138. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Ordenantza, Lerateko badian (Allozko urtegia) ibilgailuak aparkatu eta bainu eremua erabiltzea arautzen duena

Gesalazko Udalak, 2021eko martxoaren 8an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lerateko badian (Allozko urtegia) ibilgailuak aparkatu eta bainu eremua erabiltzea arautzen duen ordenantza.

Aipatutako aldaketa argitaratu zen 2021eko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 6an. Jendaurreko epean ez zen alegaziorik egin, eta, beraz, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Ordenantza, Lerateko badian (Allozko urtegia) ibilgailuak aparkatu eta bainu eremua erabiltzea arautzen duena.

Gesalazko Udalak badu jada ordenantza bat Lerateko badian aparkaleku baten sustapen publikoa egiteko, sarbideak antolatzeko xedez, baina ordenantza hori zabaldu egin behar da, azpiegitura mota hori arautzeko eta saihesteko bizilagunek eta bisitariek erabiltzeagatik natura eremu batean egon daitezkeen arazoak.

Hori dela eta, ordenantza honen aldaketa onestearekin, arautu nahi da aparkalekua eremu horretan, eta bidenabar beste zenbait gai, hala nola: zaintzailerik gabeko bainu eremuak, txakurrak edukitzea, suteen prebentzioa, aparkatzeko tasak, kutsadura akustikoa, ibilgailu motordunen erabilera eta zaborren autokudeaketa.

Gaur egun zaborren kudeaketak sortzen duen problematika ikusita, Gesalazko Udalak lan eginen du Lerateko badia eta haren ingurua hondakinik gabeko naturagune izan daitezen. Horretarako, gune hori bisitatzen duten pertsonak hondakin horien kudeaketaz arduratuko dira, eta, beraz, beren hondakinen ardura hartuko dute, eta lagunduko dute Lerate eta bere ingurunea guztiontzako gune ederragoa eta osasungarriagoa izan daitezen.

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Ordenantza honen xedea da Lerateko badiaren inguruan aparkaleku publiko bat sustatzearen ondorioz eratorritako aisiarako erabilerak eta aparkalekua bera arautzea.

2. artikulua. Kontzejuaren eskumena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluan xedatuarekin bat, kontzejuen kudeaketa- eta administrazio-organoei dagozkie, besteak beste, honako eskumen hauek:

–Beren ondarea administratu eta zaintzea, baita haren aprobetxamendua eta erabilera arautu eta antolatzea ere.

–Mugarteko landabideak zaindu, artatu eta begiratzea, baita kontzejuen interesekoak baino ez diren gainerako erabilera eta zerbitzu publikoko ondasunak ere.

–Bideak garbitzea.

Lerateko Kontzejuarekin sinaturiko hitzarmen baten bidez egin zen lurraren lagatzea Lerateko badiaren azpiegiturak egin eta badia ustiatzeko.

Aparkalekurako lurzatia kontserbatzea eta mantentzea udalari dagokionez, beharrezkoa da lurzati horren erabilera arautzea.

Gelditzea eta aparkatzea

3. artikulua. Arau orokorrak.

1. Gelditu eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko, ezta arriskurik sortuko ere aparkalekuaren gainerako erabiltzaileei; zainduko da ibilgailua non uzten den eta begiratuko, gidaria kanpoan delarik, mugitzen has ez dadin.

Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.

Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko moduan, bai eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan ere.

2. Gelditzea da ibilgailua 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea, jendea hartu edo uzteko edo zama-lanak egiteko. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.

3. Hiriarteko autobusak gelditu ahal izanen dira, bakar-bakarrik, bidaiariak hartzeko eta uzteko, berariaz baimendutako eta seinaleztatutako geralekuetan.

4. Aparkatzea da ibilgailu bat bi minutu baino gehiagoan ez mugitzea, zirkulazioak hala behartzen duelako ez bada.

5. Gidariek ez dute zilegi izanen ibilgailua geldirik edo aparkaturik uztea motorra pizturik dagoela, ibilgailu barnean gelditzen ez badira.

