146. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EZKABARTE

Aldaketa, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eta etxeko animaliak edukitzea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Ezkabarteko Udalak, 2020ko abenduaren 21ean eginiko ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eta etxeko animaliak edukitzea arautzen duen ordenantzan.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2021eko 29. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 8an.

Hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, eta inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, ordenantzaren aldaketaren onespena behin betikotzat jotzen da, eta haren testu osoa iragarki honen bidez argitaratzen da, beharrezkoak diren ondorioetarako.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen, beren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen ez den bitartean eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki entitateei egin dituzten egintzak edo harturiko erabakiak deusezta ditzaten eskatzeko duten ahalmena erabiltzeko epea amaitu ez den artean.

Ezkabarten, 2021eko maiatzaren 18an.–Alkatea, Pedro Lezaun Esparza.

ORDENANTZA, EZKABARTEN ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN ANIMALIAK ETA ETXEKO ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Ordenantza honen xedea da arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeari buruzko araudia ezartzea Ezkabarteko udal-mugartean, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Lege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

Eta, bigarrenik, Ezkabarten edozein motatako etxeko animalia edukitzeari buruzko arauak ematen dira, eta horien jabeen betebehar eta debekuak ezartzen. Hala, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean jada araututa dagoena jasotzen da, eta Ezkabarteko herrietako beharren arabera egokitzen.

Helburua horixe dela, Ezkabarteko Udalak onetsi du ordenantza hau:

LEHEN KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea

1. artikulua. Xedea.

Kapitulu honen xedea da arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzea, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatua betetzeko, Ezkabarteko udal-mugarteari dagokionez. Era berean, ordenantza honen eduki osoaren abiapuntua da Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea.

2. artikulua. Arriskutsu izan daitezkeen animaliak.

Abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 2.2 artikuluan ezarritako ondorioetarako, honako hauek dira arriskutsu izan daitezkeen txakurrak:

–Arraza hauetako txakurrak edo gurutzatuta daudenak:

a) Pit bull terrierra.

b) Staffordshire bull terrierra.

c) American staffordshire terrierra.

d) Rottweilerra.

e) Dogo argentinarra.

f) Fila brasildarra.

g) Tosa inua.

h) Akita inua.

–Txakurrak, Nafarroako edo, hala badagokio, Estatuko foru legediaren arabera ofizialki aitortutako zentroetan egiaztatutako eta trebatutako txakur-gidariak edo laguntza-txakurrak direnean izan ezik, bai eta izaera hori lortzeko instrukzio fasean dauden txakurrak ere, baldin eta honako ezaugarri hauek guztiak edo gehienak badituzte:

a) Gihar sendoak, itxuraz indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia.

b) Aiurri handikoa eta adoretsua.

c) Ile motza.

d) 60 eta 80 zentimetroen arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetroen arteko bizkar-gurutzea eta 20 kg-tik goitiko pisua.

e) Tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak. Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona.

f) Lepo zabala, gihartsua eta motza.

g) Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra.

h) Aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelu ez oso handia egiten dutenak.

Nolanahi den, aurreko apartatukoak izan gabe ere, arriskutsuak izan daitezkeen txakurren artean sartuko dira aiurri erasokor handia dutenak edo pertsonei nahiz beste animaliei eraso egin dietenak.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren kasuetan, arriskutsu izateko aukera hori badela erabaki beharko du agintari eskudunak, betiere irizpide objektiboei jarraikiz, ofizioz edo jakinarazpen nahiz salaketa baten bidez hasita, agintari eskudunak izendatutako edo gaitutako albaitari ofizial edo kolegiatu batek aldez aurretik txostena eginda.

3. artikulua. Udal lizentzia.

1.–Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren jabeek, eramaileek edo edukitzaileek aginduzko udal lizentzia lortu beharko dute aldez aurretik. Lizentzia eskatu beharko da animalia eskuratu behar denean, edo 6 eguneko epean, animaliak pertsonei eraso egin dienetik hasita.

2.–Udaleko alkate udalburuak du arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko udal lizentzia emateko eskumena, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.q) artikuluan xedatuarekin bat.

3.–Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta eskatzailea Ezkabarten bizi bada, udalerrian erroldaturik egon ala ez, edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Ezkabarten egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe edo edukitzaileek, animaliak jarraian hiru hilabetez bederen Ezkabarten egon behar badu. Betebehar horretaz aparte, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Ezkabarteko Udalari mota honetako animalien jabe edo edukitzaile diren pertsonak badirela, Ezkabarteko Udalak legeen arabera bidezkoak diren egiaztapenak eta ikuskapenak egin ditzan.

4.–Lizentziak bost urteko iraupena izanen du eta, ondoren, iraupen bereko aldietarako berritu beharko da, prozedura berari jarraikiz.

Lizentziak indarraldia galduko du titularrak uzten dionean hura emateko nahitaezkoak ziren baldintzak betetzeari.

Titularrak lizentzian dauden datuetako edozeinen aldaketa jakinarazi beharko dio Ezkabarteko Udalari, aldaketa hori gertatu eta hamabost eguneko epean egin ere.

