138. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

26/2021 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira aisialdiko hezkuntza proiektu onenari “Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola (NGJE)” saria emateko lehen edizioa eta haren oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 565297.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak honela definitzen du gazteriaren hezkuntza ez-formala: pertsonaren garapena faboratzen duten jarduera ez-arautuen multzoa. Heziketa hori Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGJE) ofizialki onartutako Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak eta Aisialdiko Eskolek eman ahalko dute.

Gazteriaren Foru Estrategia 2020-2023 delakoak aisialdiak gaztaroan duen garrantzia nabarmentzen du. Aisialdi hezigarria eta komunitarioa elkarbizitza, atsedena, dibertsioa eta garapen pertsonala dira. Gainera, alderdi ludiko bat du, eta hori ezinbestekoa da pertsonaren oreka sozial, fisiko, psikologiko eta emozionalerako. Haren dimentsio ekologikoak ingurumena ikustera eta zaintzera behartzen gaitu, eta ingurumenean, izaki bizidunengan eta komunitatean eragiten dugun inpaktuaren gainean estutzen gaitu. Aisialdi hezigarrirako zentro eta entitateak gizarteratzeko gune seguruak dira, erreferentziako eredu positiboekin, indarkeria eta arrisku jardueretatik urrun. Parte-hartze boluntario, automotibatu eta atsegingarrian oinarrituta daude, baina betiere beste pertsonekiko harremanetan, askotarikoak, errealitate eta esperientzia desberdinak dituztenak. Horiekin posible dira jarduera hezigarria eta garapen komunitarioa.

Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola ekainaren 21eko 236/1999 Foru Dekretuaren bidez sortu zen, eta hura da gazteriaren egunerokoan hezkuntza ez-formala sustatzearen arduraduna. Zenbait araudiren bidez, Nafarroako Gazteriaren Institutuak arautu ditu haurrentzako eta gaztetxoentzako aisialdiko hezitzaileen prestakuntza eta aisialdiko eskolen onarpena, horien kalitatea bermatzeko. Arau horien artean daude Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren otsailaren 20ko 17/2002 Foru Agindua, aisialdiko eskolak ofizialki onartutako arauak ezartzen dituena, eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren otsailaren 20ko 34/2004 Foru Agindua, aisialdiko zuzendari eta begirale izateko ikastaroak arautzeko arauak ezartzen dituena.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak, Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolaren bitartez, urtero aisialdiko begirale eta zuzendari izateko zenbait ikastaro kudeatzen ditu. Nafarroako Gobernuak ofizialki onartutako aisialdi eskolek ematen dituzte ikastaroak. Horiek egin ostean, parte-hartzaileek dagokien akreditazio diploma eskuratzen dute.

Aisialdi hezigarria sustatzeko eta aisialdi eskoletan ari diren ikasleek ikasturte amaierako memorietan aurkezten dituzten proiektuak zabaltzeko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak egoki jo du aisialdiko hezkuntza proiektu onenari “GJNE” saria emateko I. edizioaren deialdia egitea.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aisialdiko hezkuntza proiektu onenari “GJNE” saria emateko I. ediziorako deialdia antolatzea eta haren oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.

2. Sariak emateko, guztira 1.200,00 euroko gastua baimentzea, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Gazte txartelaren sariak, lehiaketak eta txapelketak” izeneko 090002 09120 4809 232102 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak https://www.juventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.

4. Ebazpen honen eta eranskinaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 7an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

AISIALDIKO HEZKUNTZA PROIEKTU ONENARI “GJNE” SARIA EMATEKO I. EDIZIOAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da araubide juridikoa eta arauak ezartzea, aisialdiko hezkuntza proiektu onenari “GJNE” saria emateko I edizioaren deialdirako.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

2.–Proposamenen aurkezpena.

