131. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MÉLIDA

Herri-lurren Lan Batzordearen Erregelamendua. Behin betiko onespena

2021eko martxoaren 4an egin osoko bilkura berezian, onetsi zen Herri-lurren Lan Batzordea sortzea eta haren erregelamenduari hasierako onespena eman zitzaion.

Kontuan harturik Herri-lurren Lan Batzordearen sorrera eta haren erregelamenduaren onespena osoko bilkuran erabaki behar direla, aintzat hartuz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 22.2 artikuluan xedaturikoa, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 8.3 artikuluarekin.

Kontuan hartuz proposamena hasiera batez onetsi dela 2021eko martxoaren 4an egin osoko bilkura berezian.

Kontuan hartuz 2021eko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 23koan, argitaratu ondoren ez dela erreklamaziorik eta/edo iradokizunik aurkeztu.

2021eko apirilaren 31ko osoko bilkura berezian erabakita, behin betiko onetsi zen haren erregelamendua eta Herri-lurren Lan Batzordea sortzea.

XEDATZEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea onetsitako erregelamendua.

Melidan, 2021eko maiatzaren 3an.–Alkate udalburua, María del Valle Coca Pueyo.

HERRI-LURREN LAN BATZORDEAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Definizioa eta eginkizunak

1. artikulua. Izaera.

Kontuan harturik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 8.3 artikuluak honela dioela: “5.000 biztanle baino gehiagoko udaletan eta gutxiagokoetan ere –baldin eta haien Erregelamendu Organikoak hala xedatzen badu edo osoko bilkurak hala erabakitzen badu–, honako eginkizun hauek izanen dituzten organoak izanen dira: osoko bilkuran erabaki beharrekoak diren gaiei buruzko azterketa eta txostenak egin edo kontsulta eskaintzea, eta alkatearen, gobernu batzordearen eta delegaturiko eginkizunak dauzkaten zinegotzien kudeaketaren jarraipena egitea. Hori guztia, osoko bilkurari dagozkion kontrol eskumenak galarazi gabe.

Herri-lurren Lan Batzordea, elkarrizketa-foro eta udalerriko gizarte eragileen kontsulta eta partaidetza organo gisa, arautuko da Toki Araubideari buruzko Legedian eta horrekin bat datozen gainerako legeetan xedatutakoaren eta Erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera.

2. artikulua. Xedea.

Herri-lurren Lan Batzordeari dagokio egitea herri-lurren gaiei, aurrekontuei, ingurumenari eta tokiko garapen ekonomikoari buruzko eztabaidak, txostenak, azterketak eta proposamenak.

Herri-lurren Lan Batzordea iraunkorra da, eta udal agintaldi bakoitzean berrituko dira bertako kideak.

3. artikulua. Egoitza.

Gizarte-kontseiluak Melidako Udalean izanen du egoitza, eta bertan eginen ditu bilkurak.

4. artikulua. Eginkizunak.

Herri-lurren Lan Batzordeak honako eginkizun hauek beteko ditu:

1. Bere eskumenen esparruan Udalak eskatzen dizkion edo legeak eskatzen dituen txostenak egitea.

2. Udalerriaren interesekoak diren gai estrategikoei buruzko azterketak eta lanak egin eta eztabaidatzea.

3. Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren garapen orekatua eta iraunkorra sustatzeko ekintzak proposatzea.

4. Udaleko Osoko Bilkurak zehazten duen beste edozein eginkizun.

5. artikulua. Ahalmenak.

Herri-lurren Lan Batzordeak honako ahalmen hauek izanen ditu bere eginkizunak betetzeko:

a) Udalari eskatzea, Alkatetzaren bitartez, bere eskumenen esparruko azterketak eta txostenak egiteko beharrezkoa den informazioa eta dokumentazioa.

b) Beste administrazio, instituzio edo erakunde batzuei eskatzea beharrezkotzat jotzen duen informazioa, tokiko garapenari eta plangintza estrategikoari buruzko azterketak egiteko.

c) Bilkurak sustatzea, kualifikazio teknikoa duten pertsonen parte-hartzearekin, Kontseiluaren iritzia behar duten gaiak eztabaidatzeko.

d) Bere eskumeneko gaietan adituak direnen laguntza proposatzea Alkatetzari.

e) Bere jarduerari dagozkion gastu-proposamenak Ogasun Alorrari helaraztea.

