaz kalte edo galerarik eragiten badute instalazioetan beraietan edo hirugarrenengan.

17.10.–Erabilera anitzeko aretoko erabiltzaile guztiek zaindu beharko dute hura ongi erabiltzen dela, modu seguruan eta egoera onean mantentzeko, eta alde egitean ateak ongi itxi direla egiaztatuz.

17.11.–Instalazioak erabiltzen azkenak direnek argiak itzaliko dituzte, eta txorrotak eta ateak itxi eta pertsianak jaitsiko dituzte, derrigorrez.

17.12.–Ezin da animaliarik sartu.

17.13.–Erabiltzaile guztiek, aretora sartzean eta handik irtetean, txartela pasa behar dute ateko irakurgailutik.

18. artikulua. Erabilera anitzeko aretoa eta komunak:

18.1.–Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioak, aparatuak eta makinak garbi egon daitezen, horretarako dauden zakarrontziak eta papera erabiliz.

18.2.–Ezin izanen da ez jan ez erre. Ezin da ez sartu ez erabili beirazko edo bestelako material zorrotzezko edozein gauzarik, ez eta edari alkoholdunik edo jakirik ere (barra energetikoak izan ezik). Botilatxo bat ur edo edari isotoniko eraman daiteke, eta kontu izan behar da lurrera ez isurtzeko.

18.3.–Eskuoihala derrigorrez eraman behar da makinak erabiltzeko. Erabiltzaile bakoitzak garbitu beharko du makinan zikindutako zatia, dela izerdiz, eskuez, oinetakoez eta abarrez. Horretarako jarriko dira papera, ura, zakarrontziak eta abar.

18.4.–Erabiltzaileek altzari guztiak errespetatu eta zaindu beharko dituzte. Erabili eta gero, materiala bere tokira bueltatuko da. Makinetan diskoak erabiltzen badira, kendu eta bere tokira eraman behar dira.

18.5.–Erabiltzaileek errespetatuko dituzte instalazioaren funtzionamendu orduak.

18.6.–Erabiltzaileek behar diren jokabidea eta egokitasuna agertu beharko dute, gainerako erabiltzaileak errespetatu behar baitituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean.

18.7.–Jarritako aparatuen erabilera txanda bakoitza 30 minutukoa izanen da. Txanda bukatu eta gero, erabiltzaileak aparatua utzi behar du. Inor ez bada txanda hartzeko zain, segi dezake berak erabiltzen eta beste txanda bati ekin diezaioke.

18.8.–Erabiltzaileek txandaka erabili behar dituzte pisuak jasotzeko makinak, batak besteari tokia utziz serie osteko atsedenaldi bakoitzean.

18.9.–Bazkideak debekatuta du edozein gauza aretotik kanpora ateratzea, hala nola koltxonetak, mankuernak eta abar.

18.10.–Debekatuta dago pisuak eta mankuernak lurrera indarrez botatzea, eta makinak poliki eta kontrolpean erabili behar dira.

18.11.–Erabilera anitzeko aretoan 15 lagun sar daitezke batera, gehienez ere. Aretoan 15 lagun badaude, ezin izanen da beste inor sartu. Edukiera beteta dagoenean, ezin izanen da aretoan egon bi ordu baino gehiagoan, salbu eta ez badago inor sartzeko zain.

18.12.–Arropa egokia jantzi behar da (kamiseta eta/edo kirol-jertsea, kirol-prakak edo txandala eta kirol-oinetakoak); debeku da kamisetarik gabe aritzea eta kanpoko oinetakoak erabiltzea. Hain zuzen, beste oinetako batzuk jantzi beharko dira aretoa erabili ahal izateko. Arau hau betetzen ez duten erabiltzaileei kirol eremu horretara sartzea ukatzen ahalko zaie.

18.13.–Instalazioetara sartzen diren guztiek behar diren neurriak hartuko dituzte makinak eta aparatuak behar bezala erabiltzeko, eta Udalari adieraziko diote baldin zerbait hondatua badago edo gaizki badabil, konpontzeko egoki diren neurriak hartzeko.