Nafarroan bizi diren 14 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartzen ahalko dute. Parte hartzeko Europako Gazte Txartelaren titular izan beharko dute eta aisialdiko begirale edo zuzendari titulua izan beharko dute, 2020ko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31a bitartean lortua, Nafarroako Gobernuak ofizialki onartutako aisialdiko eskoletan.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Izena emateko orria Nafarroako Gobernuaren eredu ofizialaren araberakoa izanen da eta honako leku hauetan aurkezten ahalko da: Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan (Yanguas y Miranda 27, 31003 Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan ere.

Ezin izanen dute programan parte hartu dokumentazioa osorik aurkeztu ez duten pertsonek, oinarrietan adierazi bezala. Komunikazioa jakinarazten denetik, zazpi egun balioduneko epea emanen da aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko.

Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Programazioa/amaierako memoria, gaztelaniaz eta/edo euskaraz idatzita.

–NANaren fotokopia

Halakorik aurkeztu ezean, interesdunak eskaerari uko egin diola ulertuko da.

3.–Aurkezten diren lanen balorazioa.

Aurkezten diren lanak balioratzeko, epaimahai bat eratuko da, hauek osatua:

–Josu Laguardia Hontañón, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua, epaimahaiburu gisa.

–Ordezkoa: Jesús Beitia López, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.

–Juan Arcón Alzórriz, Gazteentzako Prestakuntza eta Argibide Bulegoko burua, epaimahaiaren erabakiak jasoko dituena eta ahotsa izanen duena, baina botorik ez.

–Ordezkoa: Elena Latorre Requetibate, administraria.

–Raquel Ezquerra Sales, NGIko gazteriako teknikaria.

–Ordezkoa: Rosa Horcada Baztán, erdi mailako tituluduna.

–Mar Basail Barberena, Gazteen Sormenaren eta Beste Zerbitzu Batzuen Bulegoko burua.

–Ordezkoa: Camino Pérez Larumbe, Gazteriaren Etxeen Bulegoko burua.

Epaimahaikideak ez badaude edo eri badaude, identifikatutako ordezkoak arituko dira haien ordez.

Epaimahaiak Nafarroako aisialdiko eskoletako zuzendaritzen aholkularitza eta laguntza teknikoa izaten ahalko du. Nafarroako Gazteriaren Institutuko Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak onartuta beharko dute izan eskola horiek.

Epaimahaiak deliberazioen akta eginen du, gehiengoz hartuko ditu erabakiak eta proiektuak hautatuko ditu. Halaber, sariak nori eman proposatu eta justifikatu beharko du, honako irizpide hauen arabera:

1. Kalitate teknikoa; horretarako aisialdiko hezkuntzako proiektuaren programazioan edo memorian jasota dauden honako elementu hauek hartuko dira erreferentzia gisa:

a. Arrazoibidea (errealitatearen analisia, jarduera esparrua): 15 puntu gehienez.

b. Planteamenduarekin koherentzia: 10 puntu gehienez.

c. Azalpen argiak: 5 puntu gehienez.

d. Erabilitako metodologia (praktikaren garapena eta erabilitako baliabideak): 15 puntu gehienez.

e. Proiektuaren gaineko balorazio pertsonala: 15 puntu gehienez.

Lehen apartatu honen totala: 60 puntu gehienez.

2. Proiektuaren helburuak zehaztea eta horiek modu arrazoituan lotzea Gazteriaren Foru Estrategia 2020-2023 eta Agenda 2030ko garapen jasangarrirako helburuetan jasotako edozein esparrurekin: 20 puntu gehienez.

(Foru estrategia horretan jasotzen diren esparruak edo arloak honako hauek dira: asoziazionismoa, gizarte inklusioa, bizikidetza eta generoa, boluntariotza, lurralde garapena, hizkuntza politika, aisialdia eta astialdia, hezkuntza formala, hezkuntza ez-formala, enplegu eta lan munduan sartzea, osasuna, kultura, mugikortasuna, kontsumoa, kirola eta bizitzaren jasangarritasuna).

