138. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

592/2021 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, agindua ematen duena Sesmako “El Monte” ureztatzeko herri-lurraren aprobetxamendu berezia arautzen duen ordenantza argitaratzeko.

Nafarroako Gobernuak, 2021eko apirilaren 28an eginiko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

“Nafarroako Gobernuaren erabakia, 2021eko apirilaren 28koa, Sesmako “El Monte” ureztatzeko herri-lurraren aprobetxamendu berezia arautzen duen ordenantzaren aldaketa onesten duena.”

Ordenantza horrek arauaren balioa duenez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, ondorio juridikoak sor ditzan.

Adierazitakoarekin bat, erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

EBAZTEN DUT:

1. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

2. Ebazpen hau Herri-lurren Atalera igortzea.

Iruñean, 2021eko ekainaren 2an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

SESMAKO “EL MONTE” UREZTATZEKO HERRI-LURRAREN APROBETXAMENDU BEREZIA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da ondoren aipatzen diren herri-lurretako finken azalera ureztatuek mugatutako lurren aprobetxamendu berezia arautzea: 4-517, 5-12, 5-122, 5-129, 5-203 (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 174. artikuluan ezarritakoaren arabera eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuaren 217. eta ondorengo artikuluetan ezarritakoaren arabera); eta lur horien aprobetxamendua ez ezik, etorkizunean ureztatzeko herri-lurtzat har daitezkeenenak ere bai.

Lur horiek herri-lurrak dira, eta ordenantza honetan arautzen ez den guztian, Herri-ondasunen Aprobetxamendua Erregulatzen duen Ordenantzak ezartzen duenari jarraituko zaio (1989ko urtarrilaren 13an behin betiko onetsia eta 1989ko 69/89. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 5ekoan).

2. artikulua. Erabilera eta xedea.

1. Aprobetxamendu horren xedeko lurzatiak ureztatzeko nekazaritzako ustiategietarako bakarrik erabiliko dira, edozein modalitatetan.

2. Berotegiko ustiategiek uraren aprobetxamenduari dagokionez lehentasun osoa dutela bermatzen da, beste edozeinen aldean.

3. Loteak ureztatzeko edozein modalitatetan ustiatzen ahalko dira, eta 8 eta 25 urte bitarteko epeetan adjudikatuko dira. Beste bost urtez luzatu ahal izanen dira, baldin eta landaketak edo instalazioak behar bezala ustiatzeko moduan badaude. Udalaren osoko bilkurak eginen ditu adjudikazioak eta zehaztuko ditu baldintzak.

4. Ustiategi horren mendeko edo horrekin zuzenki lotutako gainerako jarduerak baimentzen dira, baldin eta lurzatien oinean kokatu behar badira edo lurzatietatik urrun kokatzea oso kaltegarria bada.

3. artikulua. Onuradunak.

1. Oro har, aprobetxamendu honen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Sesmako Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 2 urteko antzinatasunarekin, gutxienez.

c) Sesman urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

d) Sesmako Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat.

3. Onuradun izaten ahalko dira, halaber, 1. puntuan eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten nekazari gazteak, nahiz eta loteren baten adjudikaziodun den familia-unitateko kide izan.

4. Ordenantza horren ondorioetarako, nekazari gaztea da Nafarroako araudiak norbait nekazari gaztetzat hartua izateko baldintzak betetzen dituzten pertsonak.

4. artikulua. Eredu-lotea.

Udalaren osoko bilkurak erabakiko du, lurren eskuragarritasunaren, eskaeraren eta lurraren ezaugarrien arabera, finken dimentsioa zenbatekoa izanen den, eta beharrezkoa bada, eredu-lotea finkatuko du. Udalak zehaztuko du zer lote eskatzen ahal den.

5. artikulua. Epea.

Lurzatiak baliatzeko epea 8 urtetik 25 urtera artekoa izanen da, luzagarriak beste bost urtez, baldin eta landaketak edo instalazioak zuzen ustiatzeko moduan badaude. Errentariak Sesmako udal erroldan izena emanda egoteari edo udalerri horretan bederatzi hilabetez bizitzeari uzten badio, udalak bukatutzat emanen du errentamendu-kontratua, inolako kalte-ordainik gabe.

Errentariak baja eman ahal izanen du ezarritako epea bete badu, eta udalak baja eman ahal izanen dio landaketek edo instalazioek ustiapen-baldintza onik ez dutela uste badu. Horretarako, udalak nekazaritza-teknikari batek egindako txosten bat argitaratuko du.

6. artikulua. Finken erreserba.

Udalak laborantza-azalera ureztatu libre bat izanen du nekazari gazteei eta sartu berriei adjudikatzeko, ureztatzeko herri-lurrez gozatzeko. Udalak, urtero, eskuragarri dagoen azalera eta baldintzak finkatuko ditu.

