128. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Ordenantza, Udalaren gizarte eta kultur instalazioen funtzionamendua eta erabilera arautzen duena

Uharteko Udalak, 2020ko irailaren 4an egindako bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Uharteko Udalaren gizarte eta kultur instalazioen funtzionamendua eta erabilera arautzen dituen ordenantza. Hasierako onespen hori 2021eko 54.Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 9an. Testu osoa bidaltzen da, argitara dadin. 393/2020 espedientea.

Uharten, 2021eko apirilaren 21ean.–Alkatea, Alfredo Javier Arruiz Sotes.

ORDENANTZA, UHARTEKO UDALAREN GIZARTE ETA KULTUR INSTALAZIOEN FUNTZIONAMENDUA ETA ERABILERA ARAUTZEN DITUENA

HITZAURREA

Uharteko Udala Kultur Etxeko eraikinaren eta Plazaldea eraikinaren titularra da. Bi eraikinek nagusiki erabilera soziokulturala ematen zaien zenbait espazio dituzte, eta haien xedea da kulturaren sustapenean laguntzea haren adierazpiderik anitzenetan, bai eta Uharteko kolektibo eta herritarren erreferentzia soziokultural eta partaidetzarako gune izatea ere.

Instalazio horien erabilera Udalaren Kultur Zerbitzuak kudeatzen du eta instalazio horiek erabiltzeko eskaera ugari jasotzen ditu era guztietako arloetatik, direla publikoak nahiz pribatuak. Egoera honek Udala bultzatzen du, izan ere, bera da eraikinen titularra, haien funtzionamendu eta erabilerak arautzera, ordenantza honetan jasotzen diren arauekin bat.

Ordenantza honen bitartez, espazio horien funtzionamendua eta erabilera arautzeaz gain, Uharteko gizarte eta kultur entitateei espazioak eta ekipamenduak eskaini nahi zaizkie beren jarduerak garatzeko, eta aldi berean, entitate horietako partaideentzako eta Uharteko hiritarrentzat, oro har, elkargune eta erreferentziazko gune izan dadin. Hala, helburua da gizartearen intereseko jarduera autogestionatuak sustatzea, Udalaren titulartasunekoak diren lokal eta ekipamenduen erabileraren borondatezko eta doako lagapenaren bidez.

I. TITULUA

Deskripzioa

1. artikulua. Uharteko Kultur Etxea kultur ekipamendu bat da, eta honako hauek hartzen ditu bere baitan: Udalaren Kultur Zerbitzuko atezaintza-herritarrendako arreta zerbitzua, liburutegi publikoa, Udal Musika Eskola, Udalaren Kultur Zerbitzuaren erabilera esklusiborako zenbait biltegi, eta hirugarrenek erabiltzeko lagatzeko espazioak, hala nola, ekitaldi aretoa (120 lagunendako edukierakoa) eta erakusketetarako prestatutako espazioa.

2. artikulua. Plazaldea eraikina hainbat motatako espazioak dituen ekipamendu soziokulturala da; 20 areto hartzen ditu guztira: bilkuretarako aretoak, musika jardueretarako aretoak, biltegiak, eskulanetarako eta arte plastikoetarako aretoak, mugimenduzko jardueretarako espazioak eta zenbait erabileratarako beste espazio batzuk. Udalaren Kultur Zerbitzuak kudeatzen ditu espazio horiek, eta haien erabilera hirugarrenei ere lagatzen ahal zaie.

3. artikulua. Ekipamenduok xede bikoitzarekin sortu ziren: batetik, kulturara iristea errazten duten zerbitzuak eta jarduerak sustatzea, eta bestetik, herritarrek herriko kulturaren garapenean parte har dezaten bultzatzea. Entitate eta artistei praktika artistikorako eremu espezializatuak eskaintzen dizkie, eta elkarte eta kolektiboei jarduketa komunitariorako lan-eremuak.

4. artikulua. Kultur ekipamendu hauen bidez kulturarako espazio berezia, kalitatezkoa eta interesgarria sortu nahi da, eragileen arteko lankidetzan eta parte-hartzean oinarritua, Uharteko gizartearen beharrei eta nahiei erantzun ahal izateko.

II. TITULUA

Funtzionamendua eta antolaketa

5. artikulua. Aipaturiko ekipamenduak Udalaren Kultur Zerbitzuari atxikita daude, eta bera arduratuko da bertan egiten diren jarduerak eta ikuskizunak antolatzeaz, kudeatzeaz, eta haien jarraipena egiteaz, bai eta instalazioak zaindu eta hobetzeaz ere.

