147. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

KINTOKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidean eta euskarazko hizkuntza eskakizunarekin

Kintoko Mankomunitateko buruak, 2021eko ekainaren 3ko 6/2021 Ebazpenaren bidez, honako deialdi hau onetsi zuen.

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea Kintoko Mankomunitatearen zerbitzura jarduteko; funtzionarioen araubidekoa da eta euskarazko C1 maila jakitearen betebeharra du, ahozkoan eta idatzian.

Hautaketa horretatik sortzen den gaindituen zerrenda erabiliko da hurrengo kontratazio eta ordezkapenetarako, eta indarrean egonen da beste deialdi bat onetsi bitartean.

Zerrendaren indarraldia bitartean, lanpostu bererako beste zerrendaren bat eratzen bada Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako hautaproben deialdi publiko baten bidez, berrikiago onetsitako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aurretik.

1.2. Izendatua enplegatu finkoa izanen da araubide administratiboan, funtzionarioa, jabetza hartzen duen egunetik hasita.

1.3. Lanpostua Kintoko Mankomunitatearen plantilla organikoan ezarrita dauden mailetako C mailari dagozkion lansariez hornituko da, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lansarien behin-behineko erregelamendua onesten duen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuak eta horrekin bat heldu diren xedapenek ezarritakoen parekoak baitira.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da beti, eta hura noiznahi aldatzen ahalko dute administrazioko organo eskudunek.

1.5. Bete beharreko eginkizunak bere mailari eta kategoriari dagozkionak dira; besteak beste iturgintza, elektrizitate eta mekanikako mantentze-lanak egitea udal eraikinetan eta ondasunetan, eta zerbitzu anitzak ematea. Horiekin batera, haren gain utz daitezkeen antzeko lanak, halako espezializazio baten beharrik ez dutenak baina nolabait lanbidearen berri izatea eta nolabaiteko trebezia izatea eskatzen dutenak. Horiek guztiak bere eskumenaren esparruan eta bere maila eta kategoriaren barrenean.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko adina ez gainditzea; halaber, nazionalitate espainiarra edo beste edozein Estatutakoa izatea, abenduaren 29ko 27/1994 Foru Legeak bere 1. artikuluan ezartzen duenari lotuz eta bertan ezartzen diren baldintzetan.

b) Batxilergoko edo Lanbide Heziketako bigarren graduko titulua edo horien baliokidea izatea.

c) Euskararen ezagutza frogatzea Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidea den titulua aurkeztuta; bestela, proba bat gainditu beharko da, izangaiaren hizkuntza maila behar adinakoa dela egiaztatzeko.

Hizkuntza Eskolaren gaitasun agiria, EGA edo horien baliokidea duten izangaiak salbuetsirik daude proba hori egitetik; horretarako tituluaren jatorrizkoa aurkeztu beharko dute edo, bestela, kopia konpultsatua, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkezten den unean.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izatea.

f) Gidatzeko baimena edukitzea, gutxienez B motakoa.

2.2. Aipatu betebeharrok deialdi honen zortzigarren oinarrian ezartzen diren epean eta eran frogatu beharko dituzte izangaiek, eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dituzte.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak erregistro telematiko bidez edo Kintoko Mankomunitateko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, Baztango Udalean (Foruen plaza, 1, 31700 Elizondo) edo Erroibarko Udalean (Frantziako errepidea, z.g., 31696 Lintzoain), deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 30 egun naturaleko epean. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera bete beharko dira eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.

3.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Batxilergoko tituluaren, Lanbide Heziketako bigarren mailakoaren edo baliokideren baten fotokopia konpultsatua.

c) Euskararen tituluaren fotokopia konpultsatua.

d) Gidabaimenaren fotokopia konpultsatua; gutxienez B motakoa behar du.

e) Izangaiak lehiaketaldian baliarazi nahi dituen merezimenduen jatorrizko egiaztagiriak. Modu horretan egiaztatu ezin diren alderdiak badira, tituluen, frogagirien eta baloratu beharreko gainerakoen kopia kautotua edo fotokopia (konpultsatzeko, jatorrizkoarekin batera ekarriko dena).

