13. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

94/2020 FORU AGINDUA, abenduaren 29koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita, bulegoen mailan, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuaren egitura organikoa.

Urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren bidez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Hartan, egitura osatzen duten zuzendaritza nagusiak, zerbitzuak eta atalak bildu ziren.

Horren ondorioz, bidezkoa da foru dekretu horretan xedatutakoari egokitzea, bulegoen mailan, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuaren egitura organikoa.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 34.4 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

I. KAPITULUA

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Toki Azpiegituren Zerbitzua

1. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

Toki Azpiegituren Zerbitzuko atalek bulego hauek dituzte beren egituran:

a) Toki Azpiegituren eta Obren Atala:

–Toki Azpiegituren Bulegoa.

b) Plangintzaren, Azterlanen eta Uraren Ziklo Osoaren Atala:

–Plan Zuzentzaileen Kontrolerako Bulegoa.

2. artikulua. Toki Azpiegituren Bulegoa.

Toki Azpiegituren Bulegoak eginkizun hauek ditu:

a) Zuzendaritza nagusiak egindako inbertsio planekin lotutako espedienteak aztertzea eta horiei segimendua egitea.

b) Zer ataleko burutzari atxikia dagoen, hari laguntzea toki inbertsioen planak egiten, lehenesten eta kudeatzen.

c) Zuzendaritza nagusiak egindako inbertsio planetako obren azterketa teknikoa eta kalitatearen azterketa egitea.

d) GIS teknologia erabiltzea espedienteak kudeatu eta mekanizatzeko.

e) Toki entitateei aholkularitza teknikoa ematea, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak proposatutako programekin lotutako azpiegiturei dagokienez.

f) Txosten eta proposamen tekniko-administratiboak prestatzea.

g) Kudeaketa teknikoa egitea eta aholkuak ematea kapital transferentzien bitartez sartutako laguntzen balorazioa eta kontrola egiteko, baita toki azpiegituren arloko dirulaguntzen deialdiena egiteko ere.

h) Zuzendaritza nagusiko beste unitate batzuekin lankidetzan aritzea atxikitako eraikinen obrak eta konponketa arruntak kudeatzeko eta horien kontrola egiteko.

i) Bere jardueraren eremuan agintzen zaizkion gainerakoak.

3. artikulua. Plan Zuzentzaileen Kontrolerako Bulegoa.

Plan Zuzentzaileen Kontrolerako Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Antolatzea, koordinatzea eta gauzatzea kasuan kasuko ikuskapen eta kontrolak, beharrezkoak direnak Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Zuzentzailearekin eta gainontzeko plan zuzentzaileekin zerikusia duten obren espedienteak tramitatzeko.

b) Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Zuzentzailearen estatistikak eta jarraipenerako adierazleak eskuratzea, prestatzea eta koordinatzea.

c) Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Zuzentzailearen Koordinazio Batzordea eta lantaldeak koordinatzea, ataleko burutzarekin lankidetzan.

d) Uraren goi hornidurarako plan zuzentzailearen informazio sistema kudeatzea eta mantentzea.

e) Uraren goi hornidurarako plan zuzentzailea koordinatzea toki entitate eskudunen beste GIS batzuekin.

f) Plan zuzentzaileak eratzeko azterlan berriak eguneratzeko edo egiteko proposamenak prestatzea.

g) Zer ataleko burutzari atxikia dagoen, harekin lankidetzan aritzea; orobat, lankidetzan aritzea plan zuzentzaileen prestaketan eskumenak dituzten gainontzeko departamentuekin.

h) Toki entitateei aholkularitza teknikoa ematea, plan zuzentzaileetako inbertsioei dagokienez.

i) Txostenak eta proposamen tekniko-administratiboak egitea espedienteen kudeaketa eta mekanizazioa modernizatzeari buruz.

j) Bere jardueraren eremuan agintzen zaizkion gainerakoak.

2. ATALA

Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzua

4. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Toki Informazioaren eta Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiaren Atalak bulego hauek ditu bere egituran:

–Toki Informazioaren Bulegoa.

–Administrazio Laguntzako Bulegoa.

5. artikulua. Toki Informazioaren Bulegoa.

