140. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

149/2021 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, bilduma museografiko iraunkor gisa aitortzen duena Xabierko Gazteluaren Museoa, Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko uztailaren 2ko 10/2009 Foru Legearen arabera.

Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko uztailaren 2ko 10/2009 Foru Legearen 16. artikuluak Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren aitorpena arautzen du, eta 15. artikuluak, berriz, bilduma museografiko iraunkor gisa aitortua izateko betebeharrak ezartzen ditu.

16.1 artikuluak ezartzen du bilduma museografiko iraunkorraren titularrak berak egin behar duela aitorpena lortzeko eskaera. Xabierko Gazteluaren Museoari dagokionez, aitorpen hori José María Vicente Marqués SJk eskatu zuen, Xabierko Erlijioso Elkarte eta Espiritualitate Zentroko nagusiak, 2021eko urtarrilaren 28an.

Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko Foru Legearen 16.3 artikuluak ezartzen du betebeharrak betetzen direla egiaztatu eta Nafarroako Kulturaren Kontseiluaren txostena ikusi ondoren emanen dela aitorpena.

Nafarroako Kultura Kontseiluko Museoen Batzordeak, 2021eko apirilaren 29an bildurik, Xabierko Gazteluaren Museoa bilduma museografiko iraunkor gisa aitortzearen aldeko txostena eman zuen.

Museoen Zerbitzuak eman duen aldeko txostena ikusirik.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Xabierko Gazteluaren Museoa bilduma museografiko iraunkor gisa aitortzea.

2. Xabierko Gazteluaren Museoa Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribatzea, datu hauekin:

–Kodea: Cc1.

–Izena: Xabierko Gazteluaren Museoa.

–Egoitza Xabierko gaztelua. El Santo kalea, z.g. 31411 Xabier.

–Helburuak eta irizpide zientifikoak: Bilduman, San Frantzisko Xabierkoaren bizitzarekin eta haren misiolari lanarekin zerikusia duten askotariko elementuak daude. Badauzka pintura, eskultura eta urregintza lanak, txanponak, dominak, altzariak eta abar, eta haren helburu nagusia didaktikoa da; azken horretarako, dioramaz horniturik dago. Bertan gordetzen dira, orobat, arestiko garai batera arte gazteluaren jabea izan den familiaren hainbat elementu. Museoa erlijiozko multzo baten zati da, zeina garrantzi handiko erromesaldi-gune bat baita Nafarroan, Foru Komunitatetik kanpo ere ospea duena.

–Titularra eta kudeatzeko erakundea: Jesusen Lagundiko erlijiosoak.

–Oinarrizko antolaketa eta museoak dituen zerbitzuak: Irekitzeko eta doako ordutegiak oso zabalak dira urte guztian zehar. Urtean, guztira, 201 ordu dira, eta hauek dira doako egunak: maiatzaren 18a, irailaren 27a, urriaren 12a eta abenduaren 3a eta 6a. Halaber, doako sarrera dago xabierraldiak egiten diren egunetan.

Bestalde, erakundeak betetzen du herritarren sarbideari buruzko araudia, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean ezarri bezala.

Bisitaldiak antolatzen dira bai banaka, liburuxka edo audiogida batekin, bai taldeka, gida ofizial batek lagundurik. Berriki zaharberritu da eraikina, eta hobekuntzak egin dira irisgarritasunaren, segurtasunaren nahiz kontserbazioaren aldetik. Egokiturik dago desgaitasuna duten pertsonendako. Baditu, orobat, oroigarri-denda eta komun egokituak.

–Ondasun inbentariatuak: 281 obra. Bilduma iraunkorrak artelan baliotsuak ditu, besteak beste, 5 armarri heraldiko, legearen indarrez KIO deklaratuak (eraikinean txertatuak), eta 26 INO. Badira, gainera, INO deklaraturiko obra batzuk Deikundearen elizan (bataiarri bat eta Amabirjina eta haurraren irudi bat), bai eta 15 hilarri diskoide elizako lorategian, multzoaren barnean daudenak baina bilduma museografikokoak ez direnak. Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko uztailaren 2ko 10/2009 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriaren arabera, aitorpena egiten denetik, inbentarioan sartzen diren gainerako ondasunak ondasun inbentariatutzat jotzen dira, eta titularrak bete beharko ditu Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak ezarritako betebeharrak.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea Xabierko Gazteluaren Museoa bilduma museografiko iraunkor gisa aitortu izana.

4. Titularrari jakinaraztea Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko uztailaren 2ko 10/2009 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritako eginbeharrak betetzeko beharra.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, Idazkaritza Tekniko Nagusira, Museoen Zerbitzura, Nafarroako Museoaren Atalera eta Museoen Atalera; eta interesdunei jakinaraztea.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 17an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.

Iragarkiaren kodea: F2108168