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.4. Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte eskabidean bertan, horien beharrik izanez gero. Aparteko orri batean, zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

3.5. Epaimahaiak azkenean proposatutako pertsonak erregistratu baditu eskabidea eta dokumentazioa erregistro elektroniko bidez, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko du, Mankomunitateak hala eskatuta, baldin eta kopia kautotua edo originala ez bada.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitaratzeko Erroko eta Baztango udaletako iragarki-taulan eta web-orrian.

4.2. Izangai baztertuek, onartu eta eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitara eman eta ondoko 5 egun baliodunean erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte eta, akatsik egin badute, zuzendu.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea burutu eta haiek ebatzitakoan, buruak onetsiko du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitaratzeko Erroko eta Baztango udaletako iragarki-taulan eta web-orrian.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Joseba Otondo Bikondoa, Kintoko Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Juan Cruz Iriarte Bañez, Baztango Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Enrique Garralda Erro, Erroko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Jose María Eciolaza Ochoa, Erroko Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Fermín Izco Cabezón, Ekilan SL enpresako mendi-ingeniaria.

Ordezkoa: Aitor Bazterrika Zelaieta, Baztango Udaleko basozaina.

Epaimahaikidea: Miguel Guibert Valencia, mendi-ingeniaria, Nafarroako Gobernuko teknikaria.

Ordezkoa: Xabier Maia Etxeberria, Baztango Udaleko alkateordea.

Idazkaria: Kintoko Mankomunitatekoa, edo legez ordezten duena.

Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.4. Epaimahaiak laguntzaile eta aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

Euskara: Oposizioa hasi aurretik, zentzu hertsian, deialdi honetako 2.1.c) oinarrian eskatutako baldintza agiaztatu ez duten izangaientzat bakarrik. Idatzizko proba eta ahozkoa eginen dira, horien bidez jakiteko pertsona hori gai den ala ez deialdian eskatzen den jakite mailan. Proba hori bukatutakoan, gai kalifikazioa lortu dutenak oposizioko probak egitera pasatuko dira.

Euskara proba egiteko eguna eta ordua iragarki-taulan eta web-orrian jarriko dira, onartuen behin-behineko zerrendarekin batera.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi fasetan eginen da: lehenik eta behin, oposizioa eginen da, eta, ondoren, probak gainditzen dituztenentzat, lehiaketa-fasea, oinarri hauetan adierazitako moduan.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da ariketak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

6.3. Lehiaketaldia.

6.3.1. Lehiaketaldian 20 puntu eskuratuko dira, gehienez ere.

6.3.2. Alegatutako merezimenduak baremo honen arabera puntuatuko dira.

a) Administrazio Publikoan, antzeko lanpostuetan egindako zerbitzuengatik, puntu bat urte bakoitzeko, 2 puntura arte gehienez ere.

b) Enpresa pribatuan, antzeko lanpostuetan egindako zerbitzuengatik, puntu bat urte bakoitzeko, 3 puntura arte gehienez ere.

Aurreko bi apartatuetako merezimenduak zenbatzeko, honako zerbitzuak hartuko dira kontuan, betiere agiri bidez frogaturik: lan araubidean, behin-behineko langile edo langile finko gisa, edo administrazio araubidean, bitarteko gisa edo lanpostuaren jabe izanik egindako zerbitzuak. Baina atal batean baino gehiagotan sartutako zerbitzuak denbora berean eginak badira, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.

Frogatutako esperientzia denborak (enpresa publiko edo pribatuko ziurtagiriak, lanpostua, eginkizunak eta lan denbora zehaztuko dituztenak) ez baditu urte osoak betetzen, hilabeteen araberako proportzioa aterako da. Egun solteak ez dira zenbatuko.

c) Erdiko eta goi mailako lanbide heziketaren ikasketa tituluengatik, lanpostuarekin ikustekoa badute, 6 puntu gehienez ere, honela banatuta:

–Erdiko mailakoa: Basozaintzaren, Energiaren eta Uraren lanbide arloa; Instalazioen eta Mantentze-lanen lanbide arloa; Elektrizitatearen eta Elektronikaren lanbide arloa: 3 puntu.

