140. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

525E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana; honen bidez Cárnicas Iruña Velasco SAk sustatutako proiektu honek ingurumenean edukiko duen eraginari buruko txostena egien da: Irunberriko industrialdean txerriak zatitzeko lantegia instalatzea.

2021eko otsailaren 5ean Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-eraginaren ebaluazioari ekiteko eskaera igorri du Biodibertsitatearen Zerbitzura. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2.f multzoan.

2020ko urtarrilaren 13an Biodibertsitatearen Zerbitzuak errekerimendua bidali zion organo eskudunari ingurumen-azterlana zuzentzeko, 21/2013 Legeak 45.2 artikuluaren 1. apartatuan ezartzen duenarekin bat etorriz, ezarpenaren eta neurri zuzentzaileen inguruko alderdi batzuk argitu behar zirela-eta. Otsailaren 5ean titularrak eskatutako dokumentazioa bidali zuen eta horrela dokumentazioa zuzendu zen; ondorioz kontsulten izapidea hasi zen.

2021eko otsailaren 18an Biodibertsitatearen Zerbitzuak, ingurumen organo gisa jardunez, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egin zizkien eta proiektuaren ingurumen agiria bidali zien, 30 egunez aztertzeko, 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezartzen den bezala.

Izapide horretan eraginpeko sei administrazio publikori (Abeltzaintza Zerbitzua, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia, Obra Publikoen Zuzendaritza Nagusia, Irunberriko Udala eta Urraulbeitiko Udala, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa) eta hiru pertsona interesduni (NILSA, NASUVINSA eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa) egin zitzaien kontsulta eta Abeltzaintza Zerbitzuak, Irunberriko Udalak, Urraulbeitiko Udalak eta NILSAk erantzuten zuten. Eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitzen laburpena agiri honen III. eranskinean dago.

2021eko otsailaren 5ean titularrak baimen substantiboaren izapidean eskatutako dokumentazioaren hobekuntzari buruzko agiria erantsi zion espedienteari.

Proiektuaren helburua da lurzoru urbanizagarri industrialean ezartzea titularrak gaur egun Nafarroan, Huescan eta Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzen dituen txerriak akabatzeko instalazioetatik datozen txerriak zatitzeko instalazioa. Instalazioan txerriak akabatzeko esperimentuak egiteko aretoa egonen da, akabatze-jarduna balioztatzeko

Proiektuaren funtsezko ezaugarrien eta datuen laburpena dokumentu honen I. eranskinean dago; ingurumen-dokumentuaren alderdi nagusiak II. eranskinean azaltzen dira.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren mende jartzeari buruz edo ingurumen-eraginari buruzko txostena emateari buruz, txosten honetan ezartzen den bezala.

Hori dela-eta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez adierazi duenaren arabera, aurkeztutako dokumentazioa, kontsulten emaitza eta proiektuak ingurumenean izanen dituen ondorioen ebaluazioa kontuan harturik, ingurumen-ebaluazioaren prozedura erraztua ongi egin da eta proiektuak ez dio kalterik eginen Natura 2000 Sareari. Horrez gainera, adierazi du ezen, 21/2013 Legearen III. eranskinean ezartzen diren irizpideen arabera, proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta ingurumen-eraginari buruzko txostenean ezartzen dena betetzen bada, proiektuari erantsitako ingurumen-dokumentuan bildutako neurri zuzentzaileez eta proiektuaren baimen substantiboaren ondoriozkoez gainera.

Ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura erraztua ongi egin dela iritzita, adierazitakoarekin bat eta dauzkadan eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua; Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ohiko ingurumen-ebaluazioaren prozedura ez aplikatzea Cárnicas Iruña Velascok Irunberriko industrialdean txerriak zatitzeko lantegia instalatzeko sustatu duen proiektuari, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

2. Aldeko ingurumen-txostena egitea Cárnicas Iruña Velascok Irunberriko industrialdean txerriak zatitzeko lantegia instalatzeko sustatu duen proiektuari buruz, uste baita ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean, txosten honetan ezarritakoaren arabera:

a. Instalazioen kanpoko argietan, E3 zona argi-kutsaduratik babestuta dagoenez, 1890/2008 Errege Dekretuak ezartzen dituen baldintzak bete behar dira (1890/2008 Errege Dekretua, azaroaren 14koa, kanpoko agien instalazioen efizientzia energetikoaren erregelamendua onartzen duena), eta bermatu behar da argi-puntuen goi-hemisferioko fluxua (GHF) ez izatea %15 baino gehiago. Hala ere, Natura 2000 Sareko eremuak hurbil daudenez gero, gomendatzen da GHF % 1etik beherakoa izatea.

