140. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

484E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa ematen duena Iturengo Arau Subsidiarioak 2. poligonoko 209. lurzatian aldatzeari buruz. Iturengo Udala da aldaketaren sustatzailea.

Aldaketak Iturengo Udalaren hasiera bateko onespena du, abenduaren 30ean emana, eta jendaurrean jartzeko tramitea egin da, iragarki bat argitaratu ondoren 2021eko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 14koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5f eta 6.2 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua baino ez du behar.

Aldaketaren bidez 2. poligonoko 209. lurzatia hiri lurzoru finkatuan sartuko da, herriaren komunitate-ekipamendurako sistema orokorren osagai gisa (SG-7), eta aparkaleku-erabilera izanen du, Latsagako Bidea ere barnean harturik (733,63 m²). Aldaketak berekin dakar 209. lurzatiaren sailkapena aldatzea, lurzoru urbanizaezinetik hiri lurzorura. Duela gutxi eraikitako eskolaren parean dago lurzatia, eta ikastetxe horren beharrak asetzeko erabili nahi da, baita herri osoaren zerbitzurako ere, hiri-sarearen ezaugarriengatik ez baitago aparkalekurik inguru horretan.

Aldaketaren eremuak 2.433,37 m²-ko azalera du. Ezkurra ibaiaren eskuin ertzean dago, Latsaga eta Ituren auzoak lotzen dituen zubia baino gorago, eta bi azpilurzatik osatzen dute. B azpilurzatian ibaiertzeko landaredia dago, eta A azpilurzatia lehorreko laborantzarako erabiltzen da.

Aparkalekua errepidetik hurbil kokatzea proposatu da, urak hartzen ahal duen eremutik urrunen dagoen aldean (A azpilurzatiaren mendebaldeko muturrean). Horrela, lehentasunezko fluxuko eta uholde arrisku handiko eremutik kanpo egonen da. Beraz, ez da aurreikusten ez urertzeko landaredia ukitzerik ez uraren fluxua oztopatzerik. Arroko erakundeak aldeko txostena eman du proposamenari buruz.

Apirilaren 14an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak aldeko txostena eman zuen ingurumen ebaluazioaren prozedurari buruz, baldintza hau ezarrita: ingurumen- eta paisaia-integraziorako, haltzadi kantauriarreko ohiko espezieak landatu behar dira aparkalekuak hartuko duen eremuaren mugan.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua

Honako hau EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea Iturengo Arau Subsidiarioak 2. poligonoko 209. lurzatian aldatzeari buruz. Iturengo Udalak sustatu du aldaketa. Ez du ingurumenean eragin nabarmenik izanen, baina ingurumen-integrazioa egin behar da, urertzeko espezieak landatuz (Fraxinus excelsior, Alnus glutinosa, Salix...) aparkalekuaren eta ibaiertzaren arteko mugan.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Iturengo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2108450