–Goi mailakoa: Basozaintzaren, Energiaren eta Uraren lanbide arloa; Instalazioen eta Mantentze-lanen lanbide arloa; Elektrizitatearen eta Elektronikaren lanbide arloa: 3 puntu.

Lanbide arlo bereko erdiko eta goi mailako gradua dituztenei maila horietako bakarra baloratuko zaie.

d) Prestakuntza-ikastaroak: 3 puntu gehienez. Egin beharreko lanpostuarekin lotura duten ikastaroak, behar bezala frogaturik badaude, irizpide honi jarraikiz baloratuko dira:

–20 ordu edo gehiagoko ikastaroak: 0,5 puntu ikastaro bakoitzeko.

–100 ordutik gorako ikastaroak: puntu 1 ikastaro bakoitzeko.

e) C1 gida-baimena edo handik gorakoa: 0,5 puntu.

f) Basozain gaikuntzagatik, ehiza espezialitatean: 2 puntu.

g) Nafarroako ehizazain gaikuntzagatik, irailaren 4ko 94/2012 Foru Aginduaren arabera: 3 puntu.

h) Frantses hizkuntzaren ezagutzako titulu ofizialagatik (B1 maila edo goragokoa): 0,5.

6.3.3. Lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak noiznahi.

Epaimahaiak, bere iritzia arrazoituz, baloratuko ditu kasuan-kasuan bidezkotzat jotzen dituen merezimenduak, aurreko apartatuei dagozkienak, eta behin ere ez da onartuko alegatu ez den edo agiri bidez frogatu ez den merezimendurik.

6.3.4. Lehiaketaldia burutu ondoren, izangai bakoitzak erdietsitako puntuazioa jendaurrean jarriko da Erroko eta Baztango udalen iragarki-taulan eta web-orrian.

6.4. Oposizioaldia.

Oposizioaldian honako proba hauek izanen dira.

6.4.1. Lehen ariketa: erantzun laburreko eta/edo test motako galdera batzuei idatziz erantzun beharko zaie II. eranskineko gaiei buruz. Proba hau egiteko 90 minutu izanen dira, gehienez ere.

6.4.2. Bigarren ariketa:

a) Proba praktikoak: elektrizitatea, iturgintza, igeltserotza, soldadura, basoko eta ehizako mantentze-lanak eta abar.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketa honetako probak eginen diren egun bakarrean edo gehiagotan, baita zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera.

Epaimahaiak erabakiko du proba hauetako bakoitza egiteko zer denbora izanen den.

6.4.3. Proben balorazioa.

Lehenengo ariketa 0 eta 40 puntu artean baloratuko da; 20 puntu baino gutxiago lortzen dituzten izangaiak baztertu eginen dira.

Proba praktikoak: lehenengo ariketa 0 eta 40 puntu artean baloratuko da; 20 puntu baino gutxiago lortzen dituzten izangaiak baztertu eginen dira.

6.4.4. Oposizioaldiko ariketa bakoitza baztertzailea izanen da. Baztertuta geldituko da ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez duena. Halaberean, ariketa guztietan baztertuta geldituko dira ariketen edozein gai edo zatitan 0 puntuko kalifikazioa eskuratzen duten izangaiak.

6.4.5. Ariketak eta kasu praktikoak zer ordenatan egiten diren, ordena horri berari jarraikiz zuzenduko ditu epaimahaiak ariketak. Ariketa bat gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira eta epaimahaiak ez du kalifikatuko probaren gainerakoa.

6.4.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.4.7. Oposizio-lehiaketaren azkeneko kalifikazioa, izangai bakoitzak bi faseetan erdietsitako puntuazioen batuketaren emaitza izanen da.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, bakoitzaren puntuazioaren hurrenkeraren arabera egina, paratuko du jendaurrean Erroko eta Baztango udalen iragarki-taulan eta web-orrian. Horretarako, izangai bakoitzak ariketetan lortutako kalifikazioak batuko ditu eta, zerrenda horrekin batera, puntuaziorik handiena lortzen duen izangaia izendatzeko proposamena eginen du. Proposamen hori argitaratuko da Erroko eta Baztango udalen iragarki-taulan eta web-orrian.