b. Gainera, faunaren gaineko eragina murrizteko (intsektuak eta saguzarrak erakartzea, batez ere), gomendatzen da LED edo anbar-koloreko sodio-lurrunezko argi-puntuak paratzea argi-puntu halogeno edo LED zuriak gabe.

c. Patioak ezin dira erabili biltegi modura ez eragiketak egiteko, baldin eta jarduera horien ondorioz San Bartolomé sakaneko euri-urak, Iratira ibaira heltzen direnak, kutsatu ahal badira.

d. Proiektuak bermatu behar du pabiloiaren kanpoaldean ezbeharren bat gertatuz gero, azaleko urak kutsatzeko arriskua ebaluatu eta kontrolatuko dela. Beste alde batetik, kanpoaldea garbitzeko eta desinfektatzeko lanetan ezin dira erabili ibai-sareko landareentzat eta animalientzat toxikoak diren substantziak.

e. Obren ondoriozko soberako materialak eta hondakinak baimendutako hondakindegi batera eraman behar dira edo baimendutako kudeatzaile baten esku utzi behar dira; ezin dira utzi lantokiaren inguruan.

f. 21/2013 Legearen 47. artikuluaren 2. apartatuan ezartzen denaren ondorioetarako, proiektuaren ingurumen-eraginaren ebaluazioa eginez gero III. eranskinaren arabera, txosten honen irismenean dokumentatutako txerriak zatitzeko jarduera eta akabatze-areto esperimentala baino ez dira sartzen.

Beraz, ebaluazio honen ondorioetarako, titularrak bermatu behar du, arrazoiak azalduta, egin nahi den jarduera bideragarria dela berez, alde batera utzita hurrengo txerriak akabatzeko erabiltzen ahal dela, jarduera-ahaletara egokiturik, zeren eta aldaketa horretarako ingumen-eraginaren beste ebaluazio bat egin beharko bailitzateke eta ez baitakigu nolakoa izanen litzatekeen emaitza.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Irunberriko Udalari, Basozaintzari (Agoizko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzioa

Proiektuaren arabera, txerriak akabatzeko instalazioetatik datozen txerriak zatitzeko instalazioa ezarri nahi da lurzoru urbanizagarri industrialean.

Instalazioa industrialdearen zabalkuntza batean egin nahi da, A-21 Pirinioetako autobiako 35. irteeraren ondoan. Han titularrak gaur egun Orkoiengo lantegian egiten duen jarduera eginen litzateke, hau da, titularrak Nafarroan, Huescan eta Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzen dituen txerriak, Aragoiko Ejean eta Zueran akabatzen direnak, zatitu. Jarduera fase bakar batean ezarriko da. Hasieran 900 txerri zatituko dira egunean eta azkenean 2.000, hori baita ustiapenaren gehieneko ahala proiektuaren arabera. Gainera, lantegian akabatze-areto esperimentala egonen da eta aurreikusten da hilean bost animalia akabatuko direla, jarduketa horren errendimendua aztertzeko, inoiz instalazioak horretarako handitu nahi balira ere.

Urtean 296 egun eginen da lan, 24 ordu egunean. Hiltegitik txerriak hoztuta helduko dira, atzeko hanketatik esekita, eta zamatze-tokitik bertatik prozesatuko dira, zenbait mozketa-lerrori jarraikiz. Produktuak egunero bidaliko dira, gehienak plastikozko kutxa garbigarrietan sartuta. Produktuen %10 ultraizoztu eta biltegiratu eginen dira. Produktuetako batzuk hezurrak, larrua eta beste hondar batzuk izanen dira; gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktu gisa salduko dira.