7. artikulua. Onuradun izaera galtzeko arrazoiak.

Hauek dira, oro har, onuradun izaera, eta ondorioz, aprobetxamendurako eskubidea galtzeko arrazoiak:

1.–Onuradunak uko egitea.

2.–Epea amaitzea.

3.–Heriotza.

4.–Zehapena.

5.–Onuradun izateko eskatzen diren baldintzetako bat ez betetzea.

8. artikulua. Zuzeneko laborantza pertsonala.

1. Onuradunek, edo familia-unitateko edozein kidek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien lantzea hainbaten artean egiten denean ere lan zuzena eta pertsonala dela ulertuko da, onuradunak kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 3. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

2. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da adjudikaziodunak edo bere familia-unitateko kideek zuzenean egitea laborantza lanak, ordenantza honen 3. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik. Soldatapekorik erabiltzen ahalko dira, produkzioak hala eskatzen duenean.

3. Alabaina, zuzeneko laborantzaren izaera ez da galduko, baldin soldatapekorik hartzen bada, udal honen iritziz laborantza pertsonalki egitea eragozten dion gerora erasandako eritasun batengatik edo aldi baterako beste arrazoi batengatik.

4. Egindako inbertsioa kontuan hartuz, onuradun izaera lotearen jatorrizko onuraduna ez den beste pertsona batengana pasatuko da, onuradun izaera lortzeko unean, gerora sortutako honako arrazoi hauek gertatzen direnean:

4.1. Onuradunaren heriotza. Hau gertatzen bada, hildakoaren gurasoek, seme-alabek, alargunak edo familiarrek (bigarren gradura arte), ustiategia lantzen jarraitzen ahalko dute, bai zuzenean, bai errentamenduaren bidez. Era berean, edozein unetan subrogatu ahal izanen dira pertsona horiek elkarren artean ustiategian, etenik gabe, betiere adierazitako denbora mugaraino. Ordenantza honetan ezarritako epeak bete beharko dira.

4.2. Erakunde ofizial eskudunek ofizialki deklaratzea onuraduna lan egiteko ezindua dagoela. Kasu horretan, onuradunak lurzatia ustiatzen ahalko du lan pertsonalaz bestelako formula bat erabiliz. Edonola ere, ordenantza honetan ezarritako epeak bete beharko dira.

4.3. Banantze judizialaren edo dibortzioaren kasuan, banatutako edo dibortziatutako ezein kide izanen da onuradun, banantze edo dibortzio ebazpenak ezarritakoaren edo alde biek erabakitakoaren arabera.

5. Lurra aprobetxatzeko eskubide hori, aurreko puntuetan xedatutakotik datorrena, titularrak berak edo kausadunek baliatu beharko dute 6 hilabeteko epean, eta horretarako eskaera egin beharko diote udalari. Epea zenbatzen hasiko da kausa eragin zuen egintza jazotzen denetik aurrera.

Epe hori iraganda eskubide hori baliatu ez bada edo udalari ez bazaio eman atzerapen horretarako arrazoirik, lurzatia udalaren esku geratuko da bete-betean.

Onuradunaren ordez beste pertsona bat ari bada lurra lantzen, pertsona horrek onuradun izateko baldintzak bete beharko ditu, salbu eta hori ezinezkoa bada hari leporatzen ezin zaizkion arrazoiak direla kausa. Udalak arrazoi horien berri izan beharko du.

6. Zuzeneko laborantza pertsonala ez da nahitaezkoa izanen baldin eta eskaera guztiei erantzuteko nahikoa lur libre badago.

9. artikulua. Prezioa.

1. Udalak aurrekontuak onetsitakoan ezarriko du urteko kanonaren prezioa. Prezioak, hain zuzen, estaliko ditu ureztatzeko instalazioak egokiro funtziona dezaten beharrezkoak diren kostu zuzenak zein zeharkakoak. Kostuak lurraren alokairua oinarri hartuta banatuko dira. Ur kontsumoak ez dira errentamenduaren kostuan sartuko, eta, edonola ere, faktore zuzentzaileak sartzen ahalko dira, hori egiteko arrazoiak (sozialak, ongintzakoak, kulturari lotutakoak, interes publikokoak...) daudenean, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 32.2 artikuluan ezarritakoarekin.

2. Kanonaren prezioa urtero eguneratuko da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 27. artikuluan edo haren ordezko araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

10. artikulua. Kontribuzioak eta tasak.

Lurzatien adjudikaziodunek, udalak beharrezko iritziz gero, tasak ordaindu beharko dituzte udal-zerbitzuek poligonoan ematen dituzten zerbitzuengatik, hala nola bideen mantentze-lanengatik.