8. oinarria.–Agirien aurkezpena.

8.1. Proposatutako izangaiak, proposamena argitaratu eta astebeteko epean, Baztango Udalaren bulegoetan aurkeztu beharko ditu honako agiri hauek:

a) Zinpeko deklarazioa, eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo Administrazio Publikotako zerbitzutik ez dela bereizia izan erakusten duena.

b) Osasun etxean eginiko txosten-egiaztagiria, izangaiaren gaitasun fisiko zein psikikoari buruzkoa.

8.2. Interesdunak agiri horiek ezarritako epean aurkezten ez baditu, behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan salbu, ezin izanen da izendatu eta bere jarduera guztiak baliogabetuta geratuko dira, legokiokeen erantzukizuna galarazi gabe.

8.3. Aurreko apartatuan jasotzen den kasuan, Kintoko Mankomunitateak lanpostua beteko du 7. oinarrian aipatutako zerrendan ondotik heldu diren izangaiekin.

8.4. Hautatutako izangaiak gehienez ere astebeteko epean hasi beharko du lanean; epe hori Kintoko Mankomunitatearen kontratazio proposamenaren datatik aurrera hasiko da. Ez bada hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiei egiten ahalko die kontratua, hautapen prozesuan ateratako puntuazio onenaren ordenari jarraituz. Hori gertatzen bada, 8.3 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9. oinarria.–Behin betiko zerrenda.

Proba teorikoa gainditzen duten izangai guztien puntuazioaren behin betiko zerrenda erabiltzen ahalko da behin-behineko kontratazioak egiteko, lan pilaketak, bajak, oporrak edo gerora sortzen diren arrazoiak direla-eta edo udal zerbitzuak indartzeko behar puntualak izaten direnean, eta kasu horretan lanpostuaren kontratazioa kasuan kasuko lanpostuari egokituko zaio.

10. oinarria.–Aldi baterako kontratatzeko dei egitea.

10.1. Gainditu duten izangaiei Kintoko Mankomunitatean gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

10.2. Poltsatik deitzeko, kontuan izanen da III. eranskinean ezarritako araudia.

10.3. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Baztanen, 2021eko ekainaren 3an.–Mankomunitateko burua, Joseba Otondo Bikondoa.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

II. ERANSKINA

1.–Kintoko Mankomunitatea: kokapen geografikoa, azalera, lekuak, inguruak, errekak, baserriak, fauna, landaredia.

2.–Kintoko Mankomunitatea: osaera eta antolamendua.

3.–Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea.

4.–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. II. tituluaren barnean. Administrazio publikoen jarduera. II. kapitulua: Epe-mugak eta epeak. III. tituluaren barnean. Administrazio egintzak. II. kapitulua: Egintzen eraginkortasuna.

5.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. tituluaren barnean. VIII. kapitulua: Eskubideak eta betebeharrak.

6.–Ehiza Kintoan: espezieak, ehiza-modalitateak, segurtasuna, armak eta munizioa.

7.–222/2016 Foru Agindua, ekainaren 16koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautzen duena, oihaneko suteak prebenitzeko.

8.–Pagadien, larizio pinuen, izeien eta alertzeen basogintza.

9.–Iturgintzako eta elektrizitateko instalazioen mantentze-lanak.

10.–Edateko uren instalazioak. Biltegien eta sareen kontrola eta mantentze-lanak. Ur ponpaketaren, iragazkien eta gai zuzentzaileen dosifikatzaileen ezagutza.

11.–Soldaduraren ezagutza eta doitze makineriaren oinarrizko maneiuarena.

12.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak, bonbinak eta pertsianak.

13.–Igeltserotza: obrak zaintzea eta mantentze-lanak.

