139. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

21E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 24koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana; honen bidez jarduera sailkatuaren baimena eta obrak egiteko baimena ematen dira proiektu honetarako: Espartza Galarko hondakin geldoak isurtzeko gunea zabaltzea Espartza Galarko Morea izeneko lekuan, Galar Zendean; proiektua Recuperación Ambiental SL enpresak sustatu du.

Nafarroako Gobernuaren 2018ko maiatzaren 16ko erabaki baten bidez Recuperación Ambiental SL enpresak sustatutako proiektu hau onartu zen: “UPSa eguneratzea Iruñerrian material geldoen hondakindegia ezartzeko”. Erabaki horretan adierazten zen UPSaren interes orokorrak hura eguneratzeko proiektua ere hartzen duela, xedea ez baita ezertan aldatzen.

Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onartutako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 47. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 2019ko martxoaren 28an Recuperación Ambiental SL enpresak baimena eskatu zuen proiektu honetarako: Espartza Galarko material geldoak isurtzeko gunea zabaltzea Espartza Galarko Morea izeneko lekuan, Galar Zendean; proiektua Recuperación Ambiental SL enpresak sustatu du.

Proiektuaren helburua honako hau da: eraikuntza eta eraispen jardueretatik datozen 1.759.670 m³ material geldo modu kontrolatuan isurtzea eta ondoren lurzorua egokitzea laborantzarako erabiltzeko. Materialak isuriko diren lursailaren azalera, eremu lagungarriak barne, 413.473 m² da. Baimenaren izapideetan honako ebazpen hauek eman dira:

–156E/2020 Ebazpena, uztailaren 3koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez zabalkuntza-proiektuaren aldeko txostena egiten da, jarduera sailkatuari buruzko ebazpena eman aurretik; txostenak izapideetan txertatzen du kutsaduraren prebentzioa eta jarduera egin ahal izateko hondakin kudeatzailea izan beharra, horretarako baimena lortuko bada.

–604E/2020 Ebazpena, uztailaren 21ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana; honen bidez Recuperación Ambiental SL enpresak Espartza Galarko (Nafarroa) material geldoak isurtzeko gunea zabaltzeko sustatu duen proiektuak ingurumenean edukiko duen eraginari buruzko txostena egiten da. Ebazpenak honako hau ezartzen du: “Recuperación Ambiental SL enpresak Espartza Galarko (Nafarroa) material geldoak isurtzeko gunea zabaltzeko sustatu duen proiektuak ez du edukiko eragin handirik ingurumenean, ingurumen-eraginari buruzko txosten honetan adierazten den bezala; beraz, ez da hark ingurumenean edukiko duen eraginaren ebaluazio arruntik egin behar (21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluko 2. atalean arautzen den ebaluazioa)”. Hala ere, ebazpenak baimenari erantsi beharreko baldintzak ezartzen ditu ustiapen-metodoaz, ingurumena leheneratzeaz eta ingurumen-jarraipenaz.

Halaber, aldeko txostena egin dute Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak, Babes Zibilerako Zerbitzuak eta Iruñerriko Zerbitzuen Mankomunitateak eta baimena eman dute Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eta Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziak.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 47.4 artikuluan ezartzen duenarekin eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak 63. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 20ko 365E/2019 Ebazpenaren bidez proiektuari bi izapide aplikatzen zaizkio aldi berean: informazio publikoarena eta entzunaldiarena. Ebazpena 2019ko abuztuaren 13an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean (157. zenbakia) eta ukitutako udalei eta jabeei jakinarazi zitzaien, eta isurketarako proposatutako tokiaren inguruko finken okupatzaileei ere bai.

Hala ere, errorea gertatu zen eta ebazpenaren entzunaldiaren izapidean ez zen kontuan eduki Zizur Txikiko Udala. Horregatik, entzunaldia eman zitzaion Zizur Txikiko Udalari: 10 egun baliodun 2021eko apirilaren 29tik aurrera (Udalak egun horretan jaso zuen horretarako berariaz bidalitako ofizioa).

Horretarako ezarritako epealdiaren barruan, 2019ko irailaren 25ean, Zizur Txikiko Kontzejuak alegazio-idazkia aurkeztu zuen. Jarraian alegazio horiek laburpena egiten da eta erantzuna ematen zaie:

Laburpena: Alegatzen du proposatzen den zabalkuntzaren ondorioz are ur gehiago isuriko dela NA-6000 errepidearen ertzeko arekara eta ura Zizur Txikiko Kontzejuak Zizurko 1. poligonoko 339. lurzatian dauzkan labore-sailetara iritsiko dela. Halaber, adierazten du ez dakiela “Obra Publikoen Zerbitzuaren manuzko baimena” lortu den ura arekara isurtzeko.

Eskatzen du material geldoak isurtzeko gunea zabaltzeko proposamena aldatu dadila, aurrean azaldutako arazoa saihesteko, eta ura berezko bilgunera (sakana/ubidea) eramateko (“Barranco de la Morea” esaten zaio).

Erantzuna: Sustatzaileak berretsi egin du alegaziogileak euri-urez esandakoa, hau da, isurketa-lekuko ura NA-6000 errepideko areka heltzen dela, eta adierazi du aipatutako finken inguruan, uretan behera eginik, ez dagoela arekarik. Sustatzaileak ez du horretan esku hartu. Horrez gainera honako hau adierazten du: “Isurketa-lekua zabaltzen proiektuaren ondorioz ur gehiago bideratuko dela eta, ez da hala gertatuko, euri-ur guztiak zuzenean baitoaz erretenera, NA-6000 errepideko areka erabili gabe.