Instalazioetan bi gune egonen dira: batetik, pabiloia; bestetik, ageriko eremu zoladuradun handia, aparkaleku modura eta jardueran erabiltzen diren ibilgailuen joan-etorrietarako eta maniobretarako erabiliko dena (hor ezin bildu izanen da ezer). Instalazioaren eta zona urbanizatuen artean banaketa-hormatxoa egonen da. Hormatxoaren barnealdean itxitura metalikoa egonen da. Horrez gainera, kamioiak garbitzeko tokia egonen da, bai eta transformazio-azpiestazio elektrikoa eta ura berotzeko eta lurruna sortzeko erabiliko den gasaren biltegiak ere bai.

Pabiloiaren oin-planoa ia angeluzuzena izanen da eta 9.701 m²-ko azalera edukiko du. Estalkia bi isurkikoa izanen da eta gehienez 12,6 metro garai izanen da. Patioetako zama-sestraren gainean 1,2 m gehiago edukiko du. Beheko solairuan zenbait areto funtzional egonen dira: zamalanetarako eta banaketa-lanetarako eremuak, zatitze-lerroa, lanlekuak eta hozkuntza-aretoak, plastikozko ontziak jasotzeko eta garbitzeko lokalak eta materialen eta kutxa garbien biltegia. Gainera, pabiloiko zona batean langileentzako zerbitzugunea egonen da. Goiko solairuan bulegoak, makinen aretoa eta tailerra egonen dira.

Instalazioak urak banatzeko sarea edukiko du. Euri-urak kolektore berri batean bilduko dira. Kolektore berria San Bartolomé sakanarekin lotutako industrialdeko aldean eginen da. Pabiloiko eta ibilgailuen ikuztegiko ur industrialak udalerriko hondakin-uren araztegiaren kolektorera isuriko dira instalazioan aurretratamendua aplikatu ondoren: solido organikoak kenduko dira eta koipeak bereiziko dira. Halaber, honako hornidura hauen hodiak ezarriko dira lurpean: goi-tentsioko hornidura elektrikoa, uraren hornidura (industrialde hornitzen duen udal sarera konektatuta) eta gasaren hornidura.

Azkenean, instalazioak 23.409 m² okupatuko ditu: 9.717 m² pabiloiko eraikinek eta transformadorearen etxolak hartuko dituzte eta 2.072 m² urbanizatu gabe utziko dira.

Egin den zenbatespenaren arabera jarduerak 1.475.532 kWh beharko ditu urtean, 10 m³ ur kontsumituko ditu egunean, ur kopuru bera isuriko du udal araztegira eta hilean galdaran 60.000 kWh sortzeko beste gas beharko du. Jarduerak 65.000 joan-etorri eraginen ditu urtean. Joan-etorri horien laurden bat banaketako trailerrek eta kamio txikiek edo kamionetek eginen dituzte. Instalazioa ongi komunikatuta dago horretarako.

Jarduera paisaian integratzeko modua bat dator industrialderako egindako proiektuarekin: berdeguneak inguruan eta zuhaitzak eta zuhaixkak landatu.

II. ERANSKINA

Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen-eraginaren ebaluazioa

Instalazioa lurzoru urbanizagarrian eginen da, Irunberriko udalerriko industrialdeko zabalkuntza batean, A-21 Pirinioetako autobiaren ondoan.

Jarduera instalatu baino lehen industrialdea urbanizatuko da. Horregatik, lurrak berdintzeko lanek, urbanizazio-lanek, bideen trazadura-lanek eta zerbitzuak konektatzeko lanek (euri-uren kolektorea, udalerriko HUAren kolektorea eta sare elektrikoaren konexioa barne) beren ingurumen-interbentzioa eduki dute eta ez dira kontuan eduki lurzoru industrialeko proiektuaren ebaluazioan.

Azterlanean kontuan eduki da nola kudeatuko diren pabiloien zimentazio-lanetan eta hodiak jartzean sortzen diren soberakinak: baimendutako hondakindegira eramanen dira. Jardunaren eraginen artean honako hauek aztertu dira: uraren kontsumoa eta energiaren kontsumoa (batez ere prozesu osoko hotz-katekoa), galdaretako errekuntza-gasen emisioa eta instalazioen aldizkako garbiketaren ondoriozko uren isurketa udalerriko HUAra. Uste da usainek ez dutela eragin handirik izanen, instalazioa eta hotz-katea aldian-aldian garbituko baita osasun-arrazoiengatik. Orobat, uste da material osagarrien kudeaketak hondakin batzuk sortuko dituela eta hondakinak sortuko direla, halaber, produktuak merkaturatzeko plastikozko ontzi narriatuak ordezten direnean ere.

