132. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLAZTI

Aldaketa, Olaztiko bide publikoko lur eta lursailen aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Olaztiko Udalaren Osoko Bilkurak, 2021eko otsailaren 18an egindako ohiko bilkuran, hasierako onespena eman zion Olaztiko bide publikoko eta komuneko lursailetako lurzoru/lurgain eta lurpeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren aldaketari.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan jasotako aginduak betez, erabaki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2021eko martxoaren 16an (60. zk.) eta Olazti/Olazagutiako Udalaren ediktu-taulan eta webgunean, eta espedientea jendaurrean jarri zen 30 eguneko epean.

Legez ezarritako jendaurreko erakustaldia igarota alegaziorik, eragozpenik edo oharrik egin ez bada, aipatutako ordenantza behin betiko onartu da, eta haren testu osoa argitaratu da, dagozkion ondorioetarako.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, administrazio-xedapen orokor hau behin betiko onestearen aurka, honako errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, xedapen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian, xedapen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hilabetean.

Olaztin, 2021eko maiatzaren 14an.–Alkatea, Joseba Vizuete Ascargorta.

ORDENANTZA FISKALA, EREMU PUBLIKOKO ETA HERRI-LURRETAKO LURZORU/LURGAIN ETA LURPEKO APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea eta zerga-egitatea.

1. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoaren babespean idazten da ordenantza fiskal hau.

2. Eremu publikoko, titulartasun eta erabilera publikoko lurretako eta erabilera publikoari atxikitako jabetza pribatuko lurretako lurzoru, lurgain eta lurpean gauzatzen den erabilera pribatiboa eta/edo aprobetxamendu berezia da zerga-egitatea, gisa honetako aprobetxamendu edo erabilerak eginez:

a) Erabilera publikoko lurren okupazioa, zutoin, garabi, salgai, material eta gisako muntadurekin.

b) Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta atrakzioak, eta kalez kaleko industriak.

c) Bestelako aprobetxamenduak, inguruabar bereziak dituztenak: arriskugarritasuna, erabilera-maiztasuna, errentagarritasun berezia edo horien antzeko bertze zenbait.

d) Irabazteko xedearekin mahaiak, aulkiak, tribunak, oholtzak edo haien gisako bertzelako elementuak jarriz erabilera publikoko lurrak okupatzea.

e) Itxitura egonkorrik gabeko terraza beladoreduna, eta ostalaritzari lotutako bestelako elementuak. Eguzkitakoak, berogailuak, lorontziak edo gainerako hiri-altzari eramangarri eta desmuntagarriak direnean, bakar-bakarrik okupatzen den eremuan direnean edo okupatzeko eremua mugatzeko direnean, ez dute tasarik sorraraziko.

f) Interes orokorreko hornidura zerbitzuak edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenak egiten dituzten enpresa edo entitateek Udalaren eremu publikoko lurzoru, lurpe eta lurgainean gauzatzen dituzten erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziei dagokienez, haien ordenantza espezifikoari jarraituko zaio.

g) Bide publikoan edo erabilera publikoko lurretan egiten den merkataritza ez egonkorrari dagokionez, haren ordenantzari jarraituko zaio.

h) Ibilgailuak bide publikotik edo erabilera publikoko lurretatik sartu edo pasatzeari dagokionez, haren ordenantzari jarraituko zaio.

i) Kamioien aparkalekua erabiltzeari dagokionez, haren ordenantzari jarraituko zaio.

2. artikulua. Subjektu pasiboak.

1. Tasa honen subjektu pasiboak dira, zergadun gisa, pertsona fisiko edo juridikoak eta, nortasun juridikorik izan gabe ere, unitate ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen duten entitateak:

a) Tokiko jabari publikoa beren onurako bereziki erabili edo aprobetxatzen dutenak, aurreko artikuluan aurreikusten diren kasuetako baten arabera.

b) Lizentzia edo kontzesiorik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduetakoren bat egiten dutenak.

c) Aprobetxamenduaz gehiago baliatu gabe toki entitatean haren baja aurkezten ez dutenak.

3. artikulua. Ordaindu beharra noiz sortzen den.

1. Tasa hauek ordaindu beharra Udalak behar den lizentzia edo kontzesioa ematen duenean sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasten bada.

2. Behar den lizentzia edo kontzesioa eskuratu gabe aprobetxamendua hasten bada, arau honetan ezarritako tasak pagatzeak ez ditu izandako aprobetxamenduak legeztatuko, eta kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.

4. artikulua. Tasen oinarriak, tasak eta zenbatekoa.

Eremu publikoa okupatzeko tasaren zenbatekoa finkatzeko, aprobetxamenduaren iraupena eta ordenantza honetako xede diren aprobetxamendu bereziek okupatutako eremu publikoaren azalera hartuko da kontuan, ordenantzaren eranskinean xedatzen denari jarraikiz.

5. artikulua. Kudeaketa arauak.

1. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean tokiko jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, baita aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen du ordainetan onuradunak. Toki entitateak ez ditu inolaz ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta diru itzulerak.

