132. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

17/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 19koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Kultura eta Kiroleko kontseilariak maiatzaren 11n emandako 19/2020 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa garatu zen bulegoen mailan.

Kultura eta Kiroleko kontseilariak maiatzaren 11n emandako 19/2020 Foru Aginduaren bidez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa garatu zen bulegoen mailan.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak proposatu du Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura aldatzea, Liburutegi Zerbitzuari atxikitako bulegoei dagokienez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 34.4 artikuluan xedatzen du ezen, bulegoak eta ataletatik beherako unitateak sortu, aldatu eta kentzeko, unitate horiek zein departamentutan sartuko diren, hango titularraren foru agindua beharko dela.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Kultura eta Kiroleko kontseilariak maiatzaren 11n emandako 19/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez garatu baitzen Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa bulegoen mailan.

Aldatzen da Kultura eta Kiroleko kontseilariak maiatzaren 11n emandako 19/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez garatu baitzen Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa bulegoen mailan, era honetan:

Bat.–3.1.d) artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“d) Liburutegi Zerbitzuaren menpe:

–Jendearentzako Zerbitzuen Bulegoa.

–Informazio Baliabideen Bulegoa.

–Liburutegiak Koordinatzeko Bulegoa.

–Liburutegietako Proiektuen Bulegoa.

–Zerbitzu Digitalen Bulegoa.”

Bi.–13. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“Liburutegietako Proiektuen Bulegoak, Liburutegien Sarearen Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Liburutegi publikoetan garatu beharreko proiektuetan, berrikuntza, lankidetza, zeharkakotasuna eta lurralde kohesioa bultzatzen duten lan ildoak, estrategiak eta programak garatzea.

b) Liburutegi Zerbitzuko atal eta bulegoen artean zeharkako planak sustatu eta prestatzea, baita beste eragile eta erakunde batzuekin ere, lurraldearen errealitate eta beharretan zentratutako jarduketak eta lankidetza sustatzea helburu.

c) Liburutegien ekintza eta jarduera guztietan Agenda 2030 Planaren Garapen Jasangarrirako Helburuak sustatzea eta txertatzea.

d) Genero ikuspegiaren zeharkakotasuna txertatzea eta aplikatzea liburutegi publikoen jardueraren plangintzan, kudeaketan eta ebaluazioan.

e) Liburutegiak gizarte eragile gisa duen eginkizuna indartzea, eta behar bereziak dituzten eta/edo baztertzeko arriskuan dauden herritarrentzako jarduerak proposatzea.

f) Liburutegiak udalerriko kultur eragile gisa duen eginkizuna indartzea, eta kultur sortzaileekiko eta kultur elkarte eta entitateekiko harremanak sustatzea.

g) Nafarroako liburutegi publikoen arteko proiektuak eta lankidetza jarduerak diseinatzea eta kudeatzea.

h) Irakurzaletasuna eta liburutegiak sustatzeko programa edo kanpainak, finkoak edo noizbehinkakoak (Liburuaren Eguna, Liburutegiaren Eguna...), garatzea, koordinatzea eta ebaluatzea.

i) Irakurle taldeen jarduera koordinatzea eta sustatzea.

j) Liburutegietako langileentzako berariazko prestakuntza programak proposatu eta diseinatzea.

k) Liburutegien balioari eta eraginari buruzko azterketa eta analisiak egin daitezela sustatzea.

l) Liburutegietako Proiektuen Bulegoaren urteko memoria idaztea.

m) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 19an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2108420