18.14.–Instalazioek ongi funtziona dezatela zainduko dute Udalak horretarako kontratatutako edo izendatutako langileek, baita araudi honetako arauak bete daitezela ere, eta, egoki jotzen dutenean, gorabeheren berri emanen diote Udalari. Haien jarraibideak nahitaez bete beharrekoak izanen dira.

V. KAPITULUA

Zehapenak

19. artikulua. Ordenantza honen aurkako arau-haustea da bertan ezarritako betebeharrak edo debekuak osotara nahiz partez ez betetzea.

20. artikulua. Zehatzeko ahala erabiltzean, aplikatzeko den araudiari jarraituko zaio. Arau-hausteen astuntasunaren arabera, ondoko zehapen hauek ezartzen dira:

1.–Arinak: 50 euro gehienez.

2.–Astunak: 51 eurotik 100 eurora bitarte.

3.–Oso astunak: 101 eurotik 300 eurora bitarte.

a) Arau-hauste arinak:

1.–Modu desegokian jokatzea beste erabiltzaile batekin.

2.–Aurreko artikuluetan ezarritako betebeharren bat noizean behin ez betetzea.

3.–Langile arduradunen jarraibideei kasu ez egitea.

b) Arau-hauste astunak:

1.–Aurreko artikuluetan ezarritako betebeharrak behin eta berriz ez betetzea.

2.–Nortasunaren inguruko datuak faltsutzea.

3.–Bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.

4.–Animaliak sartzea, bai eta instalazioak hondatu ditzaketen gaiak ere.

5.–Erabilera anitzeko aretoko altzariak hondatzea edo haustea.

6.–Aretoaren ardura duten langileen jarraibideei kasurik ez egitea behin eta berriz.

7.–Instalazioetan hordi itxura nabarmenean edo drogen eraginpean sartzea.

Arau-hauste astunak zehatzeko, abonatuari sartzeko txartela kenduko zaio Udalak egoki irizten duen aldirako, izan litezkeen zehapenak aparte utzita.

c) Arau-hauste oso astunak:

1.–Bi arau-hauste astun edo gehiago egitea.

2.–Norberaren txartela beste pertsona bati uztea instalazioan sartzeko.

3.–Instalazioko beste erabiltzaile bati erasotzea.

4.–Instalazioetan, makinetan, aparatuetan eta altzarietan kalte larriak nahita egitea.

5.–Erabilera anitzeko aretoko eta komunetako materiala edo beste erabiltzaile batzuen gauzak ebastea edo lapurtzea, edo horretan saiatzea.

6.–Instalaziora sartzeko txartelak edo giltzak faltsutzea.

Urtebetean bi arau-hauste astun edo oso astun bat egiteak berekin ekarriko du Udalaren erabilera anitzeko aretoaren erabiltzaile izateko eskubidea galtzea urtebetez, gutxienez, izan litezkeen zehapenak aparte utzita.

Zehapenak ezartzean, aintzat hartuko da intentzionalitatea edo errepikatzea egon den ala ez eta eraginiko kalteek zer izaera duten.

Udalak sarrera debekatzen ahalko die arau hauek behin eta berriz hausten dituztenei, eta, halakoetan, arau-hausleak ez du eskubiderik izanen ordaindutakoa itzul dakion.

VI. KAPITULUA

Osasun eta segurtasun arloetako neurriak

21. artikulua. Instalazioetan jarritako karteletan azaltzen diren jarraibideak bete beharko dituzte erabiltzaileek, osasun arloaz, jokabideez, arriskuen prebentzioaz eta eskubide eta betebeharrez, besteak beste.

VII. KAPITULUA

Ordenantza honetako xedapenak

22. artikulua. Udalaren esku gelditzen dira ordenantza honen interpretazioa eta aplikazioa. Zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den pertsona edo entitatea Udalak eskuordeturik arituko da xedapenak interpretatu eta aplikatzeko eginkizunetan, eta konponbiderik zuzenena bilatuko du instalazioen eguneroko erabileran sortzen diren arazoetarako.

23. artikulua. Udalari dagokio behar diren arauak ematea erabilera anitzeko aretoa ongi erabil dadin, ordenantza honetan jaso gabeko egoerak izaten direnean.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L2108966