6. Windsurflariek aparkatu ahalko dute windsurf dartsena inguruan egokitutako eremuan.

Dartsena inguruan aparkatzeko, udalak emandako bonoa izan behar dute, ibilgailuaren kanpotik ikusteko moduan jarria. Agerian jarri beharreko baimena ez jartzeak, zehapena ekar dezake.

7. Ibarrean erroldatuta dauden eta Gesalatzen alta emanda dagoen autoaren jabe diren herritarrek doan aparkatu ahalko dute aparkalekuan, eta horretarako jarritako plataformaren bidez ere erreserbatu ahalko dute plaza.

4. artikulua. Ibilgailuak, autobusak, kamioiak, autokarabanak, atoiak, edukiontziak eta karabanak.

Autobusek, karabanek, atoiek, edukiontziek eta erdi-atoiek aparkalekuan aparkatu beharko dute.

Debeku da aparkalekuan gaua ematea eta aulkiak, mahaiak eta halakoak jartzea.

Seinaleak

5. artikulua. Seinaleak jartzea.

Lerateko Kontzejuak aginduko du kasu bakoitzean beharrezko diren trafikoko seinaleak jartzea, kentzea eta ordeztea.

Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera bideetan aurkitzen dituzten gainerako erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.

6. artikulua. Aplikazioa.

Lerateko sarreretan jarritako seinaleek, banaka edo karteletan bildurik, Lerateko Kontzejuaren mugarte osoan arautuko dute aparkatzea.

Arau-hausteak

7. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Ordenantza honen aurkako egiteak eta ez-egiteak arau-hauste administratibotzat joko dira eta bertan jasotakoaren arabera zehatuak izanen dira.

2. Udalaren eskumenekoak ez diren arau-hausteak dagokion administrazio eskudunaren esku jarriko dira.

8. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, baldin trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste araudi batean arau-hauste astunaren edo oso astunaren kalifikazioa ez badu.

Zehazki, arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan araututakoaren arabera aparkatzeko ezarritako lekutik kanpo aparkatzea.

Zehapenak

9. artikulua. Motak.

1. Arau-hauste arinak 100,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; astunak, berriz, 200,00 euroko isunekin.

Zonifikazioa

10. artikulua.

Espazioa behar bezala erabiltzeko eta erabiltzaileen arteko bizikidetza ona lortzeko, erraz ikusteko eta bereizteko moduko bi eremu zehaztu dira.

Mendebaldeko eremua: udal-ontziralekutik, hura barne, egurrezko pasabideraino eta babesguneraino, biak barne.

Ekialdeko eremua: pasabidetik hasi, hura kanpo, eta windsurfeko arrapalaraino.

Zakurrak edukitzea

Zakurren jabeen betebeharrak.

11. artikulua. Zakurrak edukitzea.

Mendebaldeko eremua: Lerateko badiaren alde honetan dabiltzan txakurrek behar bezala identifikatuta eta txertatuta egon beharko dute, eta horien erantzuleek katez edo uhalez eraman beharko dituzte.

Ekialdeko eremua: zakurrak aske egon daitezke, betiere animaliaren arduraduna inguruan baldin bada eta haren kontrolpean badaude.

Bi eremuetan, jabeak beharturik daude haien kakak eta haiek sortzen dituzten zikinak garbitzera. Gainera, arriskutsuak gerta daitezkeen animaliei nahitaez animalia bakoitzaren arraza-tipologiarako egokia den muturrekoa jarri beharko zaie, 50/1999 Legeak xedatutakoaren arabera. Kontrolpean eraman beharko dira bi metrotik beherako kate edo uhal luzaezinaren bidez, eta pertsona bakarrak ezin izanen du halako zakur bat baino gehiago eraman.

Arau-hausteak eta zehapenak

12. artikulua. Arau-hauste arinak.

–Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Lerateko badian zakurrak kate edo uhalik gabe eramatea, baimendu gabeko eremuan.

b) Lagun egiteko animaliek espazio publikoetan utzitako gorozkiak ez biltzea.

13. artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astuna izanen da arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea.

14. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Arau-hauste oso astuna izanen da arau-hauste astunak behin baino gehiagotan egitea.

15. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinak 60,00tik 150,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; astunak 151,00tik 600,00 eurora bitartekoekin, eta oso astunak 601,00etik 3.000,00 eurora bitartekoekin.

Berariaz debekatutako jarduerak

Jarduera debekatuak.

16. artikulua. Ingurua garbitu eta mantentzea.

Ezin da bota lurrera edo uretara paperik, plastikorik, botilarik, zigarrokinik, janari-hondarrik edo beste edozein hondakin organiko edo ez-organikorik. Hondakinak sortzen dituzten pertsonek berek jaso eta gorde beharko dituzte.

17. artikulua. Kutsadura akustikoa

Espazioaren “ondare sentsoriala” babesteko, ez dago baimenduta erabiltzea megafonoak, bozgorailuak edo soinuak, ultrasoinuak edo zaratak sortzen dituzten tresnak, baldin eta bizilagunei eta erabiltzaileei enbarazu egiten badiete eta natura-ingurunea asaldatzen badute, Gesalazko Udalaren edo Lerateko Kontzejuaren berariazko baimena duten jarduerak izan ezik.

18. artikulua. Ibilgailu motordunak erabiltzea.

Ezin da motordun ibilgailurik erabili 11. artikuluan adierazitako eremuetan, aparkalekutik kanpo, Gesalazko Udalaren edo Lerateko Kontzejuaren berariazko baimena duten ibilgailuetan eta larrialdietan izan ezik.

Norbere hondakinen kudeaketa

19. artikulua. Erabat debekatuta dago lurrera edo uretara botatzea edo uztea paperak, plastikoak, botilak, zigarrokinak, janari-hondarrak edo beste edozein hondakin organiko edo ez-organiko.

Arau-hausteak eta zehapenak

20. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Aparkalekuan gaua ematea.

b) Aparkalekuan aulkiak, mahaiak eta halakoak jartzea.

c) Lurrera edo uretara botatzea edo uztea paperak, plastikoak, botilak, zigarrokinak, janari-hondarrak edo beste edozein hondakin organiko edo ez-organiko.

d) Kutsadura akustikoa eragitea.

e) Ibilgailu motordunak erabiltzea ordenantza honetan ezarritako eremuetan, aparkalekutik kanpo.

21. artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astuna izanen da arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea.

22. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Arau-hauste oso astuna izanen da arau-hauste astunak behin baino gehiagotan egitea.

23. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinak 60,00tik 150,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; astunak 151,00tik 600,00 eurora bitartekoekin, eta oso astunak 601,00etik 3.000,00 eurora bitartekoekin.

Zehapen prozedura

24. artikulua. Prozedura.

Prozedura izapidetuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

25. artikulua. Berehalako ordainketa.

Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalean %50 merkeago ordainduko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzen bada, uko eginen zaio alegaziorik aurkezteari eta berariazko ebazpenik eman behar izan gabe bukatu daiteke prozedura. Nolanahi ere, gainerako kasuetan dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.

26. artikulua. Eskumena.

Gesalazko alkatearen eskumena da ordenantza honetan jasotako arau-hausteak zehatzea, eta ahalmena du antzematen diren arau-hausteen berri emateko organo eskudun zehatzaileari; hori guztia, kontzejuko eta udaleko langileei ordenantza honetan jasotakoak antolatzeko eta betetzen direla kontrolatzeko ematen zaien ahalmenaren kaltetan izan gabe.

27. artikulua. Aparkatzeko tasak.

Udalak osoko bilkuran onetsiko ditu aplikatu beharreko aparkatzeko tasak.

Muetzen, 2021eko maiatzaren 20an.–Alkatea, Pedro José Soto Eguren.

Iragarkiaren kodea: L2108306