6. artikulua. Espazioak irekitzeko ordutegia:

–Atezaintza-herritarrendako arreta zerbitzua:

  • Irailetik ekainera: astelehenetik ostiralera, 14:30etik 21:30era, atezaintzarako eta espazioak irekitzeko ezarritako egutegiarekin bat; Udalbatzak urtero onetsi beharko du egutegia.
  • Asteburuetan eta jaiegunetan, ikuskizunak eginen diren ordutegian edo ekitaldi aretoan antolatutako jardueren ordutegian zabalduko da Kultur Etxea.

–Plazaldeako espazioak:

  • Irailetik ekainera: astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 21:30era atezaintzarako eta espazioak irekitzeko ezarritako egutegiarekin bat; Udalbatzak urtero onetsi beharko du egutegia.
  • Espazio hauek ezin izanen balira ireki atezaintza-herritarrendako arreta zerbitzurako ordutegietan, giltzak eskuratuko dira dagokion aretoan sartu, eta hura ireki eta ixteko.

–Liburutegia (Nafarroako Gobernuak ezartzen du liburutegiaren ordutegia).

  • Iraileko bigarren hamabostalditik ekaineko lehen hamabostaldira bitarte: astelehenetik ostiralera, 14:00etatik 20:00etara.
  • Udako ordutegia (ekaineko bigarren hamabostalditik iraileko lehen hamabostaldira bitarte): astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era.
  • Eguberrietako ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era.

–Udal Musika Eskola (Udal Musika Eskolak zehaztuko du).

7. artikulua. Udalak antolatuko du kultur eskaintza, eta hiruhilekotan planifikatuko da, honako ziklo hauetan banatuta: larrazkenekoa (irailetik abendura), negukoa (urtarriletik martxora), udaberrikoa (apiriletik ekainera) eta udakoa (uztailetik abuztura). Aretoak erabiltzeko baimena emanen da, baldin eta horren premiarik ez baldin badu Udaleko Kultur Zerbitzuak bere programa garatzeko.

8. artikulua. Programazio egonkorra eta sarreren prezioak Tokiko Gobernu Batzarrak onetsiko ditu, gutxienez hiru hilean behin, Kultur Batzordeak proposatuta.

III. TITULUA

Espazioak eta aretoak lagatzea. Irizpide orokorrak

9. artikulua. Kultur etxean eta erabilera anitzeko espazioetan jarduera iraunkorrak eta puntualak egin ahalko dira, ohikoak nahiz ohiz kanpokoak, betiere horretarako baimenarekin. Ohiko jardueratzat hartzen dira udal zerbitzuek, zerbitzu publikoek edo Uharteko elkarte edo kolektiboek antolatutako arte, kultur, hezkuntza edo gizarte eta kultur arloko jarduerak, eta ohiz kanpokotzat, berriz, gainerako guztiak.

10. artikulua. Kultur guneko administrazio-langileen ardura izango da bertako espazio eta aretoen plangintza eta banaketa egitea.

11. artikulua. Ez da baimenik emanen espaziorik edo aretorik erabiltzeko, generoaren, arrazaren, ideologiaren edo sexu orientabidearen aldetik bazterkeria dakarren jarduerarik egiteko.

12. artikulua. Espazioak eta aretoak erabiltzeko baimena emanen da, baldin eta horien premiarik ez baldin badu Uharteko Udalak bere programak garatzeko.

13. artikulua. Kultur guneko espazioak eta aretoak dohainik utziko dira jarduerak egiteko, eskaera hauetakoren batek egiten duenean:

–Uharteko Udaleko zerbitzuek eta arloek.

–Egoitza soziala Uharten duten irabazi asmorik gabeko gizarte eta kultur elkarte eta kolektiboek. Herritarren entitateak edo elkarteak irabazi asmorik ez duela ulertuko da estatutuetan hala adierazten denean, eta inolako jarduera ekonomikorik ez duenean, edo jarduera ekonomikoaren emaitza bakarra entitate horren interes orokorreko xedeak betetzea denean, bazkideen edo hirugarrenen artean inolako irabazirik banatu gabe, ez zuzenean ez zeharka.

–Herriko ikastetxeek eta osasun etxeak.

–Udalbatzan ordezkaritza duten alderdi politikoek.

–Kultura zerbitzuaren interesekoa izan daitekeen ordaina eskaintzen duten entitateek edo artistek. Kasu horretan, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuko da.

14. artikulua. Gainerakoan, espazioak eta aretoak erabiltzeko kasuan kasuko tasak ordaindu beharko dira.

