132. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AIEGI

Aldaketa, Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Aiegiko Udalak, 2021eko otsailaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga arautzen duen udal ordenantzan. Erabaki hori 2021eko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 15ean.

Jendaurreko aldia inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Aiegin, 2021eko apirilaren 28an.–Alkatea, Leonardo Camaces Murillo.

AIEGIKO UDALERRIKO ORDENANTZA FISKALA, ERAIKUNTZEN, INSTALAZIOEN ETA OBREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. Tituluko V. Kapituluko 167.etik 171.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren babesean.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga honen zerga-egitatea da udal-mugartean zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea, baldin hartarako beharrezkoa bada hirigintza edo obra lizentzia bat, hori ematea Aiegiko Udalari dagokion guztietan, lizentzia hori erdietsia izanik ala izan gabe.

Zergari atxikitako zerga-egitatetzat har daitezke honako hauek, besteak beste:

1. Mota guztietako eraikin eta instalazioak eraikitzeko obrak, eraikuntza berrikoak badira.

2. Lehendik eginak dauden mota guztietako eraikin eta instalazioak handitzeko obrak.

3. Lehendik dauden eraikinen edo instalazioen egitura edo kanpoko itxura ukitzen duten obrak, aldatzekoak edo berritzekoak, edozein motatakoak direla ere.

4. Eraikinen barreneko egitura aldatzen duten obrak, edozein izanik ere haien erabilera.

5. Behin-behinean egin beharreko obrak.

6. Zerbitzu publikoak paratzeko obrak.

7. Lur-erauzketak, hala nola, lur-erauzketa, hondeaketa eta betelanak, baldin onetsia edo baimendua den urbanizazio edo eraikitze proiektu barneko obra gisa zehaztu eta programatu ez badira.

8. Finken itxiturak.

9. Eraikinak botatzea, aurri egoeran deklaratuak izan ezik.

10. Lurpea ukitzen duten obrak edo instalazioak.

11. Eremu publikotik ikusten diren propagandako kartelak paratzea, baldin eta lokal itxietan ez badaude.

12. Halako ahalmen ekonomikoa erakusten duten baliabide ekonomikoen inbertsioak berekin dakartzaten obrak, eraikuntzak edo instalazioak, baldin eta obra edo hirigintza lizentzia behar badute.

3. artikulua. Zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea salbuetsirik egonen da baldin eta horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomia erkidegoak, edo toki entitateak, eta baldin, zergapekoak direlarik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepide, burdinbide, aireportu, lan hidrauliko, hiri saneamendu edo haien hondakin uren saneamendurako, nahiz eta erakunde autonomoek kudeatzen dituzten, dela eraikuntza berriko lana, dela kontserbaziozkoa.

Subjektu pasiboak

4.1. artikulua. Zerga honen subjektu pasiboak honakoak dira, zergadun gisa: pertsona fisiko nahiz juridikoak, herentzia banatu gabeak, ondasun elkarteak, eta nortasun juridikorik ez dutelarik, obraren jabetasuna duten beste entitate batzuk, unitate ekonomikoa edo ondare banandua osatzen dutenak.

4.2. Salbu eta Aiegiko Udalaren aurrean modu frogagarrian egiaztatzen bada obren jabea ez dela obra egiten den higiezinaren jabea, ulertuko da obren jabea dela eraikinaren jabea.

5. artikulua. Zergadunaren ordezko subjektu pasiboak dira hartarako lizentzia eskatzen dutenak edo eraikuntza, instalazio edo obrak egiten dituztenak, ez baldin badira zergadunak berak.

Zerga-oinarria

6.1. artikulua. Zerga-oinarria eraikinaren, instalazioaren edo obraren kostu erreal eta benetakoa da.

6.2. Aurreko zenbaki horretan xedatutakoaren ondorioetarako, kostu erreal eta benetakoa exekuzio materialeko aurrekontuaren arabera zehaztuko da, ordainsariak eta industria-mozkina kenduta.

Kuota

7.1. artikulua. Zerga honen kuota zerga-oinarriari karga-tasa hau aplikatu ondokoa izanen da: % 4,5. Nahitaezko obra-lizentziarik edo obra txikien erantzukizunpeko adierazpenik gabe egindako legez kanpoko obrei, lizentziarik behar ez badute, 100eko 20ko errekargua aplikatuko zaie dagokien EIOZaren gainean.

7.2. Nahitaezko obra-lizentziarik edo obra txikien erantzukizunpeko adierazpenik gabe egindako legez kanpoko obrek, lizentziarik behar ez badute, 100 euroko tasa ordaindu beharko dute, udal arkitektoaren txostena egiteagatik.

Sortzapena

8. artikulua. Zerga hau, eraikuntza, instalazioa edo obra hasten delarik sorrarazten da, hartarako lizentziarik lortu ez bada ere.

Zergaren kudeaketa

9. artikulua. Nahitaezko baimena ematen delarik, behin-behineko likidazio bat eginen da, eta zerga-oinarria finkatuko, interesdunek aurkeztu duten aurrekontuaren arabera, baldin eta hura dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia badago.

Halako lizentziarik ez dagoenean, edo proiektua ikus-onestea nahitaezkoa ez bada, zerga-oinarria udaleko teknikariek finkatuko dute proiektuaren kostu zenbatetsiaren arabera.

Hasierako proiektua dagokion lizentzia eman ondoren aldatzen bada, lizentzia aldatzeko eskaera aurkeztu behar da, aurrekontu berriarekin batera, behin behineko likidazio berria egiteko, aurrekontuan izandako aldaketaren arabera, hasierakoa gainditzen duen kopuru berean.

10.1. artikulua. Ikusirik egiazki egin diren eraikuntzak, instalazioak eta obrak, baita horien benetako kostua ere, Udalak, hala behar denean, behin-behineko zerga-oinarria aldatuko du eta behin betiko likidazioa eginen; hori egin ondoren, subjektu pasiboari eskatuko dio paga diezaion edo, hala behar denean, gehiegi jarritakoa itzuliko dio.

10.2. Aurreko apartatuan xedatutakoari dagokionez, obra burutu edo behin-behinean jaso eta hurrengo hilabetean, inguruabar horren berri ematen duen deklarazioa aurkeztuko da eta horrekin batera eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren benetako kostua eta obraren zuzendari fakultatiboak emandako ziurtagiria ere bai, bidezkoa denean behar den lanbide elkargoak ikus-onetsia, zeinean obraren kostu osoa egiaztatuko baita.

11. artikulua. Zergaren likidazioaren ondorioetarako, berdin jokatuko da administrazioaren isiltasun positiboaz eman diren lizentziekin eta berariaz eman direnekin.

12. artikulua. Lizentziaren titularrak baimendutako obrak, eraikuntzak edo instalazioak egiteari uko egiten badio, idatziz aurkeztutako berariazko ukoaz, Aiegiko Udalak, hala behar denean, pagatutakoa itzuliko du.

Era berean, lizentzia iraungi ondoren, Aiegiko Udalak egindako likidazioa deuseztatuko du eta, hala behar denean, itzuliko, non ez duen titularrak lizentzia horren berritzea eskatzen eta Udalak baimentzen.

Iragarkiaren kodea: L2106847