Orobat, kontribuzio bereziak ezartzen ahalko dira, legean ezarritakoarekin bat.

11. artikulua. Adjudikazio prozedura.

Adjudikazioa lortu nahi duen orok eskabidea aurkeztu beharko du Sesmako Udalaren Erregistro Orokorrean.

Eskaerei honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazioa erantsiko zaie:

a) Sesmako bizilaguna izatea, gutxienez ere bi urteko antzinatasunez, eta bertan egiaz bizi izatea urtean bederatzi hilabetez bederen.

b) Udalerri honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak.

Osoko bilkura batetik beste batera bitarteko aldian jasotako eskaeren artean, honako hauek izanen dute lehentasuna lote baten adjudikazioa lortzeko:

• Adjudikatutako loterik ez daukaten nekazari gazteak.

• Baldintzak bete arren, loterik ez daukaten bizilagunak.

• Eskaera aurkeztu duten bizilagunen artean, errentan hektarea gutxien dituztenek izanen dute lehentasuna.

• Baldintzak bete eta loteren bat daukaten gainerako bizilagunak.

Bizilagun batek lote oso bat daukala ulertuko da 2,5 hektarea gutxienez baldin baditu errentan.

Udalaren osoko bilkurak hartuko du behin betiko adjudikazioaren gaineko erabakia, eta iragarki-oholean paratuko du.

12. artikulua. Ustiatzen hastea.

Udalaren osoko bilkurak partzela behin betiko adjudikaturik, onuradunak urtebete izanen du ureztalurraren ustiaketari ekiteko, aldez aurretik eskuratuta beharrezko obra-lizentzia eta gainerako baimen oro. Egin ezean, Osoko Bilkurak deklaratuko du onuradunak aprobetxamendurako zeukan eskubidea iraungia dela, eta ez du kalte-ordainik jasoko. Dena den, aldez aurretik entzunaldia emanen zaio.

13. artikulua. Onuraduna: arriskua eta mentura. Lurrak udalaren esku geratzea.

Onuradunak bere gain hartuko ditu ustiaketaren arriskua eta mentura, eta hortaz hura arduratuko da ustiaketarako beharrezko irizten duen instalazioa jartzeaz. Udalak ez dio ezer ordaindu beharko lurzati, plantazio edo uztetan egindako hobekuntzengatik.

Udalak, egoki iritziz gero, beharrezko jotzen dituen inbertsioak egiten ahalko ditu loteak adjudikatu aurretik, baina horrek eragina izango du loteen prezioan.

Ordenantza honetan ezarritako edozein arrazoi dela-eta ustiaketarako eskubidea iraungitzen denean, lurzatia udalaren esku geratuko da bete-betean eta hark erabakiko du, kasu bakoitzean, zer egoeratan utzi behar den dagokion lurzatia edo lotea.

14. artikulua. Segurtasuna eta higienea.

Bete beharreko baldintzak segurtasunaren, higienearen, ingurunearen babesaren eta antzekoen aldetik izanen dira ezarrita daudenak aplikatzekoa den sektore-araudian, bai eta udalak baldintzen agiri-orrian jar ditzakeenak ere.

15. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea, hala egitera behartuta daudenean.

b) Aprobetxamenduen kanonak udalak ezartzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Udalak esleitu gabe, herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

f) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

g) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

16. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a), c) eta d) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez dituen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak.

Gainerako arau-hausteengatik 200 eurotik 2.000 eurora bitarteko isunak ezarriko dira.

17. artikulua. Fidantzak.

Adjudikaziodunek behin betiko fidantza bat osatu beharko dute: aurreikusitako guztizko kanonaren %4koa, hain zuzen.

Behin betiko fidantza hori osatzeko, 15 egun egonen dira. Eskudirutan ematen ahalko da, edo Espainian eragiketak egiteko baimena duen banku, kreditu kooperatiba edo elkarrekiko bermerako sozietate batek emandako abal bidez, bat etorriz uztailaren 21eko 205/1988 Foru Dekretuan arauz ezarritako moduarekin eta baldintzekin.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Udalaren Osoko Bilkurak, ordenantza hau garatzeko, baldintza orokorren oinarrizko agiri bat onesten ahalko du, adjudikazio zehatz bakoitzari aplikatzekoa. Baldintza-agiri horren edukiak ezinen dio inolaz ere kontra egin ordenantza honetan ezarritakoari. Hain zuzen, ordenantza honekin bat ez datorren klausula edo baldintza oro baliogabetzat joko da. Baldintza-agiria gehiengo osoz onetsi beharko da.

Iragarkiaren kodea: F2109156