15. artikulua. Ezarritako kuoten gaineko hobariak eta salbuespenak ezartzen ahalko dira, Uharteko Udalak hala erabakitzen duenean, interes kulturaleko edo sozialeko arrazoiak direla medio, aldez aurretik eskaera eta justifikazioa eginez.

16. artikulua. Ekitaldi aretoan eginen diren eta teknikariak eta/edo txarteldegiko langileak bertan egotea beharrezkoa den jardueren kasuan, eskatzaileak bere gain hartu beharko du zerbitzu horien kostua, salbu eta lankidetza adostu bada Kultur Etxearen programazioaren barnean.

17. artikulua. Aipatu espazioak lagatzeko irizpide hauek hartuko dira kontuan, aplikatzeko hurrenkeraren arabera zerrendatuta:

–Espazioen eskuragarritasuna eskatutako ordu eta egunetan.

–Udal zerbitzuei eta herriko elkarte eta kolektiboei emango zaie lehentasuna, hurrenkera horretan, gainerako eskaeren aurretik.

–Kontuan hartuko da eskaerak zer hurrenkeratan aurkezten diren.

18. artikulua. Oro har, ez zaio inongo entitateri espaziorik utziko modu esklusibo eta iraunkorrean. Hala ere, Uharteko Udalak espazioak modu esklusibo eta iraunkorrean lagatzen ahalko ditu, erabiltzeko beharra sortzen bada eta bidezko baderitzo.

19. artikulua. Espazioak eta dotazioak erabiliko dira araudi honetan ezarritakoari jarraituz eta areto bakoitzari berez dagokion erabilera kontuan hartuz.

IV. TITULUA

Espazioak eta aretoak lagatzea. Lagatzeko prozedura

20. artikulua. Eskaera: idatziz eginen da, dagokion eskaera-orri edo inprimakia erabiliz, eta ahalik eta zehatzen adierazita datu hauek guztiak: entitatea, eskaera egiten duen taldea edo pertsona, jardueraren deskribapena eta xedea, eguna, ordutegia, aurreikusitako parte-hartzaileen kopurua, eta jarduera egiteko behar diren xehetasun guztiak Orobat, programatu beharreko jarduerek behar dituzten baliabide teknikoak eta materialak azaldu beharko dira.

21. artikulua. Eskaera-orriak honako epe hauek betez aurkeztuko dira:

–Kultur Etxeko ekitaldi aretoa puntualki erabiltzeko eskaeren kasuan, eskaera-orria gutxienez hiru hilabete lehenago aurkeztu beharko da.

–Plazaldeako aretoak puntualki erabiltzeko, gutxienez astebete lehenago aurkeztu beharko da eskaera.

–Jarduerak aldizkakotasun iraunkorrez egiteko aretoen eskaerak egiteko, urtero epe bat irekiko da iraileko lehen hamabostaldian espazio eta aretoak erabiltzeko eskabideak egiteko, eta hilabete amaierarako ebatzita egon beharko du.

–Erakusketarako espazioa erabiltzeko eskabidea ikasturte hasieran aurkeztu beharko da (iraila/urria). Udalaren Kultur Zerbitzuak eskatutakoaz ebazteko egoki irizten dion informazio osagarri guztia eskatzen ahalko du.

22. artikulua. Eskabideko datuak egiaztatuta eta eskatutako espazioak eta zerbitzuak eskura direla ziurtatuta, baimena emanen da, lagatzeko baldintzak eta modua zehaztuta.

23. artikulua. Alkateari, edo hark eskuordetutako zinegotziari dagokio jarduera iraunkorrak, ohikoak nahiz ohiz kanpokoak egiteko espazio eta aretoen erabilera baimentzea, bai eta ohiz kanpoko jarduera puntualak baimentzea ere.

24. artikulua. Udalaren kultur zerbitzuko administrazioko langileen esku uzten da ohiko jarduera puntualak egiteko espazio eta aretoak erabiltzeko baimenak ematea; hauek hilero jakinaraziko diote alkateari edo zinegotzi ordezkariari ohiko jarduera puntualak egiteko emandako baimenen berri.

25. artikulua. Aurrerago, bidezkoa bada, eskatzaileari prezio publikoa ordaintzeko eskatuko zaio; ordainketa hori baimendutako espazioa erabili aurretik eginen da, eta ordainketa gauzatu izanaren egiaztagiria e-mail honetara bidali beharko da: cultura@huarte.es.

