131. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

132/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 17koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Francisco Joaquín Iriarte zahar-egoitzako egoiliarrek jaso beharreko gutxieneko arreta zerbitzu funtsezkoak arautzen dituena, egoitza horretako enpresa batzordeko kideek grebara deitu baitute maiatzaren 18, 20, 25 eta 27rako, eta ekainaren 8, 10, 15 eta 17rako.

Miren Itziar Ortuoste andreak, Garbiñe Elizalde andreak, Miren Josune Galarregui andreak, Izargi Zumarraga andreak eta Idoia Arrieta andreak, Francisco Joaquín Iriarte zahar-egoitzako enpresa batzordeko kideek, idazki bat aurkeztu dute erregistroan 2021eko maiatzaren 7an; bertan greba egun hauetan egiteko deialdia egiten dute: maiatzaren 18, 20, 25 eta 27an, eta ekainaren 8, 10, 15 eta 17an. Greba lanaldiko hiru txandatan eginen da (lanaldia 6:00etan hasten da).

Egindako komunikazioan, aipatu diren enpresa batzordeko kideek adierazten dute greba batzordea osatzen dutela eta langileen legezko ordezkariak direla.

Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriro xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.

Adineko pertsonentzako egoitzak ezin dira eskutik utzi, horrek bertan bizi diren pertsonen zaintzan, osasunean eta bizitzan ondorio larriak eraginen bailituzke.

Egoitza horiek beren instalazioetan egun guztian zaindu eta lagundu beharreko pertsonak hartzen dituzte. Pertsona horiek zainketa pertsonala behar dute beren oinarrizko beharretarako, hori gabe kalte larriak izaten ahal baitituzte osasunean.

Grebarako deialdia dela eta, egoitzako arreta zerbitzua ezin da osorik eten. Izan ere, gizartearentzako funtsezko zerbitzua da, eta haren hartzaileak adineko pertsonak eta/edo mendekotasunak dituztenak direnez, gorabehera larriak gerta daitezkeela hartu behar da kontuan. Hori horrela, Konstituzio Auzitegiak dioenez, gizarteak ezinbesteko prestazioetarako duen eskubideak lehentasuna dauka grebarako eskubidearen aurrean, eta botere publikoek babestu behar dituzte, izatez, gizartearen zati batek ezinbestean behar dituen zerbitzuak.

Beraz, gutxieneko zerbitzuak ezartzeko orduan, Konstituzioak grebarako aitortzen duen eskubidea errespetatu, eta erabiltzaileen ongizate pertsonala babesteko eskubidea bermatu behar da, Espainiako Konstituzioaren 28., 49. eta 50. artikuluek agintari publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betez.

Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena gobernuko agintaritzari dagokio, halaxe xedatzen baita lan harremanei buruzko araudia berritzen duen martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan. Eskumen hori Nafarroako Foru Komunitateak hartua du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.b) artikuluaren arabera.

Gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, aintzat hartu dira egoiliarrek greba egunean behar dituzten zerbitzuak eta arreta, kontuan harturik, betiere, beraien autonomia maila eta behar duten laguntza, egiten diren jarduerak, langileek esleituta dituzten eginkizunak, zentroko egoiliarrek hartzen dituzten zerbitzuak eta grebaren iraupena.

Egoitza zentroan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzea xede duten zerbitzu guztiak eman beharko dira: zainketa pertsonalekoak, elikadurakoak, komunikaziokoak, joan-etortzekoak, kontrolekoak eta babestekoak. Hortaz, programetako eta aisialdiko jarduerak salbuesten dira. Hori horrela, uste da igandetan eta jaiegunetan zerbitzuak ematen dituzten langileen ratioak betetzen dituela proportzionaltasun eta arrazionaltasun irizpide horiek, eta horrekin bermatzen dela egoiliarren zaintza egokia, bai eta grebarako eskubidea ere.

Horrenbestez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldea eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikulua, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Francisco Joaquín Iriarte zahar-egoitzako enpresa batzordeko kideek deitutako grebarako eskubidea igande eta jaiegunetarako ezarritako funtsezko gutxieneko zerbitzuak errespetatuz gauzatuko da (greba deituta dago maiatzaren 18, 20, 25 eta 27rako, eta ekainaren 8, 10, 15 eta 17rako).

Bigarrena.–Aurreko atalean aipatutako funtsezko zerbitzuak egoitzan bizi diren pertsonak zaindu ohi dituzten gutxieneko zerbitzuetako langileek eginen dituzte.

Hirugarrena.–Lehen atalean aipatzen diren gutxieneko zerbitzuak egiteko hautatzen diren langileek zerbitzurik ez egitea edo zerbitzua edonola ere aldatzea legez kanpokotzat joko da ondorio guztietarako, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat. Betetzen ez dutenek edo araua hausten dutenek erantzun egin beharko dute.

Laugarrena.–Aurreko puntuetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

Bosgarrena.–Foru agindu hau Francisco Joaquín Iriarte zahar-egoitzako greba batzordeari jakinaraztea.

Seigarrena.–Foru agindu hau zentroko zuzendaritzara igortzea (Santiago kalea 2, 31700 PK, Elizondo).

Zazpigarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen baditu ere.

Zortzigarrena.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 17an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2108106