138. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

5/2021 FORU LEGE-DEKRETUA, ekainaren 2koa, zerga arloko zenbait neurri onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

COVID-19ak eragindako osasun publikoaren larrialdi egoera gertatu zenetik, zeinaren ondorioz Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemia egoera deklaratu baitzuen eta Espainiako lurralde osoan alarma egoera deklaratu baitzen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, Nafarroako Gobernua arlo bateko eta besteko neurriak hartuz eta onetsiz joan da, osasun larrialdiak eragindako ondorio larriak arindu nahian.

Neurri horien artean nabarmendu beharrekoak dira zerga arlokoak, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren bidez esleituriko eskumenak erabiliz hartu direnak.

Besteak beste, 7/2020 Foru Legearen bidez, 4/2020 eta 6/2020 foru lege-dekretuen bidez eta 1/2021 Foru Lege-dekretuaren bidez neurri fiskalak onetsi dira, koronabirusaren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Pandemiak 2021. urtean izaniko bilakaera dela eta, Nafarroako Gobernuak neurri murrizgarriak hartu behar izan ditu, bereziki ostalaritzari eta jatetxeei eragin dietenak, bai eta bingo eta joko aretoei ere. Hala bada, foru lege-dekretu honen bidez, zerga arloko zenbait neurri berri ezartzen dira, COVID-19ak jarduera ekonomiko jakin batzuen esparruan izandako eraginari aurre egiteko.

2021eko urtarrilaren 1etik maiatzaren 9ra arte –hots, alarma egoera bukatu den egunera arte–, tarteka, batzuetan murrizketak ezarri dira ostalaritzako establezimenduen barnealdean, eta beste batzuetan, barnealdeko zerbitzua ez zen posible; bingo eta joko aretoen kasuan, itxi eta jarduera gelditu behar izan dute.

Nafarroako Foru Komunitatean Jokoaren gaineko Tributuak arautzen dituen abenduaren 28ko 27/2016 Foru Legearen 9.2 artikuluaren arabera B motakoak diren makinak (saria duten jolas-makinak) taberna eta jatetxeen barnealdean egoten dira, bai eta bingo eta joko aretoetan ere, eta, horregatik, ezarritako murrizketek eragina izan dute bezeroek halakoak erabiltzeko garaian. Makina horien ustiapena lotzen zaie 27/2016 Foru Legean jokoari buruz arautzen diren tributuei; arauketa horretan, urteko kuota bat ezartzen da, hiruhilekoko lau ordainketatan banatua.

Azaldu bezala, nabarmen pairatu du jarduerak, eta bidezkoa da, bada, kuota hori egokitzea, murrizketek sektorean izan duten eragina aintzat hartzeko.

Erreferentziatzat harturik 2021eko urtarrilaren 1etik maiatzaren 9ra bitarteko aldia, %35eko murriztapena egin beharko litzateke urteko kuotan. Jada egina dagoenez 2021eko lehen hiruhilekoko kuotaren ordainketa, murriztapena gainerako hiru hiruhilekoetan banatu beharko litzateke; ondorioz, horietako bakoitzean kuota %46,67 murriztuko litzateke.

Horiek horrela, eta kontuan izanik alarma egoera bukatu ondotik litekeena dela jarduera bete-betean ez suspertzea, egoki jotzen da %50eko murriztapena ezartzea aipaturiko hiruhilekoko kuota horietan.

Halaber, lehen aipaturiko neurri murrizgarriak konpentsatze aldera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak martxoaren 8ko 18/2021 Ebazpena eman zuen, zeinaren bidez deialdi bat onetsi baitzen laguntzak emateko honako sektore hauei: turismoa, ostalaritza, gaueko aisialdia, jarduera horiekin lotutako handizkako merkataritza, eta biltzarrak eta batzarrak antolatzeko zerbitzuak. Foru lege-dekretu honek laguntza horien arauketa osatzen du, salbuesten baititu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik eta sozietateen gaineko zergatik.