26. artikulua. Sarrera kobratzen den alokairuen kasuan, Udalak leihatilan lortzen den diru-bilketatik jasoko du alokairuari, zerbitzu tekniko eta/edo lehiatilari dagokion zenbatekoa eta Egile eta Editoreen Elkarteak (SGAE) aplikatzen duen ehunekoa. Leihatilako diru-bilketa alokairu gastuak baino murritzagoa bada, eskatzaileak Uharteko Udalari dagoen aldea ordainduko dio bankuko transferentzia bidez, eskabidearen inprimakian adierazitako Udalaren kontuan, emanaldia egin edo aretoa erabili ondoko lehenengo egun baliodunean. Transferentzia egin izanaren egiaztagiria e-mail honetara igorri beharko da: cultura@huarte.es, egin den egun bereko goizean. Lagatako espazioa eta lagapen denbora zehaztuko dira aretoen beharra eta erabilgarritasuna kontuan hartuz. Erabilera baimendu horiek ekipamenduko langileek gainbegiratuko dituzte eta betiere erabilera araudia betetzen dela begiratuko dute.

27. artikulua. Aretoak erabiltzeko, Kultur Etxeko informazio gunera/atezaintzara jo beharko dute, huraxe arduratuko baita irekitzeaz eta ixteaz eta haiek beren jardueran aritzeko behar duten materialaz hornitzeaz.

28. artikulua. Jarduerak instalazioak irekitzeko ordutegitik kanpo egiten direnean, aldez aurreko baimenarekin, giltzak Kultur Etxeko informazio gunean jasoko dira, eta espazioa erabili ondoko lehen egun baliodunean itzuli beharko dira.

29. artikulua. Eskatzaile bakoitzari giltzaren kopia bat soilik emanen zaio.

V. TITULUA

BOSGARREN KAPITULUA

Espazio guztietarako ohar orokorrak

30. artikulua. Espazioak erabiltzen dituen edozein pertsona edo entitate izanen da horien erabiltzaile.

31. artikulua. Espazio guztiak erabilera publikokoak dira; erabiltzaile guztien erantzukizuna da erabilitako instalazioak, altzariak eta ekipo eta materialak egoki erabili eta egoera onean mantentzea, bai eta kalterik sortuz gero, haien ardura hartu, kalteak konpondu, edo jatorrizko materiala berriz jartzea, baldin eta frogatzen bada material edo altzari horiek gaizki edo behar ez zen moduan erabili direla.

32. artikulua. Udalak ez du erantzukizunik izanen udalaren jabetzakoa ez den materiala galdu, lapurtu edo kaltetzen bada.

33. artikulua. Entitate bakoitzak zuzenean erantzun beharko du berari lagatako lokaletan bere kide eta erabiltzaileek egitez edo omisioz, doloz edo zabarkeriaz hirugarrenei eragiten dizkieten kalte eta galerengatik. Udala ere hirugarrena izanen da.

34. artikulua. Instalazioak erabiltzeko horien erabilera erregulatzen duten arauak bete behar dira, eta ez betetzearen ondorioz aipatu eskubidea galduko da, erregelamendu honetan ezarritakoari jarraikiz.

35. artikulua. Udalaren Kultur Zerbitzuari atxikitako administrazio-langileek ahalmena dute araudi hau betearazteko, eta erabiltzaileei ahoz kargu hartzen ahalko diete, are gehiago, baita sarbidea aldi baterako edo behin betiko galarazi ere, jokabide iraingarri edo gogaikarririk ikusiz gero, edo hemen adierazitako erabilera-arauak behin eta berriz urratuz gero.

36. artikulua. Erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:

a) Esleituriko espazioak egokiro mantendu eta zaindu eta erabiltzea, denek erabiltzekoak diren espazioak, altzariak eta haietan dagoen materiala barne.

b) Ezarritako ordutegiak begiratzea.

c) Jarduera amaitzen denean, lehengo egoera berean utzi beharko da lagatako espazioa (altzariak bilduta, mahaiak eta lurra garbi), ondoren etorriko diren erabiltzaileek espazioa egoerarik hoberenean aurki dezaten.

d) Udalaren Kultur Zerbitzuko langileei sortzen diren arazo edo gorabehera guztien berri ematea, gertatu eta berehala.

e) Instalazioan dauden arduradunen jarraibideei kasu egitea.

f) Lagatako espazioaren giltzak zaintzea, giltzak utziz gero, eta erabiltzen azkena izanez gero entitatea, espazioa itxita uztea.

g) Lagapena zer jarduera edo ekintzetarako eskatu eta lortu zen, haietarako bakarrik erabiliko dira.

