134. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

139E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 18koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Arangoitin, Irunberriko udal mugartean, telekomunikazioen oinarri-estazioaren instalazio proiektuari SISNET-ek eskatutako ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona. Sustatzailea Sisnet nuevas tecnologías, SL da.

2020ko abuztuaren 12an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (“Komunikazio-instalazioak”). Foru dekretu horrek onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuak jasotzen duen jarduketaren helburua da telekomunikazioen oinarri-estazio bat instalatzea Irunberriko 9. poligonoaren 1. lurzatiaren hego-erdialdean, Leire mendiaren Arangoitiko gainean, haren erpin geodesikoaren ipar-ekialdean, 1356 metroko altitudean, koordenadak X647.941, Y4.722.943.

2020ko abuztuaren 12ko memoria teknikoan, oinarri-estazioaren kokapen oker bat seinalatzen da, eta ondoren okerra zuzentzen da, 2020ko urriko ingurumen ukipenen azterketan. Instalaziorako sarbidea Biotzaritik jarduketaren eremura iristen den NA-2201 toki errepidetik egiten da.

Proiektatutako instalazioa zuhaitzik gabeko eta gehienbat ezpelaz (Buxus sempervirens) osatutako baso eremua da. “Leireko Mendiak eta Arbaiungo Arroila” ES0000125 kontserbazio bereziko eremuaren barnean eta “Arbaiun-Leire” ES0000482 hegaztien babesgune bereziaren barnean dago. Maiatzaren 24ko 43/2017 Foru Dekretuak izendatu du kontserbazio bereziko eremua eta haren arabera onetsi da kudeaketa plana. Inguru horretan intereseko bi habitat konbinatzen dira: UE 6212 kodea duena, “Larre eta belardi xerofitiko basofilo kantauriar-piriniotarrak”, eta UE 4090 kodea duena, “Sastrakadi mediterraneo eta oromediterraneo primario eta sekundarioak non otadia nagusi izan ohi den”.

KBEa kudeatzeko planak berariazko araudian ezartzen duenez, eremu horretako intereseko habitatei eta intereseko landare eta animalia espezieei eragiten dieten erabilera eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko beharrezkoak diren baldintzak beteko dituzte; hondakinak egokiro kudeatuko dira; ez da ez luberritzerik ez ereiterik eginen 92/43/EEE Zuzentarauan jasotako larre eta sastrakadietako habitatek hartzen dituzten eremuetan, kontserbazio egoera onean badaude; eta flora mehatxatuaren eta interesekoaren kontserbazioa bermatu behar da.

Han dauden sei dorre eta instalazioen erdian proiektatzen da instalazioa, 30 metroko sareta erako dorre bat ezarriz, eta haren gainean lotuko dira bi antena, irrati-lotura egiteko NAVA42 Erreniegarekin eta NAVA4211 Arabarkorekin, bi antena sektorial gutxienez 100 mbps-ko WIMAX estaldura emateko, eta orobat beste hainbat irrati-lotura, banda zabaleko konektagarritasuna emateko fibra optiko bidez, hala eskatzen duten herritarrentzat. Antena horiek guztiak elikatuko dira han dagoen korronte hargunearen bidez. Dorre hori 4x4 metroko (16 m²) barruti hesitu baten barnean, eta harekin batera hormigoizko etxola prefabrikatu bat ezarriko da, 2x1 metrokoa eta 2 metroko altuerakoa.

Espedientean jaso da Irunberriko Udalaren txostena, 2020ko irailaren 17koa, eta Ingurumen Eraginaren Atalak 2020ko azaroaren 10ean sustatzaileari igorri ziona, horren berri izan zezan eta, egoki bazen, erantzuna eman zezan; han zehazten zenez, aldez aurretik ez da komenigarritzat jotzen telekomunikazioen dorre berririk instalatzea babestutako eremu batean, dagoeneko han daudenak optimizatzeko aukerarik izanez gero. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena aurkeztu du 2021eko martxoaren 31n.