4. artikulua. Udal lizentzia eskatzeko baldintzak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko udal lizentzia eskuratu edo berritu ahal izateko, interesdunak honako baldintza hauek beteko ditu:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenaren ondorioz. Dagokien erregistroek emandako ziurtagiriekin frogatuko da baldintza hau (aurrekari penalak).

c) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea. Baldintza hau frogatzeko, ahalmen fisikoaren ziurtagiria eta gaitasun psikologikoaren ziurtagiria aurkeztuko dira, abenduaren 23ko 50/1999 Legea garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 4tik 7ra bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin bat.

d) Zinpeko deklarazioa, dioena ezein administrazio publikoren zehapenik ez duela izan arau-hauste astunak eta oso astunak egiteagatik, martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 3.1 artikuluarekin bat.

e) Frogatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, gutxienez ere ehun eta laurogei mila euroko estaldura duena (180.000 euro).

f) Lizentzia tramitatzeagatik ordaindu beharreko udal tasa ordaintzea, 2013. urtean 30 eurokoa izanen baita.

5. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroa.

1.–Ezkabarteko Udalean sortu da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroa.

2.–Arriskutsua izan daitekeen animalia baten jabeak, Ezkabarten bizi denak, arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan inskribatzeko eskatuko du, hura edukitzeko udal lizentziaren kontzesioa jakinarazi ondoko hamabost eguneko epean.

Erregistro horretan inskribatzeko, honako datu hauek ekarriko ditu, erregistro horretan egon behar baitute nahitaez:

a) Jabearen eta/edo edukitzailearen datu pertsonalak: izena, helbidea, NANa, telefono zenbakia eta interesekotzat jotzen diren beste batzuk.

b) Animaliaren ezaugarriak, hura identifikatzen laguntzen dutenak, hala nola:

a. Animaliaren espeziea, arraza, sexua, ezaugarri-oharra edo ohar erdia, jaioteguna, animaliaren identifikazio zenbakia.

b. Animaliaren haztegiaren edo jatorriaren datuak.

c. Hezi duten zentroaren datuak, halakorik bada.

d. Albaitari kolegiatuak urtero egindako azterketak, animaliaren osasun egoera egiaztatzen dutenak.

e. Eraso egindako kasuak (Udalari berehala jakinarazi beharko zaio).

f. Animalia antzutzen badute, jabeak bere borondatez hala erabakitzen duelako, erregistroan dagokion orrian inskribatuko da.

c) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

3.–Lizentziaren titularraren eginbeharra da artikulu honen aurreko puntuan adierazten den erregistroan inskribatzeko eskatzea, lizentzia eskuratu ondoko hamabost eguneko epean.

4.–Albaitaritzako klinikek eta kontsultategiek erregistro liburua izan beharko dute, eta artikulu honetako 2. puntuan animaliari buruz adierazitako datu guztiak jasoko dira hartan.

5.–Udal erregistroak arriskutsua izan daitekeen eta han inskribatzen den animaliari zenbakia emanen dio, segidan dagokion zenbakia.

6.–Udal erregistro honi animaliaren salmenta, eskualdaketa, dohaintza, lapurreta, heriotza edo galera jakinaraziko zaio, eta animaliaren orrian jasoko da inguruabar hori.

6. artikulua. Identifikazioa.

Arriskutsuak izan daitezkeen txakur guztiek identifikaturik egon beharko dute mikrotxip baten bidez.

7. artikulua. Jabeen betebeharrak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek eta/edo edukitzaileek honako betebehar eta erantzukizun hauek dituzte:

–Lizentziaren titularraren betebeharra da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan inskribatzeko eskatzea, lizentzia eskuratu ondoko hamabost eguneko epean.

–Arriskutsua izan daitekeen animalia toki publikoetan ibiltzeko, beharrezkoa izanen da hura kontrolpean daraman pertsonak aldean izatea lizentzia administratiboa eta egiaztagiri bat, ziurtatzen duena animalia hori inskribatua dagoela arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan.

–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliek leku eta espazio publikoetan muturrekoa izanen dute nahitaez, animalia bakoitzaren arraza ezaugarriei egokitua.

–Kontrolpean eraman beharko dira bi metrotik beherako kate edo uhal luzaezinaren bidez, eta pertsona bakarrak ezin izanen du halako txakur bat baino gehiago eraman

–Animalia finka, landetxe, txalet, lurzati, terraza, patio edo oro har mugaturiko edozein tokitan dagoenean, loturik egon beharko du –behar bezalako azalera, altuera eta itxitura dituen barnealde batean dagoenean izan ezik–, halako tokietara sartzen edo hurbiltzen diren pertsonak nahiz animaliak babestearren.

–Animalia lapurtu edo galduz gero, gertatutakoaz jabetu eta beranduenez ere berrogeita zortzi orduko epean jakinaraziko zaio arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroaren arduradunari.

–Udal erregistroari animaliaren salmenta, eskualdaketa, dohaintza, lapurreta, heriotza edo galera jakinaraziko zaio.

–Arriskutsua izan daitekeen animalia bat autonomia erkidego batetik beste batera eramateko, inskripzioak egin beharko dira udal erregistroetan, hiru hilabetetik gorako eperako bada edo han bizitzeko bada.