II. KAPITULUA

Eraketa, osaera, egitura eta organoak

6. artikulua. Herri-lurren Lan Batzordearen osaera.

Herri-lurren Lan Batzordeak 7 kide izanen ditu, honela hautatu edo izendatuak:

1. Alkatea, Herri-lurren Lan Batzordeko burua izanen dena.

2. Udaleko zinegotzi bat, Kontseiluko buruordea izanen dena.

3. Melidako herri-lurretan lan egiten duten eta lehentasunezko modalitateko edo modalitate zuzeneko adjudikaziodun diren bost nekazari profesional. Nekazarietako bat gaztea.

Kontseiluaren osaerak Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren irizpideak beteko ditu, eta saiatuko da bi sexuen arteko parekotasuna betetzen.

7. artikulua. Izendapena.

Udaleko Osoko Bilkurak izendatuko ditu batzordeko kideak, interesdunek aurkezten dituzten proposamenak ikusirik.

8. artikulua. Kargu-uztea.

Batzordeko kideek kargua utziko dute Udal berria eratzen denean eta, gainera, jarraian azaltzen diren arrazoiak izaten direnean. Kargu-uzteek indarra izanen dute Udaleko Osoko Bilkurak aintzat hartzen dituenetik hasita:

1. Berariaz uko egitea.

2. Heriotza edo gerora sortutako desgaitasuna.

3. Osoko Bilkuraren gehiengo osoak erabakita.

9. artikulua. Organoak.

Honako hauek osatzen dute Herri-lurren Lan Batzordea:

a) Batzordeburua.

b) Buruordetza.

c) Batzordea.

d) Idazkaritza Nagusia.

10. artikulua. Burutza.

Kontseiluko Burutza Alkatetza betetzen ari denak izanen du, Kontseiluko berezko kide gisa; hala ere, bere eginkizunak zinegotzi baten esku uzten ahalko ditu.

11. artikulua. Burutzaren eginkizunak.

1. Herri-lurren Lan Batzordearen jarduna zuzentzea, sustatzea eta koordinatzea.

2. Batzordearen ordezkaritza gorena izatea eta dagozkion ekintzak gauzatzea.

3. Batzordearen bilkuretarako dei egitea eta horien buru izatea, eta eztabaidak moderatu eta zuzentzea.

4. Batzordearen bilkuretako gai-zerrenda finkatzea, egindako proposamen eta eskaerak kontuan harturik, erregelamendu honen arabera.

5. Aktak ikus-onestea eta Batzordearen erabakiak zuzen betetzen diren begiratzea.

6. Bozketetan izaten diren berdinketak haustea bere kalitate botoarekin.

7. Batzordearen izenean, beharrezkotzat jotzen duen laguntza eskatzea instituzio, agintari, erakunde, entitate, elkarte eta partikularrei.

8. Adituen parte-hartzea baimentzea, Batzordeak egiten dituen bilkuretan eta batzordeetan aritu daitezen, landu beharreko gaien inguruan.

9. Txostenak eta azterlanak egin eta irizpenak emateko proposamena egitea Batzordeari.

10. Herri-lurren Lan Batzordearen funtzionamendu organikoko arauak betetzea eta betearaztea, eta zalantzak sortzen direnean Batzordeari proposatzea arau horien interpretazioa eta ez-egiteetan integratzea.

12. artikulua. Buruordetza.

Buruordea Udaleko Osoko Bilkurak izendatuko du bere kideen artetik, Alkatetzak proposaturik; organoko buruarekin lankidetzan arituko da bere eginkizunetan, eta ordeztuko du hura kanpoan edo gaixo dagoenean edo kargua hutsik dagoenean.

13. artikulua. Idazkaritza.

