140. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko apirilaren 28an hartua, Puiuko udalerriaren izena aldatzea onesten duena. Hemendik aurrera “Pueyo/Puiu” izanen da, eta ez “Pueyo” orain arte bezala.

Puiuko Udalak Nafarroako Gobernuari igorri dio udalerri horren izen ofiziala aldatzeko eta “Pueyo/Puiu” izena emateko tramitatutako espediente administratiboa.

Aipatutako espedientean Udalaren 2021eko martxoaren 3ko erabakiaren ziurtagiria dago. Erabaki horren bidez, aipatu izen aldaketa behin betiko onetsi zen, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta jendaurrean hilabetez eduki ondoren.

Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 22. artikuluak hauxe dio: “Udalerrien izenak aldatzeko udalek hartutako erabakia beharko da, aurretik, gutxienez hilabete bateko informazio publikoa egonda. Udal erabakia Foru Komunitateko Administrazioari igorri beharko zaio, Nafarroako Gobernuak onespena eman diezaion, eta hau emandakotzat hartuko da hilabete baten barnean ebazpenik suertatzen ez bada”.

Udalak izena aldatzeko egindako eskaera 2021eko martxoaren 5ekoa da.

2021eko martxoaren 9an, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak horri buruzko txostena eskatu zion Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren txostena 2021eko apirilaren 13an jaso zen Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian, eta hartan ondorioztatzen da proposatu den “Puiu” euskal izena zuzena dela, Euskarabideak Euskaltzaindiarekin hala egiaztaturik.

Horrenbestez, bidezkoa da organo eskudunak onestea izen aldaketa.

Nafarroako Gobernuak onetsi ondoren, Estatuko Administrazio Orokorrari igorriko zaio, Toki Entitateen Erregistroan inskriba dezan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Toki Entitateen Erregistroan inskribatuko da.

Azkenik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 23. artikuluan honako hau xedatzen da: “Udalen izen aldaketek ofizialtasuna lortzeko ezinbestekoa da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 14. artikuluak aipaturiko erregistroan jasotzea eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea”. Hortaz, onetsitako izen aldaketa aldizkari ofizial horietan argitaratu beharko da.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Puiuko Udalaren izen aldaketa onestea, hemendik aurrera “Pueyo/Puiu” izan dadin, eta ez “Pueyo”.

2. Izena aldatzeko erabaki hau igortzea Estatuko Administrazio Orokorrari, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioko Toki-erakundeen Erregistroan inskriba dezan, eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Toki-erakundeen Erregistroan inskribatzeko.

3. Dagozkion inskripzioak egin ondoren, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Puiuko Udalari jakinaraztea eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko duela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du ukatzen Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko apirilaren 28an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2108836