h) Esleitu zaien tokiaren erabilera ez diete hirugarrenei lagako, ez osorik ez zati batean.

i) Erabiltzaileek ez dute baimenik lagatako espazioetan obrak edo aldaketak egiteko, ez bada berariazko baimenarekin.

j) Ezin izanen dira materialak biltegiratu horretarako baimenik ez bada.

k) Debeku da substantzia psikotropikoak hartzea, erretzea eta edari alkoholdunak edo janaria sartzea, salbu eta jarduerak horixe eskatzen badu.

l) Debeku da animaliekin (laguntza-txakurrak salbu), bizikletekin eta irristailuekin sartzea.

m) Behar den errespetua erakutsiko da jarduerak garatzen ari diren pertsonenganako.

n) Publizitateko kartelak eta liburuxkak horretarako prestatutako lekuetan jarriko dira.

o) Eskaera behar bezala egin eta baimendutako jarduera orotan, pertsona bat izendatu beharko da instalazioen eta ekipamenduen erabilera egokiaren erantzule.

p) Materialen eta ekipamenduen lagapena erabiltzaileak kolektiboak badira soilik gauzatuko da, eta Uharten irabazi asmorik gabe burututako jardueren erabilera esklusiborako izanen da. Aipatu materialaren erabilera baimenduz gero, adierazi beharko da nor izanen den material hori egoki erabili eta utzitako material guztia egoera ezin hobean itzultzeaz arduratuko den pertsona. Eskaera egiten den une berean erabiliko den material guztiaren zerrenda xehea eginen da, itzultzeko momentuan materialaren egoera egiaztatze aldera, kalteren bat balego ere. Gaizki erabiltzeagatik kalterik sortuz gero, eskaera egin duen pertsona edo kolektiboa arduratuko da konponketaz.

q) Eskaera egin duen erabiltzaileak bere jarduera egiteko kultur espazioetan ez dauden materialak edo elementuak behar izanez gero, hark ekarri, ezarri eta kendu beharko ditu, eta zentroaren baimena beharko du horretarako.

r) Entitate eskatzaileak hedapenerako edo publizitaterako egiten duen material orotan Uharteko Udalaren irudi korporatiboa agertuko da.

s) Iraunkortasunez erabiltzen duten elkarte eta kolektiboek konpromisoa hartuko dute urtean behin jarduera bat egiteko gutxienez. Jardueraren proposamena Udalaren Kultur Zerbitzuarekin adostuko da.

VI. TITULUA

Aretoak erabiltzeko baldintza zehatzak

I. KAPITULUA

Ekitaldi aretoa lagatzeko eta erabiltzeko baldintza zehatzak

37. artikulua. Batez ere, gizarte eta kultur ekoizpenera eta/edo erakusketak egitera bideratutako espazioa da. Horregatik, arte adierazpen orotako emanaldiak lehenetsiko dira bertan: musika, antzerki, dantza, zinema arlokoak edo horien antzekoak, biltzarrak, jaialdiak, sari-banaketak edo gisakoak. Inguruabar berezietan eta salbuespen gisa, aipatutakoez besteko jardueretarako erabili ahalko da (herritarren bilkurak, sindikatuenak, ekitaldi politikoak, eta abar).

38. artikulua. Ikuskizun artistikoen sustatzaileek (antzerkia, musika, dantza), auditoriuma erabiltzeko baimena jakinarazi eta emanaldia baino hilabete lehenago gutxienez, edo hura antolatzeko behar beste denboraz, Udalaren Kultur Zerbitzuari lanerako plan bat eman beharko diote. Bertan zehaztuko dituzte: argien planoa, ryder teknikoa, muntaketa eta entseguen ordutegia, eta programatutako jardueraren antolaketari eragiten dion inguruabar oro. Halaber, pertsona bat izendatuko dute arduradun teknikoa izateko eta Udaleko kultura teknikariarekin harremanetan egoteko, emankizuna antolatu eta artistikoki hobeki gara dadin. Materialen zamalanak sustatzailearen kontura izanen dira, Udaleko Kultur Zerbitzuak ezarritako jarraibideak kontuan hartuz. Inola ere ez dira sartuko aretoetako irteerak trabatu edo oztopatzen dituzten materialak edo objektuak.

39. artikulua. Emankizuna bukatutakoan, entitate antolatzaileak aretotik atera beharko ditu bertan erabilitako bere jabetzako material, tresna eta eszenografiak.