Bestalde, pandemiaren bilakaera bete-betean ari da eragina izaten Nafarroako kirol federazioek aurreikusitako kirol proiektuetan. Hala bada, programaturiko jarduera asko ezin izan dira egin, arau batzuetan eta besteetan ezarritako murrizketen ondorioz eta administrazio publikoek hartutako neurrien ondorioz, betiere COVID-19ak ekarritako egoera arindu eta kontrolatzeagatik.

Era berean, beste jarduera batzuen iraupena laburtu egin behar izan da. Horrek guztiak nabarmen gutxitu ditu Nafarroako kirol federazioen diru-sarrerak, eta horrek haien funtzionamendu eta helburuei eragin die.

Federazioen borondatearekin zerikusirik izan gabe, ezinezkoa balitz halakoengatik ematen diren dirulaguntzen zati bat jasotzea, horrek kalte ekonomiko handia ekarriko luke eta federazioen beren bideragarritasuna arriskupean legoke.

Hala bada, dirulaguntzen deialdiak bete ahal izateko kirol federazioak sustengatzeko helburua, beharrezkotzat jotzen da oinarri arautzaileak aldatzeko aukera ezartzea, ematen diren zenbatekoak aldatu gabe, federazioek zenbateko horiek osorik jasotzea bermatze aldera.

Foru lege-dekretuak bi artikulu, xedapen gehigarri bat eta bi azken xedapen ditu.

Honaino azaldu diren arrazoiek justifikatzen dute foru lege-dekretu hau onestea, behar-beharrezkoa baita aipatu neurriak berehala hartzea.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko ekainaren bian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Jokoaren gaineko tributuak.

Nafarroako Foru Komunitatean Jokoaren gaineko Tributuak arautzen dituen abenduaren 28ko 27/2016 Foru Legearen 9.2 artikuluaren arabera B motakoak diren makinen (saria duten jolas-makinak) ustiapenetan, %50 murriztuko dira 2021eko bigarren, hirugarren eta laugarren hiruhilekoetako kuotak.

2. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta sozietateen gaineko zergan salbuestea COVID-19aren ondorioz emandako ezohiko laguntza jakin batzuk.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik eta sozietateen gaineko zergatik salbuetsiko dira Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 18/2021 Ebazpenean ezarritakoaren arabera emandako laguntzak. Ebazpen horren bidez, hain zuzen, deialdi bat onetsi zen, COVID-19ak eragindako kalte ekonomikoak konpentsatzeko laguntzak emateko sektore hauei: turismoa, ostalaritza, gaueko aisialdia, jarduera horiekin lotutako handizkako merkataritza, eta biltzarrak eta batzarrak antolatzeko zerbitzuak.

Xedapen gehigarri bakarra.–Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak emateko deialdiaren baldintzak aldatzea, 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitarteko aldirako.

Kultura eta Kirol Departamentuak aldatzen ahalko ditu Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak emateko baldintzak, 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitarteko aldirako, partez edo guztiz ezinezkoa bada diruz lagundutako jarduerak gauzatzea edo zerbitzuak ematea, COVID-19aren ondorioz edo administrazio publikoek haren aurka hartutako neurrien ondorioz. Gauzatu ezin den zatia aldatuko da, jarduera gauzatzea edo zerbitzua ematea galarazten duen izatezko egoera gertatzen denetik gauzatzen edo ematen berriz has daitekeen unera arte. Betiere bermatuko da Nafarroako kirol federazioek osorik jasotzen dituztela deialdi horren barnean emandako eta Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako dirulaguntzak; horretarako, egokitu eginen da dirulaguntzen deialdia edo emateko erabakia.

Azken xedapenetako lehena.–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da, baliozkotu dezan, bat etorriz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoarekin.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege-dekretu honek indarra hartuko du, bertan aurreikusitako ondorioekin, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean.

Iruñean, 2021eko ekainaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2109136