140. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

96E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita aldaketa nabarmena egiteko zerramen instalazio batean. Instalazioa Murillo el Cuendeko udal-mugartean dago, eta Agropecuaria San Fermín SLU da titularra.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 23ko 645/2010 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 19ko 1035/2012 Ebazpenaren bidez aldatua eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 9ko 375E/2016 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2020-08-18an titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen; proiektuaren xedea da ekoizpen-orientazioa aldatzea, gizendu aurreko fasea kenduz eta zerramentzako toki kopurua 2.700era igoz. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2020-12-21eko irizpenean adierazi zuen aldaketa hori ez-funtsezkoa zela, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmentzat jo zuen, aldaketa garrantzitsuak baitakartza instalazioak funtzionatzeko baldintzetan. Hortaz, lehendik duen ingurumen baimen integratua aldatu egin behar da, aipatutako aldaketak han jasotzeko.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzen duen administrazio prozedura tramitatzeko. Hortaz, 2020-12-21ean, prozedura hori abiatu zen, proiektua gauzatu ahal izateko, hots, gizendu aurreko fasea kentzeko, zerramentzako toki kopurua 2.160tik 2.700era igotzeko eta aurrerakoentzako tokiak ere gehitzeko, simaur eta nitrogeno gehiago sortu gabe, 769,5 ALUko kopuruari eutsiko baitzaio.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz izapidetu da espedientea (Erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da 15 egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Lurzoru urbanizaezinean baimenduta dagoen jarduketa bat denez, hura udalaren eskumenean gelditzen da, eta ez du lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Murillo el Cuendeko udal-mugartean dagoen zerramen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzea. Instalazioaren titularra San Fermín SLU da. Aldaketaren xedea da ekoizpen-orientazioa aldatzea, gizendu aurreko fasea kenduz eta zerramentzako toki kopurua 2.700era igoz; horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren kasuan kasuko espediente administratiboetako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren baldintzak ere.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa, 15P02178040562010 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 1780090028/2/3 Plana onestea. Ebazpen honen XI. eranskinean dago.

Laugarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu izanaren erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bitartean, indarra duen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Agropecuaria San Fermín SLUri, Murillo el Cuendeko Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Nekazaritza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 11n.– Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2108116