Hala ere, sustatzaileak konpromisoa hartzen du isurketa-gunea zabaltzeko lanetan areka horretatik ura erretenera joateko ubidea egiteko, oraingo isurketa-lekuko euri-urak ez daitezen heldu Zizur Txikiko Kontzejuaren 1. poligono 340. lurzatira. Ubide hori isurketa-lekuaren zabalkuntzaren funtzionamenduko lehen hilean eginen litzateke.”

Aurrean azaldutako azalpenek alegazio-idazkian aipatzen diren zalantzak argitzen dituzte. Gainera, enpresa sustatzaileak hartutako konpromisoak (areka horretatik ura erretenera joateko ubidea egitea) erantzuna ematen dio Zizur Txikiko Kontzejuaren eskaerari.

Beste alde batetik, aipatu behar da espedientean badagoela txosten bat, Obra Publikoen Zuzendaritza Nagusiak 2019-07-29an egina, proiektuaren eta bertako jarduketen aldekoa.

Proposamena: Alegazioa baiestea. Sustatzaileak NA-6000 errepideko arekan biltzen den ura erretenera eramateko ubidea egin beharko du, idazkian hartu duen konpromisoari jarraikiz.

Horrenbestez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2021eko maiatzaren 24an egindako txostena ikusita eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez dauzkadan ahalmenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aurkeztu diren alegazioak ebazpen honetan azaldutako moduan ebaztea.

2. Jarduera sailkatuaren baimena ematea, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 3ko 156E/2020 Ebazpenean eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 21eko 604E/2020 Ebazpenean (honen bidez Recuperación Ambiental SL enpresak Espartza Galarko (Nafarroa) material geldoak isurtzeko gunea zabaltzeko sustatu duen proiektuak ingurumenean edukiko duen eraginari buruzko txostena egiten da) ezartzen denarekin bat etorriz. Ebazpen horiek ebazpen honen I. eta II. eranskinetan agertzen dira, hurrenez hurren.

3. Baimena ematea proiektu honetako obrak egiteko: Espartza Galarko hondakin geldoak isurtzeko gunea zabaltzea Espartza Galarko Morea izeneko lekuan, Galar Zendean; proiektua Recuperación Ambiental SL enpresak sustatu du.

4. Baimen hau erabili ahal izateko, nahitaez bete behar dira jasotako txosten sektorialen eta baimenen ondoriozko neurri zuzentzaileak eta baldintzak. Zehazki:

–Babes Zibileko Zerbitzuak 2020ko irailaren 8ko txostenean xedatzen duena bete beharko da.

–Ebroko Ur Konfederazioak 2021eko otsailaren 4ko txostenean xedatzen duena bete beharko da.

–“UPSa eguneratzea Iruñerrian material geldoen hondakindegia ezartzeko” proiektuaren esparruan Arkeologia Atalak 2015eko irailaren 2an egindako txostenean xedatzen dena bete beharko da.

–Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziak zortasun aeronautikoez 2019ko uztailaren25ean O19-0478 espedientean hartutako erabakian xedatzen dena bete beharko da (erabaki honek baimena eman zuen material geldoak isurtzeko eremua handitzeko).

5. Emandako baimenek ez dute eragozten jabetza-eskubidea ez toki erakundeekiko zerga-betebeharrak, eta ez diete kalte egiten hirugarrenei.

6. Jarduera sailkatuaren baimenak ondorioak sortuko baditu, ematen denetik bi urte pasatzen badira proiektua edo jarduera hasi gabe, baimena iraungitzat joko da eta ez du edukiko inolako ondoriorik.

7. Obrak egiteko baimena dela eta, obrak urtebete igaro baino lehen hasi beharko dira, ebazpena jasotzen den egunetik aurrera, eta hasten direnean hiru urtean amaitu beharko dira. Epealdi horietako bat betetzen ez bada, baimena iraungitzat joko da. Sustatzaileak obrak noiz hasi diren jakinarazi beharko die Galar Zendeako Udalari eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari.

8. Obrak amaitutakoan sustatzaileak honako bi arau hauetan ezartzen dena egin beharko du: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, 47. artikulua; Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea eta hau garatzen duen Erregelamendua, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onesten duena.

9. Ebazpen hau eta beraren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezaten.

10. Ebazpen hau, bildutako txosten sektorialak eta baimenak atxikita, honako hauei jakinaraztea, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak sortzeko: baimenaren sustatzaile eta eskatzaileari; Galar Zendeako Udalari; Zizur Txikiko Udalari; alegaziogileari; Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari; Ingurumen Eraginaren Atala; Obra Publikoen Zuzendaritza Nagusiari; Hondakinen Atalari; Babes Zibileko Zerbitzuari; Ebroko Ur Konfederazioari; Iruñerriko Zerbitzuen Mankomunitateari; Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologia Atalari; Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentzia, zortasun aeronautikoak direla eta; Lurralde eta Paisaia Zerbitzua.

11. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira epealdi horiek.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 24an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

I. eranskina

156E/2020 Ebazpena, uztailaren 3koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana (PDFa).

II. eranskina

604E/2020 Ebazpena, uztailaren 21ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2108628