40. artikulua. Jarduera antolatzen duen entitatearen kontu izanen dira beti honako hauek: egile eskubideak ordaintzea, baita jarduera gauzatzeak dakartzan gastu teknikoak ere (aretoko teknikaria eta behar diren aparteko materialak), txarteldegiko zerbitzua eta sarrerak biltzea, jarduera gauzatzeko behar diren elementuen muntaketa eta desmuntaketa.

41. artikulua. Ekipamendu teknikoa honako hauek soilik erabili ahal izanen dute: langile baimenduek, udalaren zerbitzuko langileek eta/edo Udalak aretoko zerbitzu teknikoa emateko kontrataturiko enpresa adjudikaziodunak. Zerbitzu honen gastuak antolatzaileen kargura izanen dira, Udalarekin hitzartutako jardueretan izan ezik.

42. artikulua. Ekipamendu honen errentagarritasun kultural handiagoa erdietsi beharrez, Uharteko Udalak entitateekin, taldeekin edo artistekin hitzartzen edo adosten ahalko du auditoriumaren lagapena, ordain baten trukean; hala eginez gero, behar den kontratua sinatuko da.

II. KAPITULUA

Ekitaldi aretoa erabiltzeko baldintza zehatzak

43. artikulua. Garaiz iristea: emanaldia hasita ezin izanen da aretora sartu.

44. artikulua. Aretora sartu ahal izateko nahitaezkoa da sarrera erakustea.

45. artikulua. Emanaldiak dirauen bitartean jendeak isilik egon behar du.

46. artikulua. Hots-seinaleak: antzokiaren barruan sartzean sakelako telefonoak itzali beharko dira, baita mota guztietako alarmak ere.

47. artikulua. Grabazioak eta argazkiak: erabat debekatuta dago inongo filmaketa edo grabaziorik egitea esparruaren barruan, salbu eta hori berariaz baimendu baldin bada.

48. artikulua. Debeku da edari edo janari oro sartzea. Orobat debeku da erretzea. Debeku da animaliekin sartzea, laguntza-txakurrekin salbu.

49. artikulua. Ezin izanen da ekitaldi aretoan sartu langile arduradunek hori baimendu arte.

50. artikulua. Ikuskizunak dirauen bitartean, sarreretan eta irteeretan ez da inongo elementurik izanen, ezta larrialdietarako ateetan ere.

51. artikulua. Ezin izanen da sartu edukierarako zehaztu den kopurua baino jende gehiago.

52. artikulua. 6 urtetik beherakoek heldu batekin sartu beharko dute.

53. artikulua. Programaturiko jarduera eta ikuskizunetako guztietan garbi adieraziko da zein adinetako jendearendako diren. Arreta jartzea eskatzen da.

54. artikulua. Udaleko enplegatuek aginpidea dute arau horiek betearazteko. Zerbitzuko langileek sarrera ukatzeko eskubidea dute.

55. artikulua. Sartzeko, areto bakoitzaren edukieraren araberako sarrera zenbakidunak erabiliko dira, 120 eserlekuko aretoan. Sarrera horiek salgai egonen dira Udalak ezarritako egun eta ordutegian. Sarreraren tarifa ezarriko da prezio publikoei buruzko arauan.

56. artikulua. Antolatutako ikuskizunen sarrerak jendearen eskura egonen dira leihatilan (atezaintza-herritarrendako arreta zerbitzuan), bai eta online ere (www.huarte.com). Ikuskizunaren egunean leihatila emankizuna baino ordubete lehenago irekiko da, eta bost minutu lehenago itxiko.

57. artikulua. Ez da sarrerarik erreserbatuko.

58. artikulua. Internet bidez eskatutako sarrerak leihatilan jaso ahalko dira.

59. artikulua. Ez da aldaketarik ez itzulketarik onartuko, non eta ez den jarduera bertan behera uzten.

III. KAPITULUA

Erakusketa eremua lagatzeko baldintza zehatzak

60. artikulua. Erakusketa aretoa: erakusketa aretoa batez ere arte plastikoetara (pintura, argazkigintza, ilustrazioa, grabatua...), artisautza eta dekorazio arloko arteetara bideratutako espazioa da. Orobat, dokumentu, etnografia eta zientzia arloetako ondarea zabaltzeko ekintzak ere jasoko ditu. Hartara, Udalak aretoaren erabilera lagako du erakusketek izaera artistiko, kultural, didaktiko, edo zientifikoa baldin badute soilik.

61. artikulua. Erakusketa Kultur Etxean jarri nahi dutenek idatziz egin beharko dute eskaera; horretarako, dagokion eskaera-orria bideratu beharko dute kultur zerbitzura.