Udaleko Idazkaritza Nagusiari dagokio Idazkaritza, eta A1 taldeko karrerako funtzionario bati eskuordetzen ahalko dio.

14. artikulua. Idazkariaren eginkizunak.

Idazkariaren esku dago Herri-lurren Lan Batzordearen fede publikoa, eta honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Herri-lurren Lan Batzordearen bilkuretara joatea, hizpidearekin baina botorik gabe.

b) Bilkuren aktak egitea, eta bere sinadurarekin eta organoko buruaren oniritziarekin eskuestea; hartzen diren erabakiak bideratzea.

c) Herri-lurren Lan Batzordearen dokumentazioa artxibatu eta zaintzea, eta bertako organoen eta kontseilarien eskura jartzea, eskatzen diotenean.

d) Akten, erabakien, irizpenen, boto partikularren eta zaintzeko ematen zaizkion bestelako dokumentuen ziurtagiriak egitea, organoko buruaren oniritziarekin.

15. artikulua. Batzordea.

Kontseilua bertako kide guztiek osatzen dute, Burutzaren zuzendaritzapean eta idazkari nagusiaren laguntzarekin; ohiko bilkurak urtean bitan eginen ditu, buruak deialdia egin ondoren. Bilkura berezietarako deia Burutzak eginen du, bere ekimenez edo kideen bi herenek gutxienez eskaera egiten duenean.

III. KAPITULUA

Batzordearen funtzionamendurako araubidea

17. artikulua. Deialdia.

Burutzak Batzordeko kideei dei eginen die bilkura arruntetarako eta berezietarako, gutxienez ere sei egun lehenago.

Presako bilkura berezietarako deia, berriz, lehenago jaso ahal izateko edozein bide erabiliz eginen da, Batzordeko kide guztiei bertaratzeko aukera emanen dien zentzuzko aurrerapenarekin, eta landuko diren gaien presa kontuan harturik.

Batzordeko deialdiak landuko diren gaien zerrenda ere azalduko du; Burutzak prestatuko du zerrenda hori.

18. artikulua. Quoruma.

Batzordearen eraketak balioa izateko, bertan egon behar dute, gutxienez, Kontseiluko kideen legezko kopuruaren herenek eta, betiere, buruak eta idazkariak edo horiek legez ordezten dituztenek. Bertaratuen botoen gehiengoz hartuko dira erabakiak, eta Burutzaren kalitateko botoak hautsiko ditu berdinketak.

19. artikulua. Batzordeari aholkuak ematea.

Herri-lurren Lan Batzordearen bilkuretara joan daitezke agintariak, funtzionarioak eta teknikari edo adituak, informazioa emateko edo galderei erantzuteko gonbidatzen badituzte, beren eskumenen gaien inguruan.

Batzordeak, Burutzaren bitartez, landu beharreko gaiei buruzko informazio osagarria eska dezake, baldin eta informazio hori beharrezkoa bada irizpena emateko.

20. artikulua. Herri-lurren Lan Batzordearen irizpena.

Batzordearen iritziak “Melidako Udaleko Herri-lurren Lan Batzordearen irizpena” izenarekin adieraziko dira, eta ez dira lotesleak izanen.

Irizpenak dokumentatuko dira aurrekariak, egindako balorazioa eta ondorioak bereiziz, eta idazkariaren sinadura eta Burutzaren oniritzia izanen dute.

21. artikulua. Batzordearen baliabide ekonomikoak.

Udalaren aurrekontuetan urtero diru kopuru batzuk jarriko dira, Herri-lurren Lan Batzordearen funtzionamenduak sortzen dituen gastuei aurre egiteko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Araudi osagarria

Erregelamendu honetan ezarri ez den orotan, aplikatuko dira kide anitzeko organoen araubide juridikoari eta prozedurari buruzko arauak, Udal Erregelamendu Organikoan daudenak, eta Toki Administrazioari aplikatu beharreko gainerako arauak.

AZKEN XEDAPENA

Indarrean jartzea

Erregelamendu honek, behin betiko onetsi ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen den egunean berean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2107169