–Animalia bakoitzaren erregistro orrietan, animalia osasunaren ziurtagiria agertuko da, agintari eskudunak emana, eta hark urtero ziurtatuko du animaliak ez duela bereziki arriskutsu bihur dezakeen eritasun edo nahasterik.

–Beste edozein, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jokaerari lotutako erantzukizuna ekar dezakeena.

8. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1.–Kapitulu honetan ezartzen denari dagokionez, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

2.–Arau-hauste administratibo oso astunak honako hauek izanen dira:

a. Arriskutsua izan daitekeen animalia bat abandonatzea; animalia abandonatutzat hartuko da bai aginduari jarraikiz identifikatua doana bai bere jatorriaz edo bere jabeaz identifikagarririk batere eramaten ez duena, baldin eta inork laguntzen ez badu.

b. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edo txakurrak lizentziarik gabe edukitzea.

c. Arriskutsua izan daitekeen animalia edo txakurra saltzea edo edozein tituluren bidez eskualdatzea lizentziarik ez duenari.

d. Animaliak heztea haien oldarkortasuna pizteko edo xede debekatuetarako.

e. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak heztea horretarako gaikuntza-ziurtagiria ez duenak.

f. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien lehiaketak, ariketak, erakustaldiak edo ikuskizunak antolatzea edo egitea, eta haietan parte hartzea, helburu badute animalien oldarkortasuna erakustea.

3.–Arau-hauste administratibo astunak honako hauek izanen dira:

a. Aske uztea arriskutsua izan daitekeen animalia bat edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

b. Animalia identifikatzeko betebeharra ez betetzea.

c. Erregistroan ez inskribatzea.

d. Arriskutsua izan daitekeen txakur bat toki publikoetan egotea muturrekorik gabe edo katez lotu gabe.

e. Lege honek ezarritako egitekoak bete beharrez agintari eskudunek edo haien agenteek eskatzen dituzten datu eta argibideak emateari uko egitea edo eman nahi ez izatea, baita argibide okerrak edo dokumentazio faltsua ematea ere.

4.–Arau-hauste arintzat hartuko da ordenantzaren kapitulu honetan ezarritako betebeharretatik edozein ez betetzea, non ez diren artikulu honetako 2. eta 3. zenbakietan aipatzen.

5.–Aitzineko 2., 3. eta 4. zenbakietan sailkaturiko arau-hausteengatik isun hauek ezarriko dira:

a) Arau-hauste arinengatik, 200 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna. Arau-hauslearengan nahitakotasunik aurkitzen ez den arau-hauste arinen kasuan, baldin eta arau-hausle horri bide administratiboan aurreko hiru urteetan foru lege honetan ezarritakoetatik beste zehapenik ezarri ez bazaio, zehapena ohartarazpen bat izan daiteke, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera ezar daitezkeen zehapen osagarriak ezertan kendu gabe.

b) Arau-hauste astunengatik, 1.001 eurotik 6.000 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso astunengatik, 6.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isuna.

6.–Zehapen osagarriak.

Aurreko artikuluan araututako zehapenak ezertan ukatu gabe, zehapen-espedientea ebaztea dagokion organoak honako zehapen osagarri hauek erabakitzen ahalko ditu:

a) Instalazio, lokal edo establezimenduak gehienez ere bi urtez ixtea, arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez arau oso astunen kasuan.

b) Aldi baterako debekua edo desgaikuntza foru lege honek araututako jardueretan aritzeko, gehienez ere bi urtez arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez arau-hauste oso astunen kasuan.

c) Animaliak konfiskatzea arau-hauste astunen edo oso astunen kasuan.

d) Animaliak edukitzeko debekua, gehienez ere bi urtez arau-hauste astunen kasuan, edo betiko, arau-hauste oso astunen kasuan, animaliari eragindako minaren krudelkeria eta nahitakotasuna norainokoak diren.

e) Albaitari gaitu edo baimenduari aitorpen hori kentzea.

f) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak konfiskatzea, antzutzea edo akabatzea, establezimendua ixtea eta arrikutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia edo hezitzaile izateko gaitasun agiria aldi baterako edo behin betiko etetea.

7.–Zehapenen graduazioa.

7.1. Zehapenak ezartzerakoan, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasun errealaren eta ezartzen zaion zehapenaren artean. Honako irizpideak hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:

a) Nahitakotasuna.

b) Animalien babesari, animalien osasunari, osasun publikoari edo ingurumenari eragindako kaltea edo sortutako arriskua, edo ukitutako animalia-kopurua.

c) Berrerortzea, urtebetean animalien babesari buruzko araudia behin baino gehiagotan hausteagatik, bide administratiboan ebazpen irmoz hala deklaratu denean.

d) Arau-hauslearen kargua edo eginkizuna, edo jardueraren ezaguera-maila handiagoa izatea, bere lanbideagatik eta ikasketengatik.

e) Arau-hausleak agintaritza eskudunari laguntza eman izana ala ez, gertaerak argitzeko eta babespeko ondasuna lehengoratzeko.

f) Jokabide berean arau-hausteak pilatu izana.

7.2. Bi urteko epean berrerortze edo errepikatze soila gertatzen bada, zehapenaren zenbatekoa %50 gehituko da. Epe horretan bi aldiz edo gehiagotan berreroriz edo errepikatuz gero, gehitzea %100ekoa izanen da.