62. artikulua. Eskaerak onartzeko kontuan hartuko dira erakusketariak zer curriculum vitae-a duen, obraren kalitatea nolakoa den, originaltasunik baduen, aretoak duen erakusketa programarekin bat heldu ote den, etab.

63. artikulua. Kultur Alorrak idatziz adieraziko dio eskatzaileari eskaera onartu zaiola eta erakusketarako egun jakin batzuk eman dizkiotela.

64. artikulua. Erakusketaren iraupena aurretik zehaztuko da, aretoen programazioen egutegiaren arabera.

65. artikulua. Irekitzeko orduak ikusgai jarriko dira jendearendako eta erakusketariak horien berri izanen du aitzinetik.

66. artikulua. Kultur Zerbitzua ahaleginduko da lanak zaintzen eta begiratzen. Hala ere, ez du erantzukizunik izanen, baldin eta istripu, lapurreta, sute edo bestelako arrazoiren batengatik lanak osorik edo partez hondatu edo suntsitzen badira.

67. artikulua. Muntaia: erakusketa egiten duena arduratuko da erakusketaren muntaketaz eta desmuntaketaz, salbu eta Kultur Alorrak besterik adierazten badu. Hala ere, Kultur Etxeko langileen laguntza izaten ahalko du. Aretoko apaingarriak aldatzea dakarten aldaketak egiteko, aretoko langileen oniritzia beharko dute.

68. artikulua. Publizitatea: Udalak bere agendaren bidez emanen du erakusketen berri, eta bere sare eta komunikabideen bidez hedatuko du.

69. artikulua. Erakusketa aretoa doan utziko zaie artistei.

70. artikulua. Beste xedapen batzuk. Aurreikusi gabeko orotan eta arau hauen interpretazioaren inguruko zalantza edo arazoetan, Uharteko Udalak esaten duena bete beharko da.

IV. KAPITULUA

Musika entseguetarako aretoak lagatzeko baldintza zehatzak

71. artikulua. Entseguetarako lokalak edozein musika jarduera egiten duten herritarrek eskatzen ahal dituzte, bai taldeek bai bakarlariek, baldin eta horretarako toki baten beharrean badaude. Pertsona eta/edo talde bakoitzeko eskaera bakar bat onartuko da; hortaz, talde batean aritzen denak ezin izanen du tokia bakarlari gisa eskatu eta alderantziz.

72. artikulua. Entsegu lokala eskatzeko, honako baldintza hauek bete behar dira:

–Taldekideen % 50ek gutxienez Uharten erroldatuta egon beharko dute. Taldekideen kopurua bakoitia bada, gehiengoak egon beharko du Uharten erroldatuta.

–Adingabeen kasuan, eskabidea adinez nagusia den pertsona baten izenean egin beharko da, eta bera izanen da lokala erabiltzen duten adingabeen erantzule.

–Musikari profesionala ez izatea, eta ulertuko da hala dela kontratu diskografikoa daukana.

73. artikulua. Lehentasun ordena:

–Legez eratutako musika elkarteak.

–30 urtetik beherakoekin osatutako taldeak.

–Taldeak.

–Bakarlariak.

74. artikulua. Taldea onartzeko, ezinbestekoa da musika jarduera egiteko behar duen ekipo guztia taldeak berak eramatea.

75. artikulua. Eskatzaileek berariazko fitxa bat beteko dute entseguetarako lokal bat erreserbatzeko eskaera egiteko. Fitxa horretan taldekide bakoitzaren datu pertsonalak jasoko dira, bai eta erreserba zein egunetan eta zein ordutan egin nahi den eta erreserbak noiz arte iraunen duen ere (gehienez ere urtea amaitu arte); erabiliko diren soinu tresnak eta ekipoak.

76. artikulua. Eskaera egiteak ez dakar, inolaz ere, entseguetarako lokal bat erreserbatuta izateko eskubidea Eskubide hori izateko, behar adina toki egon beharko du eta Alkatetzaren edo hark eskuordetutako zinegotziaren berariazko baimena beharko da.

77. artikulua. Eskatzaileari entseguetarako lokala esleitu zaiola jakinarazita, horrek ekipamendua maiztasunez erabili beharko du, eta lokala ordutegi horretan uzteko kontzesioa bertan behera gera daiteke ez bada ordu horietan erabiltzen.

78. artikulua. Bajak eta gainerako gorabeherak Udalaren Kultur Zerbitzuari jakinaraziko zaizkio.

79. artikulua. Udalak ez du bere gain erantzukizunik hartuko eskatzaileek utzitako materialengatik.

