140. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

104E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 18koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, iraungitzat deklaratzen duena Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 4ko 208E/2018 Ebazpenaren bidez emandako ingurumen baimen integratua, Cintruenigoko udal-mugartean Alberto Sanchez Martinezek sustatu zuen txerriak gizentzeko instalazioarena.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 4ko 208E/2018 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratua eman zen, gizentzeko txerrien toki kopurua 1.191tik 3.079ra handitzeko proiektua gauzatu ahal izateko aipatu ustiategian.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11.1 artikuluak hau ezartzen du: bi urte iragaten badira ingurumen baimen integratua eman zenetik proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte iragaten badira hura bukatu gabe eta jarduera abian jarri gabe, ulertuko da baimena iraungi dela eta ondoriorik gabekoa dela.

2021-02-22an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatu du handitze-proiektua gauzatzen hasi gabe dagoela eta gizentzeko txerrien 1.191 toki daudela oraindik.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 23. artikuluak ezartzen duenez (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), ingurumen baimen integratua iraungitzeko, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak espresuki adierazpena eman beharko du, espediente administratibo baten ondoren, non titularrari entzunaldia emanen baitzaio.

Ebazpen-proposamenaren aurretik instalazioaren titularrari entzunaldia eman zaio hamabost egunez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Horrenbestez, legez ezarritako epea amaituta, bidezkoa da deklaratzea iraungita dagoela Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 4ko 208E/2018 Ebazpenaren bidez emandako ingurumen baimena.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Iraungitzat jotzea Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 4ko 208E/2018 Ebazpenaren bidez emandako ingurumen baimen integratua, Cintruenigoko udal-mugartean Alberto Sanchez Martinezek sustatutako txerriak gizentzeko instalazioarena.

Bigarrena.–Instalazio horretarako ingurumen baimen integratuan bildu ziren baimenak eta inskripzioak ondoriorik gabe uztea, eta abeltegi horretako simaurrak sortu eta kudeatzeko 0720031321/1/1 planaren onespena bertan behera uztea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek –administrazio publikoek izan ezik– gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Alberto Sanchez Martinezi, Cintruenigoko Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Nekazaritza Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 18an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2108213