3. Proiektuaren bideragarritasuna. 10 puntu gehienez.

4. Programazioa berritzailea eta jatorrizkoa izatea. 10 puntu gehienez.

4.–Sariak eta aintzatesteak aurkezten diren lanik hoberenentzat.

Aurkeztutako lan bakoitzak gehienez 100 puntu lortzen ahal ditu, eta onartua izateko gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu. Lehiaketarako onartzen diren lanen artean, epaimahaiak puntuaziorik altuena lortzen duten hiru memoriak aukeratuko ditu, eta saria eman gabe uzteko eskubidea izanen du, baldin eta aurkezten diren lanen kalitatea eta gaiak ez bazaizkie lotzen lehiaketa hau deitzeko oinarri izan diren irizpideei.

Saria emateko epaimahaiaren proposamena loteslea da eta saria emateko justifikazioa haren akta izanen da.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira sariak. Halaber, epaimahaiaren erabakia webgunearen eta sare sozialen bidez jakinaraziko da. Horrekin batera, sariak emateko jendaurreko ekitaldia noiz eta non eginen den zehaztuko da. Saria jasotzen duten lanak Gazteriaren webgunean argitaratuko dira: https://www.juventudnavarra.es/eu.

Hautatutako pertsonek honako sari hauek jasoko dituzte:

–600,00 euro eta egiaztapen diploma, puntuaziorik altuena jasotzen duen proiektuari.

–400,00 euro eta egiaztapen diploma, bigarren puntuaziorik altuena jasotzen duen proiektuari.

–200,00 euro eta egiaztapen diploma, hirugarren puntuaziorik altuena jasotzen duen proiektuari.

Sarien ordainketak %19ko atxikipena izanen du PFEZren Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 42. xedapen gehigarrian sariak ordaintzeko xedatutakoa betetzeko. Foru dekretu horrek PFEZren Foru Legearen testu bategina onetsi zuen, sariak ordaintzeko.

5.–Egile eskubideak.

Egileek aurkezten duten memoria bakoitzaren eskubideak atxikiko dituzte. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabal daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren. Hautatzen diren lanen egileek baimena ematen diote Nafarroako Gazteriaren Institutuari haien izen-deiturak argitaratzeko bere webguneetan, bere sare sozialetan eta proiektu hau zabaltzeko erabiltzen den edozein hedabideetan.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak parte-hartzaileek beren lanen gainean dituzten eskubide intelektualak errespetatuko ditu.

6.–Antolatzailearen erantzukizuna.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu, aplikagarria den araudiaren arabera, deialdi honetan gertatzen diren gorabeherak, bai eta oinarriotan aurreikusita ez dauden aferak ere. Halaber, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ahalmena izanen du oinarri hauen interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan egoten ahal diren kontuak ebazteko.

Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutua salbuetsita egonen da parte-hartzaileek egiten ahal duten edozein plagioagatik edo jabetza intelektualaren arloan indarrean dagoen legediaren edozein urraketagatik sortzen den edozein erantzukizunetatik.

7.–Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak, eta 2016ko apirilaren 27ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko 2016/679 Erregelamenduak (EB) ezartzen dutena betez, parte-hartzaileek emandako datuak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartzen ahalko dira, programarekin zerikusia duten gaitasunak eta eginkizunak dituzten pertsona eta entitate guztiekin komunikazioak eta informazio trukeak errazteko asmoz. Edozein pertsonak eskubidea du datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, aurkaratzeko, tratamendua mugatzeko, datuak eramateko, eta hari dagozkion erabaki automatizatuen aurka egiteko. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar dio Nafarroako Gazteriaren Institutuari.

8.–Harremanak

Nafarroako Gazteriaren Institutua.

Yanguas y Miranda kalea 27, 31003 Iruña

848 423900 enaj@navarra.es https://www.juventudnavarra.es/eu

Iragarkiaren kodea: F2108025