138. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABARTZUZA

Ordenantza, eguzki energia jasotzeko instalazioen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Udalak, 2021eko martxoaren 11n egindako bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Abartzuzako udal-mugartean eguzki energia jasotzeko instalazioen erabilera arautzen duen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon da 30 egunean, iragarkia Udalaren iragarki-taulan eta 2021eko 81. Nafarroako Aldizkari Ofizialean agertu ondoren, apirilaren 13an. Inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta osorik ematen da testua argitara.

Abartzuzan, 2021eko maiatzaren 25ean.–Alkatea, Alberto Pagola Goñi.

UDAL ORDENANTZA, ABARTZUZAKO UDAL-MUGARTEAN EGUZKI ENERGIA JASOTZEKO INSTALAZIOEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea zelula fotovoltaikodun panelen bidez edo panel kolektore termikoen bidez eguzki energia biltzeko instalazioak ezartzeko Abartzuzako udal-mugartean.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Abartzuzako udal-mugarte osoa hartzen da aplikazio eremutzat.

II. KAPITULUA

Hiri-lurzoruaren edo lurzoru urbanizagarriaren gaineko instalazioak

3. artikulua.

Eguzki-instalazioak baimenduko dira soilik eraikinen energia beharra asetzeko direnean, partez edo osorik, hots, etxeko ur beroa sortzeko direnean (eguzki-instalazio termikoak) edo norberaren kontsumorako argindarra sortzeko direnean (eguzki-instalazio fotovoltaikoak), 900/2015 Errege Dekretuaren arabera.

4. artikulua.

Plakak instalatuko dira estalkien gainean eta haien angelu berarekin, urak husteko ezinbestekoa den tartea utzita.

5. artikulua.

Sustatzaileak bermatuko du plakek ez dutela islarik egiten, ez dadin arriskutsua izan bide-segurtasunerako eta ez dezan eraginik izan inguruko etxebizitzetan.

6. artikulua.

Ez da inoiz zilegi plakak estalkiaren gailurreraino iristea, ezta haren ertzetaraino ere; izan ere, estalkiaren tamainak agerian egon beharko du. Horregatik, instalazioak 60 zentimetroko tartea utziko du, gutxienez ere, teilatu-hegalaren kanpoaldera, eta 60 zentimetrokoa gailurrera.

7. artikulua.

Estalki lauetan edo zabaltzetan jar daitezke, honako baldintza hauekin:

a) Gehienezko okupazioa baimenduta egonen da, non eta panelak ez diren ikusgai gelditzen.

b) Karel opakuen gehienezko garaieraren azpitik gelditu behar dira.

8. artikulua.

Oro har, ezin dira fatxadetan instalatu, eta oso kasu berezi eta justifikatuetan instalatzen ahalko dira, baldin eta ingurunearekin eta hirigintzako arauekin harmonian badaude.

9. artikulua.

Salbuespenez, proposatzen ahal da eraikinetan eguzki-panelak ezartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek baloratu ondoren, Udalaren osoko bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

10. artikulua.

Udal Planeko eraikinen katalogoan sartutako eraikinetan eguzki panelak jartzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundeari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan.

11. artikulua.

Transformadoreak, biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, koadro elektrikoak, kanalizazioak, metagailuak eta, hala badagokio, beste instalazio osagarri batzuk estalkian edo fatxadan ikusgai ez egoteko moduan kokatu behar dira, eta, ahal dela, eraikuntzaren barruan kokatu beharko dira.

12. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuan dauden instalazioak.

Udalaren osoko bilkurak baimendu beharko ditu espresuki, baloratu ondoren, teilatuetan, zabaltzetan, terrazetan eta lurzoruetan jartzeko proposamen mistoak.

Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintzak betez gero:

–Instalazioa baimenduko da soilik eraikin kontsumitzailea aurretik existitzen denean.

–Etxebizitzaren lurzoru libre pribatua aisialdirako eremu, eremu berde edo zirkulaziorako eremu gisa erabiltzeko denez, gehienez ere azalera guztiaren %60ra mugatuko da eguzki-panelen gehienezko okupazioa, 32 metro koadroko mugarekin, betiere.

–Lurzoruan bermatuta paratuko dira. Instalazioak, barnean direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin dira izan 1,50 metro baino altuagoak, lurretik neurtuta.

III. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinaren gaineko instalazioak

13. artikulua. Aldez aurreko baimenak.

1. Eguzki energiarekin argindarra sortzeko instalazioak ezartzea lurzoru librean (eguzki parkeak) berariaz araututa dago indarrean dagoen araudi sektorialean: Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emandako 64/2006 Foru Agindua.

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa da ezarriko den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Aurretik zeuden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, eraikinak une hartan indarrean zen araudiaren arabera ezarri baziren, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunak aldez aurreko baimenik tramitatzea lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

14. artikulua.

Nekazaritzako eta abeltzaintzako nabeetan eta eranskinetan plakak estalkiaren gainean bakarrik jarriko dira, eta inklinazio bera izan beharko dute; gainerakoan, aurreko artikuluetan hiri-lurzorurako adierazitako baldintzen mende egonen da instalatzea.

15. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.

Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, linearen ingurumen-ukipenetarako baimenaren espedientea tramitatzea beharrezkoa izanen da (93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duena). Hura baimendu arte ezin izanen da panel fotovoltaikoak jartzeko lizentzia eman.

Hornidura garraiatzeko hodiak lurperatzeari buruzko udal araudian xedatutakoa bete beharko da.

IV. KAPITULUA

Tramitazioa

16. artikulua. Lizentzia eskaera.

Ordenantza honetan arautzen den instalazioa jartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Abartzuzako Udalari eskatuko zaio udalaren obra-lizentzia. Horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko da.

Udalaren zerbitzu teknikoek eskaera bakoitza baloratuko dute, eta haren gaineko txostena eginen dute.

17. artikulua.

Udal lizentzia eman aurretik, beharrezko baimenak tramitatuko dira, kontuan harturik Abartzuzako Udal Planean eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritako betebehar partikularrak.

18. artikulua.

Lizentziak, betiere, emanen dira kalterik egin gabe jabetza eskubideari eta hirugarrenei. Eskatzailea izanen da lanek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzulea.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarri eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L2108739