Toki Informazioaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Infolocal web atariaren eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko ezagutzaren kudeaketa esparruak administratzea eta laguntza ematea.

b) Nafarroako toki entitateei aholkuak ematea administrazio elektronikoaren, digitalizazioaren eta administrazio prozedurak sinplifikatzearen gainean.

c) Laguntza ematea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren informazio sistemak kudeatzen eta modernizatzen.

d) Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko unitateei laguntza ematea prozedurak sinplifikatzearen arloan eta espediente korporatiboak kudeatzailean txertatzearen arloan.

e) Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko ekipamendu informatikoaren inbentarioa kudeatzea.

f) Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiarekin koordinatzea, toki entitateei dagokienez eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko proiektuei dagokienez.

g) Bere jardueraren eremuan agintzen zaizkion gainerakoak.

6. artikulua. Administrazio Laguntzako Bulegoa.

Administrazio Laguntzako Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Lankidetzan aritzea Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuarekin, eta hari laguntzea.

b) Zerbitzuko atal eta bulegoen lan administratiboa antolatzea.

c) Zuzendaritza nagusiari buruzko agirien sarrera-irteerak kontrolatu eta erregistratzea.

d) Kanpoko eta telefono bidezko eskaerei arreta ematea.

e) Zerbitzuaren artxibo, liburu eta agiriak kudeatu eta kontrolatzea.

f) Zerbitzuko artxiborako sarbidea kontrolatzea.

g) Zerbitzuak tramitatutako espedienteak kudeatu eta kontrolatzea.

h) Bere jardueraren eremuan agintzen zaizkion gainerakoak.

II. KAPITULUA

Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako
eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzua

7. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuko Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako Atalak bulego hau du bere egituran:

–Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa.

8. artikulua. Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko, Garraio Zuzendaritza Nagusiko, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuko eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko kontabilitate zentroa kudeatzea.

b) Aurrekontuak gauzatzean sortzen diren gastu espedienteen kontabilitate kudeaketa.

c) Mantentze-lanez eta koordinazioaz arduratzea Fakturen Erregistroko Departamentuko administratzaile gisa.

d) Urte anitzeko gastuen jarraipena egitea Ekonomia eta Ogasun Departamentuarekin koordinaturik.

e) Aurrekontuko aldaketak tramitatzea.

f) Ordaintzeko aginduak, justifikatu beharrekoak, kudeatu, jarraitu eta justifikatzea, eta kutxako aurrerakinen kontuak kudeatu eta kontrolatzea.

g) Diru-sarreren aurrekontua gauzatzetik etorritako ordainketa agiriak prestatzea.

h) Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko, Garraio Zuzendaritza Nagusiko eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko administrazio-unitateekin elkarlanean aritzea ordainketa eta kobrantza agiriak prestatzeko eta horiei jarraipena egiteko.

i) Lurralde Kohesiorako Departamentuko beste kontabilitate zentroekin, Kontu-hartzailetza Delegatuarekin eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontabilitate Zerbitzuarekin koordinatzea eta lankidetzan aritzea.

j) Kontabilitate, aurrekontu eta estatistika arloko informazioa prestatzea, behar diren txosten ekonomikoak egiteko.

k) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

l) Bere jardueraren eremuan agintzen zaizkion gainerakoak.

Xedapen gehigarri bakarra.–Izendapena berrestea.

Berresten da, bitarte baterako izendapenez, Plangintzaren eta Azterketa Teknikoen Bulegoko buruaren izendapena, eta izena aldatuko da, orain Plan Zuzentzaileen Kontrolerako Bulegoko burua izanen baita.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Xedapen hauek indarrik gabe uzten dira:

a) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 22ko 456/2016 Foru Aginduaren 3. artikulua eta 63.etik 66.era bitartekoak. Foru agindu horren bidez, departamentu horretako bulegoen atxikipena eta eginkizunak onetsi ziren.

b) Garapen Ekonomikorako kontseilariaren azaroaren 30eko 137/2017 Foru Aginduaren 64. eta 67. artikuluak. Foru agindu horren bidez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen bulegoen mailan.

c) Foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapenak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko abenduaren 29an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2016298