Proiektuari baldintza hauek ezartzen zaizkio: prozesuak optimizatzea eta efizientzia hobetzea, baliabideen kontsumoa eta ur eta energia galerak murriztea, eta ingurumen-integrazioko neurri gisa eranstea baliagarri dauden hobekuntza teknikoak. Halaber, neurri zuzentzaile hauek ezartzen dira: garbiketako uretatik lohi organikoak eta koipeak erauzteko tratamendua aplikatzea HUAra isuri aurretik eta aparkalekuko euri-uretatik koipeak (motorretako labaingarriak edo erregaiak) erauzteko gailua paratzea.

Proiektua ezartzean kontuan eduki beharreko balio nagusietako bat Irati, Urrobi eta Erro ibaietako kontserbazio eremuko eremua da. Horren eta jardueraren konexio bakarra euri-urak San Bartolomé sakanan barna isurtzea da, ur gora, bokaletik kilometro bat baino urrunago. Hori dela-eta, aipatu behar da dokumentazioan berariaz ezartzen dela patioetan ezin dela pilatu kutsadurarik sortzen ahal duen ezer, ez hondakinik, ez lehengaiak, ez erregairik. Patioak hutsik egon beharko dira ibilgailuak ibiltzeko. Horrela, patioetatik isurtzen denak ez die kalterik eginen Natura 2000 Sareko eremu horretako urei.

Instalazioak paisaian izanen duen eraginari dagokionez, proiektua bat dator Irunberriko 6. banaketa-eremuko 1. sektoreko jarduera ekonomikoen arloko plan partzialean 3.1 eta 2.6 lurzatiak bat eginik sortuko den jarduera-eremurako ezartzen den soluzio paisajistikoarekin. Eremu hori guztirako azaleraren %24 izanen da eta beste %24 berdegune publikoek hartuko dute. Berdegune horietan ezpondak ereinen dira eta ureztatutako perimetroan frutarbolak eta zuhaixka apaingarriak landatuko dira, multzoaren estetika egokitzeko estrategiaren barruan.

Kanpoko argietan (fatxadako fokuak patioak eta industria-eraikinaren ondoko bideak argitzeko eta kale-argiak aparkaleku-eremuan) kontuan eduki beharko da instalazioa egonen den eremua E3 zonako industrialdea dela eta argi-puntuen goi-hemisferioko fluxua ezin dela izan %20tik gorakoa. Ingurumen-eraginari buruzko txosten honetan zenbait gomendio egiten dira proposameneko argiztapena hobetzeko, argiaren koloreaz, hain zuzen ere.

Baimenaren irismenaz denaz bezainbatean, aipatu beharra dago ezen, bai 21/2013 Legearen 47. artikuluaren 2. apartatuan ezartzen denari dagokionez (proiektuaren ingurumen-eragina ebaluatu behar denez ebaztea eta ebazpena arrazoitzea III. eranskinaren arabera), bai jarduerak ingurumenean edukiko duen eraginari dagokionez, proiektuan animaliak akabatzeko areto txikia baino ez dela ageri, hilean bost animalia hiltzeko. Jarduera-indizea zein txikia den ikusirik, horren eragina txikia izanen da. Noizbait jarduera handitu nahiko balitz, txerriak hiltzeko aurreikusitako jarduera-ahaletara egokituta, berariazko ingurumen-ebaluazioa egin beharko litzateke, bateragarritasuna bermatzeko.

Proiektua aztertu da eta ikusirik jarduera ezarri nahi den eremua urbanizatuta dagoela eta ez dagoela balio naturaleko elementurik eta kontuan harturik instalazioen dimentsioa eta ezaugarriak, uste da ingurumenean eta paisaian edukiko duen eragina kontrolpean mantentzen ahal dela proposatzen diren neurrien bidez. Azaldu diren jardueraren gainerako ondorio kaltegarriak (emisioak, isuriak, hondakinak eta jardunaren berezko ezbehar-arriskuak) jardueraren ingurumen-baimen integratuaren izapidean ebaluatuko dira.