7.3. Egitate berean bi arau-hauste administratibo edo gehiago pilatzen badira, arau-hauste astunenari dagokion zehapena ezarriko da, erdiko edo goiko mailan.

8.–Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa.

8.1. Animalien babesaren arloko arau-hauste arinek urtebeteko epean preskribatuko dute; astunek, bi urteko epean; eta oso astunek, hiru urteko epean.

8.2. Arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenek urtebeteko epean preskribatuko dute; astunen ondoriozkoek, bi urteko epean; eta oso astunen ondoriozkoek, hiru urteko epean. Zehapenaren gaineko ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik aurrera hasiko da epea kontatzen.

8.3. Arau-hausleen Erregistroa sortuko da, eta hartan jasoko da animaliak edukitzeko edo animaliekin jarduerak egiteko desgaikuntza. Erregistro hori kontsultatuko da animalia baten salmenta edo adopzioa baino lehen. Erregistro horrek izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko araudian xedatutakoa beteko du.

9.–Erantzukizun penala.

9.1. Arau-haustea delitua izan badaiteke, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, espedientea irekita, jurisdikzio eskudunari jakinaraziko dizkio egitate horiek.

9.2. Prozedura penal bat hasita, zehapen prozedura administratiboa bertan behera utziko da, bestearen gaineko ebazpen irmorik ez dagoen bitartean. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egoera horren berri emanen dio administrazioko zehapen-espedientearen instrukzioa egin duen udalari.

9.3. Ezin ezarriko da behin ere zehapen administratiborik prozesu penal batean kondena eragin duten gertaerengatik; bai, ordea, kondena eragin ez duten beste gertaera batzuengatik.

10.–Zehatzeko eskumena eta prozedura ebazteko epea.

10.1. Arau-haustea gertatzen den udalei dagokie lagun egiteko animaliekin eginiko arau-hausteen gaineko zehapen prozedurak abiatzeko eta ebazteko eskumena. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek subsidiarioki baliatzen ahalko dute zehatzeko ahalmena artikulu honetan ezarritako moduan.

10.2. Zehapen-ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen da, zehapen-prozeduraren hasiera-datatik kontatzen hasita.

9. artikulua. Zehapena murriztea berehala ordainduz gero.

Salatuak, prozedura hasi izana jakinarazi eta 30 eguneko epean, bere erantzukizuna onartzen ahal du eta isuna borondatez ordaindu. Halakoetan, amaitutzat joko da zehapen prozedura, ondorio hauekin:

9.1. Zehapen ekonomikoaren %50 murriztea.

9.2. Alegazioak egiteari uko egitea. Eginez gero, ez aurkeztutzat joko dira.

9.3. Prozedurari bukaera ematea, berariazko ebazpenik eman behar izan gabe, ordainketa egiten den egunean.

9.4. Administrazio bidea amaitzea; soilik aurkezten ahalko da errekurtsoa administrazioarekiko auzien organo jurisdikzionalean.

9.5. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko epea hasiko da ordainketa egunaren ondorengoan.

9.6. Zehapena administrazio bidean irmo bihurtuko da ordainketa egiten den unean, eta biharamunetik sortuko ditu ondorio guztiak.

10. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Kapitulu honetan ezartzen ez den orotan honako arau hauetan xedatua aplikatuko da: abenduaren 23ko 50/1999 Legea, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa, eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua; orobat, horiekin bat datozen eta aplikatzekoak diren arauak.

11. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

Ordenantza hau indarrean jartzen denean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

50/1999 Legean udalei ematen zaizkien beharkizunak Ezkabarteko Udalak betetzea du helburu. Fitxategia Ezkabarteko Udalak bakarrik erabiltzen ahalko du.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabiltzea artikulu honetan zehazten den xedearekin.

Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.

Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuak sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko.

Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

BIGARREN KAPITULUA

Etxeko animaliak edukitzea

12. artikulua. Xedea.

Kapitulu honen xedea da bizikidetzaren eta jokaeraren inguruko arau komunak arautu eta ezartzea, etxeko animalientzat eta haien jabeentzat, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legearen babesean, Ezkabarteko udal-mugarteari dagokionez, osasun eta segurtasun baldintza beharrezko batzuk bermatzeko, Ezkabarteko bizilagunek animaliekin bizi kalitate behar bezalakoa eta babes egokia izan ditzaten.

Etxeko animaliatzat jotzen dira aurreko kapituluan sartu ez diren txakur guztiak.

13. artikulua. Baldintzak.

Ezkabarteko udal-mugartean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskutsuak ez izatea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene eta osasun baldintzak betetzea.

14. artikulua. Osasun betebeharrak.

Animalia guztien jabeek uneoro bete beharko dute gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartzeari eta desagerrarazteari buruz indarrean dagoen araudia. Epizootiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari buruz osasun agintariek eta/edo gai horretan eskumena duten beste batzuek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.

Albaitariek eta albaitaritzako klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, Ezkabarteko Udalari jakinarazi beharko diote berehala, Nafarroako Gobernuan gai horretan eskumena duen departamentuarekin bete behar diren osasun beharkizunak deusetan ukatu gabe.

15. artikulua. Debekuak.