Ingurumen Eraginaren Atalak azaldu du obra horiek egiteak ez duela barne hartzen eremuaren sasitza garbitzea, ez eta bide berririk egitea, eta proiektua integratuta dagoela han dauden azpiegituren multzoan, eta proiektuaren gauzapenak ez duela erakusten KBE horren gaineko ingurumen ukipen nabarmenik, eta beraz, ez duela Natura 2000 Sarearen osotasuna kaltetzen; gauzak horrela, proiektuaren aldeko txostena eman du, Ebazpen honetan jasotako baldintzekin.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. SISNET-ek eskatutako Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Arangoitin, Irunberriko udal-mugartean, telekomunikazioetarako oinarri-estazio bat instalatzeko proiekturako. Sustatzailea Sisnet Nuevas Tecnologías SL da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Materialak pilatzeko eta obrako makinen joan-etorrietarako guneak ahalik eta azalera txikiena hartuko du, eta argi mugatuko da lurraren gainean, lanei ekin aurretik. Ahal izanez gero, dagoeneko han dauden azpiegituren ondoan dauden eta landare estaldurarik ez duten bidea edo eremua erabiliko dira, larrean jartzea saihestuz.

–Hondeaketen lur soberakinak, materialen soberakinak eta sortutako hondakinak era egokian kudeatuko dira, haien izaeraren arabera, indarreko araudia betez, baimendutako hondakin kudeatzaile baten eskutik. Lanek irauten duten bitartean, egunero, eta batez ere lanak amaitzen diren unean, inguru osoa garbituko da eta bertatik kenduko dira proiektuaren jarduketa eremuan bildutako hondakin eta zabor guztiak, inguru hartan ohikoa izaten den haizeak eramatea saihesteko.

–Egin beharreko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

–Lanei ekin aurretik, gutxienez 48 orduko tarteaz, sustatzaileak jakinarazpena igorriko dio Ingurumena Zaintzeko Atalari, (Agoizko Koordinazio Unitatea), eta ingurumenaren arloko edozein gorabehera ere jakinaraziko du. Horretarako, gmaaoiz@navarra.es helbidera mezu elektronikoa bidaliko du edo 608062669 telefonora deitu.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek babesten duen bakarra da telekomunikazioen antena bat eta hari lotutako eraikinak ezartzea, aurkeztu den dokumentazioan jaso bezala, baimen honek ezartzen dituen zehaztasunak atxikiz eta, orobat, ingurumen baimenean ezartzen diren zehaztasunak eta neurriak betez, Leireko mendiak-Arbaiungo Arroila KBE naturagune babestuaren gaineko eta Arbaiun-Leire HBBren gaineko eraginari dagokionez, hala nola Leire Mendiko paisaia naturalaren gaineko eraginari dagokionez ere.

–Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, 10/2002 Foru Legea, maiatzaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzekoa, bete beharko da, eta betetze horri lotua dago baimen honen eraginkortasuna.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta/edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Herri-lurren Atalak 2020ko urriaren 16ean eman eta hemen atxikirik doan txostenaren arabera: Sisnet Nuevas Tecnologías, SL sustatzaileak egindako eskaerak Irunberriko Udalaren herri-lurrak ukitzen dituenez, instalazioa egin aurretik, sustatzaileak Irunberriko Udalari eskatu beharko dio herri-lur horien desafektazio espediente bat hasteko, erabileraren lagapenagatik, Nafarroako Gobernuari dagokion onarpena eskatuz, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 2/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezartzen denaren arabera.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Nafarroako Gobernuaren webguneko lotura honetan (“Administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuak”) kontsultatzen ahal da tramitazioa eta aurkeztu beharreko dokumentazioa herri-lurren prozedura baterako, ondoren haien lagapena egiteko: http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/16661/Desafectacion-de-bienes-comunales-para-su-posterior-cesion.

Hala ere, Toki Entitateak desafektazioaren onarpenaren eskaera Atal honi igorri aurretik, sustatzaileak lortu beharko lituzke proiektua abiarazteko beharrezkoak diren txostenak eta/edo baimenak, edo haien beharrik ezaren adierazpena.

–Ekainaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, gehienez bi urteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egin edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira zuzenean, eta baliorik gabe geldituko da. Baimendutako jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. LAHFLTBren 119. artikuluarekin bat eginez, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, eremua lehengoratu edo kalteak gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Irunberriko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Agoizko Koordinazio Unitatea), Herri-lurren Atalera, Telekomunikazioen eta Digitalizazioaren Zuzendaritza Nagusira eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 18an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2108198