III. ERANSKINA

Ukituriko administrazio publikoentzat eta pertsona interesdunentzat irekitako kontsulta-izapidearen laburpena

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoarekin bat, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, ingurumen-organoaren eginkizunak betez, kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei eta horretarako titularrak aurkeztutako ingurumen-dokumentua igorri zien, lege horren 45. artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz.

Hona hemen tramite horretan kontsultatutako entitateen eta jasotako erantzunen gaineko laburpena:

Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda.

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atala

X

Irunberriko Udala

X

Urraulbeitiko Udala

X

NILSA-Navarra de Infraestructuras Locales S.A

X

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

NASUVINSA-Navarra de Suelo y Vivienda SA

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalak jarduerari aplikatu beharreko erregelamendu sektorialaren berri eman dio titularrari eta aldeko txostena egin du.

Irunberriko Udalak Navarra para Suelo y Vivienda SA entitateak proiektuaren eta udalaren hirigintza-planeamenduaren arteko bateragarritasunari buruz egindako txostena bidali du. Dokumentu horren xedea Irunberriko AR6ko S-1eko jarduera ekonomikoen arloko plan partzialaren aldaketan mugarritutako 3.1+2.6 lurzatien batasuna da (aldaketa 2019-08-09an onetsi zen behin betiko); batasuna 2020-08-27an onetsitako birzatitze proiektuan egin zen (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 191. zk.). Instalazioaren ezaugarriak kontuan harturik eta aintzat edukita industria-lurzati horien hirigintzako zehaztapenak eta proiektatutako haragi-industriaren erabilera baimenduta dagoela, proiektua bat dator aplikatu beharreko hirigintzako arautegiarekin.

Nolanahi ere, dokumentuan adierazten da erabileren eta lerrokaduren planoak aurkeztu gabeko birzatitze proiektuaren eranskin batean bilduko direla eta proiektuaren izapideak amaitu arte egin beharreko urratsak zehazten dira.

Urraulbeitiko Udalak adierazten du proiektuaren arabera animaliak akabatzeko areto esperimentala egonen dela jarduera osagarri gisa eta hilean behin bost txerri akabatuko direla bertan. Udalaren esanetan, proiektuaren arabera areto horrek bi helburu ditu: batetik, animaliak hiltzeko moduarekin esperimentuak egitea; bestetik, arautegian ezartzen dena baino hurbilago abeletxeak jartzea eragoztea, egunen batean txerriak hiltzeko beste instalazio bat eraiki ahal izateko izapidetzen ari denaren ondoan, hau da, txerriak zatitzeko lantegiaren osagarri, sustatzaileak nahi duen bezala.

Udalaren iritziz, osagarri gisa proposatzen den akabatze-jarduerak ez luke eragotzi behar hurbilean abeletxeak instalatzea, ez eta daudenak handitzea ere. Gainera, adierazten du Urraulgoitiko txerri-ustiategi bat handitzeko espedientea izapidetzen ari direla eta Abeltzaintza Zerbitzuak horren aldeko txostena egin duela, eta zerbitzu horrek egindako txostena erantsi du. Txosten horretan kontuan eduki da txerri-hiltegi hau egiten ahal dela.

Navarra de Infraestructura Locales SA-NILSA sozietate publikoak egiaztatu egin ditu proiektuan jarduerak sortuko dituen isuriez agertzen diren datuak eta esan du onartuta dagoela ur horiek HUAn araztea. Hala ere, Udalak dio proiektuaren dokumentazioan ez dela ezer esaten industria-saneamenduko linean isuriko diren emariak neurtzeko ekipoak instalatzeaz. Erraz ezartzeko moduko neurria da eta proiektuan sartu behar litzateke, udalak sustatzaileari bidali zizkion baldintza lotesleetan adierazten den bezala. Txostenean berriz ere ezartzen da honako baldintza hau: behin jarduerari ekinez gero, enpresak kutsadura emariei eta kargei buruzko azterlana egin beharko du. Horrez gainera, baimenari ezarritako baldintzak aipatzen dira, titularrak dagoeneko ezagutzen dituenak, eta adierazten da onarpen-proposamena ingurumenaren arloko agintaritza eskudunek onetsi beharko dutela eta isurketarako baimena eman beharko dutela.

Iragarkiaren kodea: F2108911