Debeku orokor hauek ezarri dira:

15.1. Debeku da, inolako salbuespenik gabe, bide eta gune libre publikoetan edota pribatu baina jendea ibili ohi denetan, basa espezietako animaliarik ibiltzea, etxekoturik egonagatik ere.

15.2. Debeku da lotu gabeko txakurrak ibiltzea Ezkabarteko herri guztietan, baita ibilgailuak pasatzen diren kale edo errepideetan, eta ibai parkean ere. Eremu horietan, pertsona arduradun batek lotuta eraman beharko ditu txakurrak, horretarako uhal bat erabiliz, gehienez bost metrora bitarte luzatzen ahalko dena.

15.3. Debeku dira txakurren edo beste edozein animaliaren gorozkiak kaleetan, parkeetan, lorategietan edo eremu publikoko beste edozein eremutan, Ezkabarteko herrietako hirigunearen barnean, baita ibai parkean ere. Animalia daramanak bildu egin beharko ditu gorozkiak.

15.4. Arduradunek animaliak behar bezala kontrolatzerik ez duten tokietan debeku da horiek edukitzea.

15.5. Debeku da animaliak kultur eta kirol arloko ikuskizun publikoetako lokaletan sartzea, eta bereziki Ezkabarteko udal kiroldegian.

15.6. Espresuki debeku da animaliak erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.

15.7. Orobat debeku da animaliarik izatea haurrak jostatzeko alderdietan, lorategi eremuetan, soropiletan eta landare multzoetan.

15.8. Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean edo kapitulu honetan ezarritakoa aplikatzetik datorren edozein debeku.

16. artikulua. Animalien edukitzaileen betebeharrak.

Animalien edukitzaileek honako betebehar eta erantzukizun hauek dituzte:

a) Animalia baldintza egokietan eduki beharko dute higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen dute, Nafarroako Administrazio Publikoek osasunaren alorrean ezartzen dituzten aurreneurriak aplikatuz. Txakurrak urtero txertatuko ditu albaitari kolegiatu batek, eta albaitari horrek animaliaren osasun egoera egiaztatuko du.

b) Txakurren edukitzaileek identifikatuta eduki beharko dituzte, Nafarroako Gobernuak erregelamenduz ezartzen duen eran.

c) Animaliaren edukitzailea izanen da erantzulea, nahiz eta erantzukizun subsidiarioa jabearena ere izan, animaliak jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.

d) Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo hauen ondasunei kalterik ez trabarik egin ez diezaien.

e) Animaliaren edukitzaileak neurriak hartu beharko ditu animaliek bide eta eremu publikoak zikin ez dezaten; hortaz, erantzukizuna berea du, nahiz eta erantzukizun subsidiarioa jabearena ere izan.

f) Txakurrarekin dabilen lagunak galarazi behar du txakurrak kaka egin dezan espaloi, galtzada eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko beste edozein elementuren gainean.

Arrazoi kontrolaezinengatik galarazten ahal ez badu, txakurraren eramailea beharturik egonen da aurreko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

Eremu publikoan dagoen bitartean, gomendagarria da animaliak txakurren aisialdirako eremuetan kaka egitea. Hala ere, jabeak animaliaren gorotzak bildu behar ditu, behar den bezala, aisialdirako eremu horietan ere.

g) Txakurraren jabeak txakurra isilik eduki beharko du gaueko 22:00etatik goizeko 08:00ak arte, eta beharrezko neurriak hartu beharko ditu auzokoei eragozpenik ez sortzeko.

h) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legetik, kapitulu honetan ezarritakotik eta aplikatzekoa den gainerako araudia aplikatzetik datozen gainerako betebehar eta erantzukizun guztiak.

17. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1.–Kapitulu honetan ezartzen denari dagokionez, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

2.–Arau-hauste arinak dira:

a) Foru lege honek eskatzen dituen erregistroak ez edukitzea, edo haiek osatu gabe nahiz gabeziekin edukitzea.

b) Lagun egiteko animaliak edukitzea foru lege honetan ezarritako baldintzetan identifikatu edo erregistratu gabe.

c) Lagun egiteko animaliak hemezortzi urteko adinaz beherakoei eta ezgaituei eskualdatzea, guraso-ahala, tutoretza edo jagoletza duten pertsonen baimenik gabe.

d) Espezie orotako animaliak erakustea erakusleihoetan, merkataritza-establezimenduetan nahiz aisiarako edo jostetarako lokaletan.

e) Udalak, udalez gaindiko entitateak edo eskualdeak baimendutako kopurua gainditzen duen txakurren, katuen edo erregelamenduz zehazturiko beste edozein espezietako aleen kopuru bat etxebizitza batean edukitzea, behar den baimena eduki gabe.

f) Lagun egiteko animaliak baldintza desegokietan edo horretarako bereziki egokitu gabeko maletategietan garraiatzea, animaliek kalterik pairatzen ez badute.

g) Espezie orotako animaliek parte hartzea ferietan, erakusketetan, lehiaketetan, erakustaldietan, filmaketetan, kultur jardueretan edo antzekoetan, behar den baimena eduki gabe.

h) Espezie orotako animaliak artifizialki manipulatzea salmentarako erakargarri egiteko, jostetarako edo adierazpen artistikorako.