V. KAPITULUA

Musika entseguetarako aretoen erabilerarako arau zehatzak

80. artikulua. Entsegurako lokala baimendutako ordutegian erabiltzea.

81. artikulua. Iradokizunak, proposamenak eta erreklamazioak egitea entseguetarako aretoen inguruan.

82. artikulua. Lokala txukun mantentzea beste talde batzuek ere erabil dezaten.

83. artikulua. Entsegua bukatutakoan, ekipoak deskonektatuta eta argiak itzalita uztea.

84. artikulua. Entseguetarako lokalak entseatzeko dira, beste edozein jarduera debekaturik dago, eta falta astuntzat hartuko da.

85. artikulua. Debeku da erretzea, jatea, edari alkoholdunak edatea eta debekatutako gaiak kontsumitzea entseguetarako lokaletan. Hura ez betetzea falta astuna da.

86. artikulua. Taldeek ezin dute entseguaren ordua aldatu, beharrezko baimena eduki ezean. Halaber, denbora luzean ez joateko asmoaren berri emanen da.

87. artikulua. Berariaz debeku da beste taldeen ekipoak eta materialak erabiltzea. Hura ez betetzea falta astuna izanen da.

88. artikulua. Lokalak erabiltzen ez dituen taldeari baja emanen zaio.

89. artikulua. Udalaren Kultur Zerbitzuak entseguetarako aretoa aldatzen ahalko dio talde bati, espazioak berrantolatu behar badira eta guztien onerako bada.

90. artikulua. Lokalen barneko ateak itxita egonen dira entseguak irauten duen bitartean.

91. artikulua. Talde bakoitzak instrumentuak eta osagarriak jasoko ditu entseatu ondoren, eta lokala geratuko da beste talde batek erabiltzeko moduan edo garbitua izateko moduan.

92. artikulua. Talde baten funtsezko osaera aldatzen denean kide bat baino gehiagoren aldetik eta aretoak erabiltzeko eskatu zuen jatorrizko osaeraren % 50 baino gehiago bada, ezin izanen da instalazioak erabiltzen jarraitu; hortaz, haiek erabiltzeko eskatu beharko da berriz eta itxaron zerrendara pasako da (halakorik balitz).

VII. TITULUA

Zehapenetarako erregelamendua

93. artikulua. Arau-hausteak:

a) Lokaletan kalteak eragitea.

b) Lagatako lokalak egoera onean iraunarazteko betebeharra ez betetzea.

c) Baimendu gabeko obrak, lanak edo beste jarduketa batzuk egitea lokalean, haietan atzera egin ezineko aldaketak sortzen badituzte.

d) Lokala erabiltzea, erabiltzeko lagapena iraungi dela deklaratu ondoan.

e) Lagatako lokala erabiltzea baimena ekarri zuten edukiari edo helburuei lotu gabe.

f) Lokalean egindako jarduketak, eragozten edo larriki zailtzen badute lokal hori dagoen eraikinean zerbitzu publikoa normaltasunez ematea.

g) Erabiltzeko lagatako lokalak eskualdatzea edo lagatzea.

h) Udalaren lokal bat erabiltzea baimenik izan gabe.

i) Udalaren baimenik gabe, eraikin edo lokaletan sartzeko giltzen kopiak egitea.

j) Ez itzultzea eraikinean sartzeko giltzak behin jarduera amaituta.

k) Ez betetzea ordenantza honetan jasotako arauak.

94. artikulua. Zehapenak: aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko zehapenak ezarriko dira kalte-galerengatik bidezkoa gertatzen den ordaindu beharrekotik aparte.

95. artikulua. Arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arinak, kargu-hartze batekin eta/edo 30 eurotik 500era bitarteko isunarekin.

b) Ordenantza honen xede diren lokalak erabiltzeko desgaikuntzarekin, ezarritako epeak iraun bitartean.

96. artikulua. Ordenantza honetan adierazten diren zehapenak ezartzean, beti eskatuko zaio arau-hausleari kaltetu den egoera lehengora dezala. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konponduko edo ordainduko dituzte beti. Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera izapidetuko du antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta. Betebeharpekoaren kontura eginen ditu Udalak egin beharrekoak, gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non eta ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Betebeharpekoari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraikiko zaio.

97. artikulua. Erantzuleak:

a) Lagatako lokalen erabilerari buruzko arau-hausteen erantzule solidarioak izanen dira erabileraren onura duen elkartea eta lagapena eskatu duena.

b) Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

c) Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurrea hartzeko.

d) Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko legezko arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.

e) Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

Iragarkiaren kodea: L2106516