14.–Oinarrizko informatika: sistema eragilea, testu-tratamendua, posta elektronikoa.

15.–Laneko arriskuen prebentzioko arauen oinarrizko ezagutza. Segurtasun neurriak. Nork bere burua babesteko elementuak.

16.–Lorezaintza: mantentze-lanak, makineria eta arloko erremintak. Zuhaixka eta zuhaitz espezieak eta horien erabilera.

17.–Motozerra eta sasi-garbitzeko motordun makina: deskribapena, kontserbazioa eta mantentzea; alderdi praktikoak eta beharrezko segurtasun ekipamendua.

III. ERANSKINA

Poltsa arautzen duen araudia

Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda.

Zerrenda hauetan sartuko dira lanposturik gabeko izangai gaindituak.

Lanpostua lortzen ez duten izangaien zerrenda hauetan lehentasuna finkatzeko, sartzeko hautapen prozesuan lortutako puntuazioari jarraituko zaio, handienetik txikienera. Berdinketarik izanez gero, lanpostua ebatziko da Mankomunitateak eginen duen zozketaren bidez.

Aldi baterako kontratatzeko prozesuaren kudeaketa.

Deiak egiteko arau orokorrak.

1. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

2. Izangaiak honela lokalizatuko dira:

–Kontratazioa presakoa ez bada, lokalizatzeko lau saio eginen dira 2 egunean.

–Lanpostuan gehienez bi egunean hasi behar bada, lokalizatzeko bi saio eginen dira egun berean, tartean gutxienez 2 ordu utzita.

–Lanpostuan gehienez 24 orduren buruan hasi behar bada, izangai guztiei segidan deituko zaie, une horretan kontratazio zerrendan duten hurrenkeraren arabera, proposatutako kontratua onartzeko izangai eskuragarria aurkitu arte.

3. Lokalizatzeko lehen saioa telefonoz deituta eginen da, eta bigarrena, beharrezkoa balitz, mezu elektronikoa bidalita.

4. Betiere, dei bakoitza artxibo batean jasoko da, hura zer egoeratan, zer egunetan eta zer ordutan egin den adieraziz. Langileen ordezkariek sarbide zuzena izanen dute artxibo horretan.

5. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa/k denari/direnei deituko zaio/e, harik eta eskaintzen den/diren lanpostua/lanpostuak bete arte. Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

6. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da.

7. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, non eta ez den 6 hilabeteko edo sei hilabete baino gehiagoko kontratuetarako edo lanpostu hutsak betetzeko, edo lanaldia luzatzeko.

Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, izangaia aldi baterako kontratu baten bidez lanpostuan aritu bada eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 15 eguneko epearen barnean, lanpostu berdintsua aldi baterako betetzea baimentzen bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, dei egiten zaion mementoan baldintza hauek betetzen badira:

a) Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.

b) Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik at geldituko da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

b) Aldi baterako ezintasun egoeran badago edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia badu.

c) Zaindu behar badu 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa zein adoptatua. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

d) Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

e) Izangaia ezkondu berria edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, parekatutako egoeran sartu berria izatea, eskainitako kontratuaren hasiera eguna bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturaletan bada.

f) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

Kasu guztietan agiri bidez frogatu behar da badela arrazoi bat, 15 egun naturaleko epean, ukoaren lanpostua eskaintzen den egunaren biharamunetik hasita.

Zerrendetatik baztertzea.

Honako hauek izanen dira arrazoiak izangaiak baztertzeko dei egin zaien zerrendatik:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoiengatik.

c) Probaldia ez gainditzea, zerbitzuaren arduradunaren txosten arrazoitua eta langileen ordezkariekiko adostasuna badaude.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

f) Lanpostua bertan behera uztea.

g) Kontratua amaitzea diziplina espediente baten tramitazioaren ondorioz, amaiera onesten duen ebazpen irmo batekin bururatzen bada.

h) Kontratua amaitzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa; hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar. Betiere, zerbitzuaren arduradunaren txosten arrazoitua eta langileen ordezkariekiko adostasuna egon behar dira.

Iragarkiaren kodea: L2109359