i) Lagun egiteko animaliei ez egitea jendetasun- eta heziketa-probarik, animaliaren aiurria eta portaera direla-eta gomendagarria denean.

j) Lagun egiteko animalia galduak edo abandonatuak biltzeko jarduerak egitea horretarako baimenik ez duten entitate pribatuek.

k) Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Erregistroan jabeek egunean ez edukitzea lagun egiteko animalien datuak, eta animalien galera, heriotza, salmenta edo titulartasun-aldaketa ez komunikatzea ezarritako epeetan.

l) Hiri eremu publikoetan txakurrak uhalez edo katez ez eramatea.

m) Hiri eremu publikoak zikintzea eta ez garbitzea lagun egiteko animalien eginkari solido edo likidoekin.

n) Behar diren neurriak ez hartzea norberaren zaintzapean dauden edozein espezietako animaliek egin ditzaketen kalteak saihesteko.

o) Foru lege honetan jasotako aginduen ez-betetzea den edozein egite edo ez-egite, arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat tipifikatuta ez dagoena.

p) Artikulu honen hurrengo apartatuan tipifikatutako arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik arau-hauste astuntzat hartzea merezi ez duenean.

3.–Arau-hauste astunak dira:

a) Espezie orotako animaliak elikatuta edukitzea nahikoa edo egokia ez den modu batez edo debekatuta dauden elikagaiekin.

b) Espezie orotako animaliak toki edo instalazio desegokietan edukitzea, baldintza higieniko eta sanitario onik gabe, dimentsio desegoki batzuen barnean edo, halakoen ezaugarriak, distantzia edo beste edozein arrazoi dela-eta, animaliak egunero egoki kontrolatu eta gainbegiratzeko aukerarik gabe.

c) Edozein espezietako animaliak denbora luzez lotuta edo itxita edukitzea, edo sufrimendu edo kalteak eragin diezazkieten baldintzetan; edo gizakiarengandik edo beste animalia batzuengandik beti isolatuta edukitzea, baldin eta espezie taldekoietakoak badira; eta txakurrak etengabe lotuta edukitzea, hartara foru lege honen 7.5 artikuluan araututakoa urratuz.

d) Lagun egiteko animaliak ez txertatzea edo agintari eskudunek nahitaezkotzat deklaratutako tratamenduak ez egitea, bai eta haiek ez esterilizatzea ere, 16.4 artikuluan ezarritako konpromisoa urratuz edo agintari eskudunek erabakitzen dutenean.

e) Albaitari batek egin ez dituen esterilizatzea, txertatzea, tratamenduak edo edozein ebakuntza kirurgiko, edo halakoak foru lege honetan ezarritako baldintzen eta betekizunen aurka egitea.

f) Foru lege honetan ezarritakoaren arabera edo agintari eskudunak agindutakoari jarraituz, lagun egiteko animaliei albaitari-azterketa ez egitea.

g) Ez betetzea lagun egiteko animalien zentroetarako, gune zoologikoak diren aldetik, ezarritako baldintzak eta betekizunak, arau-hauste arin gisa tipifikatuta ez badago.

h) Lagun egiteko animaliak haztea edo saltzea foru lege honetan ezarritakoa urratuz.

i) Lagun egiteko animaliak laborategi edo klinikei eskualdatzea bete gabe indarreko araudian ezarritako betekizunak.

j) Espezie orotako animaliak dohaintzan ematea, zozketa bidez ematea edo saritzat ematea; edo publizitate-erakargarri moduan, sari moduan edo opari moduan ematea, animalia horien kostu bidezko transakzioak ez diren beste eskuratze batzuen ondorioz.

k) Lagun egiteko animaliak parasitoekin edo gaixorik saltzea, edo albaitariaren ziurtagiria eduki gabe, gaixotasunik ez dutela egiaztatzeko.

l) Albaitaritza zerbitzu ofizialei ez jakinaraztea nahitaez deklaratzekoak diren gaixotasunak, alerta sanitario bat deklaratu ez denean.

m) Animaliak erabiltzea, edozein espezietakoak, ferietako atrakzio edo karruseletan eta zirkuetan.

n) Animaliak, edozein espezietakoak, modu iraunkorrean edukitzea aparkatutako ibilgailuetan, edo aldi baterako edukitzea ibilgailuetan aireztapenik edo tenperatura egokirik gabe.

o) Animaliak, edozein espezietakoak, abian den ibilgailu motordun bati lotuta eramatea.

p) Urkatze-lepokoak, ziridunak edo elektrikoak, erabili eta saltzea, baldin eta lagun egiteko animalientzako kaltegarriak badira, edo haiek erabiltzea foru lege honetan ezarritakoa urratuz.

q) Espezie orotako animaliei ez ematea nahitaezkoak diren albaitaritza tratamenduak, tratamendu aringarriak, prebentzio tratamenduak edo behar dituzten funtsezko tratamendu sendagarriak.

r) Behar diren neurriak ez hartzea lagun egiteko animalien ugalketa ez-kontrolatua saihesteko.

s) Uztea edo ez eragoztea animaliak, edozein espezietakoak, arrisku bat izan daitezen pertsonen eta animalien osasunerako edo segurtasunerako, edo gauzei kalte materiala eragin diezaieten.

