140. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

483E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Leitzako Udal Planeko aldaketa egituratzaile bati buruz. Aldaketa horrek 2. poligonoko 523B lurzatiari eragiten dio.

Leitzako Udalak 2021eko urtarrilaren 26an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarkia argitaratuz 2021eko 50. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 4koan.

Aldaketaren xedea da hirigintzako sailkapena aldatzea 2. poligonoko 523B azpilurzatiari, indarra duen Udal Planeko “baso lurzoru”tik “nekazaritza eta abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoru”ra pasatuz (azken hori natura aldetik ustiatzeko duen balioagatik gorde beharreko lurzoruaren parekoa da).

Lurzatia Erreka parajean dago, NA-1320 errepidetik eta Leitzaran ibaitik ekialdera, ibaiaren polizia eremutik kanpo. 523B lurzatian usoen hazkuntzarako hiru eraikuntza daude (414 eta 173 m²-ko haztegia eta 167 m²-ko biltegia). Beraz, lurzatiak abeltzaintza-erabilera du. Aldaketarako proposamenean aurreikusten da 253. lurzati osoak izan dezala nekazaritza eta abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezinaren azpikategoria, lurzatiaren ezaugarriak eta egungo egoera aintzat hartuz. Beraz, planeamenduan aldaketa egiteko proposamenaren helburua doikuntza bat da, eta ez du ingurumenean ukipenik sortuko.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazioaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea honi buruz, ez baitu ondorio nabarmenik sortuko ingurumenean: Leitzako Udal Planeko aldaketa egituratzailea 2. poligonoko 523. lurzatian. Irati Barandiaran Olaetxea da aldaketaren sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Leitzako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2108449