2. Honela eskatuko da tasa:

a) a) apartatuan jasotako kasuetan (erabilera publikoko lurren okupazioa, zutoin, garabi, salgai, material eta gisako muntadurekin), hilean behin; subjektu pasiboari jakinaraziko zaio.

b) b) apartatuan jasotako kasuetan (erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta atrakzioak, eta kalez kaleko industriak), zerga-egitatea sortzen duen gauza paratu baino lehen; autolikidazio bidez eginen da.

c) e) apartatuan jasotako kasuetan (itxitura egonkorrik gabeko terraza beladoreduna, eta ostalaritzari lotutako bestelako elementuak), hiru hilean behin; dagokion zentsuan sar daiteke.

d) Merkataritza ez egonkorraren kasuan, egunero; autolikidazio bidez eginen da.

3. Subjektu pasiboa behartuta dago Udalari aldaketak jakinaraztera, baldin eta ordenantza honen xedeko tasaren kudeaketan eta likidazioan eragina badute.

4. Honako hauek salbuetsirik daude tasak ordaintzetik: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta bere helburuak betetzeko berak sortutako entitate juridikoak, Olaztiko Udalak bere helburuak garatzeko sortutako mankomunitate, batasun eta entitate juridikoak, eta Olaztiko Udala hartzen duten mankomunitate eta batasunak.

6. artikulua. Zerga-egitatea nolakoa den, hona hemen tasaren sortzapena noiz gertatuko den:

a) Aprobetxamendua onartzen denean edo hasten den une beretik, behar den baimenik gabe ekin bazitzaion.

7. artikulua. Erantzuleak.

1. Subjektu pasiboaren tributu betebeharren erantzule solidarioak izanen dira Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 30. eta 31. artikuluetan aipatzen diren pertsona fisiko eta juridikoak.

2. Erantzule subsidiarioak izanen dira sindikoak, kontu-hartzaileak eta, oro har, porrotak, lehiaketak, sozietateak eta entitateak likidatzen dituztenak, Tributuei buruzko abenduaren 14ko Foru Legearen 32. artikuluan xedatzen den kasuetarako eta irismenarekin.

8. artikulua. Zerga-kuota.

Eranskinean agertzen direnak.

9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Iruzurtzat hartuko da behar den baimenik gabe aprobetxamendua edo erabilera hastea.

2. Bestelako arau-hausteei dagokienez eta zehapenekin ikusteko duten afera orotan, ordenantza fiskal orokorrak xedatutakoari jarraituko zaio. Toki entitateak, agindu bidez, lizentzia edo baimenik gabeko instalazioak eremu publikotik ken ditzake udal biltegietara eramateko, eta instalazio hori desmuntatu, garraiatu, biltegira eraman eta egin behar den beste edozergatik sortutako gastuak jabearen kargu geldituko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra arte, eten egiten da tokiko bide publiko mota guztietako hegaldiak okupatzeagatiko tasen kobrantza, eraikuntza-elementu itxiekin, terrazekin, begiratokiekin, balkoiekin, markesinekin, toldoekin, haizeekin eta antzeko beste instalazio batzuekin, bide publikoaren gaineko hegalkinekin edo fatxada-lerrotik irteten direnekin eta ostalaritza-jardueretarako eta terraza-itxitura baimenduekin.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza fiskal honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra, eta indarrean egonen da harik eta berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzean indarrik gabe geldituko da Eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza, 2002ko 25. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua (otsailaren 27an).

ERANSKINA

a) atala. Erabilera publikoko lurren okupazioa, zutoin, garabi, salgai, material eta gisako muntadurekin: 4,45 euro hilabetean, metro koadro bakoitzeko. Ezarritako tasen hileko gutxieneko likidazioa 10,00 eurokoa izanen da.

b) atala. Barrakak eta atrakzioak:

–Argazkigintzako saltokiak eta postuak: 5 euro egunean, postu bakoitzeko.

–Pilota-tiroa, ohe elastikoak, koltxonetak, matxinsaltoa, txurrotegia, izozki postuak, uso-tiroa, txiki-parka, zezen amerikanoa, zaldiko-maldikoa, gaztelu puzgarria, kulunkagailua eta horrelakoxeak: 33 euro egunean, postu bakoitzeko.

–Talka egiteko autoak: 82,50 euro egunean, postu bakoitzeko.

–Alkatetzak hobariak ezartzen ahalko ditu tasa hauetarako, atal honetako subjektu pasiboekin hitzarmen bat sinatuz atrakzioaren prezioa arautzeko.

c) atala. Bestelako aprobetxamenduak, inguruabar bereziak dituztenak: arriskugarritasuna, erabilera-maiztasuna, errentagarritasun berezia edo horien antzeko bertze zenbait.

–Txosnen kasuan, 150 euroko tasa ordainduko da instalazioagatik. 30 euro ordainduko dira txosna paratuta dagoen egun bakoitzeko.

–Irabazi-asmorik gabeko kultur, kirol, gizarte edo antzeko alorretako entitate eta elkarteek parte hartzen badute, Alkatetzak % 100erainoko hobaria ezartzen ahalko du atal honetako tasarako.

d) atala. Itxitura egonkorrik gabeko terraza beladoreduna, eta ostalaritzari lotutako bestelako elementuak.

–Okupatutako metro karratu bakoitzeko, urtean: 8 euro; tasa hainbanatzen ahalko da, lizentzian baimendutako hilabeteen arabera.

Iragarkiaren kodea: L2108141