t) Lagun egiteko animaliak giza kontsumorako edo animalien kontsumorako erabiltzea.

u) Laguntzarik ez ematea istripua izan duen, zaurituta dagoen edo arriskuan dagoen edozein espezietako animalia bati, laguntza hori norberarentzat edo hirugarrenentzat arriskurik gabe ematen ahal denean.

v) Albaitari batek eginkizun jakin batzuk betetzea haietarako gaikuntzarik eduki gabe, edo gaituta egonda ere, gaikuntzan ezarritakoa ez betetzea.

w) Lagun egiteko animaliak baldintza desegokietan edo horretarako bereziki egokitu gabeko maletategietan garraiatzea, animaliek kaltea pairatzen badute.

x) Hiru urteko epean arau-hauste arin bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.

y) Hurrengo apartatuan tipifikatutako arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik arau-hauste oso astuntzat hartzea merezi ez duenean.

4.–Arau-hauste oso astunak dira:

a) Espezie orotako animaliei tratu txarrak ematea.

b) Espezie orotako animalien arteko borrokak antolatzea, haiei buruzko publizitatea egitea edo haiek gauzatzea.

c) Edozein espezietako animaliak erabiltzea ikuskizunetan, jai herrikoietan, borroketan, animalien arteko aurrez aurrekoetan, beste animalia batzuen harrapaketan, erasoetan, simulatuta ez dauden eszenen filmazioan edo ankerkeria edo tratu txarra inplikatzen duten beste jarduera batzuetan, edo animaliei sufrimenduak, naturaren aurkako tratamendu edo tratamendu laidogarriak edo heriotza eragin ahal dizkieten jardueretan, 7.13 artikuluan araututakoari jarraituz.

d) Espezie orotako animaliak trebatzea edo heztea beren oldarkortasuna gara dezaten, eta borroketarako prestatzea, borroka egin dezaten akuilatzea, edo lan eginaraztea haien osasuna edo ongizatea kaltetzen duen modu batez.

e) Espezie orotako animaliak abandonatzea.

f) Galdutako edo desagertutako lagun egiteko animaliak ez berreskuratzea horretarako ezarritako epean, 15.3 artikuluan araututakoari jarraituz.

g) Lagun egiteko animalia bat hiltzea foru lege honetan eutanasiarako edo hilketarako araututakoa urratuz.

h) Lagun egiteko animaliei ebakuntza kirurgiko debekatuak egitea, foru lege honetan ezarritako salbuespenekin.

i) Espeziea edozein dela ere, animaliaren sufrimendua edo heriotza eragiten duten edo eragin dezaketen hazkuntza-prozedurak erabiltzea; horren barnean sartzen da ugalketarako erabiltzea gaixotasun hereditario larriak dituzten animaliak, heriotza behar baino lehenago eragin dezaketenak edo ondorioak arintzeko albaitaritza-ebakuntzak behar dituztenak.

j) Edozein espezietako animaliei nahita tiro egitea, foru lege honetan jasotako kasuetan izan ezik eta baimendutako ehiza-jardueretan ehizakiei izan ezik.

k) Espezie orotako animaliei ematea alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak.

l) Espainiako Estatuan indarrean diren nazioarteko itun eta hitzarmenen bidez babestutzat edo desagertzeko arriskuan deklaratutako espezieen kasuan, bai eta aipatu foru legean berariaz debekatutako animalien kasuan edo, kasua bada, lagun egiteko animalia gisa edukitzea baimendutakoen zerrendetan ez daudenen kasuan, debeku da haien espezimen, kume, arrautza edo beste edozein atal edo produktu merkaturatzea, saltzea, edukitzea, erakustea eta naturalizatzea.

m) Aktaz edo administrazio ebazpenez behin-behinean immobilizaturik dauden animaliak garraiatzea, edozein espezietakoak.

n) Lagun egiteko animalia baten osasun kontrolerako neurriak ez hartzea edo ez betetzea, eta agintaritza eskudunari gaixotasun transmitigarri baten kasuak ez jakinaraztea, halakoak susmatzen edo diagnostikatzen direnean, osasun alerta bat deklaratu denean.

o) Foru lege honetan ezarritako eginkizunak betetze aldera agintaritza eskudunak edo haren agenteek eskatutako datuak edo informazioa emateari ezezkoa ematea edo horretarako trabak jartzea, bai eta okerreko informazioa edo dokumentazio faltsua ematea ere.

p) Foru lege honen behin-behineko neurrietatik edozein bete dadin oztopatzea.

q) Hiru urteko epean arau-hauste astun bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.

5.–Arau-hauste tipifikatuek isun hauek izanen dituzte zehapen:

a) Arau-hauste arinengatik, 200 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna. Arau-hauslearengan nahitakotasunik aurkitzen ez den arau-hauste arinen kasuan, baldin eta arau-hausle horri bide administratiboan aurreko hiru urteetan foru lege honetan ezarritakoetatik beste zehapenik ezarri ez bazaio, zehapena ohartarazpen bat izan daiteke, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera ezar daitezkeen zehapen osagarriak ezertan kendu gabe.

b) Arau-hauste astunengatik, 1.001 eurotik 6.000 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso astunengatik, 6.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isuna.

6.–Zehapen osagarriak.

Aurreko artikuluan araututako zehapenak ezertan ukatu gabe, zehapen-espedientea ebaztea dagokion organoak honako zehapen osagarri hauek erabakitzen ahalko ditu:

a) Instalazio, lokal edo establezimenduak gehienez ere bi urtez ixtea, arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez arau-hauste oso astunen kasuan.

b) Aldi baterako debekua edo desgaikuntza foru lege honek araututako jardueretan aritzeko, gehienez ere bi urtez arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez arau-hauste oso astunen kasuan.

c) Animaliak konfiskatzea arau-hauste astunen edo oso astunen kasuan.

d) Animaliak edukitzeko debekua, gehienez ere bi urtez arau-hauste astunen kasuan, edo betiko, arau-hauste oso astunen kasuan, animaliari eragindako minaren krudelkeria eta nahitakotasuna norainokoak diren.

e) Albaitari gaitu edo baimenduari aitorpen hori kentzea.

7.–Zehapenen graduazioa.

7.1. Zehapenak ezartzerakoan, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasun errealaren eta ezartzen zaion zehapenaren artean. Honako irizpideak hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:

a) Nahitakotasuna.

b) Animalien babesari, animalien osasunari, osasun publikoari edo ingurumenari eragindako kaltea edo sortutako arriskua, edo ukitutako animalia-kopurua.

c) Berrerortzea, urtebetean animalien babesari buruzko araudia behin baino gehiagotan hausteagatik, bide administratiboan ebazpen irmoz hala deklaratu denean.

d) Arau-hauslearen kargua edo eginkizuna, edo jardueraren ezaguera-maila handiagoa izatea, bere lanbideagatik eta ikasketengatik.

e) Arau-hausleak agintaritza eskudunari laguntza eman izana ala ez, gertaerak argitzeko eta babespeko ondasuna lehengoratzeko.

f) Jokabide berean arau-hausteak pilatu izana.

7.2. Bi urteko epean berrerortze edo errepikatze soila gertatzen bada, zehapenaren zenbatekoa %50 gehituko da. Epe horretan bi aldiz edo gehiagotan berreroriz edo errepikatuz gero, gehitzea %100ekoa izanen da.

7.3. Egitate berean bi arau-hauste administratibo edo gehiago pilatzen badira, arau-hauste astunenari dagokion zehapena ezarriko da, erdiko edo goiko mailan.

8.–Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa.

8.1. Animalien babesaren arloko arau-hauste arinek urtebeteko epean preskribatuko dute; astunek, bi urteko epean; eta oso astunek, hiru urteko epean.

8.2. Arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenek urtebeteko epean preskribatuko dute; astunen ondoriozkoek, bi urteko epean; eta oso astunen ondoriozkoek, hiru urteko epean. Zehapenaren gaineko ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik aurrera hasiko da epea kontatzen.

8.3. Arau-hausleen Erregistroa sortuko da, eta hartan jasoko da animaliak edukitzeko edo animaliekin jarduerak egiteko desgaikuntza. Erregistro hori kontsultatuko da animalia baten salmenta edo adopzioa baino lehen. Erregistro horrek izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko araudian xedatutakoa beteko du.

Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

b) Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Ankerkeriarik izan den animaliarekin.

d) Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den.

9.–Erantzukizun penala.

9.1. Arau-haustea delitua izan badaiteke, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, espedientea irekita, jurisdikzio eskudunari jakinaraziko dizkio egitate horiek.

9.2. Prozedura penal bat hasita, zehapen prozedura administratiboa bertan behera utziko da, bestearen gaineko ebazpen irmorik ez dagoen bitartean. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egoera horren berri emanen dio administrazioko zehapen-espedientearen instrukzioa egin duen udalari.

9.3. Ezin ezarriko da behin ere zehapen administratiborik prozesu penal batean kondena eragin duten gertaerengatik; bai, ordea, kondena eragin ez duten beste gertaera batzuengatik.

18. artikulua. Zehatzeko eskumena eta prozedura ebazteko epea.

18.1. Lagun egiteko animalien kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren zehapen espedienteak bideratu eta ebazteko ahalmena Ezkabarteko Udalari dagokio. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek subsidiarioki baliatzen ahalko dute zehatzeko ahalmena artikulu honetan ezarritako moduan.

18.2. Zehapen-ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen da, zehapen-prozeduraren hasiera-datatik kontatzen hasita.

18.3. Kapitulu honetan ezarritako arau-hausteetakoren bat egiteagatik ezartzen diren zehapenei 9. artikuluan aipatu murrizketa aplikatuko zaie berehala ordaintzeagatik, artikulu horretan aipatu ondorioekin.

19. artikulua. Erantzukizun zibila.

Ordenantza honek jasotzen dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila baztertzen, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituen ordainak ere, halakorik bada.

20. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Kapitulu honetan arautu ez den orotan, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta aplikatzekoa den beste edozein arautan ezarritakoari jarraikiko zaio.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arau guztiak, edo bertan arautzen diren gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

Azken xedapena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Ezkabarten, 2020ko abenduaren 22an.–Alkatea, Pedro María Lezaun Esparza.

Iragarkiaren kodea: L2108668